Bizitzaren garestitzeari planto
Puntuan abiatu zen Gasteizko manifestazioa. Txistulariek eman zioten hasiera, eta haien atzetik atera ziren mezu nagusia zeraman pankartari eusten zioten pertsonak. Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak! Pobretzearen aurrean, aberastasuna banatu! zen eguneko leloa. Horrez gain, borroka sozial desberdinetako hainbat mezu irakur zitezkeen: etxebizitza duinaren aldekoak, zerbitzu publikoa defendatzen zutenak… jende gehienak bandera edo kartelen bat zeraman, gainera.
Arabako Pentsiodunen Mugimenduko kideak ziren gehienak. Eta, duda barik, gehien oihukatzen zutenak ere baziren. Haiek gidatu zituzten gainontzeko pertsona guztiak. «Terrorismoa hilaren amaierara ez iristea da», «Jo eta ke, irabazi arte» eta antzeko aldarriak tartekatzen zituzten.
Protesta oihuen artean iritsi ziren manifestariak Maria Sortzez Garbiaren katedralera. Eraikinaren pareko eskaileren inguruan elkartu ziren guztiak. Ana Tere Diaz Arabako Pentsiodunen Mugimenduko kideak irakurri zuen deitzaile guztien artean idatzitako adierazpen bateratua.
Amorruz hasi zen hizketan: «Gaitzetsi nahi dugu egungo krisi sistemikoaren aurrean botere publikoen alternatiba. Langile klasea pobretzen den bitartean, pertsona gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzen dute».
«Banaketa justua»
Zerbitzu publikoen murrizketak, «zainketen lan ikusezin eta aitortu gabeak» eta «ekosistemen eta biodibertsitatearen suntsipena» ere gogor kritikatu zituen Diazek, «eskubideen aurkako aurrez aurreko eraso» gisa definituz. Izan ere, horrek, etxebizitzen eta alokairuen prezio «neurrigabeak», «zerbitzu publikoen okertzea» eta «krisi klimatikoaren okertzea» dakarrela salatu zuen.
Arazoentzako premiazko konponbideak eskatu zituen ondoren. Soldata eta pentsioen erosahalmena berreskuratzea eta horiek KPIaren arabera igotzea; baita soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala amaitzea ere. «Aberastasunaren banaketa justua» izatea, hain justu. Zifretan, 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitu zituen, besteak beste.
Amaieran, protesten garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Diazek: «Hau ez da manifestazio soil bat, gure aldarrikapen premiazkoenak lortzeko aukera historiko bat baizik. Borroka hau irabazteko beharrezko manifestazio partekatuei esker, gure aldarrikapenak errealitate bihur daitezke».