Itsasoko haize erroten zentro bat irekiko du Siemens Gamesak…
Iaz, Siemens Gamesak Sarrigurengo, Zamudioko eta Madrilgo bulegoetako 352 lanpostu kentzeko asmoa iragarri zuen. Abenduan, UGTk eta CCOOk lan erregulazioko espedientea hitzartu zuten enpresarekin. Siemens Gamesa borondatez uzteko baldintzak onartu ziren, erretiro aurreratuen eta enpresa uzteko prest direnentzako kalte ordainen bitartez.
352tik 150era gutxitu da
Prozesuak bi urte iraungo duenez, doikuntzaren nondik norakoez eztabaidatzeko negoziazio mahaia ireki da. Bertako iturriek aipatu dutenez, bitarte horretan enpresak sortzen dituen lanpostuak betetzeko, erregulazioan sarturiko langileak lehenetsiko dituzte. Horien artean daude 50 enplegu berriak. Ondorioz, hasieran iragarritako doikuntza 352 lanpostutik 150era gutxitu da.
Itsasoko erroten zentro horretan ingeniariek eta enpresa kudeatzaileek egingo dute lan, eta profil hori betetzen dutenak lehenetsiko dituzte. Ikerketa eta garapen atala indartu nahi du. Egun, Sarrigurenen, taldearen ikerketa atalik handienetako bat dago.
Itsas energia eolikoak garrantzia hartu du Siemens Gamesarentzat. Iaz, itsas proiektuek 143 milioi euro fakturatu zituzten, eta negozio bolumenaren %10era heldu ziren. Oraintxe, Europa iparraldean garatu ditu proiektu gehien; hala nola Danimarkan, Alemanian, Frantzian eta Alemanian. Siemens Gamesak martxoaren 27an egingo du akziodunen batzarra, Zamudion.