Sergio Mendes hil da, Brasilgo musikaren ikurra
Mundu osoan da ezagun Sergio Mendesen musika. Nazioartean Brasilgo musikaren ikono bihurtu zenak ia sei hamarraldi egin ditu oholtza gainean, eta Oscar sarietarako hautagaia ere izan zen, Disneyren Rio filmeko soinu banda sortu zuelako 2011n: Real in Rio. Hiru Grammyren jabe ere bazen. 83 urte zituela hil da, Los Angelesen (Kalifornia, AEB). Sergio Mendes bossa novaren fundatzaileetako bat izan zen, eta, Brasil’66 bere bandarekin batera, besteak beste jazza eta sanba batzen dituen genero hori hedatzen lagundu zuen. Bere albumik ezagunenari esker, Herb Alpert Presents Sergio Mendes & Brasil’66, Platinozko Diskoa eskuratu zuen 1966. urtean. Disko horren barruan, zehazki, Mas que nada abestiak lortu zuen osperik handiena, eta 2006an berriro grabatu zuen Black Eyed Peas taldearekin batera. 35 album utzi ditu Sergio Mendesek, eta, osotara, 55 argitalpen baino gehiago. 1941eko otsailaren 11n sortu zen, Niteroin (Rio Janeiro, Brasil). Sorterriko kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak, eta hastapenean piano jotzaile klasiko bilakatzeko asmoa erakutsi zuen. Baina 50eko hamarraldian, hain zuzen ere bossa nova gorpuzten hasi zenean, jazzerako jakin-mina piztu zitzaion. Garai hartan gaueko klub askotan jo zuen, sarritan Antonio Carlos Jobim eta bossa nova generoko beste hainbat musikari ezagunekin, baita AEBetako jazz musikari ospetsuekin ere, Brasilen zirenean. 1961ean, Sexteto Bossa Rio taldea sortu zuen, eta Dance Moderno diskoa grabatu. Horren nazioarteko ateak zabaldu zizkion. 1964an, AEBak hartu zituen bizitoki. Haren abestirik entzutetsuena, Mas que nada, Jorge Ben Jor musikariak sortutakoaren bertsioa zen izatez.