Athleticek bana berdindu du Betisen aurka
Aho zapore gazi-gozoa utzi du gaur eskuratutako puntuak San Mamesen (1-1). Athleticek ez du asmatu ate aurrean, asko barkatu du, baina markagailuan aurrea hartu duen taldea Betis izan dela kontuan izanda, horren txarra ere ez da puntua. Lehen zati bikaina egin du Ernesto Valverderen taldeak. Gauza bakarra falta izan zaio: gola. Rui Silva atezainak zenbait geldiketa ikusgarri egin ditu, eta zutoinera ere hiru bider bidali dute baloia Athleticeko jokalariek. Gehiago merezi zuten. Betisek hiru aldaketa egin ditu atsedenaldian, eta berehala heldu zaio saria, 51. minutuan: Diaok eskuin hegaletik egin du jokaldia, eta bere erdiraketa sareetara bidali du Fornalsek. Hobea zen Athletic, baina margailuan aurretik zena Betis zen. Aulkitik Athleticen erreakzioa ere aldaketen bidez heldu da. Zelairatu berria zen Berenguer De Marcosen erdiraketa bat buruz bikain errematatu duenean. 66. minutua zen. Azken minutuetan Ander Herrerak izan du abagune argiena, baina erdira errematatu du. Gauzak horrela, puntu bat gehiago poltsikoratu dute zuri-gorriek, eta 19 dituzte jada. Seigarren dira sailkapen nagusian.