Pentsiodunen mugimenduak sinadura bilketa hasi du, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko. Eusko Jaurlaritzari “entzungor ez egiteko” eta tramitazioa babesteko eskatu diote, “legea onartzeko eskumena eta baliabideak” dituela iritzita.
Egoerak baldintzatuta, Binakako Txapelketako seigarren garaipena lortu dute Elordik eta Zabaletak. Altuna III.aren eta Arangurenen aurka indarrak neurtzekoak ziren gaur Gasteizko Ogeta pilotalekuan, baina ez bata ez bestea ez zegoen jokatzeko moduan, eta Zabala-Bikuña bikotea izan da haien lekua hartu duena. Gauzak horrela, 22-12 irabazi dute faboritoek. 50 minutu eskas iraun ditu partidak. Zabala eta Bikuña gogotsu hasi dira, oldarkor, baina tantoek aurrera egin ahala itzali egin dira. Agerikoa izan da esperientzia falta. Bereziki ondo hasi da Zabala (5-6), baina Elordik sakearekin asmatu duenean berehala handitu du tartea (12-6). Zazpi tanto egin ditu gisa horretan Mallabikoak. Horren ostean, gorrien akats batzuk tarteko, gerturatu dira markagailuan urdinak (15-11). Azkenean, ordea, logika izan da nagusi, eta seigarren puntua poltsikoratu dute Elordik eta Zabaletak. [articles:2135938]
Atletico Madrilen historian lehen aldiz, taldeak hamalau garaipen lortu ditu jarraian lehiaketa guztiak kontutan hartuta. Azkena, Osasunaren aurka. Gorritxoek bazekiten erronka zaila zutela, baina iaz 1-4 irabazi zutela gogoan hartuta, gauzak zail jarri dizkiote Simeoneren taldeari. Azkenean, ordea, Julian Alvarezek korner batean egindako golak erabaki du lehia. Vicente Morenok bazekien gorritxoek zer zuten parean. Horregatik, defentsari lehentasuna eman eta 5-3-2 sistemarekin jokatu du gaur. Eta ez zaio erabat gaizki irten: lehen zati osoan, eta bigarrenaren une askotan, zirrikituak topatu ezinda ibili da Atletico, eta Osasunak gola egiteko aukera bat edo beste ere izan du, nagusiki, geldikako jokaldietan. Argiena, Herrandok kanpora bota duen burukada bat, Oblak gaindituta zuela. Jaso ere, ordea, horietako batean egin du, bigarren zatiaren hasieran. Estrategia jokaldia izan da: Griezmannek erdiratu, Lengletek pasatzen utzi, eta han agertu da Alvarez baloia kontrolatu eta sareetara bidaltzeko. 1-0. Horren ostean baloi jabetza gehiago izan du Osasunak, baina orduan eurak izan dira zulorik aurkitu ez zutenak. Morenok Oroz, Moncayola eta Areso zelairatu ditu, baina ez du askorako balio izan; geroago atera du Budimir. Alferrik; azken minutuetan jokoa kontrolpean izan du Atleticok. Sailkapen nagusian 11. postuan dago Osasuna 25 punturekin.
Ekologistek Arratzua-Ubarrundiako Udalari exijitu diote Aldundiari eska diezaiola zentrala gaitzesteko. Arratzua-Ubarrundiako Proiektu Honi Ez plataformak mozioa aurkeztuko du Vitoria Solar 1 parke fotovoltaikoaren aurka hurrengo udalbatzan.
Etxebizitza izan dute hizpide PPk eta PSOEk igande honetan. PPk etxebizitza lortzea errazteko “Asturiasko Dekalogoa” aurkeztu du eta PSOEk guztia gezurra dela erantzun du.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren oroitzapenak bizirik jarraitzen du Donostian. Idazle eta hizkuntzalaria 2012ko urtarrilaren 14an hil zen, eta egun horren jiran, hura gogoratzeko omenaldi bat egin dute aurten ere, Txillardegi Udal Liburutegia herri ekinaldiak antolatuta, Antiguan, Txillardegi plazan. Senide eta lagun ugari bildu da bertan. Aurreskuarekin eta lore eskaintza batekin hasi dute ekitaldia, eta Jakes Lafitte idazleak hartu du hitza segidan. Lafitte Txillardegiren ikasle izandakoa da, eta Txillardegi oroituz pastorala amaitu berri du. Revuelta, Etxebeste eta Azken Zutik musikarien emanaldiekin amaitu da omenaldia. Urtero lez, haren izena daraman liburutegiaren aldeko aldarria plazaratu dute: Eta Txillardegik non du liburutegia?. Jakes Lafitte, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU Antiguan sortu zen Txillardegi bera, 1929an. Ingeniaria, hizkuntzalaria, soziolinguista, idazlea eta politikaria izan zen; haren ekarpenak berebiziko garrantzia izan zuen hainbat hamarralditan euskararen eta euskal politikaren bilakaeran, eta arrasto handia utzi du. Euskara batuaren oinarriak jartzeko ere aparteko garrantzia izan zuen haren lanak. ‘Txillardegi hizkuntzalari’ Txillardegi gogora ekartzeko ekitaldi gehiago ere izan dira aste honetan. Ostegun goizean Txillardegi hizkuntzalari liburua aurkeztu zuen Markos Zapiain filosofoak. Eta liburuaren aurkezpena egin zuen gero Txillardegi Udal Liburutegia herri ekinaldiak antolatutako solasaldi batean. Zapianek, liburuaren aurkezpenaren harira, Txillardegiren «talentua» goraipatu zuen, haren lanerako gaitasuna, eta ezagutzan sakontzeko izan zuen era «poliedrikoa». Idatzita utzi zituen lanen oparotasuna ere goretsi zuen. «Soziolinguistika matematikoaren inguruan Txillardegik idatzitako liburuak ekuazio, taula eta hizkuntza matematikoz josiak daude», azaldu zuen. Baina bestelako lanak ere egin zituen, eta, hain justu ere, hortxe dago Zapiainen ustez miresmenerako motiboetako bat: «Gezurra dirudi pertsona berak idatzi izana Putzu eta Soziolinguistika matematikoa». Txillardegiren nobeletako bat da Putzu, 1999koa. Soziolinguistika matematikoa 1994an argitaratu zuen. Obra zabal eta oso baten bi ale dira.
«Natura da nire pinturaren motor nagusia». Carmelo Ortiz de Elgeak (Gasteiz, 1944) sarritan eraman zuen naturaren aldakortasuna bere margolanetara. Paisaiak marrazten hasi zen, eta, bere ibilbide luzean alde batera utzi bazituen ere tarteka, sarri itzuli izan zen paisaiak irudikatzera. «Naturan besteko aberastasunik ez dut beste inon ikusten, eta ezta han bezainbeste ideiarik eta aldaketarik ere. Natura oso bortitza da. Naturaren aurpegi latz, gordin eta ikaragarri hori interesatzen zait. Dramatismo hori. Oso sakon heltzen zait». Bere obra koloretsuengatik nabarmendu zen pintorea, euskal artistarik garrantzitsuenetako bat bilakatzeraino. Gaur zendu da, 80 urterekin, eta obra oparo bat utzita, haren alaba Dorleta Ortiz de Elgea pintoreak sare sozialen bidez jakinarazi duenez. Gasteizen jaio, eta Aretxabaletan (Gipuzkoa) igaro zituen haurtzaroa eta gaztaroa —gerora ere bertako pabiloi handi batean margotu izan zituen bere koadroak—; bere kasa ikasi zuen pintatzen. Gerora osatuko zuen ibilbide luzean, natura bezalaxe, aldakorra izan zen haren pintatzeko modua ere. Hain zuzen, paisaiak pintatuz hasi zuen bere bidea umetan. Ondoren, 1960ko hamarkadan, Arabako Orain taldea bultzatu zuen beste hainbat artistarekin batera, eta bestelako bideak esperimentatzen ere hasi zen. «Sorpresa bilatu dut beti. Ez ideia bat eduki eta hura islatzea, baizik eta margotu ahala sortzen dena harrapatzea. Horregatik egin ditut hainbeste estilo aldaketa. Gauza berriak bilatzeagatik; oihalean sorpresa topatzeagatik», aitortu zuen margolariak 2016an, Bilboko Arte Ederren Museoak eskaini zion atzera begirako erakusketa zabalaren aurkezpenean. Haren lau hamarkadako ibilbidea laburbiltzen zuten 50 pieza handi jarri zituzten orduan ikusgai. Carmelo Ortiz de Elgea margolaria, Bilboko Arte Ederren Museoak 2016an eskaini zion atzera begirako erakusketan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU 1970eko urteetan margolan koloretsu eta ia abstraktuak landu zituen, eta, abangoardiako hainbat estilo probatu ondotik, krisi sasoi batean sartu zen 1980ko hamarkadan. Haurtzaroko irudietan topatu zuen bolada horretatik ateratzeko bidea, eta paisaiak irudikatzeari heldu zion berriro. Tarte batez abandonatu zuen figurazioari ere orduan heldu zion atzera. Eta bere ibilbidea osatuz segitu zuen handik aurrera, margolan handiak sortuz sarritan. Bilbon ikusgai egon zirenen modukoak. Orduko hartan aitortu zuenez, handi aritzea maite baitzuen berak. «Naturaren antza izan dezaten da hori. Zuhaitz bat marraztean, adibidez, ez dut ñimiño irudikatu nahi; kasik-kasik bere dimentsio osoan nahi dut, bere handitasunean». Ortiz de Elgearen margolan handietako beste bat, Bilboko museoan ikusgai egondako garaian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Nafarroan tatuajeak egiten zituen gizon baten kontrako epaia eman du Iruñeko Zigor Auzitegiak: bederatzi urte eta 11 hilabeteko zigorra bete beharko du. Epaiaren arabera, tatuajeak egin bitartean sexu abusuak egin zizkien lau emakumeri. Adingabeak ziren horietako bi. 2020. eta 2021. urteen jiran egindakoak dira abusuak, gizonak tatuajeak eta masajeak egiteko zuen gela batean. Hainbat iturriren arabera, ez zuen hori ogibide, baina bere kabuz egiten zituen zenbait tatuaje, gertukoen artean eta. Hain justu, biktimetako biren senidea da. Gizonak partez edo erabat biluzarazten zituen emakumeak, eta ukituak egiten zizkien. Masajeak zirela esaten zien, eta minari aurre egiteko onak zirela. Epaileak adierazi du andreen salaketak «egituratuak eta zentzuz» jositakoak direla, eta zigortu egin behar dela gizona. «Irmoak dira, xehetasunez eta min handiz kontatu dituzte», sententzian jaso duenez.
«Behin betiko konponbidearen» aldeko aldarriak Bilboko kaleak bete ditu gaur. Euskal presoen eskubideen alde, milaka herritar Bizkaiko hiriburuan elkartu dira, baita hainbat eragile politiko, sozial eta sindikal ere. Salbuespen politikak amaitzea, bizikidetzaren norabidean aurreranzko urratsak egitea eta giza eskubideak bermatzea exijitu dute. Gatazka politikoa konpontzeko bidean aurrera egiteko modurik onena «euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzea» dela uste du EH Bilduko Gorka Elejabarrietak. Koalizio abertzaleak ordezkaritza zabala bidali du manifestaziora; bertan izan dira, besteak beste, Arnaldo Otegi, Pello Otxandiano eta Laura Aznal. Izan ere, manifestazioan «masiboki» parte hartzera deitu dute aste honetan, baita EH Baik ere. Elejabarrietak onartu du azken urteotan aurrerapausoak egon direla, baina argi utzi du oraindik ere «injustizia» asko gertatzen direla. Hori dela eta, zera esan du: «Uste dugu iritsi dela eguna salbuespenezko espetxe politika orori ateak ixteko, eta euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bezala, bakearen eta bizikidetzaren norabidean aurrera egiten jarraitzeko». Euskal preso politikoen aferari «konponbide integral eta behin betikoa» ematea exijitu du: «Euskal Herriak merezi du euskal presorik gabeko agertoki bat». «Uste dugu iritsi dela eguna salbuespenezko espetxe politika orori ateak ixteko, eta euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bezala, bakearen eta bizikidetzaren norabidean aurrera egiten jarraitzeko» GORKA ELEJABARRIETA EH Bilduko ordezkaria Era berean, «behin betiko bakea» eskatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, eta adierazi ez dagoela «inongo justifikazio politiko, juridiko, ezta sozialik ere» gaur egungo salbuespenezko espetxe politikari eusteko. Bestalde, biktima guztiak aitortzeko eskatu du, eta gogoratu «askotan estatuak eragindako biktimak» ez direla aitortuak izaten. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, berriz, patronalari eta instituzio publikoei galdegin die preso ohien lanerako sarbidea eta pentsiorako eskubidea berma dezatela. Babes zabala Arroyok gogoratu duenez, «urteetan sindikatuen artean aho batez» aldarrikatu dute euskal presoen auzia konpondu beharra zegoela, «bakean eta elkarbizitzan aurrera egiteko». Izan ere, Euskal Herriko bi sindikatu nagusiek ez ezik, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde sindikatuek ere atxikimendua agertu diote manifestazioari. «Garaia da beste fase bat irekitzeko, non Euskal Herrian ez den presorik egongo», azpimarratu du LABeko koordinatzaile orokorrak. «Herri honetan dagoen adostasun soziala babestu nahi dugu, hau da, gatazka politikoki konpontzeko eskatu, eta herri honen autodeterminazio eskubidean aurrera egin» SU MORENO CUP alderdiko ordezkaria Beste hainbat eragilek ere babesa agertu diote mobilizazioari. Besteak beste, bertan izan dira Gure Esku, Ernai, Bilgune Feminista, Harrera eta Egiari Zor. Eta Euskal Herritik kanpoko eragileak ere batu dira protestara; adibidez, ANC Biltzar Nazional Katalana, CUP eta BNG, baita Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidente ohia eta Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohia ere. «Hainbeste urtetako mina» gainditzeko ordua dela esan du ANCko Toni Strubell Truetak. Oinarrizko eskubideen aldeko mezuarekin bat egin dute eragileek. Cesar Lagonigro Kataluniako Abokatuen Koordinakundeko kideak azaldu duenez, ezinbestekoa da «herritar ororen» oinarrizko eskubideak errespetatzea: «Preso guztiek eskubide berberak izan behar dituzte eta, gaur egun, hori ez dago bermatuta». ERCko eurodiputatu Diana Ribak azpimarratu du beti lan egingo dutela oinarrizko eskubideen alde, eta badela garaia salbuespen politikak amaitzeko. Halaber, Juntseko Josep Pages i Massok epaileei exijitu die legea betetzea; batetik, «[Carles] Puigdemonten aldeko amnistia legea, bidegabeki erbestean baitago», eta, bestetik, euskal presoen aldeko legea, «espetxe politika desegoki bat» aplikatzen baitzaie «sistematikoki». «Espainiako Estatuak iraganean eta immobilismoan iltzatuta» dirauela salatu du Xavier Antich Omniun Culturalen presidenteak, eta botere judizialak oraindik ez duela «trantsizio demokratikorik» egin. CUPeko ordezkari Su Morenok salatu du «Espainiako Estatuak herrien autodeterminaziorako eskubidea» urratzen duela, euskal presoen eskubideak ez ezik. «Herri honetan dagoen adostasun soziala babestu nahi dugu, hau da, gatazka politikoki konpontzeko eskatu, eta herri honen autodeterminazio eskubidean aurrera egin». Mes Per Mallorca alderdiko ordezkaritza bat ere izan da manifestazioan. Hala adierazi du Viçen Vidalek. «Guztion giza eskubideetan aurrera egitea dagokigu». Mediterraneo itsasotik Europara iristen diren herritarren eskubideak izan ditu gogoan, eta adierazi du itsaso hori «hilobi bat» dela. Euskal Herrian ere eskubideetan aurrera egiteko beharra dagoela azpimarratu du.