Madrilek gezurtatu du Venezuelan atxilotu dituzten bi euskal herritarrek…
Joan den astelehenetik desagertuta zeuden bi bilbotar atxilotuta dituztela baieztatu zuen atzo Venezuelako Barne ministroak, Diosdado Cabellok, Venezolana de Television katean. CNI Espainiako zerbitzu sekretuekin eta Venezuelako oposizioarekin «lotura» izatea leporatzen diete Jose Maria Basua Badovinosi eta Andres Martinez Adasmeri; Espainiako Gobernuak, ordea, gezurtatu egin du erakunde hartako edo beste edozeineko kideak direnik, eta Atzerri Ministerioak eta Caracaseko enbaxadak eskatu dute lehenbailehen atxilotuekin harremanetan jarri ahal izatea, «akusazioak zehatz-mehatz» jakiteko eta behar duten laguntza eskaintzeko. Venezuelako Amazonas estatuko Puerto Ayacucho hiriburuan atxilotu zituzten bi euskal herritarrak, Kolonbiako mugatik gertu, baita hiru estatubatuar eta txekiar bat ere; zaintzapean dituzte orain, eta horiek itauntzen ari dira. CNIrekin eta herrialdeko oposizioarekin batera ekintza «terroristen» bidez gobernua «ezegonkortzeko operazio» batean parte hartzea egotzi diete, helburu omen duena Nicolas Maduro presidentea, Delcy Rodriguez presidenteordea eta beste hainbat goi kargudun hiltzea. Operazio hartan «parte hartze aktiboa» zutela aitortu zuten Basuak eta Martinezek, Cabelloren arabera, eta Espainiak «mertzenarioak» hornituko zituela ere erantsi zuen. Espainiako Gobernuak berehala gezurtatu ditu akusazio horiek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bi atxilotuen familiek hilaren 9an salatu zuten desagertuta zebiltzala; astebete lehenagotik, hilaren 2tik, ez zuten haien berri. Horrela, Ertzaintzak gaur baieztatu du Basua eta Martinez direla Venezuelan atxilotuta dituztenak. Abuztuaren 17an abiatu ziren Madriletik Caracasera, eta irailaren 5ean itzultzekoak ziren. Telebistan egindako agerraldian, Barne ministroak adierazi zuen AEB Ameriketako Estatu Batuetatik heldutako 400 armatik gora atzeman dituztela; CIA inteligentzia zerbitzu estatubatuarrak operazio horren «buru» direla ere adierazi zuen. AEBetako Estatu Departamentuak baieztatu du armadako kide bat atxilotu dutela, eta beste bi herritar ere atxilotu ote dituzten baieztatzen ari da.