Enpresa Batzordeak auzitara eraman zuen lantegia, tituludunei bost urteko antzinatasuna ordaintzeari uko egiteagatik. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke.
Ekainaren 20tik desagertua da Laure Zacchello urruñarra. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak prentsa bildu du ikerketek ekarri elementuen emateko, Stephanie Vessiere prokuradoreordearekin eta Karim Filali Baionako Polizia Judizialeko komisarioarekin batean. Elementu horien araberako hipotesi bat aurreratu du: senarrak hil eta desagerrarazi zuela. Gizona, atxilotu eta galdekatu ondoan, auzipetu dute, eta preso sartu. Bi instrukzio epaile izendatu dituzte instrukzioa eramateko. Desagertuaren senarra erreserbako jendarme aitzindari izana da, gerra armak bazituen etxean, eta horiek ere desagertuak dira. Prokuradoreak ez du pistarik baztertu nahi, baina ezkor da Zacchelloren zoriari buruz: «Aurkitu elementuek bizirik aurkitzeko mentura guti uzten badute ere, ezin da aukerarik baztertu». Miaketa batzuk egin dituzte, eta horretan segitzen dute. Lekukotasunen biltzeko deia zabaldu du Poliziak, Zaccheloren argazki batekin eta senarrarena den gorri kolore biziko 4X4 autoaren argazkiarekin. Autoa Poliziaren eskuetan da. Karim Filali komisarioak zehaztu du auto horren «edozein mugimendu» ikusi duen ororen lekukotasuna bildu nahi dutela, mugimendu horiek «oihan aldean edo mendigunean» ikusi badituzte, eta bereziki ekainaren 21ean, ostiralean, 08:30etik 20:50era bitartean. Mendialdean ibili izana iradoki du. «Senarra bizirauletzaren zalea da, kirolaria, ehiztaria; Ipar Euskal Herriko barnealdea arras ongi ezagutzen du», zehaztu du komisarioak. Lekukotasunen emateko telefono zenbaki bat zabaldu dute: (+33) 0 800 00 38 45. Senarra Donibane Lohizuneko polizia etxera (Lapurdi) joan zen otsailaren 7an, «emazteak ausiki zuela errateko». Ez zuen salaketarik jarri. Emaztea otsailaren 10ean joan zen polizia etxera, senarra «jazartzen» zitzaiola seinalatzeko, baina salaketarik jarri gabe. Bortizkeria sexisten biktimen elkartekoengana joatea aholkatu zioten, prokuradoreak erran duenez. Ekainaren 20tik desagertua da Laure Zacchello, ostegun arratsetik. 43 urte ditu, eta «ezkondua eta dibortzio bidean da», Bourrier prokuradoreak zehaztu duenez. Senarrak eta biek hiru haur badituzte, 5, 7 eta 9 urtekoak. «Duda» anitz zintzilik daude oraindik, Bourrierek erran duenez, eta «hipotesirik ez da baztertu behar». Bi ikerketa epaile hautatu dituzte inkestaren eramateko. Bizkitartean, senarrak feminizidioa egin duelako tesia defendatu du Bourrier prokuradoreak, eta horretarako «bat etortzen diren seinale larriak» badituztela gehitu. Poliziak galdekatu ondoren, senarra presondegiratu dute, eta auzibidea ireki haren kontra. Hilketa matxistaren hipotesiari buruzko xehetasun batzuk eman ditu Bourrierek. «Lehenik, testuingurua: bikotea bereizteko bidean da, eta dirudienez, auzipetuak, senarrak, gaizki bizi du banaketa». Bikoteak etxe bat du, eta martxotik senarra eta emaztea aldizkatzen dira haurren bertan zaintzeko, Bourrierek zehaztu duenez. Gerra armak Joan den ostiralean, ekainaren 21ean, «usaian ez bezala, aitatxi-amatxiek zituzten haurrak zaindu». Senarra lagun batzuekin musikaren bestara joatekoa omen zen. Arratsalde hartan, gizonaren arreba entseatu zen haren deitzen, baina ez zuen mintzatzerik lortu, eta Urruñako etxeraino joan zen. «Arreba horrek du alerta eman» eta Donibane Lohizuneko Poliziari erran dio anaia lurrean hedailo aurkitu zuela etxe aitzinean, «buru gibelean sake bat zuela eta ondoan harri bat». Baina etxe barnean ez dute «ez apurketa, ez borrokaldi hatzik» atzeman. Haatik, Zacchelloren eskuko zakua eta haren bi sakelako telefonoak kausitu dituzte, baita haren autoa ere, gakoturik, baina gakorik ez. «Horregatik, desagertzea esplikatzeko, baztertu daiteke ebasketaren hipotesia, beste pertsona baten parten hartzea edo [Zacchello] bere baitarik desagertu izana», erran du Bourrierek. Puska guziak etxean zirelako: paperak, puska pertsonalak, komunikatzeko telefonoak eta diru iturri guziak. Gehiago dena, Zacchelloren hurbilekoei egin lekukotasun bilketetarik ohartu dira «haurrei berririk ez jakinaraztea» ez dela «batere haren usaietan». Munta bereziko beste gauza bati ohartu zitzaizkion miaketa denboran: «Burasoen logelako bi armairu gotor zabalik ziren». Ez ziren bortxaz irekiak izan, gakoa etxe barnean zelako. «Barnean ziren gerra armak, A kategoriakoak, desagertu ziren: pistola metrailadoreak, pistola automatikoak». Legez debekatua da halako armen ukaitea, salbu lanbide jakin baterako badira edota kirolerako baimendurik. «Tiro kirolaria» da hain zuzen, gizona. Eraso antzeztuaren ustea Senarrak bere kontrako erasoa antzeztu lukeelako susmoa aipatu du prokuradoreak. Buru gibelean zauri bat bazuen, baina «ez zen larria». Gorputzean zituen beste herexa batzuek ere susmoak piztu dizkiote Bourrierri. «Zernahi zarrasta bazituen, laparretan ibili ondoan izan daitezkeenak bezalakoak». Lekukotasunek eta atzeman idazki batzuek ere pentsarazten diete Zaccheloren desagertzearen hobenduna senarra izan daitekeela. Zacchellok «otsailaren 7an gertatu kalapita baten berri jakinarazi zuen». Kontatu zuenez, kalapita horretan senarra entseatu zen Zacchellori bere zakua indarrez hartzen eta emazteak ausikiz iharduki zion. Beste elementu franko lerrokatu ditu prokuradoreak: «Emaztearen banku kontutik egin ordainketak, senarrak ebatsi [Zacchelloren] lantokiko giltza, haren posta elektronikoko kutxaren pirateatzea». Jazarpen horiek hainbestetarainokoak izan dira, non Zacchellok kamera bat erosi zuen; haurrekin kanapean lo egiten zuen «bere zakua ondoan atxikiz», eta azantz egiteko puskak ezartzen lurrean «senarra entzuteko gisan gelan sartzen bazen». Bourrierek ondorioztatu du Zacchello otsailetik edo martxotik «izutua bezala zela» senarraren jokamoldeekin. Galdeketa pean atxiki duten gizon horren «nortasunaz ere jelosturik egon dira» inkesta egileak. Gizon «hotza, isila, enpatiarik gabekoa» deskribatu du prokuradoreak; «sekula axolatu ez dena emaztea zer bilakatua zen jakiteko». Galdeketan gizonak erran omen du deusez ez zela oroit. «Pista faltsu bat» ere eman du: «Gordegia gisako bat, zeinetan bizirik irauteko janaria» atxikitzen duen. Mugimendu feministak elkarretaratzeko deia egin du biharko: 18:30ean bilduko dira, Urruñako herriko etxearen aitzinean, Zacchelloren desagertzea salatzeko. Hilketa matxistaren hipotesia baieztatuz gero, Euskal Herrian hildako bigarren emakumea litzateke; lehen hilketa Donibane Lohizunen izan zen, Lapurdin bertan, maiatzean. 2003tik 120 emazte eta hamabi haur hil dituzte indarkeria matxistaren eraginez Euskal Herrian.
EH Bilduk eta Sumarrek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu diote ikertzeko zer gertatu zen Realaren eta PSGren arteko norgehiagokaren aurretik, eta «erantzukizunak» hartzeko. Futbol partida haren atarikoan, Ertzaintza jarraitzaileei oldartu zitzaien, eta emakume bat ospitaleratu behar izan zuten buruan hartutako kolpe batengatik. Orain, gainera, Noticias de Gipuzkoa egunkariak une hartako bideo bat argitaratu du, non emakumea ikusten den lurrera erortzen eta altxatu nahian topoaren Anoetako estazioaren ondoan esertzen, buruan hartutako kolpe batez kexu dela. Jarraian, zaleen aurkako oldarraldian parte hartzen ari zen ertzain batek ostiko bat ematen dio. Hasieratik, emakumeak eta haren ingurukoek adierazi zuten foam pilota batek jo zuela buruan, eta hura ez zela inongo istilutan parte hartzen ari. Kolpearen eraginez, baina, Donostiako Ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean ospitaleratu zuten: buruan odol isuria izan zuen, eta larrialdietan egon zen bost egunez. Orduan, Josu Erkoreka Segurtasun sailburu ohiak adierazi zuen bazela drone batekin egindako grabaketa bat, eta indar egin zuen une hartako «mobilizazio handian». Donostiako Justizia Jauregiko epaile batek, baina, kereila artxibatu zuen behin-behinean, arrazoituta ez dela argitu nork tiro egin zuen. Bideoaren berri izan ostean, baina, azalpen eskaerek indar hartu dute berriz. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagaren esanetan, bideoak agerian uzten du Ertzaintzako agente baten «bortizkeria funsgabea», eta, ondorioz, baita polizien «ekintza biolento eta neurrigabeen aurkako neurri sendoagoak» hartzeko beharra ere. Hala, zehaztu du azkenaldian irekitako diziplina espedienteak aztertzeko baimena eskatu dutela, kasu horretakoa barne. Halere, uste du horiek «legez kontrako polizia ekintzen icebergaren punta» baino ez direla, eta irekitzen direnean ere sarri ez dutela ondoriorik izaten. EH Bilduko kideak adierazi du herritarrak «kezkatzen» dituen gai bat dela, eta biktimek —Anoetakoa barne— «ordaina eta justizia» izateko moduaz eztabaidatu behar dela. Are gehiago, kasu honetan uste du afera auzitara ere eraman daitekeela: «Emakumeari lurrean zegoela eraso zitzaion, foam jaurtigai batekin tiro egin ostean. Ertzaintzaren beste ekintza biolento batzuekin bat egiten duen epe batean; Tolosa, Gasteiz, Bilbo eta Astigarraga». Bost galdera Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezen esanetan, berriz, Ertzaintzaren bertsioa «inkoherentziaz eta kontraesanez» betea dago, eta «gehiegizko polizia indarkeria» ikertzeko deia egin du. Hala, Sumarrek galdera sorta bat zuzendu dio Eusko Jaurlaritzari, gertatutakoa argitzea eta «istripu edo negligentzia» bat izan zen zehaztea xede: «Familiak salatu du traba judizial eta polizialak izan direla benetan gertatu zena ezbeharra edo negligentzia izan ote zen argitzerakoan». Zehazki, Sumarrek Jaurlaritzari galdetu dio ea zer irizten dion gertatutakoari, baita Ertzaintzaren jarrerari ere, eta ea asmorik ba ote duen Segurtasun Sailak «benetan gertatutakoa» ikertzeko. Era berean, bideoa hizpide, Hernandezek galdetu du ea ikusia duten, eta ea hura argitaratu ostean ere Jaurlaritzak Ertzaintzaren bertsioari eusten dion: hau da, emakumeak jasandako lesioa ez zela izan foam jaurtigai baten ondorio. Azkenik, ostikoaren harira, galdetu dio ea neurririk hartuko duen agente horren aurka.
Arabako Foru Aldundiko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, akordio bat egin dute PPrekin, 2024ko aurrekontuak osatzeko. Hala jakinarazi du PPk gaur. Zehazki, aurrekontuari 9,8 milioi euro gehitzea ahalbidetzen duen foru araua onartuko dute. EH Bilduk, baina, deitoratu egin du jeltzaleen eta sozialisten foru gobernuak «PP aukeratu izana bazkide». EAJk eta PSEk ez dute gehiengorik Arabako Batzar Nagusietan; horregatik, aurrekontuak osatzeko neurriak aurrera egin zezan, beste alderdiren baten babesa behar zuen. Atzo, bilkuran, atzera bota zuten Voxen osoko zuzenketa, eta oposizioko gainerako alderdien zuzenketa partzialei egin behar zieten aurre EAJk eta PSE-EEk. PPk, baina, neurria babestu du, aurretik aurkeztutako hemezortzi zuzenketak ziurtatu ostean. Zuzenketek aurrekontuei 2,7 milioi euro gehitzea ahalbidetu dute —9,8 milioi euroren barruan daude—. Alderdi Popularrak jakinarazi duenaren arabera, gazteek etxebizitza eskuratzeko, adinekoei arreta emateko, merkataritzari laguntzeko eta landa eremuetako zerbitzuak eskaintzeko erabiliko dira funts horiek. Oposizioko gainerako alderdiek, baina, ez dute uste bera. EH Bilduk deitoratu egin du jeltzaleen eta sozialisten erabakia, uste baitu horrek eskuinaldera lerratzen duela gobernuaren jarduera. Eva Lopez de Arroiabe bozeramaileak esan du datorren ikasturtean «eztabaida sakonak» daudela egiteko, eta ez dela abiapuntu ona «PPk baldintzatzea Arabako zerga politika eta aurrekontuak». «PPrekin, Araba eta arabarrak dira galtzaile», helarazi du koalizio subiranistako eledunak. Azaldu du PPrekin egindako akordioa bera ez dela onuragarria, «ez baititu oinarrizko gaiak jorratzen: adibidez, herritarrek etxebizitzarekin dituzten arazoak eta zaintzaren pribatizazioa». Akordioan ez dago «ikuspuntu global eta estrategikorik», Lopez de Arroiaberen arabera. «Foru arau horrek ez du helburu argi bat; loturarik gabeko diru sailak dira, epe luzera begiratu gabe onartuak». Aurrekontuak handitzearen xedeetako bi dira ardoaren campusa eta Mercedesen fabrikazio aurreratuko zentroa bermatzea. Eta horrelako proiektu «elitistak» kritikatu egin ditu Elkarrekin Podemosek; are gehiago, alderdiko bozeramaile David Rodriguezen ustez, «proiektu elitistak benetako beharren gainetik» jartzen ditu arauak. Gainera, Arabako Foru Gobernuari eskuinera egin izana leporatu dio: «Penagarria iruditzen zaigu ganberan [Batzar Nagusiak] ezkerreko gehiengoa izanik eskuinera begiratzea». Erkoreka, Bizkaiko Aldundira Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu ohi Josu Erkoreka kontratatu du, Eldiario.es-ek jakinarazi duenez. Asteartean utzi zion sailburu izateari, eta gaur bertan jakin da aurrerantzean Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanoberen kabineteko kide izango dela. Foru aldundiko iturriek esan dute Erkorekak «ezagutza zabala» duela, eta «esperientzia eta eraginkortasuna» ekarriko dituela legealdiko plana garatu dadin. Erkorekak 64 urte ditu. Gipuzkoako Foru Aldundian ere EAJ eta PSE daude gobernuan, EH Bilduren bozen garaipenari gailentzea lortu baitzuten, PPren botoei esker. Han, baina, balantzea bestelakoa da. Eider Mendoza ahaldun nagusiak esan du gobernuaren helburua dela «alderdi guztiekin akordioak egitea», baina urtebete joan da foru gobernua abiarazi zutenetik, eta Mendozak ez du lortu aurrekontu berriak onartzea. Haiek luzatu ondoren, negoziatzen jarraitzen duela ziurtatu du, aurrekontuak osatze aldera. Kazetarien galderei erantzunez, adierazi du Araban lortu duten aurrekontu akordioaren antzera Gipuzkoan ere saiatu zela gobernua itun bat egiten oposizioarekin, 2024ko aurrekontuak onartzeko, baina «hauteskundeen atarian» egin behar izan zuela saio hori, eta testuinguru horrek negoziazio guztiak baldintzatu zituela. Gero, exekutiboak ikusi ei zuen «aurrekontu onenetan bigarrena» zuela luzapenarekin, nahiz eta 27 milioi geratu diren helburu zehatzik gabe, «diru sarrera handiagoak» egon baitira azken urtean.
Euskadiko familiek 36.331 euro gastatu zituzten iaz, heren bat baino gehiago etxebizitzan. Horren arabera, Euskadi da gasturik handiena duen hirugarren erkidegoa, Balear Uharteen eta Madrilen atzetik. Gastu-igoerarik handiena aisialdirako eta kulturarako aurrekontuan gertatu zen, % 21,6koa.
Boliviako armadako fakzio bat gobernuaren kontra matxinatu da, eta barrikadak altxatu ditu La Paz hiriburuan. Luis Arce presidenteak «tropa mugimendu irregularrak» gertatzen ari zirela erran du, eta «estatu kolpe ahalegin baten parte» zirela. Militarrek gobernuaren egoitza inguratu dute, Murillo plazaren sarrera guztiak kontrolpean hartuta, eta egoitzaren sarrerako hesia bota dute tanke batekin. Telebistan zuzenean ikusi ahal izan da Arcek eta Juan Jose Zuñiga militar matxinoen buruak izan duten aurrez aurrekoa. Presidenteak amore emateko agindu dio jeneralari, eta ea jaramon eginen ote dion galdetu dio. «Ez», erantzun dio jeneralak. Zuñigak El Murillo plazan bildu diren kazetariei adierazi die «aberria berreskuratzeko asmoa» zutela. Gobernu osoa aldatzeko exijitu du, eta ziurtatu du «indar guztiak mobilizatuta» zeudela. Arcerekin aurrez aurrekoa izan ondotik plazara itzuli da, eta ibilgailu blindatu batean sartu da. Herritar anitz bildu dira El Murillo plazaren inguruan, eta kolpearen aurkako leloak oihukatzen hasi dira. Arcek berak dei egin die herritarrei «estatu kolpearen kontra eta demokraziaren alde» mobilizatzeko, eta gobernuaren egoitzan eutsiko ziola hitz eman du. Bertan, armadako goi buruzagi berriak izendatu ditu, eta, hori egin ondotik, Zuñiga jeneralak eta haren aldekoek El Murillo plaza utzi dute. Kolpe ahaleginaren berri izan eta berehala nazioarteko agintari anitzek babesa agertu diote Arceri. Horien artean, Luis Almagro AEE Ameriketako Estatuen Erakundeko presidenteak, eta Kolonbiako, Brasilgo, Mexikoko, Hondurasko eta Kubako estatuburuek. «Ez dugu onartuko Bolivian ordena konstituzionala xehatzea», adierazi du Almagrok. Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak ere kolpea gaitzetsi du.
Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak biktima guztientzako memoriaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko «konpromiso irmoa» erakutsi du gaur Bilbon, kargua hartu osteko lehen ekitaldi publikoan. Sailburuak adierazi du ez dagoela «biktima bakar bat ere» hori merezi ez duenik, ez eta hori baldintzatzen duen «aitzakiarik edo bainarik». San Josek agindu du biktima guztiek gobernuaren eta gizartearen babesa izango dutela. Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez Gogora institutuak antolatutako ekitaldian parte hartu du San Josek gaur iluntzean. Indarkeriaren oihartzunak dokumentala ikusteko aukeraz gain, torturaren biktima batzuen testigantzak entzuteko modua ere izan da ekitaldian, hain zuzen ere. Testigantza «gogorrak» izan dira, sailburuaren hitzetan, baina azpimarratu du «are gogorragoa» izan zela tortura kasu haiek bizi izan zituztenen egoera. Haien aurrean hartu du hitza sailburuak, eta zera aldarrikatu: «Inork ez zuen inoiz eraila, torturatua, estortsionatua edo bahitua izan behar, ez arrazoi politikoengatik, ez estatu arrazoiengatik». San Josek aditzera eman duenez, «ez zen egon gehiegikeria polizial edo judizial bat justifikatzen zuen hilketa terrorista bakar bat ere», ez eta «hilketa terrorista bat justifikatzen zuen abusu polizial edo judizialik ere». Horregatik, uste du ez dagoela memoria, justizia eta erreparazioa merezi ez duen biktimarik. Autokritika txiki bat ere egin du sailburuak, dena den, onartu baitu erakundeek —eta, beraz, agintariek— «berandu ulertu» dutela biktimek «bizi izandako guztiaren mina». Zor hori kitatzeko prest azaldu da San Jose, eta agindu du Eusko Jaurlaritzak eta, bereziki, haren sailak, lan egingo duela memoria eraikitzeko duen konpromisoa indartzeko: «Prest gaude bide moral hori egiten jarraitzeko». Haren hitzetan, bide hori ez baitoa bakarrik politikaren beraren aurretik, baita «alderdien aurretik» ere. Alde horretatik, adierazi du Terrorismoaren Biktimen Legeak, Polizia Gehiegikerien Biktimen Legeak eta Memoria Demokratikoaren Legeak osatzen duten «mapa osoa» lortzeko lan egingo duela. «Ez ditugu begiak eta belarriak estaliko», hitzeman du sailburuak. Izan ere, ohartarazi du mundua eta bereziki Europa «alerta demokratikoan» daudela, indarkeria ekintzak justifikatzen dituzten gorroto mezuak normalizatu direlako. Bada, sailburuaren ustez, «zigorrik gabeko espaziorik» ez uztea da horri aurre egiteko modurik onena. San Josek esan du «konpondu gabeko zulo beltz bakar bat ere» egon ez dadin lan egingo duela. Argi eske Bilbokoa ez da ekitaldi bakarra izan. Altsasun (Nafarroa), Arghitzen dokumentala estreinatu dute gaur iluntzean. Sakanan «auzolan erraldoi batean» egindako lana da, Nafarroako Torturatuen Sarearekin eta eskualde hartako udalen laguntzarekin osatua. «Oroimen historikoa berreskuratzeko» eta «tortura baliatzen duen estatuari desafio egiteko» lan gisa plazaratu dute. Izan ere, egileek gogoratu dutenez, Sakanan gutxienez 149 lagun torturatu zituzten 1966tik 2011ra bitarte. Horietatik 30ek parte hartu dute dokumentalean, baita zenbait aurpegi ezagunek ere: Amaia Izko eta Iñigo Iruin abokatuak, Martxelo Otamendi eta Mikel Reparaz kazetariak, Serge Portelli magistratua eta Laura Pego Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlaria, besteak beste. Hain zuzen, azken erakunde horrek egindako ikerketaren arabera, gutxienez 1.083 tortura eta tratu txarren kasu izan ziren Nafarroan; orotara, 4.998 kasu Hego Euskal Herrian.