Santi Brouard hil zutenetik 40 urtera eta Josu Muguruza hil zutenetik 35 urtera, Sorturentzat «haiek helburu zuten Euskal Herriaren arnasa inoiz baino biziago» dago. Hala esan du Paul Laka Sorturen Bizkaiko arduradun politikoak, HBko bi ordezkarien hilketen urteurrenetan egindako manifestazioaren amaieran. Brouarden kontsultatik Plaza Berrirako bidea egin dute manifestariek, Herriaren arnasa – Independentziarako Indarra! lelopean. Euskal Herriaren nazio izaera aitortzeko eta herri gisa aritzeko garaia dela aldarrikatu dute. «Askatasun hori, ezinbestean, gure etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea errespetatzean oinarritu behar da», gaineratu du Lakak. Oihana San Vicente Sorturen Nazio Idazkaritzako kideak ere hitz egin du. Euskal Herriak «nazio zapaldua» izaten jarraitzen duela oroitu du, eta hura itotzeko «gerra zikina» erabili izan dutela. «Espainiako Estatuak eragindako biktimen aitortza ofizialetan urratsak egin arren, bide luzea dago egiteko oraindik aitortzaren, erreparazioaren eta erantzukizunen esparruan». Horren aurrean, nabarmendu du «memoria osoa» eraiki behar dela eta gatazka politikoaren erroari heldu behar zaiola, haren iritzian horretarako aukera badelako. Nazio aitortza eta estatus politiko-juridiko berrien eztabaida «pil-pilean» dela nabarmendu du. EH Bilduk Nazioa gara lelopean larunbat honetan Bilbon egingo duen mobilizaziora joateko dei egin dute bukatzeko. Nazioarteari begira Nazioarteko gerra giroa ere izan du hizpide Lakak, eta «basakeria ala bakea» hautatzeko momentua dela azaldu du: «Eliteen belizismoaren aurrean, kosta ahala kosta, bakea defendatu behar da. Gerra ezarri nahi digute, statu quo-ak bere horretan iraun dezan, eta eliteek kapitala pilatzen jarrai dezaten, langile klasearen bizkar. Horren aurrean, munduko ezkerrak bakea eraikitzeko betebeharra du». Horretarako konpromisoa azaldu du, Euskal Herria askatasunera eramango duen proiektua azkeneraino eramatearekin batera: «Bidea herriarekin berarekin eginez, herria dagoen tokian egonez, herri arnasa izanez» Erlazionatuta Zubigileak Erakundeek biktimen auzian hartutako norabidea deitoratu du Egiari Zor fundazioak .
Israel Libanoren aurka egiten ari den erasoaldia baretzeko bitartekari lanak egiten ari dira AEB Ameriketako Estatu Batuak. Egunak daramatza Amos Hochstein AEBetako Gobernuko ordezkariak bi aldeekin bilerak egiten, eta atzo adierazi ostean Libanok proposamena onartu duela, gaur jakinarazi du Israelera joango dela. Hochsteinek gaur Beiruten egin duen prentsaurrekoan adierazi duenez, Hezbollah talde xiitaren eta Israelen arteko gatazka baretzeko akordioa «amaitzea» da bidaia horren helburua. Horretarako, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin bilduko da, Axiox hedabideak barne iturriak aipatuta argitaratu duenez. Hochstein Libanoko Parlamentuko presidente Nabih Berrirekin egin du gaur bilera. Hezbollahk bileretan zuzenean parte hartzen ez duen arren, Berriren esku utzi ditu. Gutxi iraun du Hochsteinen adierazpenak, eta bertan nabarmendu du «aurrerapausoak» eman dituztela negoziazioetan. Hitz horiek bat datoz goizean Al Shaq al-Awsat Libanoko egunkariari eskainitako elkarrizketan esandakoarekin. Elkarrizketa horretan, AEBetako bitartekariak negoziazioak «bide onetik» doazela baieztatu du; hala ere, jakinarazi du «xehetasun batzuk» erabakitzear dituztela. Eta xehetasun horiek argitzeko asmoz joango da Tel Avivera Hochstein, baina ez du argitu zehaztu beharreko horiek zeintzuk diren. Hezbollahk, berriz, esan du negoziazioak «porrot» eginez gero erasoan jarraituko dutela. Naim Qassem talde xiitako buruak egin ditu adierazpenak, gaur. Tel Avivi leporatu dio akordioari oztopoak jartzen ibiltzea «gudu zelaian irabazi ez duena bertan irabazteko». Eta gaineratu du Israelgo armadak Beiruten aurka egin dituen erasoek erantzuna jasoko dutela: «Tel Aviven aurka egingo dugu eraso». Babesa murrizten Gerraren inguruko Netanyahuren erabakiak, baina, geroz eta babes txikiagoa dute Israelen. Ohikoak dira protestak, eta Gazaren aurkako sarraskia amaitzea eskatzen dute bahituak herrialdera itzuli ahal izateko. Israelgo Demokrazia Institutuak gaur argitaratu duen inkesta baten arabera, Israelgo herritar gehienek uste dute «Gazako gerraren» inguruko erabakiak ez direla «profesionalak izan». Inkestaren ondorioetan diotenez, Israelgo juduen %37k soilik uste dute gobernuak «irizpide profesionalak» jarraitu dituela. Israelgo arabiarren kasuan, ehunekoa are txikiagoa da: bostetik batek uste du era egokian jarduten duela. Herritarren iritziak, baina, ez du eten Israelen ekitea. Gaur erasoan jarraitu du zenbait frontetan. Siriako Palmira hiriari egin dio eraso. 46 lagun hil zituen eta gutxienez 50 zauritu, SANA Siriako albiste agentziaren arabera. Gaza iparraldean ere egin du eraso Tel Avivek: Jabalia bonbardatu du, eta gutxienez hamabi lagun hil ditu. Palestinan kazetariak dituzten hedabideek osasun zerbitzuak aipatuz argitaratu dutenez, erasoak eraikin bat txikitu du, eta uste dute «hamar lagun inguru» desagerturik daudela hondakinen azpian. Erasoek jarraitzen duten bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan berriz ez du aurrera egin Gazan su etena eskatzeko proposamen batek. AEBek, iazko urritik laugarren aldiz, organoan duten beto eskubidea erabili dute kide iraunkorrak ez diren hamar estatuek egindako proposamena blokeatzeko. Are gehiago, hamabost kideetatik AEBek bakarrik egin dute proposamenaren aurka. Jakinarazi dutenez, ezezko botoa eman dute proposamenak ez duelako meniarako baldintza gisa ezartzen milizia palestinarrek bahituak askatzea, testuan aipatzen den arren.
«Memoriari eta biktimei, espetxe politikari eta adierazpen askatasunari eragiten dieten gaiak nahikoa serioak dira inora eramaten ez gaituzten planteamendu mediatiko antzuekin aritzeko haietaz». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak horrela erantzun dio, gaur, Fermin Muguruzak atzo eginiko eskaerari. Musikariak kontzertua eman zuen larunbatean Martuteneko espetxean, Donostian, eta, han Sarri, Sarri kantua interpretatu zuela eta, Justizia Sailak zera jakinarazi zuen atzo, ohar bidez: gogortu egingo dituela espetxeetan kultur emanaldiak egiteko baldintzak. Horren inguruan, Muguruzak adierazi zuen «atzerapausoa» dela Eusko Jaurlaritzak orain erabakitzea kultur ekitaldiei baldintzak zorroztea, eta, lehendakariari mintzatuz, esan zuen jakin nahiko lukeela zer pentsatzen duen Pradalesek erabakiaz. Gaur erantzun dio lehendakariak Muguruzari, eta adierazi du Jaurlaritzak «bere erabakia» eman duela, eta ez duela horren inguruan «gehiago» esateko. Hala ere, gaineratu du prest dagoela musikariarekin hitz egiteko: «Muguruzak hitz egin nahi badu bizikidetzaz eta memoriaz, bere osotasunean, Lehendakaritzako ateak irekiak ditu solasaldi zintzo bat izateko». Bide batez, Pradalesek Muguruza zoriondu du, «Anoetako bere kontzertua oso arrakastatsua izango delako».
aldeak zehaztu duenez, kaleratze gehienak Alemanian eta Erresuma Batuan izango dira, eta ez dute eraginik izango Almussafesen, Valentzian, dagoen lantegian.
Noel d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak uste du oposizioarekin akordio batera heltzeko aukerak daudela 2025eko aurrekontuen proposamenaren harira.
Eskutitzak bidali ditu 5.310 enpresatara (enpresa-multzoaren % 9,3) eta, besteak beste, ohartarazten zaie kontratatutako lanaldiaren eta benetan egindakoaren arteko ezberdintasunak jakinarazi eta likidazio osagarriak sartu behar dituztela.