Aiara Festek jakinarazi du eraso matxista batengatik salatutako gizonak…
Aiara Fest jaialdiak jakinarazi du festibaletik baztertu egin duela gizonezko bat, hark eraso matxista bat egiteagatik salaketak jaso ondotik. Sare sozialen bidez zabaldutako oharrean zehaztu dutenez, Amurrioko Udalarekin eta udalerri horretako mugimendu feministarekin bilera bat egin zuten atzo. «Bilera horren ondoren, erabaki dugu jakinaraztea pertsona hori sozietateko akziodunen taldetik atera dela, erakundetik bereizi dela, eta Aiara Festek sor dezakeen edozein onura edo etekin ekonomiko lortzeko aukera blokeatu dela. Beraz, gaur egun, pertsona horrek ez du inolako loturarik musika ekitaldi horrekin», adierazi dute sustatzaileek. Maiatzaren 30ean eta 31n Amurrioko El Reforren egitekoak dira musika jaialdia, eta, abenduan antolatzaileek iragarri zutenez, Gatibu, Zetak, Gorka Urbizu eta Zea Mays dira han jotzekoak, besteak beste. Arabako Alea-k zehaztu duenez, jaialdiak antolakuntzatik baztertutako gizonezko hori «indarkeria matxistagatik salatu dute azken asteetan, bai sare sozialen bitartez (Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan, besteak beste) bai Amurrioko kaleetan egindako pintadekin ere». Jaialdiaren antolatzaileek oharrean adierazi dute «emakumeen eta haien eskubideen aurkako ekintza eta iritzi guztiak erabat gaitzesten» dituztela, eta Aiara Fest «indarkeria matxistarik gabeko leku segurua» izango dela. Bide horretan, protokoloak berrikusteko eta beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute. Sarrerak erosi eta orain itzuli nahi dituztenek horretarako aukera izango dute, azaldu dutenez: kaixo@aiarafest.com helbidearen bidez egin ahalko dute, hilaren 31ra bitarte. Amurrioko Udaleko Berdintasun Batzordeak ere agiri bat plazaratu du gai horren harira, eta azaldu du Aiara Fest «ingurune libre eta seguru batean garatzeko bere ahalegin guztiak» egingo dituela. Hala, ziurtatu du antolatzaileek jaialdira egokitutako protokolo espezifiko bat ezar dezaten lan egingo duela, «indarkeria matxista, homofobikoa eta transfobikoa berme osoz jorratzeko eta prebenitzeko».