Indarkeria matxistaz «nazkatuta, nekatuta eta haserre», Barakaldoko hilketaren ostean
Herritarrek kalera jo dute azken hilketa matxista salatzeko. Ostiralean, 84 urteko emakume bat hil zuten Barakaldon (Bizkaia), eta haren semea atxilotu zuten, hiltzailea zelakoan. 2025eko lehen hilketa matxista eta orobat emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpide guztiak gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte Barakaldon bertan eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta. Barakaldon, Bide Onera plazan egin dute elkarretaratzea. Justizia jauregiaren aurrean, bi pankarta zabaldu dituzte, Erasorik ez erantzunik gabe eta Indarkeria matxistak milaka aurpegi esaldiekin, eta herritarrak haien atzean paratu dira, «Erasorik ez», «Autodefentsa feminista» eta antzeko oihuak egiten zituzten bitartean. Zirta Barakaldoko feminista gazteen taldeak ere beste pankarta bat zabaldu du, Maite zaituenak ez zaitu erailtzen leloarekin. Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun diputatua, Trinidad L. Vicente Berdintasun zuzendaria, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea eta Barakaldoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zenbait zinegotzi ere egon dira protestaldian. «Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude», azaldu du Barakaldoko mugimendu feministak, protestaldiaren amaieran irakurritako agirian. «Indarkeria matxistak ez du etenik, eta mugimendu feministan kalera irteten jarraitu besterik ezin dugu egin». Gogorarazi dute 2025eko lehen hilketa matxista izan dela Barakaldokoa, baina 2024an beste sei izan zirela. Arazo soziala Barakaldoko mugimendu feministaren aburuz, indarkeria matxista «egiturazko arazoa» da, eta emakumeek pairatzen dituzten «desberdintasun eta diskriminazioen ondorio zuzena» da. «Ez da arazo indibiduala, ezta pribatua ere», zehaztu dute; «arazo soziala da, eta modu kolektiboan erantzuteko erantzukizuna dugu». Feministek nabarmendu dute indarkeria matxistak «mila aurpegi» dituela, eta gizonek bikotekideen edo bikotekide ohien kontra eragindako bortxaz gain badaudela beste indarkeria matxista batzuk, «ikusezinagoak» baina besteak bezain larriak: «Indarkeria matxista senitartekoek ere eragin dezakete; horrek askoz zailago egiten die hura pairatzen duten emakumeei indarkeria hori identifikatzea eta horretaz jabetzea». Bereziki larria begitantzen zaie adineko emakumeen kasua, haien «kalteberatasuna eta mendekotasuna» dela eta. Azaldu dutenez, askok «urteak eta urteak» ematen dituzte abusuak eta tratu txarrak pairatzen, salatzeko aukerarik izan gabe. Feministen iritziz, Barakaldon izandako hilketak agerian utzi ditu biktimei arreta emateko sistemaren gabeziak: «Non daude prebentzio, babes, laguntza edo koordinazio eraginkorreko baliabide eta neurriak?», galdetu dute, eta eskatu protokolo, neurri eta baliabide guztiak «sakon eta zorrotz» aztertzeko, benetan eraginkorrak izan daitezen eta ez «marketin instituzionalaren parte». Erakunde eta administrazio publikoei interpelazioa egiteaz gain, «kaleko presio sozialaren eta salaketa publikoaren garrantzia» ere nabarmendu dute feministek, eta euren «erantzukizuna eta konpromisoa» berretsi dituzte, indarkeria matxista kalean salatzen jarraitu eta «bizitza duin eta indarkeriarik gabekoak» exijitzeko. Elkarretaratzea hasi aurretik, Argitan Barakaldoko aholku etxeko kide Mireia Saizek adierazpenak egin ditu. Hilketa gaitzesteaz gain, gogorarazi du familia esparruan adineko emakumeen kontra egindakoa dela «indarkeria matxistaren molderik ikusezinenetako bat», eta arazo hori azaleratzeko beharra nabarmendu du. Halaber, erakunde eta administrazio publikoei «autokritika» egin eta euren jardunbidea zorrotz aztertzeko eskatu die: «Argi dago gaur egun indarrean dauden protokoloek ez dutela funtzionatzen, eta horrek babesik gabe uzten ditu emakumeak». Bilbon, Arriaga antzokiaren aurrean egin dute elkarretaratzea; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan; Donostian, Bulebarrean; eta Iruñean, berriz, Udaletxe plazan.