Sindikatuek ekonomian eragin nahi dute erreforma gelditzeko
Mobilizazio jendetsu baten argazkia lortu nahi zuten atzo goizean sindikatuek, eta hala izan zen. Jende multzo handia bildu zen geltokian, eta luze joan zen manifestazioa San Leon itzulguneraino. Bertan, Baionako zirkulazio ardatz nagusi bat oztopatu zuten grebalariek tarte batez. Ibilbidean zehar, hainbat banketxeri eta aseguru agentziari eraso zieten burua estalia zeramaten batzuek. Tindua bota, eta erakusleihoak apurtu zituzten.
Bai funtzio publikoan eta baita enpresa pribatuetan ere, Ipar Euskal Herrian greba deialdi andana izan zirela baieztatu zuten sindikatuek. Garraio arloan ikusi zen eraginik handiena: Baionako geltokia itxia zegoen atzo goizean, eta abiadura handiko tren bakarra ibili zen Hendaia eta Baiona artean; eskualdeetako trenik ez zen atera. Miarritzeko aireportuan, hegaldien erdiak bertan behera utzi zituzten. Autobus zerbitzua ere murriztua izan zen. Hezuntzari dagokionez, eskola asko itxi zituzten.
Langileak enpresaz enpresa antolatzera deitu ditu intersindikalak, bakoitzean erabaki dezaten grebari zer jarraipen eman. Trenbideetako langileak egunero elkartzen dira, eta atzo aho batez erabaki zuten jarraitzea. Energia sektorean ere, Enedis eta GRDF enpresetan greban jarraitzearen alde egin dute. Industria arloan, intersindikalak emanen dituen norabideen beha zeuden atzo hainbat enpresatan. Baionako portuan, Frantziako portuko langileen sindikatuak zer erabakiko zain zeuden. Justuki, gaur goizean portua blokeatzera deitu ditu grebalariak intersindikalak, eta ondoko egunetarako ere ekintza gehiago izanen direla iradoki dute.
LABek ere blokeatze ekintzak eginen dituela iragarri du Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak. Sindikatu abertzaleak langile asanbleak antolatzen ditu mobilizazio egunetan, eta horietan erabakitzen dute. FSU eta Solidaires sindikatuetako kideek ere parte hartu izan dute. Izan ere, Frantziako sindikatuek antolatu duten intersindikaletik kanpo utzi dute LAB beste behin. Joan den ostiralean izan zuten bilkura haiekin, eta adierazi zieten abertzaleen parte hartzeak ez duela «kontsentsurik» sortzen sindikatu guzien artean.
Indarra erakutsi
Urtarrilean mugimendua abiatu zenetik, banako mobilizazio egunak antolatu dituzte sindikatuek. Aste honetan beste indar bat erakutsi nahi dute. «Frantzia gelditu nahi dugu aste osoan, eta erakutsi Asanblean eta Senatuan pasatzen saiatzen badira ere karrikan ez dela pasatuko», adierazi zuen atzo Patricia Glory CGTko buruak. «Jende anitz bildu da gaur, eta ondoko egunetan ere espero dugu, Frantziako Gobernuak erreforma proiektua bertan behera utzi arte, injustua eta justifikaezina baita», adierazi zuen Herve Larrouquert FOko buruak, atzo ere.
Irautea izanen da orain gakoa. Dufauren hitzetan, «indar bat gehiago» erakutsi behar dute. «Manifestazioak eta grebak segituko ditugu eragile ekonomikoek gobernuari presio egin diezaioten», zioen atzo Gracietek. «Gobernuak indarrez pasatzea erabakitzen badu, haiek hartzen dute leherketa sozialaren arriskua. Hori entzunarazi nahi diegu». Glory «konbentzituta» dago «irabaziko» dutela.
Gaur ere manifestazioa eginen dute sindikatuek goizean, Emazteen Nazioarteko Egunarekin lotura eginez. Salatuko dute erretreten erreforma proiektuak emazteei eginen diela kalterik handiena.