Mosku itotzeko muga
Europako Batasuneko ordezkariek bilera luzea egin zuten atzo Errusiako petrolioaren gehienezko muga zein izango zen eztabaidatzeko. Bloomberg-ek aurreratu zuenez, 65 eta 70 dolar arteko muga ari ziren aztertzen. Herrialde batzuren ustez muga eskuzabalegia da hori, Errusiaren ekoizpen kostutik gora dagoelako eta, praktikan, Moskuk antzeko prezioan saltzen duelako orain; Mendebaldeko konpainiek hura gutxiago erostearen ondorioz, deskontuak eskaini behar ditu erosleak limurtzeko.
Muga bat zein bestea izan, ez dio EBri berari zuzenean eragingo. Izan ere, abenduaren 5etik aurrera bere kide gehienek debekatuta izango dute Errusiako petrolio gordina erostea. Bigarren epe batean, otsailaren 5ean, debekatuko dute gasolioaren, gasolinaren eta beste petrolio eratorrien inportazioa. Aldi baterako salbuespen batzuk izango dira, Errusiatik doan petroliobide batetik hornitzen direnen itsasorik gabeko herrialdeentzat —Hungaria, Txekiar Errepublika eta Eslovakia—, edo, itsasoa izan arren, mendekotasun handia dutenentzat —Bulgaria eta Kroazia—.
Petrolio prezioaren muga Mendebaldeko aliantzako kide ez diren herrialdeei begira hartutako neurri bat da. Haietako batzuek, Indiak eta Txinak esaterako, inbasioaren aurretik baino petrolio gehiago inportatzen dute Errusiatik. Operazio horiek zailtzeko, EBk eta G7koek debekatu egingo du beren kideetako bandera duten ontziek garraiatzea 65-70 dolar baino garestiago diren petrolio upelak, eta haien aseguru konpainiek prezio horretatik gorako kargamentuak bermatzea.
Errusiako petrolioari gehienezko muga bat jartzea herrialde hori ekonomikoki itotzeko beste bide bat da. Orain arteko neurriak —nagusiki, erregaiak eta elikagaiak ez diren beste salgai gehienen merkataritza debekatzea— kostata baina hasi dira eragina izaten Errusiaren ekonomian. Barne produktu gordina %3,5 da jaistekoa da aurten, Errusiako Banku Zentralaren arabera, eta atzeraldiak jarraitu egingo du hurrengo urtean.
Gerra hasi zenean, kolpea handiagoa izango zela iragarri zuten nazioarteko erakundeek, baina hidrokarburo garestiekin konpentsatu ahal izan du Putinen gobernuak beste leku batzuetatik jaso ez duena.
Egia da, hala ere, bezero berrien peskisan, bere petrolioa merkatuko prezioen azpitik saldu behar izan duela Errusiak, baina ez zaizkio erosleak falta izan: India, Txina, Ekialde Erdiko findegiak…
Horiei esker, lortu du bere ekoizpenari eustea: azaroaren lehen erdian 10,85 milioi upel ekoitzi ahal izan ditu egunean, gerraren aurretik egiten zuena baino 200.000 upel gutxiago besterik ez (-%2). Horretan ere huts egin dute iragarleek: martxoan, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak ziurtatu zuen Errusiaren ekoizpena %25 jaitsiko zela aurten.
Horrek ez du halabeharrez esan nahi Errusiak luzaroan eutsi ahal izango diola ekoizpen maila horri, Mendebaldeko teknologia erabiltzen duelako erregai fosilen industrian, eta hondatutako makinak konpontzeko arazoak izan ditzakeelako.
Bahimenduei izkin egin
Beste kontu bat da zigorren ondorioz lortuko ahal duen esportazioei eustea. Ezetz dio Vitol energia artekaritza enpresa nagusiko buruak, Russell Hardyk. Financial Times egunkariari esan dionez, neguan milioi bateraino murriztuko dira esportazioak.
Ikusteko dago debekuak zein eragin erreal izango duen. Izan ere, beste herrialde batzuetako petrolio esportazioei eragindako bahimenduek —Venezuelari eta Irani, esaterako— zuloz beteta egon dira, posible delako petrolioa ontzi batetik bestera mugitzea, eta jatorri desberdinetako petrolioa nahasteak kontrolatzaileak engaina dizakeelako.