12,9 milioi eurora arte handitu dira enplegua mantentzeko konpromisoa…
Orkestra: «Pandemia osteko susperraldia sendoa izan da»
«Harro egon behar dugu Euskadik krisia nola igaro duen ikusita. Uda honetan, Europa osotik etorri da jendea gure eredua ikustera». Ivan Marten Orkestrako presidenteak nabarmendu du hori txostenaren aurkezpenean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2021eko eta 2022ko datuak aztertuta ateratako ondorioa da. Besteak beste, nabarmendu du 2019ko BPGa ia bere osotasunean berreskuratu dela, eta esportazioak inoizko handienak izan direla aurten.
Ekonomia arloan, baina, dena ez da ona. 2021ean, produktibitateak %5,1 egin zuen gora, baina oraindik ez dira berreskuratu pandemia aurreko ratioak. Era berean, enpresa txiki eta ertain berritzaileen batezbestekoak behera egin zuen 2020an %41etik %39ra, baita produktu berrien salmentak 2020an baino 3,5 puntu gutxiago eta hazkunde handiko enpresen ehunekoak ere: %11,tik %9,6ra.
Ekonomia arloarekin amaitzeko, ikerketa zentroak ekonomiaren sofistikazioa aztertu du lehenbizikoz. Esparru horretan, «bitxikeria» bat aurkitu du: industrian dagoen berrikuntza maila ez da ageri zerbitzuetan. «Finantza zerbitzuez, marketinaz… ari gara. Gainera, askotan, industriarekin harreman zuzena duten zerbitzuak dira, eta horietan ez gaude Europaren maila berean», zehaztu du James Wilson txostenaren koordinatzaileak.
Orkestraren txostenak gizartearen ongizatea ere aztertu du. Esaterako, herritarrek ongizate globalaren inguruan duten hautematea neurtu du, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek, batez beste, 7,6ko puntuazioa jarri diote beren bizitzari 1etik 10erako eskalan. 2020an baino gehiago da (7,4), eta Europako batezbestekotik gora dago (7,1).
Zaurgarri gehiago
Txostenak oro har emaitza positiboak plazaratu baditu ere, badu orbain bat. 2021ean, gora egin zuen pobrezia edo bazterketa arriskuan daudenen batezbestekoak. 2020an, %13,6 zen; 2021ean, berriz, %16, 2019ko balioaren gainetik. Gai berean, inflazioak azken urtean izan duen inpaktuari ere erreparatu dio, eta kalkulatu du 2021eko ekainetik 2022ko ekainera oinarrizko erosketa otarrea %11 garestitu dela. Sarrerarik txikienak dituzten etxeetan garestitze hori %13,6koa izan da.
Langabezia tasari dagokionez, 2022ko lehen eta bigarren hiruhilekoek joera positiboa izan dute %8,7 eta %8,8, hurrenez hurren, eta pandemia aurreko garaietara gerturatu da. 2021ean, %9,8koa zen, Europako batezbestekoetatik oso gora (%7,1). Martenek, bestalde, nabarmendu du langabezia tasa handia dela gazteen artean, eta erronka bat dagoela hor: «Jende hori formakuntzara bideratzea lortu behar dugu».
Enpleguarekin lotuta, Orkestrak sumatu du langileek beste lehentasun batzuk dituztela lan eskaintzak onartzean. Soldataz bestelako ezinegonak dituzte, bizitza pertsonalarekin harreman zuzena dutenak. Alde horretatik, sumatu dute behera egin duela ardurak hartzeko prestasunak. Txostenean, halaber, enpleguarekin lorturiko beste bi datu ere aurkitu daitezke: lanari dagokion gogobetetasuna 7,3koa da, eta soldata arrakala txikitzen ari da urtez urte; 2020an, %8,3koa zen; 2001ean, berriz, %19,6koa.
Azkenik, gizartea zahartzen ari dela berretsi du. 2001ean, zahartze tasa %18 zen; 2021ean, berriz, %23; eta 2036an %29,3 izatea espero da. Horiek hala, urte horretarako aurreikusitako biztanleriaren handitze bakarra migrazio saldo positiboa izango da. Orkestra datua ematen ausartu da, eta 200.000 migratzaile beharko direla kalkulatu du. Horren harira, integrazio politiken garrantzia handia nabarmendu du.
«Industriako sofistikazio maila hedatu behar dugu zerbitzuetara»
Hori da. 2021eko datuetan, eta batez ere 2022ko lehen bi hiruhilekoetan, ikusten dugu susperraldia sendoa izan dela. Egia da ziurgabetasun handia dagoela: Ukrainako gerra, inflazioa… baina, horren barruan, lehiakortasunerako eta garapen ekonomikorako oinarri sendoak ditugu.
Mundua aldatzen ari da, eta ohartarazi duzue sektore batzuetan egokitze ahalmena galtzen ari dela.
Sofistikazio maila esatea zehatzagoa da. Industrian, gure sofistikazio maila altua da, Europarekin alderatuta. Zerbitzuetan, aldiz, ez dugu sofistikazio maila hori, eta zerbitzu batzuk oso garrantzitsuak dira industriaren garapenerako. Finantza eta merkataritza zerbitzuetan, publizitatean… Garrantzitsua litzateke arlo horietan sofistikazioa handitzea, lehiakortasun mailari eusteko.
Migrazioaren beharra nabarmendu duzue. 200.000 pertsona aipatu dituzue.
Aurreikuspen bat da. Orain jaiotze tasak handituta ere, epe ertain eta luzera emango luke horrek. Beraz, ikusten da demografia aurreikuspenak betetzeko migrazio saldo positiboak beharko ditugula: 200.000 pertsona inguru 2035erako. Migranteen artean, gazteen batez bestekoa handiagoa da. Lan merkatuan ditugun premia horiek haien artean garatuz joatea garrantzitsua da.
Txosteneko puntu beltza: gogobetetze maila igo egin da, baina jende gehiago dago esklusio egoeran.
Krisi garaiek ez diete berdin eragiten gizarte talde guztiei. Krisi garaiek gehiago eragiten diete herritar zaurgarrienei, eta krisi egoeretan adierazle horrek beti egiten du okerrera. Halere, gure pobrezia tasa Europako beste herrialde batzuekin alderatzen badugu, nabarmen txikiagoa da. Europako 240 eskualdeetatik %10 onenen artean gaude.
Langile bat hil da N-121-A bideko asfaltatze lanetan
42 urte zituen langileak, eta Barañaingoa zen (Nafarroa). N-121-A errepideko 49. kilometroan hil zen, Doneztebe eta Sunbilla herrien arteko La Kontxa zerbitzugunean. Eskualdeko mediku zerbitzua, suhiltzaileak eta Foruzaingoa istripua jazo eta berehala joan ziren hara, baina langilea hilda zegoen dagoeneko. Ekin diote jazotakoaren xehetasunak biltzeko ikerketari.
Obenasa Nafarroako obra berezietarako enpresarentzat ziharduen, eta N-121-A errepidea 2+1 tankerako bide bihurtzeko lanetan ari dira orain.
Greba Bizkaiko zerbitzuguneetan abenduaren 1etik 5era
Greba Bizkaiko zerbitzuguneetan abenduaren 1etik 5era
Langile bat hil da N-121-A errepidean, Donezteben, makina zapalgailu…
Langile bat hil da N-121-A errepidean, Donezteben, makina zapalgailu batek harrapatuta