Johnsonek eutsi egin dio AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentetzari
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak gaur ekin dio legegintzaldiari: 119.a izango da, eta, datozen bi urteetan, errepublikanoek kontrolatuko dituzte bi ganberak, hau da, bai Senatua, bai Ordezkarien Ganbera. Legegintzaldiari hasiera emateko, hain justu, Ordezkarien Ganberako presidentea hautatu behar izan dute. Louisianako gobernadore izandako Mike Johnsonek du kargu hori 2023ko urritik, eta eutsi egin nahi dio datozen bi urteetan ere. Nahi eta lortu. 218 ordezkariren babesari esker lortu du presidentetza berrestea. Iazko azaroaren 5ean egin zituzten presidentetzarako bozak AEBetan. Horietan, errepublikanoen esku geratu zen guztia: presidentetza eta Kongresuko bi ganberetako gehiengoak. Nolanahi ere, Ordezkarien Ganberan alde txikiarekin gailendu ziren: 219 ordezkari ditu Alderdi Errepublikanoak, eta 215 Alderdi Demokratak. Denera, 434 ordezkarik osatzen dute behe ganbera, eta, presidente izendatu zezaten, 218 ordezkariren babesa lortu behar zuen Johnsonek. Beraz, nahikoa zen bi ordezkari errepublikanok haren alde ez egitea ganberaren presidentetza galtzeko. Hori eragozte aldera, Donald Trump presidente hautatuak mezu bat helarazi die bere alderdiko ordezkariei Truth sare sozialaren bidez, eta eskatu Johnsonen alde egin dezatela. Trumpen babes erakustaldia lagungarri izan zaio Johnsoni errepublikanoen arteko ika-mikak baretzeko. Ez zegoen argi 218ren langa gaindituko ote zuen. Izan ere, aurreneko bozketak bi ordu eta erdi iraun du, hiru ordezkari errepublikanok hasieran Johnsonen aurka eman baitute botoa; tartean Kentuckyko Thomas Massie, zeinak aurretik iragarria baitzuen ez zuela orain arte behe ganberako presidente izandakoaren alde egingo. Ordezkari denek boza ahots gora eman ostean negoziazioetan aritu da Johnson bere alderdiko ordezkariekin, eta, azkenean, lortu du horietako bik botoa alda zezaten. Massiek, halere, ez du bere botoa aldatu. 1931 Noiz izan zen azkenekoz hain alde txikia behe ganberako taldeen artean. Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberan, 72. legegintzaldian izan zen azkenekoz hain alde txikia Alderdi Errepublikanoaren eta Alderdi Demokrataren ordezkarien artean, 1931n: lehenak 218 ordezkari lortu zituen, eta bigarrenak 216. Nekazarien alderdiak ordezkari bat lortu zuen. Johnsonen agintaldia hasieratik izan da gorabeheratsua. Azken legegintzaldian, Kevin McCarthy izendatu zuten Ordezkarien Ganberako presidente, baina, zentsura mozio baten bidez kargutik kendu ondoren, behe ganberaren jarduna blokeatuta egon zen hiru astez. Azkenean, Johnsonek bete zuen McCarthyk utzitako hutsunea, baina haren aurretik beste hiru hautagai ahalegindu ziren horretan. Denera, hamabost saio behar izan zituzten Ordezkarien Ganberarako presidentea izendatu eta jardunari berriro heltzeko. Ukraina eta demokratak Trumpek gizon «adeitsu, azkar eta erlijioso» gisa definitzen du Johnson, baina Alderdi Errepublikanoko sektorerik kontserbadoreenak uste du «moderatuegia» dela. Horixe aurpegiratu diote kide kontserbadoreenek Ordezkarien Ganberako presidente kargua hartu zuenetik. Hein handi batean, iazko udaberrian demokratekin bat egin zuelako, Ukrainarako laguntza militar eta ekonomiko gehiago onartzeko. Akusazioak eta barne zatiketak gorabehera, Johnsonek argi zuen «irabazteko aukerak» zituela, atzo AEBetako Fox News telebista katean egindako elkarrizketa batean esan zuenaren arabera. «Gabonetako oporretan nire lagun eta lankide guztiekin hitz egin dut», gehitu zuen. Are gehiago, bozketa aurretik X sare sozialean bere aurka egin ahal zuten Alderdi Errepublikanoko ordezkariak konbentzitzen saiatu da. Mezu baten bidez zin egin die AEBetako Gobernuaren gastua gutxitzeko neurriak hartuko dituela. Horien artean dago, esaterako, aurrerantzean aurrera eramango diren politiken eragin ekonomikoa aztertuko duen talde independente bat osatzea.