Petroliontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute Ipar…
Petroliontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute gaur goizean, Ipar Itsasoan, Yorkshireko kostaldetik hurbil (Britainia Handia). Tripulazioetako kide guztiek itsasontzietatik irtetea lortu dutela jakinarazi du Salbaontzien Errege Erakunde Nazionalak; eta horietatik bat hospitalera eraman dutela zehaztu du Graham Stuart Alderdi Kontserbadoreko diputatuak. Gaineratu du «kezkatuta» dagoela istripuak eragin dezakeen kalte ekologikoa dela eta. Izan ere, petroliontziaren jabeak, Crowley logistika enpresa estatubatuarrak, ohar batean baieztatu du itsasontziak erregaia garraiatzen zuela, eta itsasora isuri dela. Gainera, Erresuma Batuko hedabideen arabera, zamaontziak sodio zianuroa zeraman, gai kimiko toxiko bat. Grimsby eta Hull hirietatik hurbil gertatu da bi ontzien arteko istripua, Humber estuarioan, Ingalaterrako ekialdeko kostaldean. Naturagune babestua da Humber estuarioa, batez ere bertan bizi diren itsas hegaztiengatik. Horregatik, talde ekologistek kezka agertu dute. Greenpeaceko Erresuma Batuko bozeramaileak BBC telebista kateari adierazi dio «goizegi» dela kalteak zenbatekoak izango diren jakiteko. Istripuaren ostean bi itsasontziek su hartu dute, eta BBCk zabaldu dituen irudietan ke beltzak inguratuta ageri dira bi ontziak. Petroliontziak AEBetako bandera du, eta zamaontziak, Portugalgoa. Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen istripua. Petroliontziak Stena Bulk Suediako enpresarentzat egiten du lan, eta enpresa horretako zuzendari nagusi Erik Hanellek BBCri esan dio «goizegi» dela ezbeharraren arrazoien inguruan «espekulazioak» egiteko. Halere, Crowley enpresaren arabera, zamaontziak jo du petroliontzia.