Sindikatuek azaldu dute 600 lanpostu «jokoan» direla VWen
Langileen batzordeko bost sindikatuak (UGT, CCOO, ELA, LAB eta CGT) elkarrekin agertu ziren. Azaldu zutenez, jakinaren gainean zeuden auto elektrikoranzko trantsizioa «basamortuko zeharkaldia» izango zela, baina asteartean zuzendaritzak emandako datuekin «harrituta» agertu ziren. 2024ko apiriletik aurrera Polo modeloko autoak egiteari utziko dio VWek, auto elektrikoak ekoizteko egokitzapen obren hasierak behartuta. Urte horretan produkzioak «jaitsiera nabarmena izango du», baina 2025etik 2026 erdialdera amildu egingo da erdira, fabrika barruko lanak eta Euro 7 araudiak behartuta.
Dena den, atzora arte sindikatuek lasaitasuna transmititzen zuten bateriak muntatzeko fabrikak 500 enplegu ziurtatzen zituelako, eta VWek iragarritako produkzio bolumenarekin enpleguari eusteko modua zegoelako. Orain hori aldatu egin da, ekuaziotik atera egin delako fabrika barruan lan hori izatea.
Batzordeak gogora ekarri zuen azken urteetan 350.000 ibilgailu egiteko produkzio ahalmena lortzeko ahalegin berezia egin dutela langileek. Moralesen arabera, enpleguari eutsi ahal izateko, produktibitatea handitzeko prest egon dira, eta lan baldintzak moldatu dituzte: «Zer egin dugu gaizki? Ez dugu ulertzen nola VWen norbaitek auzitan jartzen duen bateria fabrika hori izatea», esan zuen Moralesek.
CGTko Oscar Añorbek modu grafikoan laburbildu zuen zer ekarri duen iragan urteetan langileen batzordeak hitzartutako baldintzak: akordio horiei esker, bi asteko produkzioa «doan» egiten dute langileek.
Horregatik, bilera eskatu dute. Erabakia Iruñez gaindiko denez, taldeko zuzendaritzarekin bildu nahi dute, irizpide aldaketak zeri erantzun dion azal dezan. «Aukera bakarra da inbertsio hori ez dutela egin nahi eta beste bati eman nahi diotela, aurrezteko asmoz», iritzi dio Moralesek. Aukera hori Iruñeko fabrikarentzat «arriskutsua» dela deritzo.
Nafarroako Gobernuak sostengu publikoa adierazi dio proiektu horri. Egun Landabengo instalazioen barruan diren tren sareak eta loturak aldatu nahi ziren, eta orube hori aprobetxatu bertan eraikitzeko lantokia. Gobernuak ziurtatu zuen 40 milioi euro jarriko zituela obra hori finantzatzeko. ELAko Igor Peñalverrek azalpenak eskatu zizkion gobernuari horregatik: «Zer egiten ari den azaldu beharko digu. Gobernua zoru horien lizitazioa egiten egongo da, eta jakingo du nor dagoen zoru horiek eskuratu nahirik». Sindikatuek azaldu zutenez, Garapen Ekonomikoko kontseilariak du informazioa.
Atzean, Seat
Nahasmen horretan, ezin da ahaztu testuinguru orokorra. Berez, VWen bateria fabrika nagusia Sagunton (Katalunia) egongo da, eta zeldak muntatzeko fabrika eskuratu nahi du Iruñeak. LABeko Raul Portilloren arabera, Martorellgo (Katalunia) fabrika dago atzean: «Ez gaude Seatekin lehian, baina oraintxe haiek ari dira erabakitzen non egongo den fabrika hori».
Ez da oso ohikoa VWeko langileen batzordea elkarrekin agertzea, eta Portillok adierazi zion multinazionalari batasun hori ez dela gezurrezkoa. «Atzean sendotasun handia dago, ez dezatela pentsa ezerezean geratuko dela».
Laster hasiko den negoziazioari begira, sindikatuek ez zuten baztertu informazioa «xantaia gisa» erabili nahi duela VWk. Batzordeko kideek exijitu dute egungo enpleguari eusteko bermerik ematen ez bada, produktibitatea handitzeko orain arte onartu diren lan baldintzak berrikusi beharko direla, gorantz.