Beroa: lan arrisku
Tenperatura igoerek eragina dute lan baldintzetan, eta, beraz, enpresek, lan arriskuen prebentzioa egitean, kontuan izan beharko lituzkete tenperatura eta ingurune kondizioak. Lantokien baldintzei buruzko araudia 1997koa da, eta ingurumen baldintzak zehazten ditu; hots, muga batzuk ezartzen ditu. Gainerakoan, ordea, ez du neurririk proposatzen. Enpresei eskatzen die arriskuen inguruko neurketa bat egiteko, eta horren araberako neurriak ezartzeko. Hainbat eragileren arabera, baina, enpresek ez dituzte horiek egoki osatu eta betetzen.
Hori jakinik, Hego Euskal Herrian lantokietako beroaren arazoari aurre egiteko gida bat osatu berri du LAB sindikatuak. Inko Iriarte San Vicente lan osasuneko arduradunaren arabera, gida sindikal bat da, langilearen segurtasuna bermatu nahi duena, eta, horretarako, oinarri tekniko eta juridiko jakin batzuk dituena; hots, berme juridikoak eskaintzen dituena. «Gida honekin patronalari eta enpresariei txosten zientifikoak egiteko exijitzen diegu, legeak eskatzen duen bezala».
Haren arabera, borondate politikoa falta da, eta enpresa gehienek ez dituzte beharrezko prebentzio neurriak hartzen. «Guk zer egin dugu? Atrebitu gara neurriak proposatzen. Planteatu dugu sentsazio termiko jakin batekin pausaldi batzuk egiten hastea, eta, une jakin batean, legearen beraren artikulu bati eutsiz, aktibitatea bertan behera uztea». Lan prebentzioko legearen 21. artikulua oinarri hartuta proposatu dute aukera hori, hain zuzen; eta helburu argi bat du: «Enpresariak ikusi behar du arriskuak murriztea merkeagoa dela ekintza sindikala baino».
Prebentzio legeak jasotzen duenez, lantokietan arriskuak ebaluatu behar dira; tartean daude arrisku higienikoak, eta hor sartzen dira arrisku fisikoak: zarata, bibrazioa eta tenperatura. «Araudiak neurketak egiteko bide ezberdinak proposatzen ditu, hautuzkoak, eta enpresariei esaten die horiek ebaluatu eta neurriak proposatu behar dituztela. Zer gertatzen da? Ez dela egiten». Irmo gaitzetsi du enpresarien jarrera; salatu du administrazioak araudiak betearazteko baliabiderik ez duela jartzen, eta uste du hori erabaki politiko bat dela: «27 urte daramatzate, orokorrean, prebentzioari jaramonik egin gabe. Enpresariak oso ondo daki betetzen ez badu ez zaiola ezer pasatuko. Eta patronalaren partetik jaso dugun kezka bakarra da argindarraren kontsumo handiagoa izango dutela; ez dute sekula adierazten osasunaren inguruko kezka».
Ohartarazi du kontsumo ereduak eragina izan duela klima aldaketan, eta, horren ondorioz, bero kolpeak gero eta ohikoagoak izango direla. Erantzuteko beharra nabarmendu du, langileak babeste aldera. «Ez gaude konfort arrisku baten aurrean, arrisku higieniko baten aurrean gaude, muturreko egoera batean, heriotza ere eragin dezakeena». Beraz, gidan neurri progresibo batzuk planteatu dituzte; taula bat osatu dute baldintzen arabera hartu beharreko neurriekin. Gainera, ordezkariak trebatuko dituzte sentsazio termikoaren aldagaiak detektatu eta neurtzeko.
Aitor Gisasola Osalan erakundeko lan osasuneko arduradunak ere adierazi du enpresarena dela araudia betetzeko ardura, eta lan arriskuak identifikatu, ebaluatu eta horiei aurre egiteko neurriak jarri behar dituela: «Betebehar bat da, eta ez bada egiten, lan ikuskaritzak isunak jar diezazkioke; dena den, argi dago lan ikuskaritza ezin dela milaka enpresatara joan. Norberak du ardura». Baikorrago agertu da, eta espero du enpresek beteko dituztela emandako gomendioak.
Amelia Aguilar NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko teknikariaren arabera, berriz, aldaketa egon da azken urteetan, eta enpresek kezka handiagoa erakutsi dute. Uste du arazoa gizarteratu eta egoerari nola aurre egin ezagutarazteko egindako lanaren emaitza izan dela. Adierazi du enpresak pixkanaka ari direla arriskuak identifikatu eta neurri zehatzak ezartzen. «Hobetze joera bat sumatzen ari gara». Hain zuzen, NOPLOIk beroarekin zein hotzarekin arazoak izan ditzaketen 245 enpresaren egoera aztertu zuen 2019tik 2021era. Emaitzak deigarriak izan ziren: enpresen %85ek aitortu zuten muturreko tenperaturekiko esposizioa zutela, baina soilik %24k identifikatu zuten modu egokian estres termikoa zuela.
Iriartek, berriz, esan du fokua ezin dela jarri muturreko egoeretan. Hain zuzen, 1997ko dekretua moldatu eta onartu zen maiatzean, eta dekretuan planteatzen dute ingurumen baldintzen arabera aire zabaleko lanetan jarduera etetea ere. «Muturreko egoeraz bakarrik ari da, eta hau ez da zuria edo beltza. Arrisku maila ezberdinak hartu behar dira kontuan, prebentzioaren printzipioei so eginez». Funtsean, arriskua kontrolatzea da LABen planteamendua.
Hala ere, Aguilarrek uste du dekretu horren moldaketa urrats garrantzitsua dela. Aire zabaleko lanen inguruko xedapen gehigarri bat gehitu dute dekretuan, ingurune baldintzen eragina jasotzen duena. «Lehen gida teknikoan esplikatzen zituzten, baina hori ez da derrigorrez betetzekoa. Testu artikulatuak eta xedapenetakoak, aldiz, bai. Beraz, ingurune baldintzak, lanaren ezaugarriak eta langileen ezaugarri pertsonalak kontuan izan behar dira».
Sentsazio termikoa
Beroak eragina du langileen osasunean, baina zer ondorio ditu? Azaldu dutenez, sentsazio termikoa hartu behar da aintzat. Hau da, tenperatura eta hezetasuna. Iriarte: «Isurialde atlantikoan izaten den hezetasun mailarekin, 30-32 graduko beroa gogorra izan daiteke eta gaizki pasa; Nafarroa hegoaldean, aldiz, horiek baino tenperatura beroagoak jasan ditzakegu, askoz ere giro lehorragoa delako. Hori da sentsazio termikoa». Beharrezkoa da hori aintzat hartzea neurriak ezartzeko orduan. LABeko kideak ohartarazi du beroak gorputzean eragin «zuzena eta latza» izan dezakeela.
Osalaneko lan osasunaren arduradunak, berriz, ondorio batzuk zerrendatu ditu: deshidratazioa, karranpak, sinkopea, akidura… Eta, larriena: bero kolpea: «Larria da; 40 gradutik gorako gorputz tenperatura izaten da, sukar handia, arnasketa eta pultsu azkarra, konbultsioak ere izan daitezke, goragalea… Batzuetan, baita haluzinazioak ere».
Horiek prebenitzeko, gomendio batzuk eman dituzte, eta urtero osatzen dute beroaren aurkako plana. Nafarroan ere, txosten batean bildu dituzte langileen osasuna zaintzeko orientabideak. Osalaneko teknikariak aipatu du neurri kolektiboak eta indibidualak daudela. Esaterako, lantokia aireztatzea, itzala sortzeko bitartekoak jartzea, lan prozesuak aldatzea, txandak ezartzea, atsedenaldiak hartzea… eta muturreko kasuetan, jarduna etetea. Garrantzitsutzat jo du langile bakoitzaren osasun egoera ere aintzat hartzea.
Tenperaturen igoerekin «kezkatuta» agertu da Gisasola. Uste du funtsezkoa dela prebenitzea eta arriskuez informatzea, baita eragileei, enpresariei eta langileei formakuntza eskaintzea ere. Ados agertu dira Iriarte eta Aguilar. Beste kezka bat ere agertu du NOPLOIko teknikariak: langile zaurgarriak. Uste du arreta berezia jarri behar dela haiengan, eta neurri espezifikoak hartu. «Bide horretan asko dugu egiteko».