Zergadun batek artelanekin kitatu du Arabako Ogasunarekin zuen zor milioiduna. Zehazki, 4,3 milioi euroko balioa duten 85 margolan entregatu dizkio Foru Ogasunari
Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Mollen galdeketa eginez abiatu dute Luhusoko auzia Parisko Zigor Auzitegian. Ekinbideari buruzko xehetasunak eta bakoitzak izan zuen parte hartzea kontatu dituzte bi bakegileek. Luhusoko ekinbideak Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa bideratu zuela baieztatu zuen Etxeberrik. ETArekin harremanetan jartzeko bitartekariak izan zituztela erran zuen: «2016ko martxo-apirilean hasi ginen lehen bilkurak egiten, Tubiana, Berhokoirigoin eta identifikatuak izan ez diren beste batzuk». Elkarrizketa kanal bat eratu zuten: ETAri adierazi zioten blokeo egoeraren aitzinean prest zirela esku hartzeko. Garai hartan, ETAk bazuen kanal bat Frantziarekin eta hortik koadro bat eratuko zela espero zuten, baina porrot egin zuen. Orduan adostu zuten armategiaren ardura Bakegileen esku uztea. «Anitz heldu zitzaizkigun haien laguntza eskaintzera: autoa, etxea… dozenaka proposamen». JEAN NOEL ETXEBERRI Bakegilea Luhusorako prestatu zituzten A eta B planak esplikatu zituen Etxeberrik, eta operazioari buruzko xehetasun guziak aipatu zituen. «Dena aurpegia agerian egin dugu». Ondoren Frantziako agintariekin izandako elkarrizketez ere aritu zen. «Arazo nagusia armategiaren leku aldatzea zen; juridikoki borderline zen». Txetxek iradoki zien etxeetan ziren armak apirilaren 8tik harago itzultzeko aukera. Honela erantzun zioten: «Ez da zuek nahi duzuena, ezta guk nahi duguna ere». Hitz lausoekin aritzen zirela, baina oso ongi ulertzen zutela elkar. Apirilaren 8ko goizean ez zen polizia kontrol bakar bat ere izan errepideetan. Atxiloaldiaren ondotik, karrikan ezezagun andanak eskertu zuela erran zuen Etxeberrik Parisen. «Anitz heldu zitzaizkigun haien laguntza eskaintzera: autoa, etxea… dozenaka proposamen». Hala, egindakoaz «harro» azaldu zen: «Ikusi behar da non geunden; orain, Euskal Herriko historiaren beste orrialde batera pasa gara. Gaur egun ez dago inor Euskal Herrian borroka armatuaren beharra aldarrikatzen duenik». Honela bukatu zuen: «Berriz egin beharko balitz eginen nuke». Konponbidean aitzinatzeko Prozedura hasieran Mollek erran zuen Etxeberriri baserria alokatzera mugatu zela, baina epaimahaiaren asumitu zuen bazekiela «armagabetzeari lotutako ekintza bat zela». Parte hartzaile ezberdinak Errekartea baserrira lagundu zituen, horien artean, Mikel Epaltza apaiza. Orain arte ez zen publikoa, baina epaileak jakinarazi zuen hark zituela ETAren zigilatutako armategiaren kaxetako giltzak. Instrukzio epaileak galdeketa egin dio prozeduraren harira, baina ez dute auzipetu. Gatazkaren konponbide prozesuan aitzina egiteko borondatea zuela baieztatu du Mollek. «Mugaldeko eremu batekoa naiz. Tragediak ezagutu ditugu. Nire aitatxi, nire aita, errefuxiatuetaz arduratu dira, etxean jendea hartu dugu. Gure etxeko ateak irekiak ziren. Luhusokoa horren jarraipena da».
ETAren armagabetzea bideratzeko aginte publikoaren eta Bakegileen arteko «kooperazioa» izan zela baieztatu du Matthias Fekl orduko Frantziako Barne ministroak Pariseko Zigor Auzitegian. Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta ohiaren hitzetan «ebidentzia bat» izan zen. Luhusoko operazioan parte hartu zutenak «bakegile» gisa izendatu ditu, eta apirilaren 8koa prestatzeko haiekin izandako elkarrizketen berri eman du. «Inork ez zuen deus idatzi», baina Frantziako autoritateen bermeekin egin zela baieztatu du. «Apirilaren 8an, denek espero genuen modura iragan ziren gauzak». Atzo abiatu zen Bakegileen auzia Pariseko Zigor Auzitegiko 16. ganberan. Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle epaitzen ari dira, 2016ko Luhusoko operazioan parte hartzeagatik; ETAren armak eta lehergaiak eduki eta garraiatzea leporatzen diete. Auzipetuak galdekatu eta lekukoak entzuteko tartea hartu zuen epaimahaiak atzo arratsaldean. Prokuradorearen errekisizioak eta defentsako abokatuen alegatuak izanen dira gaur. Sei lekuko deitu ditu Luhusoko auzira bakegileen defentsak: gatazkaren konponbide prozesuei buruz mintzatu zen Jean Pierre Massias Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko zuzenbide publikoko irakaslea, eta Euskal Herrian izandako saiakera ezberdinak kontatu zituen. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak 2011ko Aieteko Nazioarteko konferentziaren ondotik abiatutako bidea aipatu zuen: «Espainiako eta Frantziako Estatuen parte hartzea ezinbestekoa zen. Armagabetzea eta desegitea eskatzen zituzten, baina ez dute sekula lagundu». Gatazkaren bilakaera eta armagabetze prozesua kontatu zituzten Sylvianne Allaux PSko diputatu ohiak eta Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapezak ere. Baina Morvanen eta Feklen adierazpenek sortu zuten arreta gehien. Euskal gatazkari lotutako auzi anitz iragan dira Parisen, baina gutxitan hartu du hitza Frantziako Barne ministro izandako batek auzipetuen defentsan. 2017ko apirilaren 21ean hartu zuen kargua Feklek, eta jardunean zegoen apirilaren 8ko armagabetze egunean. Orduko egoera politikoa aipatu zuen: presidentetzarako hauteskunde kanpaina abiatua zen, atentatu arrisku handia zegoen. «Testuinguru horretan gertatu zen ETAren armagabetzea». Orduko Frantziako presidentearen eta lehen ministroaren agindupean jardun zuela eta bakegileekin «lankidetza hertsia» izan zela erran zuen. «Frantziako Legeak ez du baimentzen halako armagabetze prozesu bat aitzina eraman ahal izatea. Baina bi aldeen borondatearekin, eta autoritateen erabakiz, neurri handiko operazio hori gauzatu ahal izan zen, inori kalterik eragin gabe». Armagabetzea baimentzeko erabakiaz galdetu zion prokuradoreak, zergatik ez zen lehenago iritsi. Ministroak esplikatu zuen indarkeria egoeratan «erabaki bat» behar dela, eta hori momentu batean ala bestean gertatzen dela; garai hartan, jarreraz aldatzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak. «Aginte judiziala errespetatzen dut. Nire lekukotasuna ematera etorri naiz, ene arima eta kontzientzian, eta ez nintzen etorriko bi auzipetuak helburu terrorista baten konplize direla pentsatuko banu». Etxeberri eta Molle errugabetzeko eskatu duten nazioarteko pertsona ezagunen artean da Fekl. Konfiantza harremana Luhusokoa gertatu zenean, Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeta zen Morvan, baina aitzitik Bernard Cazeneuve orduko lehen ministroaren kabinete buruorde izan zen Barne Ministerioan —elkarrekin kudeatu zituzten 2015eko Parisko atentatuak—. Harreman hori funtsezkoa izan zen. Horrez gain, garai hartan Akitania Berriko eskualdeko prefeta zena, Baionako suprefeta izana zen lehenago, eta Euskal Herriaren ezagutza zuen. Nolazpait «planeten lerrokatzea» gertatu zela erran zuen. Ibilbide pertsonala ere aipatu zuen Morvanek; Cortiko (Korsika) suprefeta izan zen garaia. Erignac prefetaren hilketa gertatu ondotik hartu zuen kargua. «Arnasa hartu ezin bat zegoen. Goiz batean, niri eta nire familiari tiro egin ziguten metrailetarekin. […] Sentitzen dut istorio hau kontatu izana, baina garrantzia izan zuen Etxeberrik niregana jo zuenean». Bakegileekin, Mixel Berhokoirigoinekin eta Etxeberrirekin sortu zuen «konfiantzazko harremana» nabarmendu zuen. Martxoan elkartu ziren Etxeberri eta biak, eta bilkura bat baino gehiago egin zituzten. «Kezka bat zuten, obsesio bat; entrega gertatzean armak eskura zituzten pertsona horiek arazorik ez izatea». Cazeneuve ministroari jakinarazi zion, eta galdetu zion aitzina jarraitu zezakeen; «baikorki erantzun zidan». Baina baldintza bat eman zion: fiskaltza, eta autoritate judiziala jakinean izan behar zirela. Morvanek kontatu zuen Samuel Vuelta Simon orduko prokuradorearengana jo zuela, eta hura Parisko fiskaltzarekin harremanean jarri zela; François Molinsekin zehazki. Horrela argitu zituzten Bakegileen eskaerak, hala nola, atxiloketarekin ez gertatzea. «Nire gaitasunetatik harago zihoan. Baina fiskaltzak ontzat eman zuen bermeak ematea». Bazen beste eskaera bat: prentsa presente egotea armagabetzean. «Fiskaltzak ez zuen ontzat eman». Orduan izandako elkarrizketa haiei buruz ez dago ezer idatzirik; dena ahoz egin zen, batak besteari iradokiz. Baina Jean François Blanco defentsako abokatuaren galderei erantzunez, Morvanek baieztatu zuen armagabetzea «ez [zela] posible izanen» Frantziako aginteen baimenik gabe. «Hau guzia fede oneko jende arduratsuaren arteko elkarrizketak dira; bukaera bat emateko, ahalik eta segurtasun gehienarekin». ETA «ez operatiboa» Luhusokoa gertatu zenean, aurretik abisua jasoa zuen Morvanek DGSI Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko poliziarengandik, baina biziki «informazio sintetikoa» izan zuen: «Gehiago jakin nuen prentsatik». «2017a ginen, eta garai hartan, beste prefeta guzientzat bezala, nire kezka nagusia ez zen ETA —nahiz eta ETA oraindik bazen—. Terrorismo islamista zen gure kezka». Frantziako Poliziak Espainiakoarekin koordinazioan «lanean» segitzen zuela erran zuen; erakundeari «kolpeak» ematen segitzen zutela. «ETAren gaia apalagoa zen, baina hor zen oraindik». Hala ere, Morvanek zehaztu zuen garai hartan ETA ez zela «operatiboa». Baina, «izan zitezkeen soldadu galduak, disidentziak». Aipatu zuen kezka bazutela entregatutako armategia armategi «osoa» izatea. «Pentsatzen genuen arma gordeleku batzuk galduak izan zitezkeela». Apirilaren 8ko eguna hurbildu ahala jakin zuten Pirinio Atlantikoetako departamenduan gertatuko zela armagabetzea. Etxeberrik kontatu izan duen modura, apirilaren 8aren ondotik beste bi entrega ere izan zirela baieztatu zuen, xehetasunik eman gabe. Gertatu zirenean Parisera joana zen, Frantziako Polizia Nazionalaren zuzendaritza hartzera. Armagabetzea beste modu batera ere egin zitekeela erran zuen, «poliziaren indarraren» bidez. «Seguruenik desordenatuago eta problema gehiagorekin gertatuko zen», nabarmendu zuen. «Apirilaren 8ko gauean, argi nuen denak lasaituak geundela». Patrick Baudouin abokatuak galdetu zion zer zen beretzat lehentasuna: arma guziak itzuliak izatea, baketzean urratsak ematea. «Niretzat ebidentzia bat zen. Ez dut beste terminorik». Babesa Bakegileei Babes zabala jaso dute bi auzipetuek. Euskal Herriko eta nazioarteko pertsona ezagun andana elkartu ziren atzo Parisko Auzitegi aitzinean, tartean kolore guzietako Frantziako diputatuak.
Behin binakako txapelketa amaituta, bihar aurkeztuko dute buruz buruko txapelketa. Gernikan (Bizkaia) izango da, eta, gaur Aspe enpresak jakinarazi duenez, Jose Javier Zabaletak txapelketa jokatuko du. Peio Etxeberria, aldiz, ez da txapelketan arituko, nahiz eta martxoaren 22tik ia ziurra zen jokatuko zuela. Biak izan ziren txapeldun igandean binaka. Zumaian jokatzekoa zen Etxeberria, baina azkenean Zabaleta ariko da, nahiz eta duela bi aste enpresak berak zioen ez zuela jokatuko. Hala, hura izango da txapelketako atzelari bakarra. Aspetik, beraz, lau zerrendaburu izango dira: Aitor Elordi iazko txapelduna, Jokin Altuna txapeldunordea, Dario Gomez eta Joseba Ezkurdia. Beste bi aukeratuak Zabaleta bera eta azken hilabeteetan ezustea ematen ari den Javier Zabala dira. Baikon zalantzan zen Jon Mariezkurrenaren parte hartzea. Baina atzo bertan proba egin zuen, eskuin eskua nola zuen jakiteko, eta ez zen ondo atera. Horrenbestez, ez du jokatuko. Haren ordez, Mikel Urrutikoetxeak jokatuko du. 2015eko txapeldunak atarikoa galdu zuen Joanes Bakaikoaren kontra, baina, galdu arren, txapelketan izango da. Bi atariko kanporaketako galtzaileen artean tanto gehien egin zuena izan zen. Bestalde, ziurra da Iñaki Artolak eta Erik Jakak jokatuko dutela. Bia binakako txapelketea on bat egitetik datoz. Horrekin batera, Jon Ander Peña ere txapelketan izango da, ostiralean Iker Larrazabali nagusitasunez irabazi eta gero: 22-9. Ostiralean hasiko da txapelketa, Donostiako Atano III.a frontoian; bertan, Zabalak jokatuko du. Larunbatean, Iruñeko Labriten, Lasok jokatuko du. Igandean, berriz, Tolosako Beotibarren, Artolaren txanda izango da, eta egun horretan bertan jokatuko du Zabaletak, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan.
Primoz Roglic nagusitu da Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapan. Esloveniarrak kolpea jo du mahai gainean, eta hamar segundo baino gehiagoren aldea atera die faborito nagusiei. Aldea are handiagoa izango litzateke azken metroetan bidez nahastu ez balitz. Motorrek joan beharreko bidea hartu du Borakoak, eta segundo batzuk galdu ditu helmugara bidean. Remco Evenepoel (Soudal) erori egin da, baina 11 segundora iritsi da. Jonas Vingegaardek (Visma) 15 segundo gehiago behar izan ditu, Juan Ayusok (UAE) baino bat gutxiago. Ezustekorik ezean, litekeena da antzeko aldearekin iristea Eibarko azken etapara. Gorriz markatutako eguna zen gaurkoa. Ez zen Itzuliaren hasiera soil bat. Sei etapak ikusita, Irungoa eta Eibarkoa baitira aldeak egiteko aproposenak. Hortaz, arriskatzeko eguna zuten tropeleko txirrindulari indartsuenek. Bihurgune eta biribilguneak tarteko, lehen zati oso teknikoa izan du Irungo ibilbideak. Ondoren, igoera txiki bat eta jaitsiera azkar bat izan dituzte aurretik txirrindulariek helmugara iritsi bitartean. Eguraldiaren iragarpenaren ondorioz, lehen txandan aritzea erabaki zuten faborito gehienek atzo, eta ezinezkoa izan da faboritoen lana telebistan zuzenean jarraitzea. Haize handia eta prezipitazioak egongo zirela zioen iragarpenak, eta, oilarrak hasieran atera badira ere, haizeak eragina izan du. Izan ere, zenbait txirrindulari erori egin dira. Horietako bat izan da Tom Pidcock (Ineos). Taldeko liderra ibilbidea ezagutzen ari zela erori da, haize bolada baten ondorioz, eta lehia hasi aurretik utzi behar izan du Itzulia. Pello Bilbao (Bahrain) eta Ayuso izan dira faboritoen artean abiatzen lehenak, eta banaka-banaka, bata bestearen atzetik irten dira oilar denak. Ayusok berak ezarri du aurreneko marka. Espainiarrak Bilbaok baino bederatzi segundo gutxiago behar izan ditu. Ayusoren marka, baina, berehala bota du Roglicek. Lan erdietan 11 segundo azkarrago aritu da esloveniarra, eta, azkenerako, 12 minutu eta 34 segundoan amaitu ditu lanak. Horrela, Itzulian jokatu dituen erlojupeko guztiak irabazi ditu; bostetik bost. Azken orduan bidez nahastu bada ere, hura izan da eguneko ziklistarik azkarrena. Vingegaard taldekide ohia haren atzetik abiatu da. Frantziako Tourreko azken bi aldietako garailea da Itzulia irabazteko faborito nagusia, baina Roglicek baino 15 segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko. Evenepoel, lurrera Vingegaardek lanak amaituta, Evenepoelengan iltzatu dira inguruko denen begiradak. Munduko Erlojupeko Txapelduna zen denbora hori hobetu zezakeen oilar bakarra. Flandriarrak, ordea, ezin okerrago abiatu du etapa. Aurreneko bihurguneetako batean lurrera jausi da, eta ez du jakin hasierako amorru horri buelta ematen. Segundo bakarraren galerarekin iritsi da Olaberriako igoerara, baina beste zazpi galdu ditu Olaberria gainera iritsi denean. Jaitsieran ere segundo gutxi batzuk galdu ditu, eta, azkenerako, 11 segundora iritsi da Soudalekoa. Hark amaitzean hartu du lasaitua Roglicek. Inork ez du esloveniarraren denbora bota, eta bosgarren garaipena lortu du Itzulian erlojuaren aurka. Lasterketaren historian erlojupeko gehien irabazi dituen txirrindularia da. Orain arte berdinduta zegoen Sean Kellyrekin eta Alberto Contadorrekin. Mattias Skjelmose izan da eguneko ezustekoa. Lidl-Trekeko danimarkarra sasoiko iritsi da Itzulira; egun bikaina izan du, eta Eibarko podiumean egon nahi duela erakutsi du. Garaileak baino hamar segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko, eta hirugarren izan da azkenean. Faboritoen artean, zenbait euskaldun daude aurten ere, eta zenbaitek aurrean egoteko hautagaitza aurkeztu dute. Ion Izagirre (Cofidis) izan da denetan onena; hamargarren izan da, Roglicengandik 21 segundora. Bilbao 25era iritsi da, eta Mikel Landak (Soudal) ia minutua galdu du. Bihar ez da zalaparta handirik espero Kanbon (Lapurdi), eta litekeena da tropeleko txirrindulari bizkorrenentzako egun aproposa izatea.
Iranek Damaskon duen kontsuletxea bonbardatu dute gaur, eta gutxienez sei pertsona hil dituzte. Iturri ofizialak aipatuz Siriako eta Irango hedabideek kaleratu dutenez, Israelgo indarrek egin dute erasoa. Jakinarazi dute Iranek Sirian duen enbaxadorea, Hossein Akbari, onik atera dela. Hildakoen artean dago, ordea, Irango Guardia Iraultzailearen goi kargudun bat: Mohammad Reza Zahedi jenerala. Reuters AEBetako berri agentziaren arabera, erasoak kalte handiak eragin dizkio kontsuletxearen eraikinari. Gauza bera adierazi du Siriako Sana berri agentziak. Reutersek nabarmendu du Israelgo armadaren bozeramaile bati gertatutakoaz galdetu diotela, eta hark erantzun duela ez dutela iruzkinik egiten «atzerriko hedabideek» kaleratutako albisteei buruz. Hezbollah milizia xiitari —Iranen aliatua da— lotutako Al Mayadin Libanoko telebista kateak, Siriako iturri militarrak aipatuz, adierazi du Israelek Golango gainetatik jaurti dituela Iranek Siriako hiriburuan duen kontsuletxea jo duten misilak. Horrekin lotuta, Siriako Giza Eskubideen Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak esan du Israelek 30 eraso egin dizkiola Siriari 2024an: 22 airetik eta zortzi lurretik; nagusiki, instalazio militarren aurka. Bestalde, Israelgo armada Gazako Al-Xifa ospitaletik atera da gaur goizaldean, bi asteko setioaren ostean. Al-Xifakoa da Gazako ospitalerik handiena, eta zerrendaren iparraldean jardunean jarraitzen duten bakarrenetakoa, partzialki bada ere. Israelgo armadak adierazi duenez, Palestinako talde armatuetako berrehun kide baino gehiago hil eta bostehundik gora atxilotu dituzte azken operazioan. «Tropek terroristak hil dituzte gorputzez gorputzeko borroketan, eta arma eta inteligentzia dokumentu ugari atzeman dituzte ospitale barruan», jakinarazi du armadak ohar bidez. Israelek nabarmendu du orain arteko operazio «arrakastatsuenetako bat» izan dela Al-Xifako setioarena. Ospitalean egin duten laugarren operazioa izan da, azaroan lehenengoz sartu zirenetik. Tel Avivek justifikatu egin ditu ospitalean egin dituen erasoak, esanez Hamaseko eta Gazako beste talde batzuetako milizianoak han gordeta zeudela. Militarrek azaroan ziurtatu zuten miliziek lehergailuak eta armak biltegiratzen zituztela ospitalearen lurpeko tuneletan, eta han zituztela egoitza nagusiak, baina ez dute halakorik frogatu. Azken erasoaren ostean, Israelgo armadak adierazi du Gazako talde armatuetako kideak elkarrekin biltzen ari zirela osasun zentroan. Militarren arabera, «zibilei, gaixoei eta mediku taldeei kalte egitea saihestuz» gauzatu dute operazioa, baina hainbat hedabidek jaso dituzten lekukotzen arabera, ingurua erabat suntsituta gelditu da, eta gorpuak gelditu dira nonahi. Palestinako Ilargi Gorriak salatu du «zibiletako asko exekutatu» egin dituztela, osasun langileak barne, eta eraikinak osorik kiskali dituztela. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gutxienez 21 paziente hil dira Israelek Al-Xifa ospitalean egin duen bi asteko setioan. Gazako Osasun Ministerioaren esanetan, laurehun palestinar baino gehiago hil ditu Israelek erasoaldian, eta mila etxebizitza baino gehiago suntsitu. Ministerioak azaldu du ehun paziente baino gehiago lekualdatu behar izan dituztela ospitaleko eraikin zahar batera, hirurogei mediku inguruk lagunduta, osasun zerbitzua eman ahal izateko baliabiderik gabe. Israelek egindako «krimenak» ikertzeko eskatu dio Hamasek Nazioarteko Zigor Auzitegiari. Israelek gaixoekin batera zeuden laguntzaile asko «exekutatu, atxilotu edo hegoaldera lekualdatu» dituela salatu dute ospitaleko medikuek, EFE albiste agentziak jaso duenez. Halaber, ohartarazi dute armadak «gosez hiltzen» utzi dituela pazienteak eta osasun langileak. «Jakirik eta urik gabe eduki dituzte egunak eta egunak». Euro-Mediterranean Human Rights Minitor gobernuz kanpoko erakundeak nazioarteko ikerketa bat egitea galdegin zuen atzo, ospitaleko zenbait lekukotza jaso ostean. Adierazi duenez, Israelgo armadak ospitale inguruko etxebizitza batzuk arpilatu ditu. Deia nazioarteari Gazako Osasun Ministerioak deia egin dio nazioarteko komunitateari osasun azpiegiturak babestu ditzan, eta laguntza eskatu dio Khan Yunisko Nasser ospitalea berriz zabaltzeko. Ospitaleak zerbitzua emateari utzi zion duela hilabete, Israelgo armadak astebetez hura setiatu ondoren. Hain justu, Khan Yunisen hainbat etxebizitza eraikin bonbardatu ditu Israelek, hainbat hedabidek jaso dutenez. Israelgo armadak ere esan du erasoak egin dituela Gaza hegoaldeko inguru horretan. Adierazi du azken orduetan dozenaka miliziano hil dituela aireko eta lurreko erasoetan. Israelgo bi soldaduren heriotza baieztatu du armadak, eta, horiekin, seiehun dira urriaren 7an gerra hasi zuenetik Israelek galdu dituen soldaduak. Israelek, bestalde, 32.845 pertsona hil ditu zerrendan azkeneko ia sei hilabeteetan. al-jazeerari israeldik emititzea debekatzeko legea onartu dute Israelen lan egiten duten atzerriko hedabideak ixteko modua ematen duen legea onartu du Israelgo Parlamentuak gaur. Al-Jazeera legea ere deitu diote horri, eta, hain zuzen, onartua izan eta berehala, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak mezu bat idatzi du X sare sozialean, adieraziz «Al-Jazeera telebista kate terroristak» aurrerantzean ez duela Israeldik emitituko, eta «berehala» hartuko dituztela horretarako neurriak. Netanyahuren esanetan, Qatarko kate horrek «aktiboki» parte hartu zuen urriaren 7ko erasoetan.
Igandean finala eta txapela irabazteko errebotera bidali zuen pilotakadak laburbiltzen du ondoen zenbatekoa den azkeneko urteetan Jose Javier Zabaletak (Etxarren, Nafarroa, 1991) Binakako Txapelketan darabilen nagusitasuna. Horri esker irabazi ditu bost txapel, eta handienen pare jarri: Julian Retegi, Antxon Maiz, Juan Martinez de Irujo eta Zabaleta bera dira binaka txapel gehien dituztenak. Hura eta Maiz II.a dira atzelari bakarrak laukote horretan. Arantzakoak (Nafarroa) 31 urte egin ditu bakarrik, Zabaletak harrapatu duen arte. Baina badago berdindu berri dituen hiru pilotari handi horien aldean Etxarrengo atzelaria bakarra egiten duen datu bat, bost bikotekide ezberdinekin izan baita txapeldun: Irujorekin 2013an, binakakoa jokatu zuen lehen aldian; Joseba Ezkurdiarekin 2018an, Danel Elezkanorekin 2021ean, Aitor Elordirekin iaz, eta Peio Etxeberriarekin aurten. Sekulako marka da, baina baliteke txiki geratzea. 33 urte ditu oraindik. Azkeneko urteetako sasoiari eusten badio, eta bikotekideek laguntzen badiote, dena dauka alde marka hobea lortzeko. «Historiako pilotaririk onenetakoak dira Maiz, Retegi eta Irujo, onenak ez badira. Ilusio handia pizten dit palmaresean haien pare egoteak», esan zuen Zabaletak finala bukatu berritan, eta uste horri eutsi dio biharamunean, Peio Etxeberriarekin Ultzamako (Nafarroa) Bentan egindako agerraldian. https://www.berria.eus/kirola/mila-esker-jose_2123045_102.html Nabarmen geratu dena baieztatu dute: «oso gustura» aritu direla elkarrekin. «Konfiantza handia izan dugu elkarrengan txapelketa osoan. Hori izan da txapela irabazteko gakoa», esan du Zabaletak. Adibidez, finalean 21-14 irabazten ari zirela Jokin Altuna eta Julen Martija 21-20 hurbildu zirenean. Arantza atera du Hain nagusi da Zabaleta, ezen txiki uzten baitu ondoan duen edonor. Hori egin du oraingoan ere. Peio Etxeberriak (Zenotz, Nafarroa, 1998) beste aurrerapauso bat eman du, eta aurreneko txapela irabazi du Lehen Mailan —Bigarren Mailako buruz burukoa irabazi zuen 2021ean—. Baina haren lan ona itzalpean geratu da hein batean, bikotekidea izugarri distiratsu aritu baita. Ez zaio batere axola hori Zenozko aurrelariari. «Pozarren» dago. «Oso polita da hau guztia bizitzea. Pilotari guztiok lan handia egiten dugu, asko entrenatzen gara, eta horrelako zerbait iristea sekulako saria da. Nik, gainera, ez nekien zer zen Lehen Mailako txapel bat irabaztea. Aho zapore gozo-gozoa utzi dit». Binakakoa irabazita, gainera, Peio Etxeberriak duela lau hilabete Jokin Altunaren aurka galdu zuen lau eta erdiko finalaren arantza atera du. Ezinean aritu zen orduan. Igandean, ordea, askoz hobeto ibili zen. Horrek konfiantza emango dio hurrengo txapelketetarako. Buruz burukoa du hurrengoa. Zabaletak, berriz, atseden hartuko du. Ondo merezia du. urrutikoetxeak mariezkurrena II.a ordezkatuko du buruz burukoan Jon Mariezkurrenak ez du jokatuko buruz burukoa, ez baitzaio osatu eskuin eskua. Beraz, ez da ariko txapelketan —lehen aldia zukeen—. Mikel Urrutikoetxeak ordezkatuko du. Zaratamoarrak beste aukera bat izango du, kanpoan geratu baitzen larunbatean Joanes Bakaikoaren aurka galdu eta gero.
Bizkaiko Uberreko gidariek hiru greba egun egingo dituzte, bihar hasita. Apirilaren 2an, 3an eta 4an, Uber enpresako gidari bizkaitarrak grebara deituta daude, hitzarmenaren negoziazioa “blokeatuta” dagoelako.