Gastu militarra areagotzearen alde agertu dira Europako agintariak
Europaren «berrarmatzea» izan dute gaur mintzagai Bruselan EBko estatu kideetako liderrek, asteon Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak defentsako gastua handitzeko 800.000 milioi euro mobilizatzea proposatu eta gero. Argi mintzatu zaizkie kazetariei Europako agintariak bilera sorta hasi aurretik: prest daude gastu militarra areagotzeko. Eta amaitutakoan kaleratu duten oharrak ildo beretik jo du: «Europak subiranoagoa izan behar du, eta bere defentsarako arduratsuagoa. Hobeto hornitu behar da berehalako eta etorkizuneko erronka eta mehatxuei autonomiaz ekiteko eta aurre egiteko». Europar Kontseilua bildu da Von der Leyenen planari oniritzia emateko, eta EB Europako Batasuneko 27 kideek aho batez onartu dute. Ez da ezustekorik izan, bildu aurretik EBko herrialdeetako agintariek argi utzi baitute proposatutakoaren alde zeudela. Poloniako lehen ministro Donald Tusk izan da gastu militarra areagotzearen alde sutsuki agertu diren agintarietako bat. «Europak denbora asko galdu du, baina dena alda daiteke gaur. Errusiaren aurkako armamentu lasterketa berrabiarazi behar dugu», esan die kazetariei Tuskek. Hala ere, Poloniako gobernuburuak argi utzi nahi izan du lasterketa hori Errusiak abiarazi duela; baina «Europa prest dago aurre egiteko». Lasterketa hori gatazka «are gehiago ez gaiztotzeko era bakarra» dela azpimarratu du. Armamentu lasterketaren arrazoi nagusia Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra da, EBko agintari gehienen ustez, mehatxu bat baita klubeko herrialdeen segurtasunerako. Horiek horrela, Ukraina babesten jarraitzearen garrantziaz mintzatu dira gaur —are gehiago AEB Ameriketako Estatu Batuek Kievi ematen dioten laguntza zalantzan jarri duten honetan—. Ukrainako presidente Volodimir Zelenski ere Bruselan egon da, Europako agintariekin mintzatzeko, eta Europar Kontseilua hasi aurretik egin du alde. Izandako bileretatik «pozik» atera dela jakinarazi du Ukrainako estatuburuak, sare sozialetan argitaratutako mezu batean. Bake akordio baten inguruan mintzatu da Zelenski mezuan: «Ukrainako herritarrek bakea nahi dugu, baina ez edozeren truke. Ez dugu Ukraina trukean emango». Asteartean «su eten partzial» bat eskaini zion Zelenskik Errusiako presidente Vladimir Putini. Hark begi onez ikusi zuen proposamena. Zelenskik gaineratu zuen bakerako negoziazioetan emango duten pauso oro Europako agintariei jakinaraziko diela. «Europari eragiten dion edozeren inguruan izan behar du ahotsa Europak», azpimarratu du presidenteak, AEBetako presidente Donald Trump Ukraina eta EB gabe Errusiarekin bake akordio bat negoziatzen aritzeari aipamen eginez. AEBen Ukrainarako mandatari berezi Steve Witkoffek gaur iragarri du, bestalde, Ukrainako eta AEBetako ordezkaritza bana bilduko direla datorren asteartean, Saudi Arabiako hiriburuan. Prentsaurreko batean adierazi duenez, bileraren helburuak dira «bake akordiorako oinarriak ezartzea eta su eten bat lortzea». Otsailaren 18an, AEBetako ordezkaritza bat Moskuk bidalitako beste batekin bildu zen Riaden. Bilera horretan, harremanak «hobetu» eta «bake akordio baten alde lan egitea» erabaki zuten. Europak gastu militarra handitzearen inguruan ere solastatu da Zelenski. Begi onez ikusi du Europaren erabakia, eta esan du espero duela etorkizunean EBko herrialdeek erosiko dituzten armetako hainbat Ukrainan egindakoak izatea. Eta Europak Ukrainarako laguntza handituko duela iragarri du. Norvegiak, esaterako, 2024arekin alderatuta aurten laguntza bikoiztuko duela jakinarazi du herrialdeko lehen ministroak. Jonac Gahrek iragarri duenez, Kievi emandako laguntza 3.000 milioi eurotik 7.200 milioi eurora igaroko da aurten. Macronen «mehatxua» Europaren ildo militaristak zeresana eman du azken egunetan, EBko agintariek pausoak eman baitituzte horren harira. Emmanuel Macron Frantziako presidentea prest agertu da herrialdeko armamentu nuklearra Europako aliatuekin partekatzeko, «Errusiatik eta AEBetatik babesteko». Proposamen hori jarri zuen mahai gainean atzo gauean, EB Europako Batasuneko estatuburuen eta gobernuburuen bileraren bezperan. Telebista bidez zabaldutako hitzaldi batean azpimarratu zuen Europak bere burua babestu behar duela «Errusiaren mehatxuaren» eta AEBk Europako segurtasuna bermatzeko azaldutako «zalantzen» aurrean. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur agerraldi batean azpimarratu duenez, Frantziako presidentearen planteamendua «mehatxua» da Errusiarentzat. Bide horretan, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du egunero eman ohi duen prentsaurrekoan Frantziak «gerrari» eutsi nahi diola. «Hori ematen du». Macronek, bestalde, azpimarratu zuen Ukrainakoa «mundu mailako gatazka» bat dela eta ezin dela jakin Errusiaren benetako helburuak zein diren. «Ezin gara Errusiaz fidatu. Ukrainak bakea eta segurtasuna izateko eskubidea du». Mosku ere berrarmatzen ari dela ziurtatu du. «Nork sinistuko du Errusia Ukrainarekin konformatuko dela?». Horren harira, Lavrovek egotzi dio Macroni «akusazio ergelak» egitea. «Errusia Frantziaren eta Europaren aurkako gerra bat prestatzen ari dela… Putinek askotan esan du zentzurik ez duen tontakeria bat dela hori». Frantziako presidentearen ustez, EBren zeregina da «bake sendo, iraunkor eta egiaztagarri baterako plan bat» egitea Kievekin, haren iritzian Ukrainaren etorkizuna Europarena ere badelako. «Europaren etorkizuna ezin da Washingtonen edo Moskun erabaki. Mehatxua ekialdetik dator; jada ez da existitzen Berlingo Harresia erori [1989] ondorengo egonkortasuna». Gutxienez lau hildako Ukraina erdialdean Errusiak Ukraina erdialdeko Krivi Rig hiriko hotel bat bonbardatu du goizaldean, eta eraso horretan gutxienez lau pertsona hil dira, eta 30 inguru zauritu. Datu hori eman du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan; hain zuzen, haren jaioterria da hiri hori; Errusiak hainbatetan eraso egin dio airez azkeneko hiru urteotan, nahiz eta fronteetatik urrun egon. Zelenskik salatu du herrialdean laguntza humanitarioa ematen ari diren «AEBetako eta Erresuma Batuko boluntario batzuk» hotel horretan zeudela, eta onik atera direla misil batek hura jo baino apur bat lehenago atera direlako eraikinetik.