Renfeko bi segurtasun langileri eraso egin diete Bilbon, Abandoko geltokian. Erasoa asteartean gertatu zen, Abandoko tren geltokian. CCOO sindikatuak salatu duenez, segurtasun-langileek kargu hartu zieten ordaindu gabe trenera sartzen saiatu ziren bi gazteri, eta horiek kolpeekin erantzun zieten.
Espero bezala, Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroak ez du bere kudeaketari buruzko konfiantza mozioa gainditu gaur Portugalgo Asanblean, eta, horrenbestez, ezustekorik ezean, hauteskundeetara deituko du Marcelo Rebelo de Sousa herrialdeko presidenteak; estatuburuak, azkenean, erabaki hori hartzen badu, azken bost urteotan Portugalen aurreratutako hirugarren bozak lirateke hurrengoak. Ganberaren gehiengo soila biltzea nahikoa zuen Montenegrok mozioa gainditzeko, baina, iragarri bezala, PS Alderdi Sozialistak (78 aulki) eta Chega (50) eskuin muturrekoak, besteak beste, haren kontra bozkatu dute, eta botoen erdiak baino gehiago lortu dituzte —230 aulki ditu ganbera horrek—. Montenegrok iazko martxoaren 21ean hartu zuen kargua, eta AD Aliantza Demokratikoa koalizio kontserbadoreak gutxiengoan gobernatu du 78 diputaturekin; aurrerantzean behin-behinean jardungo du. Bere familiaren negozioei egotzitako irregulartasunek aurrean eraman dute Montenegro. Azkeneko hilabetean bi zentsura mozio gainditu ditu, eta errepikatu du konbentzituta dagoela ez duela deliturik egin, ez daukala dimititzeko arrazoirik, eta gertatutakoa «argitzeko» prest dagoela. Azalpen horiek guztiek, baina, ez dute oposizioa asetu. Ez dute ikerketarik abiarazi kasua argitzeko —zenbait hedabidek eman dute Montenegroren jardueren berri azkeneko asteotan—, baina Fiskaltzak jakinarazi du, jada, negozio horiekin loturiko Montenegroren kontrako «salaketa anonimo bat» aztertzen ari dela; Portugalgo Asanbleako batzorde bat ere auzia ikertzen hastekoa da. TVI telebista kateak azken astean egindako inkesta baten arabera, herritarren %55k uste dute Montenegrok ez duela zilegitasunik karguan jarraitzeko; eta %59aren iritziz, ez ditu behar beste azalpen eman. Joan den astean, Montenegrok bigarren aldiz zentsura mozio bat gainditu zuenean, Rebelo de Sousak hauteskunde posible batzuetarako datak ere aipatu zituen; maiatzaren 11ren eta 18aren artean Pedro Nuno Santos PSren idazkari nagusiaren ustez, konfiantza mozio batera deitu zuen Montenegrok aurreko ostegunean, ez zelako dimititzera ausartzen. Chegako lider Andre Venturarentzat, lehen ministroak bere senideen negozioez emandako azalpenak ez dira nahikoa hari sinesteko. Montenegrori leporatzen diote, finean, lehen ministro karguak eskatzen duen esklusibotasuna urratu duela, lehen ministro izanda ere aholkularitza enpresa baten jabe izaten jarraitu duelako. 2022an, zenbait urtez politikagintzatik aldenduta egon ondoren lehen lerrora itzuli zenean, enpresa horren akzioak bere emaztearen izenean jarri zituen. Ordea, egintza nulutzat jotzen da hori, senar-emazteen artean egin zutelako salerosketa, eta irabazpidezko ondasunen erregimenean daudelako. Horrekin lotuta, pasa den astean beren semeen izenean jarri zituzten akzio horiek. Eta, hain zuzen, joan den astean, Montenegrok bigarren aldiz zentsura mozio bat gainditu zuenean, Rebelo de Sousak balizko hauteskunde batzuetarako datak ere aipatu zituen; maiatzaren 11ren eta 18aren artean. Presidenteak erakutsi izan du krisi garaietan ez diola muzin egin bozkak aurreratzeari. Hori egin zuen 2021 amaieran, asanbleak atzera bota zuenean gobernuaren aurrekontu proposamena; baita iaz ere, Antonio Costa (PS) lehen ministroak dimisioa eman zuenenean (2015-2023) ikerketapean zegoelako.
Lehenengo saiakerak huts egin ondoren, ados jartzeko beste ahalegin bat egin dute AEBek eta Ukrainak. Eta oraingoan elkarrizketek eman dute fruitua: Ukraina prest agertu da Washingtonek proposatutako 30 eguneko menia akordioa onartzeko. Saudi Arabiako Jidda hirian bilera egin dute bi herrialde horietako ordezkaritzak, eta Ukrainan «bake iraunkorra» berrezartzeko «urrats garrantzitsuak» egin dituzte, bi ordezkaritzek sinatuta kaleratu duten oharraren arabera. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ohar bidez baieztatu du Kiev prest dagoela gerra fronte osoan zehar eta Itsaso Beltzean erabateko su etena ezartzeko. Orain AEBek Errusiari egingo diote proposamena. «Pilota haien teilatuan dago», esan du AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok bilkuraren ostean emandako prentsaurrekoan. Rubiok gehitu duenez, Ukraina prest dago gerra gelditzeko eta hitz egiten hasteko, eta orain Errusiak esan beharko du «bai edo ez». AEBetako Estatu idazkariak Moskuk proposamena onartzea espero du; hala «benetako negoziazioei» hasiera emateko. «[Errusiak] baietz esaten badio [menia proposamenari], urrats handia egingo dugu. Ezetz esaten badio, tamalez, orduan jakingo dugu bakea nork galarazten duen», zehaztu du Rubiok. Eta Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako aholkulari Mike Waltzek jakinarazi du «datozen egunetan» hitz egingo duela Kremlineko ordezkariekin. Ukrainak emandako «urrats positiboa» dela-eta, Donald Trump AEBetako presidenteak Kievi berriz ere laguntza militarra ematea erabaki du. Trump eta Zelenski otsailaren 28an bildu ziren, baina liskarra izan zuten, eta bertan behera utzi zuten bilera. Handik hiru egunera, Etxe Zuriak Ukrainarako laguntza militar guztia etetea erabaki zuen. Bada, gaurko bilkuraren ostean kaleratutako oharrean jakinarazi dute etenaldi hori bertan behera geratu dela. Zelenskik erabaki hori goraipatu du, eta eskerrak eman dizkio Trumpi. Behin su etena adostuta, Ukrainak «segurtasun bermeak» eduki nahi dituela adierazi du Zelenskik. Gaurko bilkuran, Kievek eta Washingtonek adostu dute ahal bezain laster ekingo dietela negoziazioei Ukrainan «luzera begirako segurtasuna» bermatu ahal izateko. Horretarako, baina, lehenik Errusia «konbentzitu» beharko dutela ohartarazi du Zelenskik. «[Errusiak] baietz esaten badio [menia proposamenari], urrats handia egingo dugu. Ezetz esaten badio, tamalez, orduan jakingo dugu bakea nork galarazten duen» MARCO RUBIO AEBetako Estatu idazkaria Espero zen, halaber, Ukrainak dituen mineralak eta beste baliabide natural batzuk ustiatzeko akordioaren inguruko erabakiren bat hartuko zutela. Trump eta Zelenski itun hori sinatzekoak ziren otsailaren 28an, baina bien arteko liskarra medio, ez zuten sinatu. Eta gaur ere ez dute akordioa sinatu; Rubioren arabera mineralen akordioa ez zen gaurko elkarrizketetako gaia. Halere, ituna «ahal bezain laster» egitea hitzartu dute. Zabaldu duten oharraren arabera, akordio horrek modua emango du Ukrainako ekonomia «indartzeko», AEBek emandako laguntzaren kostuak «konpentsatzeko», eta Ukrainan «luzerako bakea eta oparotasuna bermatzeko». Jiddan antolatutako hitzorduan, Ukrainako ordezkaritzako buru Andrii Yermakek, Atzerri ministro Andrii Sibigak, Defentsa ministro Rustem Umerovek eta Presidentetzako Bulegoko buru Pavlo Palisak osatu dute Kieven ordezkaritza. AEBetakoa, berriz, Rubiok, Waltzek eta Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek. Bi ordezkaritza horiek bildu baino lehen, Saudi Arabiako oinordeko printze Mohammed Bin Salman eta Zelenski elkartu dira bart, Jiddan. Gaur goizean kaleratutako ohar bateratuan, «bake akordio bat» adosteko negoziazioekin jarraitzeko eskatu dute. Gero, sare sozialen bidez, Zelenskik eskerrak eman dizkio Saudi Arabiari, Kievera laguntza humanitarioa bidaltzeagatik eta Ukrainako auziaren inguruko bilkurak egiteko topaleku gisa jarduteagatik. Duela hilabete inguru, Riaden elkartu ziren AEBetako eta Errusiako ordezkaritzak, bi herrialdeen arteko harremana «estutzeko». Europa Jiddako bilkurari adi egon da. Horren harira, Poloniako lehen ministro Donald Tuskek «aukera» hori alferrik ez galtzeko eskatu die Washingtoni eta Kievi, eta «zorte ona» opa die bi aldeei, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez. Bilkuraren ostean, «bakea» lortzen laguntzeko prest agertu da Tusk, eta X sare sozialean gehitu du orain AEBen esku dagoela Mosku konbentzitzea. Europako agintarien artean, Tusk da Ukrainaren alde gehien lerratu direnetako bat, eta horren erakusgarri da, besteak beste, Poloniak esportatzen dituela arma gehien Ukrainara. Halaber, Parisen bildu dira gaur 36 estatutako Estatu Nagusiak; hau da, herrialde bakoitzeko ordezkaritza militar gorenak. Horiek ere Ukrainako auzia izan dute hizpide; izan ere, Ukrainara «bakerako tropak» bidaltzeko asmoa duten herrialdeak elkartu dira, operazio horren inguruko «zehaztapen teknikoak» argitze aldera. Eliseoak jakinarazi duenez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak plan bat garatzen hastea proposatu du, Ukrainarentzako segurtasun berme «iraunkorrak eta sinesgarriak» lortzeko. Europarrak dira bildu diren Estatu Nagusi gehienak, baina bilera horretan izan dira Kanadakoa, Australiakoa eta Zeelanda Berrikoa ere. Ukrainaren erasoa Kiev eta Washington Ukrainako auziaren inguruan hitz egiteko bildu diren egunean bertan, «inoizko erasorik handiena» egin du Ukrainak Moskuren aurka. Errusiako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Ukrainak 337 drone jaurti ditu Errusian; horietatik 91 Mosku inguruan jaurti dituzte, eta hiru lagun hil dira, eta hemezortzi zauritu. Errusiako Kursk eskualdera ere jaurti dituzte droneak, 126, eta horien ondorioz gutxienez bost lagun hil dira. Gainera, hainbat ordurako itxi egin behar izan dituzte Errusiako hiriburuko lau aireportuak. Moskuko eraikin bat suntsituta, Ukrainaren erasoaren ondorioz, gaur. MAXIM SHIPENKOV / EFE Kieven arabera, gaurko erasoak Errusiari «presio» egiteko balio dezake, egiaztatzeko ea «benetan» parte hartu nahi duen akordio bat adosteko negoziazioetan. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek, ordea, egunero egin ohi duen prentsaurrekoan ohartarazi du Ukrainak drone bidez egindako «eraso masiboak» ondorio «kaltegarriak» izan ditzakeela «bake akordio bat» adosteko negoziazioetan. Jiddan gaur egiten ari diren bilkuraren inguruan galdetuta, Peskovek esan du Washingtonek han hitz egindakoen berri emango diela «hala dagokionean».
Hutsunea igartzen zuten, eta hutsunea bazegoela erakutsi du jendearen erantzunak. Aurten lehen aldiz, idazleentzako mentoretza programa bat abiatu du Euskal Idazleen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Idazle hasiberriek ez ezik, orain artean ohikoa izan ez duten generoren bat landu nahi duten idazle trebatuagoek ere izan dute deialdira aurkezteko aukera, eta berrogei eskari jaso dituzte guztira. Eta, hain zuzen ere, harrera hori da proiektuarekin asmatu duten froga nagusia, elkarteko kideen hitzetan. Proiektu horietako hiru hautatu ditu epaimahaiak, eta mentore bana ere hautatu dio haietako bakoitzari, lantzen ari den testuarekin lagun diezaion zortzi hilabetez. Erika Alonso Edesoren Sarraila poesia-liburu egitasmoa, Danel Lauzirika Erkiagaren Jai-alai eleberri beltz proiektua, eta Miren Artetxe Sarasolaren Pilar Villabona eleberri proiektua hautatu dituzte zehazki, eta ondorengo hiru mentore hauek aukeratu dizkiete: Irati Jimenezek egingo dio mentoretza Artetxeri, Asier Serranok Alonsori, eta Pako Aristik Lauzirikari. «Tamalez, autodidaktismo basati batean egiten da literatura guztia, eta, halere, egia da bizirik mantendu dela, baina ez dakigu ze prezio pagatzen dugun horregatik» IRATI JIMENEZ Idazlea Gaur egin dute iragarpena, Bilboko Euskararen Etxean, eta bertan izan da Jimenez bera ere. Mentoretza programaren alde hitz egin du idazleak. «Modu informalean halako gauzak gertatu egiten dira, baina programa honek formalizatu egiten du hori». Idaztea «ofizio bat» dela ere gehitu du, eta, hain zuzen ere, ikuspegi horretan laguntzen duelako txalotu du programa. «Tamalez, autodidaktismo basati batean egiten da literatura guztia», esan du Jimenezek, «eta, halere, egia da bizirik mantendu dela, baina ez dakigu ze prezio pagatzen dugun horregatik. Ez dakigu zenbat liburu ez diren idatzi horregatik; hasi ere ez batzuk, eta hasi bai baina bukatu ez beste batzuk. Ez dakigu zenbat geratu diren bidean, eta ez dakigu zenbat liburu izan zitezkeen diren baino hobeak. Baina zerbait galduko zen bidean, edertasunen bat eta botereren bat galduko genuen bide horretan». Erika Alonsok ere hartu du hitza aurkezpenean, eta, azaldu duenez, «betidanik» idatzi duen arren, orain artean inoiz ez dio idatzitako ezer erakutsi inori. «Poesia landu nahi nuke, hori delako niri gehien gustatzen zaidana. Asko daukat ikasteko oraindik, baina ondoan mentore bat jarrita, idazle bat jarrita, uste dut gauza politak atera daitezkeela. Idazketa prozesu horretan ez gara hain bakarrik sentituko». «Ondoan mentore bat jarrita, idazle bat jarrita, uste dut gauza politak atera daitezkeela. Idazketa prozesu horretan ez gara hain bakarrik sentituko» ERIKA ALONSO Idazlea Esker oneko azaldu da Danel Lauzirika. «Jauzia emateko behar nuen aitzakia izan da programa hau». Aspaldi zuen buruan nobela idazteko proiektua, eta dokumentazio lana ere hasia du jadanik. «Erronka ederra iruditu zitzaidan hau, neure buruari diziplina jarri ahal izateko». Sorpresa Jasotako proiektu kopuruak harritu egin ditu Euskal Idazleen Elkarteko ordezkariak. Mikel Ayllon idazle eta Euskal Idazleen Elkarteko kideak onartu du hori. «Bagenekien bazegoela behar bat eta proiektuak bazeukala oinarri bat, jendeak hala helarazi zigulako, baina ez genekien horrenbeste proiektu jasoko genituenik. Argi eta garbi, proiektu honek behar bati erantzuten dio». «Bagenekien bazegoela behar bat eta proiektuak bazeukala oinarri bat, jendeak hala helarazi zigulako, baina ez genekien horrenbeste proiektu jasoko genituenik» MIKEL AYLLON Euskal Idazleen Elkarteko kidea Proiektu «oso interesgarriak» jaso dituztela ere esan du Ayllonek, eta «zaila» izan dela hiru bakarrik hautatzea. Edozein generotako proiektuak aurkez zitezkeen deialdira, baina, elkarteko kideek esan dutenez, narratiba alorrekoak izan dira jasotako proiektuetako gehienak. Baina izan dira saiakerak, biografiak, ipuin bildumak, poesia liburuak, antzezlanak eta album ilustratuak sortzeko proiektuak ere. Eta, Ayllonek azaldu duenez, besteak beste, proiektu horien «egingarritasun maila» izan da hautaketa egiteko kontuan hartu dituzten parametroetako bat. [articles:2136043] Guztira, 18 bazkide azaldu ziren mentore lanak egiteko prest, eta haien artean ere hautaketa egin behar izan dute elkarteko kideek. Proiektu bana aurkeztu du mentoregai horietako bakoitzak horretarako, eta aukeratutako proiektuarekin bat egin zezaketenak hautatu dituzte. Jasotako erantzunarekin «oso pozik» daudela esan du Garazi Albizua idazle eta Euskal Idazleen Elkarteko kideak ere, eta aurten bertan bigarren deialdia egiteko asmoa dutela iragarri du.
Hezkuntza publikoko irakasle zein sukalde eta garbiketako kolektiboek martxoaren 25ean, 26an eta 27an eta apirilaren 1ean eta 2an egingo dituzte lanuzteak.
2024ko errenta kanpaina apirilaren 10ean hasiko da Bizkaian. Ekainaren 30era arte egin ahalko dute zergadunek errenta aitorpena Bizkaian. Hiru bide izango dituzte horretarako: aurrez aurre, telefonoz edo webgunearen bitartez.
Siriako kurduen menpeko instituzio guztiak estatuko egituretan integratzea hitzartu dute gaur SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak eta herrialdeko behin-behineko gobernuak; baita bi aldeen arteko borrokak amaitzea ere. Hala adostu dute Siriako behin-behineko presidente Ahmed al-Xaraak eta SDF koalizioko komandante Mazlum Abdik, gaur sinatutako hitzarmenean. SDF batik bat miliziano kurduek osatzen dute, eta Siriako ekialdeko zein ipar-ekialdeko eremu zabal bat du kontrolpean; orain, Siriako Gobernuaren esku geratzea hitzartu dute. Abendutik HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak gidatzen du gobernua, Baxar al-Assad Siriako presidente ohiaren (2000-2024) gobernua erorarazi zuenetik. Al-Xaraak eta Abdik sinatu duten dokumentuaren arabera, estatuaren egituretan integratuko dira ipar-ekialdeko instituzio zibil eta militar guztiak; tartean, muga postuak, aireportua, eta petrolio eta gas hobiak geratuko dira estatuaren esku. Gainera, akordioaren arabera, Siriako herritar guztiek prozesu politikoetan parte hartzeko aukera izango dute, euren erlijioa zein etnia dena delakoa ere. Eta nabarmendu dute kurduek Siriako Estatuko «komunitate indigena» bat osatzen dutela, eta estatuak bermatuko dizkiela beren herritartasun eskubideak zein herrialdeko konstituzioak esleitzen dizkienak. HTS, SNA eta SDFren kontrolpeko lurrak, urtarrilean. BERRIA Era berean, SDFk eta Siriako behin-behineko gobernuak su etena hitzartu dute, «Siriako lurralde guztietarako». Akordioa urte bukaerarako gauzatzeko borondatea agertu dute bi aldeek. Egun gobernuan dagoen HTS taldeak Al-Qaedarekin lotura zeukan Al-Nusra Frontean du jatorria; 2011. urtean hasitako Siriako gerran elkarren aurka aritu izan dira borrokan SDF eta muturreko islamistak. Orain, menia sinatu dute. Halere, Sirian badaude beste milizia batzuk ere; hala nola Turkiak babestutako talde armatuak —gaur egun SNA Siriako Armada Nazionala da garrantzitsuena—. SNAren eta SDFren arteko borrokak gogortu egin ziren Al-Assad boteretik kendu ostean. Gatazka horien ondorioz desplazatutako siriar guztiak herrialdera itzuli ahal izatea ere adostu dute behin-behineko gobernuak eta SDFk; gainera agintari berriek konpromisoa hartu dute etxera itzultzen diren siriarrak babesteko. Ikusteko dago Afrindik eta beste herri batzuetatik ihes egindako kurduek itzultzeko akordioa ere nola gauzatuko den. Bestalde, gaur sinatutako akordioaren arabera, SDFk baztertu egin beharko du Siriako gizartean «banaketa» eragin dezaken ekimen oro. Gainera, gehiengo kurdua duen miliziak konpromisoa hartu du estatuari laguntza emateko «Al-Assaden erregimenaren hondarren» aurkako borrokan; baita herrialdeko «batasunarentzako eta osotasunarentzako mehatxu» izan daitekeen edozeren aurrean ere. Mazlum Abdik, akordioa sinatu ondoren, sare sozialetan esan du, «garai kritiko hauetan», elkarrekin lanean ari direla, «herritarren justizia eta egonkortasun nahiak» asetzeko. «Siriar guztien» eskubideak eta haien bake nahia bermatu nahi dutela, eta akordioak «Siria berri bat» eraikitzeko oinarria jarriko duela espero duela erantsi du. SDFren bozeramaile Farhad Shamik, berriz, jakinarazi du AEBen bitartekaritzarekin egin dutela akordioa, eta argitu nahi izan du akordioak ez duela esan nahi gobernuaren indarrak sartuko direla haien esku dagoen lurralde eremuan, nahiz eta mugen kontrolaz bai arduratuko direla zehaztu duten. «Aurreakordioak dira, eta batzordeek jarraituko dute lanean, argitzeko». Erantsi du akordio horrek geldiarazi egin beharko lituzkeela Turkiaren erasoak Siriako kurduen kontra. Ia 1.000 zibil, erailak Hain zuzen, gaur jakinarazi du Damaskok Al-Assaden jarraitzaileen aurkako operazioa bukatu duela. Azken bost egunetan Latakia eta Tartus eskualdeetan presidente ohiaren jarraitzaileen aurka aurrera eraman du operazio militar bat HTSk gidatutako gobernuak. Siriako behin-behineko gobernuko Defentsa Ministerioak iragarri du eten egin duela operazio hori. Kaleratutako oharraren arabera, behin «helburu guztiak» bete ondoren hartu du erabakia. Al-Xaraak berak Reuters agentziari emandako elkarrizketa batean adierazi du zigortu egingo dituztela hilketen egileak. Giza Eskubideen Siriako Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak —Erresuma Batuan du egoitza— atzo gauean esan zuen jihadista suniten talde batzuek ia 1.000 zibil hil dituztela herrialdearen mendebaldean. Batez ere musulman alauiak hil dituzte; hain zuzen, musulman xiiten adar horretakoa da Al-Assad beraren familia.
Hasi dira epaitzen hamar urtez adingabeei sexu erasoak egiteaz akusatutako surf irakaslea. Hondarribiko (Gipuzkoa) surf eskola batean aritzen zen, eta 2011tik 2021era 11 adingaberi sexu erasoak egitea leporatzen diote —denek 16 urte edo gutxiago zituzten erasoak gertatu zirenean—, eta gaur hasi da haren aurkako epaiketa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko hirugarren aretoan, biktimen lekukotza eta guzti. Irakaslea 2021eko abuztuan atxilotu zuten, eta orain arte kartzelan egon da. Surf eta skate irakaslea zela gertatu ziren salatutako erasoak. Sexu erasoengatik ez ezik, haurren sexu esplotazioa erakusten duen materiala edukitzeagatik dago auzipetuta gizona. Horiek horrela, fiskaltzak, guztira, 86 urteko zigorra eskatu du: 85 urtekoa sexu erasoengatik, eta urtebetekoa irudiengatik. EFE berri agentziak jakinarazi duenez, bestalde, akusazio partikularretako batek zigor gogorragoa eskatu du: 290 urte inguru, zigor guztiak batuta. 11 biktimetatik hamar ordezkatzen ditu akusazio horrek. Defentsak, azkenik, akusatua absolbitzeko eskatu du. Froga berriak Akusatua ez da biktimen gela berean egon, eta epaiketa ateak itxita egin dute. Auzitegiak ohar bidez azaldu duenez, epaiketa publikoki ez egitea erabaki dute, biktimen «intimitaterako eskubidea ez urratzeko eta ez birbiktimizatzeko». Epaiketaren lehen saioan, froga berri bat aurkeztu du defentsak, eta beste bat akusazioetako batek. Defentsak argudiatu du akusatua substantzia toxikoen mendekotasunetik ateratzen ari dela, eta hori frogatuko lukeen txosten bat aurkeztu du. Froga hori atzera botatzeko eskatu dute akusazioek, txostena 2022koa delako, eta aurretik ere denbora izan duelako defentsak hura aurkezteko. Akusazioetako batek, berriz, biktimetako baten txosten psikologikoa aurkeztu du. Bi froga berriak, hala defentsarena nola akusazioarena, onartu egin ditu Jone Unanue magistratuak. Adingabe guztiek ez dute hitz egin oraindik, eta, auzitegiak aurreikusten duenaren arabera, asteazkenera arte edo ostegunera arte luzatuko dira lekukotzak. Hori dela eta, epaiketa martxoaren 21era arte luzatuko da, ezustekorik ezean. Surf eta skate irakaslea izango da hitz egiten azkena.