Frantziarekin dagoen gas-fluxua jaitsi egin da Irungo konpresio-estazioa erabilgarri…
Frantziarekin dagoen gas-fluxua jaitsi egin da Irungo konpresio-estazioa erabilgarri ez dagoelako
Hori dela eta, ia erabat, energia berriztagarrien eta nuklearraren bidez erantzungo zaio datozen hiru urteetan izango den eskariaren igoerari. Argindar iturri garbiak ari dira pixkanaka erregai fosilen lekua hartzen; horrek esan nahi du CO2 isuriak mantendu edo jaitsi egingo direla, argindar gehiago ekoiztuko den arren.
Dena den, eskariaren igoera ez da oso handia izan aurten: Ukrainako gerrak eta munduko hainbat lekutako ezohiko klima gertakariek baldintzatuta, %2 soilik igo da, pandemia aurreko urteetan baino gutxiago. Batez beste %2,4 igo zen orduan.
IEAren aurreikuspenen arabera, ordea, eskaria gogotik igotzen hasiko da aurten: %9 hiru urtean. Munduko eskariari EB Europako Batasunak duenaren neurriko beste eskari bat gehitzearen parekoa da hori. Nagusiki Txinan, Indian eta Asiako hego-ekialdean gertatuko da igoera, eta argindarraren %70 kontsumituko da eskualde horietan. Aipagarria da Txinaren kasua: munduko argindar eskariaren herena herrialde horrena izango da hiru urte barru; %5ekoa zen 1990. urtean, eta %25ekoa 2015.ean. Motelago, baina EBko eta AEBetako argindar eskariak ere etengabe jarraituko du gora.
Eta zeri esker lortuko da handitze horri erantzutea? Iturri berriztagarriei esker gehienbat, eta, neurri txikiagoan, energia nuklearrari esker. Bi horien artean aseko dute datozen hiru urteetan izango den hazkundearen %90. Datuetan: gaur egun sortzen dena baino 2.493 terawatt-ordu gehiago ekoitziko dira 2025ean, eta, IEAren arabera, energia berriztagarriei esker lortutakoak izango dira horietatik 2.450.
Hainbat herrialde hasiak dira energia nuklearra ere berriz pizten; tartean, Txina, India, Japonia eta Hego Korea. Frantziak, berriz, azken urtean arazo teknikoengatik galdutako ekoizpena berreskuratuko du. Hori dela eta, energia garbiek erregai fosilen lekua hartuko dute pixkanaka argindar sorkuntzan, eskariaren igoera asetzeko adina baino gehiago handituko baita haien ekoizpena.
Hazkunde ikusgarri horri esker gaindituko dute berriztagarriek ikatza. Gaur egun, munduan, 10.325 terawatt-ordu ekoizten dira ikatzari esker, eta, hiru urte barru, gutxi gorabehera, bere hartan eutsiko zaio horri, IEAren txostenak dioenez. Iturri berriztagarriei esker, berriz, 8.349 terawatt-ordu ekoizten dira orain, eta 10.799 izango dira 2025. urtean. Munduan ekoitziko den argindarraren %35 da. Ikatzaren bidez ekoitziko da elektrizitatearen %33, gasaren bidez %21, eta energia nuklearraren bidez %10. Eboluzioaren ideia bat egiteko: 1990 eta 2010 bitartean argindarraren %20 ekoizten zen berriztagarrien bidez.
Kutsadura
Hazkundeari energia garbien bidez erantzungo zaionez, argindarraren sektoreak orain beste karbono dioxido sortuko du datozen urteetan. Edo gutxiago, berriztagarriek eta energia nuklearrak erregai fosilen lekua hartzen badute.
Azpimarratzekoa da, ordea, iaz sekula baino gehiago kutsatu zuela argindarraren sorrerak. 2021. urtea,n %6 handitu ziren emisioak, eta 2022an, %1,3. Beraz, datozen urteetan maximo historikoetan egongo dira emisioak. IEAk dioenez, erronka da 2025. urtetik aurrera joera hori beheranzkoa izatea. Horretarako gakoak bi dira, agentziaren iritziz: «Bezeroen eskariaren malgutasuna» areagotzea, eta biltegiratzeko gaitasuna handitzea.