Ukrainako gerraren paradoxa handietako bati amaiera eman dio Volodimir Zelenskik. Ukrainako presidenteak erabaki du ez berritzea Errusiako gasa Ukraina zeharkatzea baimentzen zuen 2019ko kontratua, eta, ondorioz, gasaren iturria itxi du Gazprom Errusiako konpainia publikoak. Horrek ez du esan nahi, ordea, EBk ez duela Errusiako gasa inportatzen: azken gasbide bat martxan dago (Turkstream) eta Batasunak handitu egin du Errusiako GNL gas natural likidotuaren inportazioa. Gerraren aurretik, Errusia zen EBren energia hornitzaile nagusia, eta garrantzi berezia zuen gasak, EBren beharren %45 betetzen zituelako. Horregatik, Bruselak Errusiako ikatzaren eta petrolioaren inportazioa debekatu zuen, baina ez, ordea, gasarena. EBri presio egiteko Ukraina lagundu ez zezan, Vladimir Putinek Yamal eta Nord Stream gasbideak itxi zituen —azken hori hutsik zegoela leherrarazi zuten, oraindik guztiz argitu ez den atentatu batean—, baina irekita utzi zuen Ukraina arerioa zeharkatzen zuena, Bratstvo deitutakoa (Anaitasuna), 1960ko hamarkadan eraikitakoa. Hori bai, bere garraio gaitasunaren %10 bakarrik erabiltzen zuen. Erabilera horren truke urtean ia 700 milioi euro irabazten zituen Ukrainak, baina Zelenskik nahiago izan dio diru horri muzin egin, uste baitu Errusiari kalte ekonomiko handiagoa egingo diola; 6.000 milioi eurotik gora ematen zizkion. %16 Errusiaren zatia EBren gas inportazioetan. Gerra aurretik Errusia zen EBren gas hornitzaile nagusia, %45eko kuotarekin. Orain Norvegiak bete du haren tokia, eta esportazioak handitu dituzte AEBek, Qatarrek eta Aljeriak ere. Edonola ere, iaz EBren gas inportazioen %16 izan ziren Errusiakoak. Iaz, abenduaren erdialderako 16,5 milioi tona GNL iritsi ziren EBra Errusiatik, inoizko kopururik handiena; 2022an eta 2023an 15,2 milioi izan ziren. Horretatik zati bat, ordea, EBtik kanpo bukatzen du. Anaitasuna gasbidetik hornitzen ziren Europa erdiko hainbat herrialde, eta haien artean daude Moskuk Batasunean dituen bi aliatu nagusiak, Hungaria eta Eslovakia. Azken hori da galtzaile nagusia, Ukrainako gasbidetik lortzen zuelako behar duen gasaren parterik handiena —Hungaria batik bat Turkstreametik doana erabiltzen ari da orain—. Kontratua luzatzen saiatu da azkenaldian Robert Fico Eslovakiako lehen ministro errusiazalea —Moskura ere bidaiatu du—, eta, haserre, Ukrainari argindar hornidura etetearekin egin du mehatxu Ficok. Nord Stream gasbidearen lurreko instalazioak, Lubminen (Alemania). HANNIBAL HANSCHKE / EFE Gasbide horren menpekotasun handia zuen Austriak ere duela gutxira arte, baina Gazpromek iturria itxi zion iragan abenduaren 11n, eta beste bide batzuetatik hornitzen da orain. Europako Batzordeak azaldu du beste herrialde batzuek ere Austriaren adibidea jarraitu behar dutela, eta ziurtatu du Ukrainako gasbidea ixteak ez duela eskasia ekarriko, GNL inportazioak handitzeko moduan delako. Hala ere, itsasontziz garraiatutako gasa gasbidetik doana baino garestiagoa da, eta, gainera, EBk hura ziurtatzeko lehiatu behar du Asiako herrialdeekin. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak agindu du 2027rako utziko diotela Errusiako gasa erosteari, ordurako beste hornidura iturriak handituko dituztelako. 48,9 Gas megawatt-orduaren prezioa, eurotan. Azken hilabeteetan berriro gora egin du gasaren prezioak. Otsailean, gas megawatt-orduak 29,1 euro balio zuen TTF Herbehereetako gas merkatuan, baina asteartean, 48,9 euroraino iritsi zen. Orain gorantz egitea espero da, negu betea delako, eta Ukrainako gasbidearen hornidurarik gabe, litekeena delako EBk bere erreserba biltegiak aurreko urteetan baino gehiago hustu behar izatea. Ukrainako gasbidearen itxierak ondorio gehien EBtik kanpo izan ditzake, Moldavian eta Transnistrian. Ofizialki Moldaviaren parte den arren, 1991tik de facto independentea da Transnistria, eta, Moskuren babesa duenez, Gazpromek hornitzen zuen gasez, Ukrainatik barrena. Berokuntzarako ez ezik, argindarra sortzeko eta haren parte bat Moldaviari berari saltzeko baliatzen zuen Transnistriak, baina hango gobernuak iragarri du fluxu hori eten beharrean dagoela, bere diru iturri nagusia zen arren. Gasa erabili beharrean ikatza erreko du Transnistriak, baina horrekin oraingoz soilik bi hilabeterako erreserbak ditu. Moldaviak energia larrialdi egoera deklaratu zuen abenduaren 13an, baina espero da Errumaniak hornituko duela aurrerantzean gasez eta argindarrez. Hori bai, prezio handiagoak ordaindu beharko ditu, eta hori kolpe gogorra da, Europako herrialde pobreenetako bat delako. Ukrainako gasbideak, helburu militar berria Gazpromekin zuen kontratua ez berrituta, Errusiari gerra finantzatzeko tresna bat kendu nahi izan dio Ukrainako Gobernuak. Kalkulatu denez, 6.000 milioi eurotik gora lortzen zituen Moskuk haren bidez. Baina Ukrainak berak ere galduko du: garraioak ekartzen zion etekinik gabe geratuko da —700 milioi euro inguru—, baina hori baino kalte handiagoa izan daiteke bere gasbide sarea Errusiaren misilen helburu izan daitekeela aurrerantzean. Orain arte, Errusiak gogor egin dio eraso Ukrainaren argindar ekoizpenari eta banaketa sareari —sorkuntza gaitasunaren %60 galdu du—, baina gasbideak bakean utzi ditu, bere gasa garraiatzen zuelako. Orain, eraso ez egiteko arrazoia galdu du.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu zuten moduan, gaurdanik Jaurlaritzak hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Renferen bost linearen kudeaketa. Hala, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren ardura dira jadanik Bilbo inguruko lau linea garrantzitsu: Bilbo Abando-Barakaldo-Santurtzikoa (C1), Bilbo Abando-Barakaldo-Muskizekoa (C2), Bilbo Abando-Urduñakoa (C3) eta Bilbo Abando-Balmasedakoa (C4f). Horrez gain, Jaurlaritza hasi da kudeatzen ere Donostiari dagokion beste ibilbide bat: Irun-Donostia-Tolosa-Brinkolakoa. Tren ibilbide horien kudeaketa Jaurlaritzarena da jada, baina Renfek jarraituko du horiek ustiatzen, 2027ko abendura arteko kontratua baitauka indarrean. 2028rako, lehiaketa publiko baten osteko adjudikazioak erabakiko du ordutik aurrera zerbitzuak nork ustiatuko dituen. Eskuz aldatu diren bost ibilbideetan, 22 milioi bidaia izaten dira urtero, trenen 426 joan-etorri egunero. Transferentziak aldaketa batzuk ekarriko ditu luze gabe ibilbide horietako batzuetan, kasurako, Aiala eta Bilbo artean (C3). Antolaketa berriak zerbitzu azkarragoak eskainiko ditu Bilbora joateko; Laudio eta Bilbo artean 15 minutuko tartea baino ez du izango zerbitzuak. Karrantza eta Aranguren artean ere hobekuntzak prestatzen ari dira, Susana Garcia Mugikortasuneko sailburuak azaldu duenez. Eta urtarrilaren 7an hasita, Renfek hamasei Civis zerbitzu eskainiko ditu, geldialdi gutxiago eginez. C3 ibilbidean, berriz, asteburuko zerbitzuak indartuko dituzte, eta 76 jarriko dituzte erabiltzaileentzat, Urduña eta Bilbo hobeto lotzeko — lehen, 55 tren ibiltzen ziren—. Horrez gain, Jaurlaritzak Renferekin adostu du Araban aldiriko zerbitzuaren beste diseinu bat martxan jartzea. Udaberriaz geroztik, zerbitzuak izango dira Miranda Ebro (Burgos, Espainia) eta Altsasu artean, goizean, eguerdian eta iluntzean, eta orain arte Gasteizen amaitzen ziren ibilbide batzuk luzatu egingo dituzte Arabako Lautadara arte. Renfek konpromisoa hartu du zerbitzua ematen duten 44 trenetatik 25 aldatzeko. Zaharrenak erretiratu eta 25 berri sartuko dituzte 2027. urtea amaitu aurretik Eskuduntzaren aldaketak, halaber, tren hobeak ekarriko ditu bost ibilbideetan. Renfek konpromisoa hartu du zerbitzua ematen duten 44 trenetatik 25 aldatzeko. Zaharrenak erretiratu eta 25 berri sartuko dituzte 2027. urtea amaitu aurretik. Bestalde, ADIFek tren sarea hobetzeko inbertsio plangintza bat onarturik dauka, eta, horri jarraikiz, datozen hamar urteetan 400 milioi euro baliatuko ditu helburu horrekin. Madrilen eta Gasteizen arteko transferentziak Jaurlaritzaren esku utzi du, era berean, tren zerbitzu horien salneurriak ezartzeko gaitasuna. Aldiriko tren horien bidaiarien eskubideak eta betebeharrak ere Gasteizek ezarriko ditu, eta baita isunen arautegia eta inspekzioak ere. Beste lau transferentzia Espainiako Gobernuak, Pedro Sanchez presidentea buru duela, Gernikako Estatutua 2025. urtean osatzeko konpromisoa hartua dauka, 2023ko azaroan EAJrekin sinatu zuen Sanchezen inbestidurarako akordioan jasota dagoenez. Horrek esan nahi du egiteko geratzen diren beste 27 transferentzia egin beharko lituzketela hasi berri den urtean. Madril eta Gasteiz erlojuaren aurka ari dira lanean, eta negoziatzaile taldeek azkartu egin dituzte bilerak urtarrilerako bertarako Jaurlaritzak beste lau eskuduntza berri jaso ditzan. Hauek dira eskumen horiek: atzerritarren lan baimenak, itsas salbamendua, meteorologia eta lan osasuna eta segurtasuna Barakaldoko Makineriaren Egiaztapen Zentro Nazionalean. Estatutua atzean uzteko transferentzien kronograma bat lantzen ari da Jaurlaritza. Aurreikus daiteke Gizarte Segurantzaren eskumena izatea azkena Jaurlaritzara heltzen Joan den urte amaierarako itxita nahi zituen Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak transferentzia horiek, baina Valentziako (Herrialde Katalanak) uholdeek egutegian eragin dute, Mediterraneoko hondamendiari begira jarri behar izan dutelako Madrilen. Urte bukaeran, abenduaren 16an, itsasertzetako kudeaketa eta Zinemagintzaren Babeserako Funtsa eskuratu zituen Gasteizko gobernuak. Orain, Estatutuak jasotzen dituen beste 27 transferentziak egiteko egutegi berria zehazteko lanetan dabiltza gobernu biak. Pradalesek ez du askorik luzatu nahi «Gernikako Estatutuaren karpetakoa ixteko» negoziazioa. 2023an adostutako kronograma ez da bete, eta Jaurlaritzako lehendakariak badaki estatus berriaren eztabaida zain dagoela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren geroa baldintzatuko duen akordio historiko baten bila hasi dira alderdiak, baina diskrezioz ari dira orain arte. Eztabaida publikoa aurten egin beharko lukete Eusko Legebiltzarrean, eta Gernikako Estatutua atzean uzteko transferentzien kronograma berri bat behar du Gasteizek. Aurreikus daiteke Gizarte Segurantzaren eskumena izatea azkena Jaurlaritzara heltzen.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaur goizean Oñatin (Gipuzkoa), bost pertsonari labanaz eraso egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 06:15ean liskar bat izan da Oñatiko ostalaritza lokal baten kanpoaldean. Lekukoen arabera, hainbat lagun eztabaidatzen hasi dira, eta, ondoren, elkarren artean borrokan hasi dira. Liskarrean, bost pertsona zauritu dira arma zuriz, eta Arrasateko Debagoieneko Ospitalera eraman dituzte. Horietako bati ebakuntza egin behar izan diote. Ustezko erasotzaileari arma kentzea lortu dute bertan zeuden beste batzuek, eta ondoren ihes egin du, baina Ertzaintzak atxilotu egin du gero. Lesio delitu bat egotzi diote ustezko erasotzaileari. 32 urteko gizonezkoa da atxilotutakoa. Ertzaintzak ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko.