Nuklearren eraikuntza bizkortzeko lege proiektua aurrera doa Frantzian
Emmanuel Macronek joan den otsailean berretsi zuen nuklearren aldeko apustua, Belforten egindako hitzaldian (Borgoina-Franche-Comte). Haren arabera, Frantziak ezin du argindar hornidura ziurtatu soilik iturri berriztagarrietatik, eta nuklearra ezinbestekoa da trantsizio energetikorako. «Aditu bakar batek ere ez du esaten posible dela. Errealitateak, kontrara, erakusten digu aldi berean bi oinarri behar ditugula [berriztagarriak eta nuklearra]. Ekologikoki eta ekonomikoki egokiena da», esan zuen.
Presidenteak hitzaldi hartan aipatutako sei erreaktore berriak jasotzen ditu lege proiektuak. EPR2 motakoak izango dira, eta dagoeneko existitzen diren zentral nuklearretan edo haietatik gertu eraikiko dira. Horretarako tramiteak bizkortzeko dator lege berria, prozedura administratiboak erraztera, besteak beste hirigintzari lotutakoak eta espezie babestuen ingurukoak.
Sei erreaktore berrietatik bi lehenak Penlyn (Normandia) eraikiko lirateke, dagoeneko bi erreaktore dituen zentralean. Haiek egiteko lanak 2027. urtean bost urteko agintaldia amaitu aurretik abiatu nahi ditu gobernuak, 2035. urte ingururako martxan izateko.
Ministroen Kontseilura iritsi aurretik, lege proiektua Trantsizio Ekologikorako Kontseilu Nazionaletik pasatu da, non hitza baitaukate naturaren babeserako elkarteek, tokiko erakundeek, sindikatuek eta enpresaburuek. Haien artean, gobernuz kanpoko erakundeek gogor kritikatu dute legea aztertzeko gobernuak eman dien epe txikia, hiru aste soilik. Eta baita prozedura ere. Kontseiluaren ustez, ez da zuzena legea aurkeztea oraindik ez direnean amaitu gai horri eta energiari eta klimaren programari buruzko eztabaida publikoak.