«SOS Deiak, bai esan?»: 1.000 euroko soldata
Azalpen gordina Naikari Uribarrirena da. Ez du SOS Deien telefonoa hartzen, Segurtasun Saileko trafiko bulegokoa baizik. Sailak Txurdinaga Bilboko auzoan duen Trafikoa Koordinatzeko eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan du lantokia, eta LAB sindikatuko ordezkaria da. «Jendeak deitzen duenean beste aldean mediku bat edo ertzain bat dagoela uste du, baina ez da hala. Hil amaierara iristen ez den telefonista bat da; gu gara erakundeen eta enpresa askoren lehen filtroa. Eta ez diote antzematen zerbitzu ona ematen dugulako, langile saiatuak garelako».
Uribarrik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ia beste 1.100 langilek bezala, Lanalden telemarketin enpresarentzat dihardu. Sektoreko enpresa handienetako bat da, eta euskal erakunde publiko eta enpresa askok haren bitartez dute azpikontratatua telefono bidezko arreta zerbitzua. Larrialdi zerbitzua izan daiteke deigarriena, baina, esaterako, Bilboko Udaleko eta beste udal batzuetako 010 zerbitzua ematen dute, eta, besteak beste, Kutxabanken, Iberdrolaren eta Eroskiren bezero zerbitzua. Lanaldi gehienak astean 34 edo 39 ordukoak dira.
Arreta telematikoa, izan ere, hedatzen ari da. Gero eta gehiago dira bulego fisikoak itxi eta bezero arreta telefonora mugatzen duten enpresak. Lanalden-en, esaterako, 2020an 910 langile ziren, eta 2021ean 1.056ra igo ziren. LAB sindikatuak emaniko datuak dira. Haren arabera, 2021ean %14 igo zuen fakturazioa 2020arekin alderatuta. 2020an ez zuen dibidendurik banatu; bai, ordea, 2021ean, hiru aldiz gainera: 300.000 euro urtarrilean, beste hainbeste ekainean eta 450.000 abenduan. Urte horretan %50 handitu zen zerga aurreko irabazi kopurua. Esaterako, 2018an Lanalden-ek larrialdietako trafiko arretako kontratuaren lehiaketa irabazi zuenean, bi urterako akordioa lortu zuen, 5,2 milioi euroren truke. Kontratazio publikoko Internet atarietan erraz aurki daitezke hari esleituriko kontratuak.
Espainiako itunaren menpe
Datu horiek ikusita, LABek eta ESK-k etenaldi eta protesta dinamika bat hasi dute lan baldintzak hobetzea lortzeko. Horrela dago banatuta langile batzordea: LAB (sei ordezkari), ELA (sei), CCOO (bost), ESK (lau) eta UGT (bi). Langile batzuek elkarretaratzeak egin zituzten atzo enpresak Bilbon dituen bulegoetan.
Langileei call center delakoen Espainiako lan hitzarmena aplikatzen zaie. 2017an sinatu zenean, soldata txikiena urtean 13.268 euro gordinekoa zen. Horrek 12.150 euro garbi direla esan nahi du, eta, hamalau soldatatan banatuz gero, 867 euro dira hileko. Lanalden-en, gainera, lau urte daramatzate soldatak izoztuta.
Enpresak %3,5eko soldata eguneratze bat eskaini die langileei, baina paraleloki Espainiako ituna berritzeko negoziazioak daude. Hortik beherako soldata eguneratze bat onartuko balitz, hori aplikatuko lukete Lanalden-en. LABek eta ESK-k, baina, jauzi kualitatiboa nahi dute: «Zifra horiekin ezin da Euskal Herrian bizi; edozeinek daki hori. Guk ageriko baldintza hobekuntza bat nahi dugu. KPIaren araberako igoera edo handiagoa», azaldu du Uribarrik. Era berean, tratu duinago bat ere nahi dute: «Langile askok telelanean dihardute, eta hainbatek beren poltsikotik ordaindu behar izan dute Interneterako konexioa».