«Neurri ausartak» eskatu dituzte Euskal Eskola Publikoaren jaian
Euskal Eskola Publikoaren jaia egin dute gaur Ordizian (Gipuzkoa). Urdaneta eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta egitaratu oparoa prestatua dute han bildu direnenetzat. Jaia 11:00etan hasi da, eta eguraldiak hasieran lagundu ez badu ere, zer egin ez da falta izan. Goierriko Hitza-k jaso duenez, antolatzaileen arabera, ia 10.000 lagun elkartu dira festan parte hartzeko eta kalitatezko hezkuntza sistema publikoa, euskalduna eta inklusiboa aldarrikatzeko. «Ordizia Euskal Herriko beste herri, auzo eta eskola publikoaren isla da. Muturrera eramandako egoera baten isla», esan du Maria Albisu guraso elkarteko lehendakariak. Jatorriaren baitan, «egoera sozioekonomikoari dagokionez edo euskararen ezagutzan ikastetxeen arteko desorekak» daudela adierazi du. «Gaur euskara, aniztasuna, publikotasuna aldarrikatzeko eguna da, baina begietara begira esan nahi dizuet: politika eta erabaki ausartak eskatzen dizkizuegu», adierazi dute guraso elkarteko kideek hasiera ekitaldian izan diren agintarien aurrean. Han ziren, besteak beste, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako aldun nagusia eta Adur Ezenarro Ordiziako alkatea. Hainbat gune izan ditu jaiak. Hasiera ekitaldia Barrena parkean izan da. Ondoren, ekintza ezberdinak izan dira lau gunetan banatuta. Plaza Nagusiko gunean, magoen saioa, batukada feminista, Pirritx Porrotx eta Marimotots, puzgarriak eta perkusio tailerra izan dira. Barrena Parkeko gunean, berriz, antzerkiak, eskulanak, Oihan Vega DJ-a eta jolasak. Pilotaleku inguruko gunean, elikadura eskola, jolasak, photocall-a eta bazkari gunea; eta Barandiaran plazan, aldiz, kirolak: gimnasia erritmikoa, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, futbola eta txirrindularitza. Burrunbazale txaranga, Ordiziako erraldoiak eta musika eskola banda eta Ordiziako txistulariak kaleak girotzen aritu dira.