Urkulluren urte amaierako azken mezua: lorpenak, asmoak eta agurrak
Urte amaierako azken mezua eman du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ajuria Enean, ez baita aurkeztuko heldu den urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, eta, horretan, hiru legealdien atzerabegirakoa egin du: «Gure gizarteak aurrera egin du eta pausoak eman ditugu etorkizunerantz. Gauza asko ondo egin ditugu, baina, aldi berean, ez dugu beti asmatu». Lau arlo azpimarratu ditu lehendakariak: kohesioa, bizikidetza, autogobernua eta enplegua. Zailtasunei «auzolanean» erantzun diotela esan du —aurrerago, beste behin ere errepikatu du Eusko Jaurlaritzaren leloa—, «inor atzean utzi gabe»; horrela, enplegua eta autogobernua «sendotzea» lortu dutela adierazi du. 2012an %16tik goran zegoen langabezia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; gaur egun, berriz, %8 azpitik. «Lorpen kolektibo» gisa jo du. Dena den, autogobernua «ez dago bermatuta, eta ez du sabaia jo. Babestu egin behar dugu, zabaldu eta indartu», gehitu du. Bada balioan jarri duen beste mugarri bat: «Euskal gizarteak bakean eta bizikidetzan bizitzea lortu du. Ozen eta lasai esan dezakegu gure seme-alabek, gure ilobek ez dutela terrorismo eta biolentziaren aurpegi ilun hori ezagutuko». Hamarkada honetan izan diren krisiak ere gogoratu ditu: 2008ko krisi ekonomiko eta finantzarioa, errefuxiatuena, energiarena eta erregaiena, pandemia, brexit-a, Ukrainako gerra, inflazioa eta interes tasen igoera eta Palestinako gatazka areagotu izana, besteak beste. «Biktima errugabe guztiak» gogora ekarri ditu, eta «kezka» adierazi du Europar Batasunak nazioarteko gatazka armatu horien aurrean erakusten duen «ahalmen faltagatik». Migrazio politika «gogor eta bidegabeak» ere salatu ditu. Tartetxoa eskaini dio feminismoari: «Ozen esaten dugu: ‘Emakumeak gora’». Era berean, indarkeria matxista gaitzetsi du: «Herri honek ez du indarkeria matxista sekula onartuko. Erasotzaileei esaten diegu: ‘Aurrean izango gaituzue beti’». Lehen ere erakutsi du aurrera egiten jarraitzeko asmoa. «Tamalez, hurrengo urteetan ziurgabetasunak protagonismoa handia izaten jarraitu du»; «biharko erronka» horiei bat «bat eginda, herri bezala» erantzun behar zaie. «Euskadi zutik dago, kohesionatuago eta preparatuago». «Gure baliabideak mugatuak dira, eta ahalik eta hoberen kudeatu behar ditugu». Hortaz, datorren urteari begira, inoizko inbertsio publiko handiena egingo du Eusko Jaurlaritzak. Argi ditu horren helburuak: zerbitzu publikoak hobetzea, gizarte babesa indartzea, garapen ekonomikoa sustatzea eta enplegu aukerak sortzea. Haren arabera, 2024a «trantsizio urtea izango da, Euskadi herrialde garatuenen artean kokatzeko». Kontuan izan du lehendakariak azken diskurtsoa izan duela gaurkoa: «Ohorea benetan aukera hau izatea. Gure herriari dudan guztia ematen saiatu naiz beti, zintzotasunez, gure gizartearen interesak defendatuz, han eta hemen. Zorionekoa naiz, eta hori zuen konfiantzari esker izan da». Azaroan, Euzkadi Buru Batzarrak jakinarazi zuen Imanol Pradalesek ordezkatuko zuela Urkullu Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigai gisa.