Primoz Roglicek laugarren aldiz irabazi du Espainiako Vuelta
Ez da ezustekorik izan azken eguneko erlojupekoan, eta Primoz Roglicek (Bora) irabazi du Espainiako Vuelta. Laugarrena du esloveniarrak. Gaur ere fin ibili da Madrilgo etapan, baina ezin izan du Stefan Kungek (FDJ) ezarritako marka hautsi, eta suitzarrarentzat izan da etapa garaipena. Roglicek hiru irabazi ditu aurtengo Vueltan. 24,6 kilometroko erlojupeko laua izan da. Kungek 26 minutu eta 28 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, Roglicek baino 31 gutxiago. Hirugarren izan da Mattia Cattaneo (Quick-Step), eta 11. sailkapen nagusiko bigarren postuari eutsi dion Ben O`Connor (AG2R). Enric Mas (Movistar) bederatzi segundo eskasera zegoen erlojupekoa hasi aurretik, baina hobeto aritu da australiarra, eta podiuma osatzearekin konformatu behar izan du Movistarrekoak. Sailkapen nagusiko lehen euskal herritarra Mikel Landa (Quick-Step) izan da, zortzigarren postuan. Gainontzean, erregularrenaren elastikoa Kaden Grovesentzat izan da (Alpecin), mendikoa Jay Vinerentzat (UAE), gazte onenarena Mattias Skjelmoserentzat (Trek) eta taldekako sailkapena UAErentzat. Herasen pare Emaitza horrekin, Roglic eta Heras dira Vuelta gehien irabazi dituzten txirrindulariak orain. Herasek 2000n irabazi zuen lehenbizikoa, eta ondotik 2003-2005 artean hiru irabazi zituen jarraian. Roglicek alderantziz egin du: 2019-2021 artean hiru jarraian irabazi zituen, eta aurten lortu du laugarrena. Frantziako Tourra eta Italiako Giroa Tadej Pogacarrek irabazi dituela kontuan hartuta, aurtengo hiru itzuli handiak herrialde bereko ziklistek irabazi dituzte. Gizonezkoen txirrindularitzan historian hirugarrenez gertatu da hori. Lehenbizikoz, 1964an izan zen: Jacques Anquetil frantziarrak Tourra eta Giroa irabazi zituen, eta Raymond Poulidor herrikideak, berriz, Vuelta. 2008an, berriz, Alberto Contador espainiarrak Giroa eta Vuelta irabazi zituen, eta Carlos Sastre herrikideak Tourra. 2018an Erresuma Batuko herritartasuna duten hiru ziklistak irabazi zituzten hiru itzuliak, baina nazio diferentetakoak ziren: Chris Froome Giroaren garailea Kenyan jaio eta hezitako arbaso ingelesduna; Geraint Thomas Tourreko irabazlea galestarra; eta Simon Yates Vueltaren garailea ingelesa. Primoz Roglic helmugara iristen, gaur, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE Euskal txirrindulariei dagokienez, emaitza ona izan dute aurtengo aldian. Urko Berrade nafarrak etapa bat irabazi du; eta, huraxe, Euskal Herrian jokatu zena, Gasteizen eta Maezturen artean —hemezortzigarren etapan—. Igor Anton eta Mikel Iturria ziren Euskal Herrian Espainiako Vueltako etapa bat irabaztea lortu zuten azken euskal txirrindulariak —bizkaitarrak Bilbon irabazi zuen 2011n, eta gipuzkoarrak Urdazubin (Nafarroa), 2019an—. Kern Pharma Nafarroako taldearen Vuelta bikaina biribildu du Berraderen garaipenak —Pablo Castrillo espainiarrak beste bi etapa irabazi ditu—. Vueltan etapa bat irabaztea lortu duen Euskal Herriko 64. txirrindularia da Berrade —Ion Izagirre zen 63.a, 2020ko garaipenarekin—. Sailkapen nagusian, berriz, Landa izan da onena: zortzigarren. Arabarrak ez du nahi bezalako bukaera izan, itzuliko egun gehienetan bosgarren postuan egon baita, podiumerako lehian sartuta. Baina Berradek etxeko etapan loria lortu bazuen, Landari zoritxarra egokitu zitzaion, Herrerako mendatean beste faboritoen gurpila galdu, eta sailkapenean amildu baitzen. Azken buruan, ordea, hamar onenen artean sailkatu da, eta denboraldi ona biribildu du, besteak beste, Tourra bosgarren tokian bukatzea lortu baitzuen. Bere ibilbidean bigarren aldiz lortu du bi itzuli handitan urte berean hamar onenen artean bukatzea —2019an seigarren izan zen Tourrean, eta laugarren Giroan—. Zazpigarren euskal txirrindularia da hori behin baino gehiagotan egiten: gizonezkoetan, Miguel Indurainek eta Marino Lejarretak bosna aldiz egin zuten urte berean hamar onenen artean bi itzuli handitan, Miguel Mari Lasak hiru aldiz, eta Jesus Loroñok eta Patxi Gabikagogeaskoak bina aldiz; emakumezkoetan, berriz, Joane Somarribak hiru bider. Gainera, guztira, Landak hamargarren itzuli handia bukatu du Top10ean. Euskal txirrindularien artean, lauk baino ez dute kopuru hori gainditzen: Lejarretak hamabost bider egin zuen, eta Indurainek, Lasak eta Paco Galdosek 11 aldiz.