Soldatak eta lan malgutasuna gako, Mercedesen lan itunaren negoziazioan
ENPRESAREN PROPOSAMENA
Ekainean iragarritako negozio planaren testuinguruan kokatu du lan hitzarmenaren negoziazioa zuzendaritzak, uste duelako hitzarmena izenpetzeak baldintza dezakeela Alemaniatik dirua heltzea. Hala ere, inbertsioaren iragarpenak ez du enpresaren proposamena aldatu.
Zuzendaritzak ibilgailu eskarien arabera egokitu nahi du ekoizpena, eta horrekin batera lan baldintzak. Besteak beste, proposatu du langileen lan egutegian malgutasun handiagoa izatea. Zehazki, sei gaueko txanda ezartzea nahi du: hau da, igandetik ostegunera jardutea, baina tarteka ostiral gauean ere lan egiteko aukerarekin, ekoizpena handitu beharko balitz.
Soldatei dagokienez, bestalde, %1,5eko igoera proposatu zien azkenekoz, aurten hasi eta 2026ra bitarte, hau da, lan hitzarmenak indarrean dirauen artean. Halere, soldata eskala bikoitza nahi du: bata langile berrientzat eta bestea langile finkoentzat. Ekoizpen helburuak betetzeagatik jasotako saria handitzea ere planteatu du, eta aparteko beste bi sari sortzea, 200.000 unitate egitera iritsiko balira. Igoera horiek, hala ere, hitzarmenera mugatuko lirateke, eta ez lirateke egonkortuko.
ELA, LAB ETA ESK
ELA, LAB eta ESK sindikatuek osatzen dute talde nagusietako bat; batzordearen %45 ordezkatzen dute, eta ez dute bat egiten zuzendaritzaren proposamenarekin. Zeharkatu ezin diren marra gorri batzuk daudela uste dute: malgutasuna da horietako bat; ez dute handitzerik nahi, uste dutelako gaur egun dutena nahikoa dela ekoizpen beharrei erantzuteko.
Soldatak KPIaren arabera eguneratzea eskatzen dute, halaber, erosteko ahalmena ez galtzeko. Eta diskriminaziorik ez egitea langile finkoen eta berrien artean. Txanda kontratu hobeak eta mugikortasuna itunean jasotzea ere badaude eskaeren artean.
CCOO ETA UGT
UGTk eta CCOOk osatzen dute beste talde nagusia; batzordearen %35 ordezkatzen dute, eta haiek ere ez dute bat egiten guztiz zuzendaritzaren proposamenarekin. Besteak beste, eskatzen dute soldatak KPIa +%1 igotzea itunak indarrean dirauen bitartean, ekoizpen helburuen araberako saria %50 handitzea, irailean 1.000 euroko beste ordainsari bat jasotzea, eta behin-behinekotasuna murriztea.
Aldiz, prest daude lan egutegian malgutasuna handitzeko proposamena onartzeko, baina baldintza gisa jarri dute mugatzea eta hiru hilabeteko egutegi batean zehaztea. Bat egiten dute eskaera horrekin Ekintzak eta PIMek ere.
INSTITUZIOEN INPLIKAZIOA
Erakunde publikoetako ordezkariek inbertsioekin lotu dute lan itunaren negoziazioa, eta behin-birritan azaldu dute kezka gatazkak asmo horietan izan ditzakeen ondorioengatik. Hori dela eta, enpresaren asmoekin lerratzea egotzi zieten sindikatuek agintariei, inbertsioak galtzeko arriskua dagoela argudiatu izan dutelako.
Testuinguru horretan kokatu dituzte Jaurlaritzak, Arabako aldundiak eta Mercedesek elkar ulertzeko memoranduma sinatu izana, edota lehendakaria uztailean Alemaniara egitekoa den bidaia ere. Ramiro Gonzalezek herenegun zehaztu zuen, halere, ez ziola inori «presio» egin nahi izan, eta elkarrizketei berrekiteko eskatu zien bi aldeei beste behin.