Inoizko kotizatzaile kopururik handiena du Hego Euskal Herriak
LANGABEAK
Kopuru txikiena 2008tik
Langabe kopurua azken urteetako txikiena da. 2008ko abendura egin behar da atzera. Apirilaren amaieran 138.845 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. Martxoan baino 2.297 gutxiago dira, eta iazko apirilean baino 10.135 gutxiago.
Apirila hilabete gorabeheratsua izan ohi da, langabezia jaisten den hilabeteak tartekatzen baitira igotzen direnekin, Aste Santuko oporraldiengatik bereziki. Aurten nabaria izan da horren eragina, kontratu gehienak —lautik hiru zerbitzuen sektorean egin baitira; ostalaritzan bereziki.
Langabezia jaitsi arren, iazko apirilean baino lan kontratu gutxiago egin dira: 6.825 gutxiago. Eta 2014. urtetik langabezia gutxien jaitsi den apirila izan da, pandemiak gogorren jo zuen urtekoa —2020koa— salbu.
Lurralde guztietan jaitsi da langabezia, baina batez ere Nafarroan (-1.106). Bizkaian, 654 langabe gutxiago daude; Araban, 311 gutxiago; eta Gipuzkoan, 226 gutxiago. SEPEren datuak INEk emandako biztanleria aktiboaren inkestarekin konbinatuz gero, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %10,24koa da.
SEKTOREAK
Zerbitzuak nagusi
Adin tarte eta sektore guztietan jaitsi da langabeen kopurua. Zerbitzuetan izan da jaitsiera handiena (-1.495), hein handi batean Aste Santuko oporraldiei begira ostalaritzan eta zerbitzuetan eginiko kontratazioengatik. Afiliazio berrien hiru laurdenak ia zerbitzuetakoak dira.
Industrian, halaber, 282 kontratu berri egin dira, azken hilabeteetako joera positiboari eutsiz. Nekazaritzan 149 enplegu sortu dira, eta eraikuntzan, 17. Aldez aurretik enplegua izan ez dutenen artean, 354 lagun hasi dira lanean.
Zerbitzuen sektorea Hego Euskal Herrian hartzen ari den pisuaz ohartarazi du LAB sindikatuak. Berriki kaleratu duen txosten batean ondorioztatu du %60tik gorako pisua duela BPGan, 2008an baino bost puntu handiagoa, eta, besteak beste, industriaren bizkar hazten ari dela. Salatu du horrek ehun ekonomikoa ahultzen duela eta langileen lan eta bizi baldintza prekarizatzen dituela.
ADINA ETA SEXUA
Kezka 50 urte baino gehiago duten langabeekin
Adin tarteei dagokienez, gazteen artean jaitsi da gehien; lana topatu duten bi langiletik batek (-1.189) 30 urte baino gutxiago zuen. Datuek erakusten dute adinean aurrera egin ahala zailtasun gehiago dituztela lan bila dabiltzanek. Adibidez, langabezian urtebete baino gehiago daramaten hamar pertsonatik seik 45 urtetik gora dituzte, eta nagusiki emakumeak dira.
Datu horretaz kezkatuta agertu dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saila eta UGT sindikatua, eta gogoratu dute Elkarrizketa Sozialerako Mahaian gai hori jorratzen ari direla. «50 urtetik gorakoen kontratazioa bultzatzeko garaia da; neurri politikoez harago, enpresaburuek pertsona horien inguruan duten jarrera aldatu behar dute», azpimarratu du UGTk.
Apiril honetan antzera jaitsi da langabezia gizon eta emakumeen artean, baina genero arrakalak bere hartan dirau. Eta, denbora epe luzeago bat hartuz gero, okerrera ari da egiten: azken bi urteetan bi puntu handitu da langabeen artean emakumeek duten pisua: apirilean, langabeen %58,5 izan dira, nahiz eta biztanleria aktiboaren %47,8 baino ez diren. Emakumeen artean, langabezia tasa %12,5era iristen da; gizonen artean, %8,1era.
KOTIZATZAILEAK
Inoiz baino gehiago
Langabezia datuak onak badira, are hobea da Gizarte Segurantzan afiliatutako langileena. Izan ere, 1,3 milioiren langa gainditu da lehen aldiz Hego Euskal Herrian. Apirilean beste 5.420 kotizatzaile batu dira: 1.301.012 guztira, eta duela urtebete baino 20.936 gehiago dira. Sektore guztietan igo da kopurua. Jardueraren arabera, zerbitzuetan gehien: apirileko afiliazioen %73,2.
KONTRATUAK
Lautik hiru aldi baterakoak
2022an indarrean sartutako lan erreformak zaildu egin du aldi baterako kontratazioa. Horren ondorioz, handitu egin dira kontratu mugagabeak, nahiz eta oraindik gutxiengo bat diren. Apirilean egindako 72.026 kontratuetatik %25,4 izan dira mugagabeak; erreformaren aurretik, %7-%8 artean izan ohi ziren. Dena den, nabarmen gehiago dira behin-behinekoak, %74,6; apiril honetan halako 53.702 kontratu sinatu dira.
Era berean, behin-behinekotasuna murrizteko, lan erreformak aldizkako finkoen kontratazioa bultzatu du, sektore jakin batzuetan bereziki. Apirilean egindako kontratu guztien %3,9 izan dira, eta urtebetean 1,5 puntu egin dute gora. Kontratu mota hori emakumeen artean zabalduago dago (%5,2) gizonezkoen artean baino (%2,7). Gauza bera jardunaldi partzialekoekin: lau emakumetik batek (%25,8) du halako kontratu bat, eta gizonen kasuan, hamarretik batek (%11).
LABek nabarmendu duenez, enpleguaren kalitatea okertzen ari da, eta emakumeek dute presentzia handiagoa «prekaritatearen adierazleetan» —aldizkako finkoak, jardunaldi partzialak—. ELAren arabera, apirileko datuek erakusten dute langabezia murriztu egin dela «enplegu prekarioaren eta urtaroen araberako enpleguaren kontura».
Nafarroako ostalaritzako langileak grebara deituta daude San Fermin egunean,…
Nafarroako ostalaritzako langileak grebara deituta daude San Fermin egunean, hitzarmen berri baten alde. Soldatetan eragina izan zuten pandemiaren murrizketen aurrean langileek izan zuten erantzukizun bera eskatu diete sindikatuek enpresei.
Lurzoruaren prezioak eta hipotekek gora egin dute Euskadin eta…
Hainbat urtez behera egin ondoren, Hego Euskal Herrian metro koadroko prezioak gora egin du 2015etik, krisi ekonomikoaren aurreko balioetara iritsi arte.
Interes tasak % 0,25 igo ditu Europako Banku Zentralak
Interes tasak puntu laurden igo ditu Europako Banku Zentralak. Iazko uztailean hasi zen Europako Banku Zentrala interes tasak igotzen. Harrezkero, zazpi aldiz igo ditu jarraian tasak, % 0tik hasi eta % 3,75eraino.
EBAZPENA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, emakume langabeen gaitasun…
Eroskiren mozkinak %38 murriztu ziren iaz, irabazi marjina estutu…
«Gure hornitzaileen prezioak %15 igo dira, batez beste; gureak, berriz, %12. Ahalegin oso handia egiten ari gara igoera osoa azken preziora ez eramateko», nabarmendu zuen Rosa Karabel Eroski taldeko zuzendariak atzo, iazko balantzearen aurkezpenean. Erabaki horrek murriztu zuen irabazi marjina, eta hark eragin zituen mozkin txikiagoak. Zehaztasun handiz xehatu zuen: «Gure irabazi marjina %1,32koa izan zen. Sektorean, ohiko tartea %2 eta %3 artekoa da. Guk puntu bat murriztea erabaki genuen. Zenbat den hori? 55 milioi euro inguru gutxiago irabaztea».
Nondik ateratzen dira 55 milioi euro horiek? Eroskiren fakturazio osoa 5.478 milioi eurokoa izan zen, eta haren %1 da. Karabelek, hala ere, garrantzi handia eman zion EBITDAren —irabaziak interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurretik— datuari: 280 milioi euro; eta azaldu zuen haien hainbat gastu finko —energia, finantzaketak, soldatak— %38 inguru handitu zirela.
«Gure sektorean, irabazi marjina oso txikiekin egiten dugu lan. Irabazien gakoa da bolumen handian saltzea. Oso zaila da prezioak are gehiago jaistea», nabarmendu zuen, eta salatu distribuzio kate handiei egozten zaien sakrifiziorako ahalmen gabezia ez dela egia. Gai berean, azpimarratu zuen inflazioak mesede egin diela prezio merkeenak dituzten kateei: «Erosleak aurrezten ari dira; egun, prezioa da erosketa ohiturak gehien baldintzatzen dituen aldagaia».
Karabelek azaldu zuen erosketa ohiturak aldatu egin direla. Iaz, urteak aurrera egin ahala, salmenta bolumena jaitsiz joan zen, eta, aurtengoaren hasieran, joera hori mantentzen ari da. «Erosleak asko begiratzen dio prezioari. Eskaintza bereziek erosketen %28 baldintzatzen dituzte. Guk, esaterako, gure markako produktuetan nabaritu dugu. %7 igo zen fakturazioa. Produkturik merkeenak direla kontuan hartuta, igoera oso handia da». Alde horretatik, jakinarazi zuen oinarrizko produktuekin osaturiko saskiak oso harrera ona izan duela.
Lan erreformaren eragina
Hego Euskal Herrian izandako langile kopuruaren jaitsiera da Eroski taldearen iazko balantzeak uzten duen datu deigarrietako bat: 11.302 izatetik 10.428 izatera igaro ziren. Karabelek, baina, azaldu zuen legedia aldaketaren eraginez izan dela: «Lan erreformaren eragina izan da hori. Behin-behineko langileak izateko traba gehiago ditugu orain. Horiek askotan ez dute lanaldi osoa izaten. Orain, langile finko gehiago ditugu, eta hainbatek aldi baterako biren lana egiten dute. Finkotasunean irabazi dugu». Prozesu hori langile kooperatibistaren kopuruaren igoeran islatzen da. Iaz, 1.268 pertsona egin ziren Eroskiko bazkide, eta egun 9.500 dira guztira.
Karabelek behin baino gehiagotan aipatu zituen saltoki handiei eragiten dieten legeak, eta salatu zuen gehienek balio katearen kostua handitzen dutela. Esaterako, plastiko txikien erabilera debekatu izana asko nabaritu dute. Espainiako Gobernuak sektorearekin adosturiko neurriak hartu beharko lituzkeela esan zuen, baita bat iradoki ere: «Esaterako, mesede egingo liguke oinarrizko hainbat produkturi aplikatu zaien BEZaren murrizketa luzatzea. Are gehiago, haragiari eta arrainari ere aplikatzea eskertuko genuke. Produktu horien salmenta %15 murriztu da. Horiek, gainera, produktu osasungarriak dira».
Zorra kitatzen
Eroskiren jardunaren zama handietako bat pilaturiko zorra da. 2009an 2.514 milioi euroko finantza zorra izatera iritsi zen, eta egun 909 milioikoa da. Iaz, 44 milioi euro kitatu zituen. Eginiko ahalegina goratu zuen zuzendariak, eta onartu zuen hartzekodunekin lau urterako finantziazioa negoziatzen ari direla.
Zor horren kitapen handiak taldearen atalak salduz egin dituzte. Oraingoan, baina, ez dute halakorik espero: «Gure hartzekodunekin dugun akordioa 2024ko uztailean amaituko da, eta berria negoziatzen ari gara. Finantza akordio bat lortzea da gure aspirazioa. Atal gehiago saldu behar izatea ekuazioan sartzen ez den aldagai bat da».
Eroskik, besteak beste, Caprabo Kataluniako supermerkatu katearen zati bat saldu zuen zorra arintzeko, eta baita bidaia agentzien atala ere. Azken urteetan, Forum Sport kirol denda katearen balizko salmentaren zurrumurrua bolo-bolo ibili da. Pixka bat lehenago Karabelek aurkakoa esan arren, ondoren gehitu zuenak ez du lagunduko esamesak isiltzen. «Forum Sportek bere tamaina handitu behar du lehiakorra izateko. Bide horretan, bazkide bat aurkitzeko aukerak aztertzen ari gara. Horraino hitz egin dezaket gaiari buruz».
Inbertsioei eutsi
Salmenta bolumenak behera egin eta irabaziak murriztu arren, Eroskik ez du hurrengo urterako inbertsio kopurua murriztuko. Urtean hamar eta hamabi saltoki berri artean irekitzeko asmoari eusten dio. Bide horretan, Katalunian hedatzeko moduak aztertzen ari da. Egun Hego Euskal Herrian merkatu kuotarik handiena duen katea da. Horri Kataluniako eta Espainiako iparraldea gehituz gero, bere «indarguneetan» %13ko merkatu kuota du.
Bertan behera utzi dute Nafarroan Kopako finalerako deitutako autobusen…
Aurreakordioa lortu dute Kopako finalerako Nafarroan deitutako autobusen greba bideratzeko
Munduko Atun Hirien Aliantza sinatu dute, Bermeon
Munduko zazpi hiritako ordezkariek etorkizunean espezie honen iraunkortasuna bermatzea helburu duen akordioa sinatu dute.
Eroskik 64 milioiko irabaziak izan ditu 2022an, aurreko urtean…
Eroskik 64 milioiko irabaziak izan ditu 2022an, aurreko urtean baino % 40 gutxiago. Taldeak salmenta gordinak % 7 handitu ditu, 5476 milioi euroraino, besteak beste, inflazioaren eraginez.