Noah Lyles estatubatuarra da 100 metroko txapeldun olinpiko berria. Hura zen faborito, eta final oso estu batean gailendu da, bost milareneko aldearekin. Denbora: 9.79. Bigarren izan da Kishane Thompson jamaikarra, denbora berarekin; eta, hirugarren, Fred Kerley, Lylesen herrikidea: 9.81. Lylesek bere inoizko markarik onena egin du, eta Olinpiar Jokoetan, 100 metroko proban egin den laugarren markarik onena izan da erdietsi duena. 20 urte ziren AEBetako atleta batek ez zuela 100 metroko gizonezkoen finala irabazten. Atenaseko 2004ko Olinpiar Jokoetan izan zen orduan, eta bertan Justin Gatlin gailendu zen, 9.85eko denborarekin. Moskuko 1980ko Olinpiar Jokoetatik ez zegoen hain final estu bat. Finalerdietako hiru lasterketak ere goi mailakoak izan dira. Oblique Seville jamaikarrak egin du denborarik onena: 9.81, eta bigarren izan da Lyles, 9.83. Txapeldun olinpikoak berak aurreratu du dominak garesti egongo zirela, eta 9.80 inguruko denbora egin beharko zutela eskuratu nahi zituztenek. Bete-betean asmatu du. Finalerdi horietan hamabi atletak korritu dituzte 100 metroak 10 segundotik behera. Faborito argirik ez zegoenez, final estua eta irekia espero zen. Eta hala izan da. Lylesek,Thompsonek eta Kerleyk buruz buruko ederra izan dute. Metro askotan bazirudien Thompson zihoala aurretik, baina azken pausoan nagusitu da Lyles. Hain parekatua izan da finala, helmugako argazkian erabaki dela. Hor epaileek Lylesi eman diote garaipena. Segundo batzuk itxaron behar izan da hori argitzeko. Frantziako estadioan bildutako 80.000 ikusleek zain egon behar izan dute, txapeldun olinpikoa nor zer jakiteko, baita atletek beraiek ere. Erabakia jakin bezain laster hasi ditu ospakizunak Lylesek, eta besteak beste amarengana gerturatu da. Tokiioko txapeldun olinpikoa, Marcell Jacobs italiarra, bosgarren helmugaratu da, 9.85eko denborarekin. Finalaren mailaren erakusle, azken sailkatuak, Oblique Seville jamaikarrak 9.91ko denbora egin du.Oso denbora ona. Lyles da egungo munduko txapelduna (9.83 Budapesten, iaz), eta marka pertsonala 9.81ekoa zuen, duela bi aste eskas lortutakoa,Londresen. Gaur hobetu egin du. Ezustea izan da Ferdinand Omanyala kenyarra finaletik kanpo geratu izana, hark baitzuen urteko bigarren denborarik onena (9.79)
Saudi Arabiako LIV ligan jokatzeko urratsa egin eta gero, urtea ez zen ona izaten ari Jon Rahmentzat. Baina duela astebete Erresuma Batuan liga horretako lehen torneoa irabazi ostean, gogotsu iritsi zen Parisera, Olinpiar Jokoetan domina bat lortzeko asmoz. Bazirudien posible zela, atzo lehen postuan jarri ostean. Gaur ere ondo ekin dio hemezortzi zulotako ibilbideari, eta aurreneko zatian lider tokian sendotu da. Baina hamaikagarren zulotik aurrera okertu egin zaizkio gauzak. Azkenean bosgarren izan da, Rory MClRoy irlandarekin batera. Diploma olinpikoa eskuratu arren, burumakur azaldu da amaieran Rahm: «Postuak ez dit axola. Min handia ematen dit gertatutakoak, eskura nuelako domina. Nik neuk ez dakit zer gertatu den. Baina uste dut, hamalaugarren zuloan egin dudan bogey bikoitza erabakigarriak izan dela. Kostatu egingo zait egoera honi buelta ematea». Eguna bete-betean hasi du Rahmek. Izan ere, lehen zazpi zuloetan lau birdie egin ditu. Beraz, aldea handitu du. Bi kolpera aldendu du Scottie Scheffler estatubatuarra, eta hirura Hidei Matsuyama japoniarra. Laura geratu dira une horretan, berriz, Tom Kin Hego Koreakoa eta Tommy Fletewood Britania Handikoa. Rahmek eskura zuen domina. Hurrengo zuloetan ere sendo aritu da. Hamargarren zuloan sei birdie zeramatzan, eta bogey-rik ez. Une horretan lau kolperen errenta zuen kontrarioekiko. Baina azken zortzi zuloetan behera egin du. Hamaikagarren eta hamabigarren zuloetan bogey bana egin ditu. Fleetwoodek, berriz, asmatu egin du hor, eta hortik aurrera besoa uzkurtu zaio Rahmi. Pilotari ohikoa duen indarrarekin eta sendotasunarekin jotzeari utzi dio, eta zalantza egiten hasi da. Hamalaugarrenean bogey bikoitza egin du, eta hor hasi da aldetzen dominetatik. Schefflerrek atzetik aurrera egin du, eta Fleetwoodek ondo jokatzen jarraitu du; Rahm, aldiz, kontrakarrean aritu da, asmatu ezinik. Urruezko edo zilarrezko domina lortzea ezinezkoa zen jada. Horrenbestez, brontzeagatik borrokatzea geratzen zitzaion, Matsuyamarekin. Hamaseigarren zuloan, hamar metrotik egidako kolpe on batekin berdie bat egin du, eta bazirudien posible zela podiumaren hirugarren tokian amaitzea. Baina hamazazpigarrenean berriro ere bogey bat egin du, eta hemezortzigarrenean mirari bat behar zuen domina lortzeko. Ez da posible izan. Urrea Schefflerrentzat izan da, 265 kolperekin; bigarren Fleetwood izan da, 266rekin; eta, hirugarren, Matsuyama 267rekin. Rahmek 269 egin ditu.
Zeledonek euskaraz egin ditu lehen hitzak Andre Mari Zuriaren plazako balkoitik. Abuztuaren 9ra arte jai giroa nagusi izango da Gasteizen, eta txupinazoan berrikuntza bat izan da nagusi: Iñaki Kerejazu da Zeledon berria, 23 urtez ardura hori izan duen Gorka Ortiz de Urbinaren lekukoa hartuta. Txupinazoarekin eta Zeldonen jaitsierarekin, hasi dira 2024ko Gasteizko Jaiak. Plaza lepo beteta egon da Kerejazuri ongi etorria emateko eta festari ekiteko, tartean atzo parranda egindako mordoxka bat ere bazen arren. Jaien hasiera igande batean tokatzearen ajeak. [articles:2127630] 115 metroko sokatik jaitsi da panpina, Lurralde Etxeen Federazioko ordezkariek txupina bota ostean. Kostata baina bizi, Kerejazu izerditan heldu da balkoira. Zapiak jarri dizkie Maider Etxebarria alkateari, Sonia Diaz de Corcuera zinegotziari eta Lurralde Etxeen Federazioko kideei, eta mikrofonoa hartu duen unea gogoangarria izan da. «Gora Zeledon! Gora Andra Maria Zuriaren jaiak! Gora Gasteiz!», hasi da, gaur Gasteizen egin duen beroari aurre egin nahian zebiltzan milaka lagunen aurrean. Gogoratu die Gasteizen daudela, eta hiriak «gune seguru bat» izan behar duela guztientzat. «Gozatu eta gozatzen utzi behar dugu. Errespetatzen ez badakizu, ez etorri». Tartean, zenbait alditan abestu du, gogotsu. Azkenik, gogoan izan ditu «jaietan egon ezin dutenak»: «Haiengatik guztiengatik, gora gu ta gutarrak!». Aspaldi erabakitako neurria errespetatu da aurten ere: kristalezko botilarik ez da izan txupinazoan. Kontrolak egon dira sarbideetan, eta osasun langileak eta suhiltzaileak prest egon dira edozein larrialdiri erantzuteko. Ez dute, momentuz, ezbeharren berri eman. Martxan da erasoen aurkako protokoloa ere. Indarkeria matxista prebenitzeko eta hari aurre egiteko informaziogunea dago Posta eta Independentzia kaleen arteko bidegurutzean. Gaur 17:00etatik 23:00etara dago irekita. Bihartik aurrera, berriz, 18:00etatik 22:00etara. Gainera, udalaren gizarte larrialdietarako zerbitzuaren telefonoa martxan izango da 24 orduz, eraso salaketen berri jasotzeko, eta argibideak eta babesa eskaintzeko (945-13 44 44). Bestalde, Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak ere arta emango du 24 orduz (633-30 96 53). Egitarau oparoa Jarraian, plazan elkartutako jendetza sakabanatu egin da Gasteiz erdigunean eta Alde Zaharrean, txoko guztietan izango baita festa datozen egunetan. Laurehun jarduera baino gehiago antolatu dituzte, publiko mota guztientzat. Denetariko ekintzak egingo dira hiriko hainbat lekutan. Horretarako, iaz baino 102.000 euro gehiago izan ditu jaien aurrekontuak: 1.082.000 euro guztira. Aurrekontu horrekin musika estilo askotako taldeak ekartzen ahalegindu dira antolatzaileak. Kontzertu jendetsuenak, urtero bezala, Foru plazan, txosnetan eta Aihotz plazan izango dira. Atzo dagoeneko talde batzuk igo ziren oholtza horietara, eta gaur jarraituko du festak, martxa onean. Hain zuzen ere, Esne Beltzak girotuko du Foru plaza gaur. Txosnetan, berriz, Laztana Laztana, Herenegun eta Akerbeltz arituko dira gaur, besteak beste. Hurrengo egunetan ere askotariko eskaintza izango da leku horietan, eta estilo ugaritako taldeak ariko dira Foru plazan: Nil Moliner, Luz Casal, Doctor Deseo eta Zetak. Txosnetan ere askotariko taldeek joko dute, eta, Zeledon San Migel elizara bueltatu aurretik, hainbat taldek jarriko diote soinua txosnaguneari: Segismundo Toxicomano, Nogen, Dupla, Bengo, Bihos, Tatta & Denso, Chill Mafia, Gatibu… Jaietako programa osorik ikus daiteke BERRIAn. Aihotz plaza, beti bezala, arnasgunea izango da euskararentzat. Hala izan da aspalditik, Geu elkarteari esker. Kontzertuak ere egongo dira bertan —bihartik abuztuaren 8ra arte Modus Operandi, Süne, Sara Zozaia eta Kalakan arituko dira, hurrenez hurren—, baina asmo nagusia euskara sustatzea eta jaiez euskaraz gozatzea izango da; bertsolaritza, Dantza Plazan eta bestelako ekintzak antolatu dituzte.
Golfean, hirugarren jardunaldia bukatuta, Jon Rahm buruan da sailkapenean. Txirrindularitzan, Alex Aranburuko hamabosgarren eta Oier Lazkanok 35. egin dute errepideko proban. Virginia Diazek ez du diploma olinpikoa eskuratu scullean, hamabigarren egin du. Miren Lazkanok eta Maialen Chourrautek, berriz, kayak crosseko bigarren egunerako sailkatzea lortu dute. Eta taldeko kiroletan, Espainiako selekzioekin: Alberto Munarriz final-laurdenetarako sailkatu da, waterpoloan; aldiz, Lysa Tchaptchetek ez du lortu sailkatzea, eskubaloian; Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Irene Paredes finalerdietarako sailkatu dira futbolean; eta Gracia Alonso de Armiño ere bai, hiruko saskibaloian. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Golfa Jon Rahm bete-betean ari da domina bat irabazteko lehian. Bihar jokatuko dute azkeneko jardunaldia, eta Barrikako (Bizkaia) golflaria lehen postuan dago sailkapenean, Xander Schauffele estatubatuarrarekin berdinduta. 199 kolpe jo dituzte biek lehen hiru jardunaldietan. Gaur, Rahm hobeto aritu da: 66 kolpe jo ditu, Schauffelek baino bi gutxiago. Tommy Fletwood britainiarra dago hirugarren postuan, kolpe bat gehiagorekin: 200. Rahmek eta Schauffelek hiru kolpera dute laugarren sailkatua. Txirrindularitza Alex Aranburu eta Oier Lazkano aritu dira errepideko proban, eta lehen postuetatik oso urrun geratu dira: Aranburu, hemezortzigarren postuan sailkatu da, Remco Evenepoel irabazlearengandik 2.13ra; Lazkano, berriz, 35. postuan helmugaratu da, 3.42ra. Arrauna Virginia Diazek B finala lehiatu du scull modalitatean, bakarka. Lehen bi postuen amaitu behar zuen diploma olinpikoa lortzeko, baina seigarren egin du bere finalean. Beraz, hamabigarren lekuan amaitu du sailkapen orokorrean. Piraguismoa Kayak crosseko lehen jardunaldia jokatu dute gaur, eta Miren Lazkano zuzenean sailkatu da bigarren txandarako; bere taldeko bigarren egin du. Maialen Chourrautek ez du lortu lehen aukeran, baina errepeskan bai, eta hura ere bigarren txandan arituko da. Bihar jokatuko dute, 16:45etik aurrera. Waterpoloa Alberto Munarriz final-laurdenetan arituko da. Espainiako selekzioak 23-8 menderatu du Japonia. Jokatutako lau partidak irabazi ditu Munarrizen taldeak eta lehen postuan dago bere multzoan. Horrela, multzokako faseko azken partidaren faltan —astelehenean, Frantziaren aurka—, jada ziurtatu dute final-laurdenetan arituko direla. Eskubaloia Lysa Tchaptchetek, ostera, ez du aurrera egin. Aurrez ere jakina zen Espainiako eskubaloi selekzioak ezingo zuela final-laurdenetan aritu, ordura arteko partida guztiak galdu baitzituzten. Bada, gaur, lehiketako bosgarren partida ere ezin izan dute irabazi. Tchaptchetek bi gol egin ditu, baina 24-32 garaitu du Frantziak bere taldea. Hiruko saskibaloia Espainiak galdu egin du 18-15 Alemaniaren aurka, baina, hala ere, finalerdietarako sailkatu da. Astelehenean jokatuko ditu finalerdiak, AEBen aurka (17:30), eta horietan ariko da Gracia Alonso de Armiño. Bilbotarrak ia zortzi minutu jokatu ditu gaur, eta bost puntu sartu eta hiru errebote jaso ditu. Hortense Limouzinek, Frantziako selekzioarekin, irabazi egin dio Australiari, 18-16. Lau puntu sartu, eta lau errebote jaso ditu. Selekzioak bi garaipen bakarrik lortu ditu, eta Jokoak bukatu ditu Limouzinek, beraz. Futbola Espainiak finalerdiak jokatuko ditu, gaur final-laurdenetan Kolonbiari penalti jaurtiketetan irabazi eta gero. Bina egin dute luzapenean. Hain zuzen, Irene Paredesek behartu du luzapena, 97. minutuan binakoa eginda. Ordu laurden eskasen faltan, Kolonbia 2-0 zen aurretik. Asteartean jokatuko dituzte finalerdiak, Brasilen aurka, 21:00etan.
NA-7140 errepidea Iturgoien herrian amaitzen da, Nafarroako Gesalatz haranean, Andia mendilerroaren magalean. Goiza da, eta herria isil dago. Sigi-saga ziztu bizian dabiltzan enaren kantu bizia baino ez da entzuten. Herriaren
Karibeko herrialde txiki bat da Santa Luzia. 180.000 biztanle eskas ditu, eta sekula domina olinpikorik irabazi gabe zegoen herrialdeetako bat zen. Bada, jada badu bat. Julien Alfred atletak eman dio. Ez nolanahikoa, gainera. Alfredek 100 metrotako finala irabazi baitu gaur, 10.72ko denbora lortuta. Loria harentzat, eta haren herrialdearentzat. Sha’Carrri Richardson estatubatuarra zen urrea kolkoratzeko faboritoa; hark zuen urteko markarik onena, 10.71. Baina finalerdietan jada Alfredek hark baino denbora hobea egin du, eta finalean nagusitasuna berretsi du, 10.72ko denborarekin. Bigarren, azkenean, Richardson izan da (10.87), eta hirugarren, Melissa Jefferson estatubatuarra (10.92). Urte biribila darama Alfredek. Izan ere, Pista Estaliko Munduko Txapelketa irabazi zuen 60 metrokoan. Estadioan egiten zuen euriak ere ez du geldiarazi. Finalak beste hainbat datu esanguratsu utzi ditu. Izan ere, 1988tik, lehen aldia da podiumean Jamaikako lasterkaririk ez dagoela, Seuldik, eta 2000tik, Sydeneytik, ez duela proba AEBetako atleta batek irabazi. 100 metroak Olinpiar Jokoetako probarik garrantzitsuenetakoa da, eta estadioan nabari zen egun handi horietako bat zela. Sherica Jackson jamaikarrak, 100 metrokoan parte hartzeari uko egin, eta arreta 200 metrokoan jarri ostean, arretagunea Richardsonengan zegoen jarrita. Lehia polita espero zen haren, Shelly Fraser Pryce Jamaikakoaren eta Julien Alfred Santa Luziakoaren artean. Hirurak, gainera, finalerdietako lasterketa berean ziren lehiatzekoak, bigarrenean, bata bestearen alboko kaleetan. Baina hor iritsi da albistea. Berotzen aritu ostean, Fraser Pryce ez da lehiatu. Pena izan da, erretiroa hartuko baitu Jokoak amaitu ostean, eta 2004tik Olinpiar Jokoetako 100 metroko podiumetan egona zen. Bitan, gainera, koskarik gorenean: Pekinen eta Londresen. Horrenbestez, ezin izan dio bere garaipen zerrenda oparoari ginga jarri. Finalerdietan denborarik onena Alferdek egin du 10.84, gero Richardsonek (10.89) eta hirugarren, denbora berarekin, Tia Clayton jamaikarrak. Finalean espero zitekeen buruz burukoaren aurrerapena eskaini dute Alfredek eta Richardsonek. Euria gogotik egin du finala jokatu denean, eta horrek egoera arriskutsuan jarri du pista. 21:20ak pasatxo, zortzi finalistak irteera arrastoan zeuden, banan-banan aurkeztuak izan ostean. Estadioa isildu, eta ikusmin guztia haiengan jarri da. Alfredek atzetik aurrera eginda irabazi du. Izan ere, lehen metroetan ez da bizkorrena izan, baina berehala jarri da lasterketaren buruan, eta amaiera ikusgarria egin du: urrea eskuratu, eta bere herrialdeko ikur bihurtu da. Gizonezkoena, bihar Bihar jokatuko dira gizonezkoen finalerdiak (20:05) eta finala (21:50). Gaurko sailkapenean Kenneth Bednarek egin du denborarik onena: 9.97. Noha Lyles faboritoak 10.04ko denbora egin du, eta hamabigarren izan da; haren segidan sailkatu da egungo txapeldun olinpikoa, Marcel Jacobs: 10.05.
ELA sindikatuko ordezkarien eta enpresa kudeatzailearen arteko akordioari esker eman diote amaiera 72 eguneko protestari. Langileak greban egon diren bitartean, erabiltzaileek ezin izan dute instalazio horietan bainurik hartu.
Ohikoa du irribarrea Pau Etxaniz piraguistak (Donostia, 2001); bada, atzo brontzezko domina eskuratu ostean, irribarretsu ailegatu da olinpiar hiriaren kanpoaldera. Herrialde askotako kirolariak batetik bestera doazela, egindako balentriaz mintzatu da, natural eta ausart. Ez du domina ekarri. «Ondo gordeta daukat», esan du. Hunkitu ere egin da, amonaz hitz egin duenean. «Niretzat opari bat da hark hau bizi ahal izatea». Lorik egin al duzu? 3-4 ordu egin ditut lo. Atzoko eguna ikusgarria izan zen, emozio handikoa, eta, ohean etzan, eta nahiz eta nekatuta egon, lortutakoaz gozatzen aritu nintzen. Ederra da. Domina alboan zenuela egin duzu lo? Bai, bai; logelako mesanotxean nuela. Lehen aldia da olinpiar hirian nagoenetik, irtetean atea itxi dut… [irribarrez] Eta gaur goizean, esnatu eta domina mahai horretan ikusi duzunean, zer sentipen izan duzu? Handia dela lortu dudana, eta zoriontasun erabatekoa. Aspalditik amesten nuen, eta izugarria da lortu izana. Ospakizunek luze jo al zuten? Egia esan, ospatzeko denbora askorik ez genuen izan. Harrerak, elkarrizketak… Gaur asmoa dut lagunekin egoteko, eta lortutakoa haiekin disfrutatzeko. Abuztuaren 6ra arte hemen egongo gara, eta Donostiara bueltatzean ospatuko dugu behar den bezala. Jokoen aurretik zenioen posible zela domina bat lortzea. Baina uste osoa zenuen horretan? Bai. Inork ez zidan aukera hori ematen, baina nik eta ingurukoek posible zela sinisten genuen. Ondo nabigatzen eta arraun egiten banuen jaitsiera oso azkar bat egin nezakeela uste nuen. Esan bezala, aspalditik amesten nuen honekin, eta mentalki ere oso gogor prestatu naiz une honetarako. Prestakuntza horri esker, argi izan nuen une oro zer egin behar nuen, eta dena primeran atera zen. Finalerako, hala ere, ozta-ozta sailkatu zinen. Hamabi piraguistak egiten zuten aurrera finalerdietan, eta zu hamabigarren izan zinen. Hasierako ateetako bat jo ostean, hanka altxatu zenuen? Egia esan, ez. Hain nengoen sartuta jaitsieran, ez nintzen ezta konturatu ere egin. Bete-betean jarraitu nuen jaisten, eta eskerrak. Ikusi duzu finaleko jaitsiera? Zer oroitzen duzu? Bai, ikusi dut. Gogoan dut asko disfrutatu nuela uretan, eta oso bizkor nindoala sentitzen nuela. Pena bakarra dut: ate hori jo izana. Bestela urrea irabaziko nuen. «Sekula egin dudan jaitsierarik onena izan da, eta balio handia ematen diot Joko batzuetan egin izanari» Behin jaitsiera eginda, bazenekien denbora oso ona zela. Baina beste piraguista guztiak jaistea falta zen. Nolakoak izan ziren momentu horiek? Gogorrak, eta oso luzeak. Zorabiatu ere egin nintzen. Kontuan izan De Gennarok berehala gainditu zuela nire denbora. Banekien beste hiru piraguista oso on geratzen zirela eta, nire denbora oso ona izan arren, gainditzeko moduan zeudela. Zorionez, Prskavek eta Clarkek huts egin zuten, eta oso zoriontsu nago. Aurkarien erreferentziarik ez izateak mesede egin zizun? Ez dakit. Garbi neukan finalerdietan egin nuen denbora nabarmen hobetu nezakeela. Aitarekin [Xabier Etxaniz entrenatzailea] hitz egin, eta garbi ikusi genuen 90 segundoan egin nezakeela. Baina, azkenean, zigorra kontuan hartu gabe, 86 segundoan egin nuen jaitsiera. Izugarria da. Inoiz egin dudan jaitsierarik onena izan da, eta oso piraguista gutxiren esku dago halako zerbait egitea. handia da Europako Txapelketa batean, Mundukoan edo Europako Kopa batean hori egitea; baina Olinpiar Joko batzuetan egiteari balio handia ematen diot. Testuingurua bestelakoa da. Halako abiaduran, eta final bat izanda, izan zenuen gozatzeko denborarik? Bai, izugarri disfrutatu nuen. Nik hau egiten badut, disfrutatu egiten dudalako da; kirolaren, piraguismoaren, esentzia hori da. Hau lortu badut, horregatik da. Jarri dituzten zirkuituez zer iritzi duzu? Izan ere, nahiko konplikatuak zirela aipatu da. Jokoen aurretik ere esan nuen kanala gustuko nuela. Bada, orain, are gehiago. Bai entrenatzen, baita lehiatzen ere, asko disfrutatu dut. Jolas egiteko kanal bat da, dibertigarria eta gozatzekoa, dituen ur mugimenduak tarteko. Gainera, fisikoki ez ezik, teknikoki ere trebea izatea eskatzen dizu, eta hori da nire ezaugarri nagusietako bat. Oraingo zirkuituak artifizialak dira, eta helburu horrekin egiten dituzte. Nik oso gustuko ditut. Zirkuituei dagokienez, sailkapenekoa errazagoa izan zen, eta nabigazioan segida izateko aukera eman zigun. Horrek lehiaketari neurria hartzeko balio izan zigun. Finalerdietan eta finalean, berriz, baziren pare bat mugimendu tekniko eta zail. Finalean, goiko aldean zegoen mugimendu horietako batean arriskatu egin nuen, izan ere, pare bat ate zeuden piraguista gehienek atzeraka gainditu zituztenak; nik, berriz, aurreraka. Hor denbora dezente irabazi nien aurkariei, eta, ondo atera zitzaidala ikusita, konfiantza handiagoarekin jaitsi nintzen, domina posible zela sinetsita. Zirkuituekin ere asko gozatu dut. Aitak zioen meritu osoa zurea zela, zuk egin baitzenuen jaitsiera. Baina lortu duzun dominaren parte bat harena ere bada, ezta? Jaitsiera nik egin nuen, baina aurretik, prestakuntzan, egin genuen lana hari zor diot, eta domina hau batez ere harena da. «Aitak esan zidan ni neu izateko. Beti esan ohi dit uretan zaldi basati baten parekoa naizela. Baina hori da nire estiloa, horrela ateratzen zaizkit gauzak ondo» Gomendiorik eman al zizun azken jaitsiera baino lehen? Ni neu izateko, eta nekien bezala jaisteko. Beti esan ohi dit uretan zaldi basati baten parekoa naizela. Baina hori da nire estiloa, horrela ateratzen zaizkit gauzak ondo, eta ez dut hori aldatuko. 2020an La Seu de Urgell utzi, eta Donostiara itzuli zinen aitarekin entrenatzeko. Zenbateraino izan du eragina erabaki horrek domina lortzeko garaian? Nik uste dut erabaki hori hartu izan ez banu ez nintzela hemen egongo. Aitarekin eta Maialenekin [Chourraut] entrenatzea erabakigarria izan da. Une oro honi begira entrenatu gara, serio. Azken batean, haiek oso ondo dakite zer den Joko batzuk prestatzea, eta izugarri lagundu naute. Eta hemendik aurrera zer asmo duzu? Bi aste barru, Europako 23 urtez azpiko Europako Txapelketan arituko naiz. Azkena izango da, eta gogo handiz nago gainerako kideekin batera txapelketa horretan parte hartzeko. Izan ere, oso giro ona daukagu. Disfrutatu egin nahi dut azken urtea haiekin. Ondoren, irailean, Seu de Urgellen izango dut Munduko Kopako proba, eta hor ere nire onena eman nahi dut, etxean arituko bainaiz. Eta ondoren, oporrak hartuko ditut, indarberritu eta hobetzen jarraitzeko. Nora joango zara oporretara? Lasai egon nahi dut, eta Seu de Urgellera joango naiz, hango familiarekin egotera. Denbora gutxi dut haiekin egoteko. Izan ere, Donostian ez banago, kanpoan egoten naiz lehiatzen eta entrenatzen. Haien hutsunea nabari dut. Hemen egon dira nirekin, baina ezin izan dut haiekin asko egon. Beraz, lortutakoa haiekin ere ospatu nahi dut. Merezi dute, beti daudelako nire ondoan. Zeinek behar du atseden gehiago, buruak edo gorputzak? Egia esan, mentalki eta fisikoki ondo nago, hau baita gustuko dudana: lehiatzea, eguraldi onarekin, lagunen pareko diren lehiakideekin. Niretzat gogorrena, bai mentalki, baita fisikoki ere, negua izaten da. Ez dugu lehiaketarik, eta gogorra da hotzarekin eta euriarekin uretara sartzea. Askotan ez duzu gogorik. Behin domina lortuta, lehiaketetan presio gehiago izango duzula uste duzu? Egia esan, uretan nagoenean, presioak berdin dit. Ez dut iraganean pentsatzen, ezta etorkizunean ere. Orainari erreparatzen diot, garrantzitsuena hori delako. Azken lau Olinpiar Jokoetan Euskal Herriko piraguismoak dominaren bat lortu du. Nahikoa garrantzi ematen zaio zuen kirolari? Ditugun baliabideekin hau lortu badugu, pentsa zer lortuko genukeen entrenatzeko behar bezalako baldintzak izango bagenitu. Kanal bat izatea falta zaigu. Bultzada handia litzateke guretzat, baita atzetik datozen piraguista gaztetxoentzat ere. Ni Seu de Urgellen bizi izan naiz urte askotan, eta etxe ondoan kanala izateak, nahi duzunean entrenatzera joan ahal izateak, oinarri sendo bat ematen dizu. Los Angeles 2028 esanda, zer datorkizu burura? Hemendik lau urtera dela, eta gogor egingo dudala lan hobetzeko, eta are bizkorrago jaisteko. Izan ere, nahiz eta zaila dirudien, posible da.