Ostegunean ziren banatzekoak aurtengo Gaztea sariak, Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldia, baina, bertan behera utzi du zuzendaritzak, Gaztea irratiko langileek greba egingo dutelako. Sare sozialetan eman dute horren berri langileek eurek, sortu duten Instagrameko desGastea izeneko kontu berrian. Langileek salatu dutenez, Gaztea eta EITB Musikako langileen kategoria profesionalak ez ditu euren egunerokotasuneko eginbeharrak aitortzen. «Urteak daramatzagu gure egoeraren birplanteaketa eta gure lan kargak eta ardurek exijitzen duten kategoria eskatzen», gogoratu dute. View this post on Instagram A post shared by desGastea (@desgastea) Zuzendaritzaren «erabateko isiltasuna» kritikatu dute. Beharginen arabera, zuzendaritzak ez dio lan baldintzen auziari heldu nahi, eta ez du egoera eztabaidatzeko «inolako aurrerapausorik» eman. Hori dela eta, langileek grebara jotzea erabaki dute. «Enpresak nahiago izan du Gaztea Sariak ekitaldia bertan behera utzi (horrek sortutako albo kalte ekonomiko eta sozial guztiekin), arazoari irtenbide bat eman beharrean», ohartarazi dute. Eskaera argia egin dute langileek: amai dadila «Gaztea eta EITB Musikako lantaldeak jasaten duen prekaritatea eta diskriminazioa».
AEBetako presidente Donald Trumpek dagoeneko badauka plan bat Israelek Gazaren aurkako erasoaldia amaitzen duenerako: han bizi diren bi milioi pasatxo palestinarrak beren sorterritik ateratzea, eta zerrenda «Ekialde Hurbileko Riviera bat» bihurtzea. Arabiar Ligako kide diren herrialdeek Etxe Zuriko maizterrak horrelakorik egitea eragotzi nahi dute, ordea, eta horretarako bildu dira gaur Kairon (Egipto); Trumpen asmoaren aurrean «jarrera bateratu bat» adosteko, eta zerrendaren etorkizunerako beste plan bat ontzeko, alegia. Eta bat etorri dira: Egiptok Gaza berreraikitzeko eginiko proposamena ontzat eman dute Arabiar Ligako herrialdeek. Dokumentuak 112 orri ditu, eta ez ditu barne hartzen «giltzarri» izango diren hainbat erabaki; adibidez, zer gertatuko den Hamasekin eta han jarduten duten gainontzeko milizia palestinarrekin. Egiptok ondutako planak proposatzen du nazioarteko behin-behineko misio batek gobernatzea zerrendan, zehaztu gabeko epe batez. Talde horrek bermatu beharko luke Gazan laguntza humanitarioa sartzea, eta zerrenda berreraikitzeko hasierako kudeaketen ardura izango luke. Planean zehaztu dute, hori bai, Gaza berreraikitzeak 50.400 milioi euroko kostua izango lukeela, eta hiru fasetan egingo luketela: lehenbizi, hondakinak garbitu eta aldi baterako etxebizitzak eraikiko lituzkete; ondoren, bi urteren epean 200.000 etxebizitza eraikiko lituzkete; eta, azkenik, hurrengo bi urte eta erdietan beste 200.000 etxebizitza eta aireportu bat eraikiko lituzkete. Gainera, adimen artifizialarekin egindako hainbat irudi gehitu dituzte: ongi zaindutako belardiak, etxe koloretsuak eta hondartza aurrean eraikitako hotelak agertzen dira, besteak beste. Trumpek iragarritako asmoei dagokienez, aho batez gaitzetsi dituzte. Etxe Zuriko maizterrak otsailaren 5ean plan hori aurkeztu zuenean ere, herrialde arabiarren kritikak jaso zituen; haien arabera, gazatarren lekualdatze masiboa «segurtasun mehatxu handi bat» litzateke inguruko herrialdeentzat, eta desplazatutako palestinarrentzat. Arabiar Ligako kideek jada eman diote baiezkoa plan horri; orain, proposamen horixe bera «atzerriko zenbait herrialderi» aurkeztekoak dira, haien oniritzia eta laguntza ekonomikoa bermatu ahal izateko. Are gehiago, Arabiar Ligak uste du beharrezkoa dela epe laburrean nazioarteko konferentzia bat egitea, Gaza berreraikitzeko finantzaketa arabiarra zein nazioartekoa bultzatzeko. Ikusteko dago nazioarteak zer-nolako erantzuna ematen dion Arabiar Ligan onartutako proposamenari. Trumpen marra gorria Hamasek Gaza gobernatzea litzateke, horren inguruan galdetuta Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaile Brian Hughesek gaur esan duenez. Halere, Etxe Zuriko maizterra prest legoke herrialde arabiarren ikuspuntua «aintzat hartzeko». Hamasen ezezkoa Erabakia jakinarazi aurretik, Palestinako erakunde islamikoak ez zeukan Egiptok ondutako proposamenaren berririk, Hamaseko kide Sami Abu Zuhrik hainbat berri agentziari adierazi dienez. Halere, argi utzi du Hamasen iritzia bestelakoa dela: «Palestinarrek soilik erabaki dezakete Gazaren etorkizunaren inguruan». Haren arabera, erakunde palestinar horrek ez du «inola ere» onartuko ez atzerriko tropen presentziarik, ez atzerriko gobernurik; eta marra gorritzat jarri du taldeari armak uzteko eta desegiteko eskatzea. Larunbatean bukatu zen Israelek eta Hamasek Gazarako adostutako meniaren lehenengo fasea. Akordioaren arabera, igandean zen bigarren fasea hastekoa, baina azken asteetan izan diren ika-miken eta desadostasunen ondorioz, blokeatuta daude bigarren faserako baldintzak zehazteko negoziazioak. Berez, bigarren fasean Israelek bere tropak atera behar lituzke Rafahko pasabidetik; Tel Avivek, ordea, joan den astean esan zuen ez duela hori egiteko asmorik. Horren ordez, AEBekin adostutako proposamen bat egin dio milizia palestinarrari: musulmanen ramadanak irauten duen bitartean, 42 egunez, tregoaren lehenengo fasea luzatzea. Palestinako erakunde islamistak, baina, esan du ez duela horrelakorik onartuko, eta urtarrilaren 19an hasitako menia «errespetatzeko» exijitu dio Israeli. Erasoak Jeninen Horrez gain, Israelgo armadak Isser Saadi hil du gaur, Hamasek Jeninen duen burua, miliziak berretsi duenez. Tel Aviv urtarrilaren 21etik ari da Zisjordania okupatuaren iparraldeko hiri horri eraso egiten. Eremuko iturriak aipatuta berri agentziek argitaratu dutenez, Israelgo armadak saiakera ugari eginak zituen lehenago Saadi hiltzeko. Israel Jeningo hainbat kanpalekuri ari da eraso egiten, hango milizien aurkako operazioan. Hala ere, Jenindik 20.000 herritar inguru desplazatu dira erasoak hasi zituztenetik, Wafa berri agentziaren arabera. Gutxienez 57 lagun hil dira Jeninen erasoaldiari ekin ziotenetik, NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez.
Duela hiru urte Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik, AEB Ameriketako Estatu Batuek laguntza militar anitz eman diote Kievi. AEBetako presidenteak, baina, laguntza hori etetea erabaki du gaur. Orain arte misilak, tankeak eta aireko defentsak eman dizkio Washingtonek, denak Joe Biden AEBetako presidente ohiak (2021-2025) onartutakoak. Aireko defentsa Errusiaren aire bidezko erasoei aurre egiteko, AEBek punta-puntako aireko defentsarako materiala bidali diote Ukrainari: lurretik airerako Patriot misilentzako hiru bateria, hamabi NASAMS, Hawk sistemako zenbait misil eta haientzako munizioa, eta airekoen aurkako 3.000 Stinger misil, besteak beste. Horrez gain, aire eremurako 21 zaintza radar ere eman dizkiote. Misilak eta morteroak Washingtonek 155 milimetroko berrehun obus baino gehiago bidali ditu, eta hiru milioi jaurtigai; baita 105 milimetroko 72 obus ere, eta milioi bat jaurtigai. Halaber, 700.000 mortero baino gehiago bidali dizkio Kievi. Bestalde, tankeen aurkako 20.000 misil eta ibilgailuen aurkako 120.000 arma ere bidali ditu; eta arma txikientzako 500 milioi jaurtigai baino gehiago eta hainbat granada. Tankeak eta gerra hegazkinak Pentagonoak behin baino gehiagotan baztertu du bere gerra hegazkinak Ukrainara bidaltzea; Bidenen administrazioak, ordea, hogei gerra hegazkin bidaltzeko agindua eman zuen, baita hainbat drone mota ere. Lehorreko ekipamenduari dagokionez, AEBek 31 Abrams tanke —Washingtonek dituen tanke motarik aurreratuenak dira— eman dizkio Ukrainari 2023ko urtarrilaz geroztik, baita 45 T-72B tanke ere. Bestalde, borrokarako 300 ibilgailu ere bidali dituzte, 1.300 ibilgailu eta 300 anbulantzia blindatu, eta 5.000 ibilgailu militar baino gehiago. Bestelakoak Lehorreko eta aireko defentsarako eta erasorako ekipamendu militarra ez ezik, kosta zaintzeko ekipamendua eta bestelako tresnak ere bidali dituzte AEBek, hala nola ehun gerraontzi, ilunpetan ikusi ahal izateko betaurrekoak eta satelite bidezko komunikaziorako sistemak.
1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko egun berezia da gaurkoa Gasteizen. Duela 49 urte, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzarra egiten ari ziren langileen aurka modu basatian oldartu zen Polizia Armatua. Tiroka sartu ziren, eta bost langile hil eta ehunka lagun zauritu zituzten. Aurtengo urteurrenean, San Frantzisko eliza memoria gune izendatu dute ofizialki, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu baita. Memoria osatzeko beste urrats bat izan zela aitortu zuten Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek, baina gogorarazi dute oraindik bide luzea geratzen dela egia, justizia eta erreparazioa lortzeko. Eta erakundeei gogorarazi diete «premiazkoa» dela behar diren neurriak hartzea biktimek eskubide guztiak bermatuak izan ditzaten. «1976ko sarraskia gogoratu, erantzuleen inpunitatea salatu eta biktimen eskubideak aldarrikatu behar ditugu», nabarmendu du Leire Manzanosek, Martxoak 3 elkartearen izenean, hildakoen omenez Zaramaga auzoko oroitarrian atzo arratsaldean egindako ekitaldian. Eta gogorarazi du gertatutakoaren memoria «bizi-bizirik» dagoela Gasteizen: «Ez ditugu ahazteko ez sarraskiaren biktimak eta ez krimenaren erantzuleak». Izan ere, gogorarazi dute Espainiaren zigorgabetasun ereduak bere horretan segitzen duela, Francisco Franco diktadorea «ohean» hil zela 50 urte pasatu badira ere. «Hemen ondo dakigu frankismoa ez zela egun hartan amaitu; diktaduraren erreforma ez zen izan ez baketsua, ez eredugarria». 1976ko sarraskiak ongi erakusten dute hori, hain justu ere, martxoaren 3ko hilketak «errepresio sistema baten izozmendiaren punta» baino ez baitziren izan, adierazi dutenez. Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek Zaramaga auzoko oroitarrian egin zieten omenaldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU «Espainiaren zigorgabetasun ereduak hamarkadak daramatza estatuaren indarkeriaren milaka biktima diskriminatzen», salatu dute. Horregatik, biktima horientzako ere egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute beste behin. «Horiek gabe, hemen ez dago demokraziarik ospatzerik». Eta erakundeei neurriak hartzeko eskatu diete, biktima guztien eskubideak bermatzeko eta haien «diskriminazio jasanezina» amaitzeko. Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek gorazarre egin diete Romualdo Barrosori, Francisco Aznarri, Pedro Martinez Ociori, Jose Castillori eta Bienvenido Peredari, haien omenez jarritako oroitarrian. Aurreskua dantzatu diete, eta lore eskaintza egin. Ehunka lagunek «herriak ez du barkatuko» oihukatu duten bitartean. «Gure omenaldirik onena gaur eta hemen justizia sozialaren alde borrokatzen jarraitzea dela aldarrikatu nahi dugu», azpimarratu dute. Eta gogoan izan dituzte, halaber, sarraski hura salatzeko Bartzelonan eta Basaurin (Bizkaia) hildakoak ere. Zaramaga auzoko plaza esanguratsua oroimenerako eta aldarrikapenerako topaleku bilakatu baita egun osoz. Plazatik bertatik abiatuta manifestazioa egin dute iluntzean, Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu lelopean. Milaka pertsonak hartu dituzte Gasteiz erdiguneko kaleak. Katedral Berrian amaitu dute protesta, 1976ko hileta jendetsuak gogoan hartuta. Bide horretan, Gasteiz etorbidea ere zeharkatu dute; Martxoaren 3ko memoriaren mapan «esanahi handiko» tokia da hura ere, gogorarazi dutenez, «egun hartako errepresioaren lekuko» izan baitzen. «Jeneralisimoaren etorbidea» deitzen zen orduan. «Goizetik Polizia armatua gogor oldartu zen inguru horretan, Los Angeles elizan deituta zegoen batzar batera joan besterik egin nahi ez zuten oinezkoak eta langileak joz eta tirokatuz». Memoria gune Goizean, berriz, hildako langileak omentzeko egiten diren lore eskaintzetan izan da Fernando Martinez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoaren estatu idazkaria, Maider Etxeberria Gasteizko alkatearekin eta Marisol Garmendia EAEko ordezkariarekin batera. Martinezek ere loreak eskaini dizkie, eta pozgarritzat jo du eliza eta 1976ko martxoaren 3ko «gertaera lazgarriak» memoria gune izendatu izana. Martxoaren 3ko sarraskiaren 49. urteurrenaIkus-entzunezkoen lantaldea Martinezek gehitu du pauso horrekin «ahaztezin» bihurtu dela eliza «Gasteizko, Euskadiko eta Espainiako langileentzat». Haren esanetan, «langileen ongizatea eta baldintzak hobetzeko borroka legitimoaren sinbolo dira gertakari lazgarri horiek». Gogoan hartu du eliza hura eremu sozial bat zela, eta bertan biltzen zirela modu iraunkorrean langileak, hilabete haietako grebak antolatzeko. Aldi berean, Martinezek uste du «diktadorearen heriotzaren ondotik oraindik praktika horiek zituzten polizien jazarpenaren sinbolo ere» badela. «Diktaduraren zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren erreferente bat da, une hartan ez baitzegoen eskubide politikorik eta sindikalik, eta langileek eliza hura erabiltzen baitzuten elkarrekin euren aspirazio eta borrokei buruz aritzeko». Eusko Jaurlaritzaren izenean Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak eta Ibone Bengoetxea Otaolea lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak egin dute lore eskaintza. San Josek gogoratu du lan eskubideak defendatzen ari zirela hildako bost langileak. «Gizartea duintzeko» egin zuten lana eskertu du, eta gogoratu du «gaurko gizarte demokratikoa eraikitzen hil zirela». Arabako EAJren ordezkaritza zabal bat ere izan da Zaramagan, eta lore eskaintza egin dute Martxoaren 3ko oroitarrian. Jone Berriozabal Araba Buru Batzarreko presidentea buru, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, eta udaleko eta batzar nagusietako EAJren hautetsiak egon dira. Berriozabalek «memoria, justizia eta erreparazioa» eskatu ditu biktimentzat, eta baita gertatutakoa berriro gerta ez dadin bermatzea ere. Gogoratu du oroimenezkoa martxan jartzeko urratsak egin direla jada, eta dena ongi bidean datorren urterako martxan egotea espero dutela. Otegi: «Lotuta geratu zena askatu behar da» Bestalde, EH Bilduk ekitaldi jendetsua egin du San Frantzisko elizaren ondoan, eta Arnaldo Otegi idazkari nagusiak hitza hartu du. Duela 49 urte Poliziak hildako bost langileen argazkiak oholtza gainean zirela mintzatu da Otegi, eta senideen aurrean. Bost langileen memoria aldarrikatu du, eta Martxoaren 3ko borrokaren bidez langileriak lortutako eskubideak gogora ekarri. «Gaur egun ez genuke eskubiderik izango herrien eta langile mugimenduaren borrokarik gabe». Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia, gaur, Martxoaren 3ko biktimen aldeko ekitaldian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU «Gaur 49 urte bete dira Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik, eta aurten 50 dira Francisco Franco hil zela, baina frankismoak hor dirau», adierazi du Otegik, eta orduko «irakaspenak» ez ahazteko deia egin. Izan ere, haren ustez, gaur ere «bi pultsu daude jokoan», langile klasearena eta nazionala, eta korapilo bi horiek askatzeko lanean jarraitzea funtsezkoa da. «Trantsizioa ez zen demokratikoa izan, eta orduan lotuta geratu zena askatzea falta dugu», ohartarazi du. Gaur egun bezala, 1976ko martxoaren 3ko borroka «aldaketa politiko eta sozialaren» aldekoa izan zela gogoratu du Otegik. Eta esan du orduan bezala orain ere ezinbestekoa dela «nazio askapenaren» alde eta «politika sozialista eta progresisten» alde borrokatzea. Martxoaren 3ko borroka eredugarritzat jo du EH Bilduko idazkari nagusiak, eta bide horri segitzeko deia egin: «Herri honen esperantza Martxoaren 3an loratutako esperantza izango da». Ekitaldi politikoaren ostean, lore eskaintza egin du EH Bilduk biktimen aldeko oroitarrian. Otegirekin batera, koalizioaren ordezkaritza zabala izan da Gasteizen; besteak beste, Pello Otxandiano, Arkaitz Rodriguez, Rocio Vitero eta Eva Lopez de Arroiabe izan dira. Oroitarria, lorez lepo Biktimen aldeko oroitarria lorez bete da goizean goizetik. Alderdi eta sindikatuek, nork bere aldetik, loreak utzi dituzte bost langileen omenez, eta egindako adierazpenetan gogoan izan dituzte 1976ko biktimak eta haien borroka. Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek, adibidez, adierazi du Martxoaren 3a langileen borrokaren eredu dela, eta haiei esker dituztela gaur egun langileek eskubideak. «Borrokarik gabe ez digu inork ezer oparituko», erantsi du. Podemosi dagokionez, David Rodriguez Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Garbiñe Ruiz udaleko bozeramaileak parte hartu dute omenaldian, alderdiko hainbat kargu eta militanterekin batera. Ruizek nabarmendu du bost langileak gasteiztarren oroimen kolektiboaren parte direla, eta salatu du sarraskiaren erantzuleak oraindik ez dituztela zigortu. Arabako PSE-EEko presidente Cristina Gonzalezek ere gogoan izan du gaurko egunez duela 49 urte hil zituzten langileak euren eskubideen alde borrokatu zirela. Eskubideetan atzera egiteko arriskuaz ohartarazi du Gonzalezek, eta ezinbestekotzat jo du gaur egun ere langileen eskubideen alde borrokatzea. Sekretu Ofizialen Legea Eliza memoria gune izendatzea «ongi etorria» dela nabarmendu du Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideak, Euskadi Irratian. Dena den, gogora ekarri du Espainiako Estatuari bide luzea geratzen zaiola egia, justizia eta erreparazioa osatzeko. Besteak beste, ez da Sekretu Ofizialen Legea indargabetu, eta, horregatik, estatuko aparatuen egun hartako informazioa argitaratu gabe dago oraindik. Gainera, aldizkari ofizialean sarraskiari 1976ko martxoaren 3ko gertakaria deitzen zaio, eta eguna identifikatzeko modu hori ez dute egokitzat jo, «kaltetuen birbiktimizazioa» sustatzen baitu. Egun osoan, erakunde, sindikatu eta alderdietako ordezkariak loreak eskaintzen ari dira. Dena den, Martxoak 3 elkarteak Justizia aldarrikatzen duen mezua jarri du toki horretan, eta udaleko zerbitzuek ezabatu egin dute goizean bertan. Txio batean, elkarteak salatu egin du euren aldarrikapena ezabatu nahi izatea: «Gure aldarrikapena ez da inoiz ezabatuko, memoria dugulako». Gainera, memoriaren aldeko pankartak eta bestelako mezuak ere kendu egin dituzte. #Martxoak3 Hoy Zaramaga ha amanecido con la reivindicación de #JUSTICIA en las baldosas que fueron testigo de la masacre. Ha sido borrada del suelo, pero nunca desaparecerá de nuestra #M3MORIA. Gure aldarrikapena ez da inoiz ezabatuko, #M3MORIA dugulako #JUSTIZIA pic.twitter.com/OyCrSH7j5Z — Martxoak 3 #M3MORIA (@Martxoak3) March 3, 2025 Gaurko urratsa Espainiako Aldizkari Ofizialak, 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen babes juridikoaren pean, memoria gune gisa izendatu du gaur. Izendapen horrek behartzen du tokia oroimenerako gune gisa identifikatzera, behar bezalako azalpenak ematera, seinaleak jartzera eta haren iraupena bermatzeko neurriak hartzera. Gainera, Martxoaren 3ko sarraskiari buruzko txostenak lantzeko agintzen zaie Gasteizko Udalari, Euskal Herriko Unibertsitateari, Gogora institutuari, Valentin de Foronda Gizarte Historiarako Institutuari eta Espainiako Historia Akademiari. Fernando Martinezek zehaztu du sei hilabete inguru izango dituztela txosten horiek egiteko. Hamar urte dira San Frantzisko eliza abandonatu zutela, eta Memoria Gara elkarteak eta beste eragile batzuek salatu dute eraikina eta haren ondarea galtzeko arriskua dagoela. Berez, behin memoria gune izendatu eta gero, tokia zaintzera behartzen du legeak. Berriki, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak adierazi du hura eraberritzea lehentasuntzat joko duela Eusko Jaurlaritzak.
EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek salatu du taldeko kide bati eraso diotela Tolosan (Gipuzkoa). Jakinarazi dute tren geltokiko segurtasun agente bat Donostiako gazte bati oldartu zitzaiola bart gauean, mutilak euskaraz mintzatzeko eskatu ondotik. «Euskaldunon aurkako mezuak oihukatzen hasi, eta EHEko kidea lurrera bota eta atxikita eduki du denbora batez», adierazi dute X sarean zabaldu duten mezuan. Argazki bat ere zabaldu du EHE-k mezuarekin batera. Mutil gazte bat ageri da lurrean, segurtasun agentea haren gainean dagoela, gazteari paparretik helduta. Beste segurtasun agente bat dago ondoan, zutik. Goizaldean agertu da salaketa lehen aldiz, sare sozialetan gertatutakoaren berri emanez. Lekukotasun horren arabera, «niri ez egin euskaraz» eta «Hau Espainia da» erran dio segurtasun agenteak gazteari. Gaur Tolosan segurata batek lurrera bota du Donostiako gazte bat euskeraz hitz egiteko eskatu ostean… “A mí no me hables en euskera” eta “esto es España” esanez. Horrelako jendetza gure artean egoteak beldurra ematen du. Hizkuntza dfendatu dezagun, horrelako kolonoak kanporatuz — Urki (@xa2kain) March 3, 2025 EHEk «gogor» salatu du gertatutakoa, eta horrelako erasoak onartezinak direla erran du. Gaiari buruz jarduteko agerraldi bat egitea aztertzen ari direla jakinarazi dute. Andu Martinez de Rituerto Arregi Tolosako alkateak txio batean erreakzionatu du, salaketa «kezkaz» jaso duela erranez. «Udaletik gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatuko ditugu; dena dela, euskaldunon kontrako erasoak erabat arbuiagarriak dira, baita jarrera fisiko horiek ere». Urte hasieratik Eusko Jaurlaritzaren eskumena da Renferen aldirietako bost lineak kudeatzea. Segurtasun agenteei dagokienez, Renfek beste enpresa bati azpikontratatzen dio zerbitzua. Renfek BERRIAri adierazi dio ez duela gertatutakoari buruzko informaziorik.
Hiru urteren ondoren, AEBetako presidente Donald Trumpek mahai gainean jarri du Ukrainarako bake akordio bat erdiesteko aukera, baina Washingtonek orain arte afera horretan hartu duen bidetik aldenduta: Errusiarekin harremana estutzea lehenetsi du, jendaurrean errieta egin dio Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri, eta negoziazioetatik kanpo utzi nahi du Europa. Ukrainaren aliatu europarrek uste dute, ordea, eztabaida horietan parte hartzea dagokiela; hala berretsi zuten, atzo, Londresen egindako bileran. Ondoren, Frantziako presidente Emmanuel Macronek iragarri zuen berak eta Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek proposamen bat egin dietela beste agintariei: Ukrainarako hilabeteko su eten bat adostea. Errusiak, ordea, ez ditu bi aukera horiek begi onez ikusi, egunero egin ohi duen prentsaurrekoan Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur egin dituen adierazpenei erreparatuta: «Ukrainari laguntza militar eta ekonomiko gehiago emango diotela adostea ez da bakerako plan bat». Frantziako presidenteak Le Figaro egunkarian egindako elkarrizketa batean eman zuen proposamenaren berri, eta gehitu zuen borroken etenaldia erabatekoa litzatekeela: 30 egunez bertan behera utzi beharko lituzkete aire, itsaso eta lur bidezko erasoak, baita energia azpiegituren aurkakoak ere. Eta planaren bigarren fasean Europako herrialdeetako tropak Ukrainara bidaliko lituzkete: «Datorren asteetan ez da Europako troparik izango Ukrainan. Horregatik asmatu behar dugu daukagun denbora tregoa iraunkor bat adosteko erabiltzen, hainbat aste iraungo duten negoziazioen bidez; gero, behin bakea adostuta, tropak zabalduko genituzke». Europako agintarien artean desadostasunak eragin ditu tropak Ukrainara bidaltzearen asmoak; Starmer eta Macron, berriz, hasieratik agertu dira horren alde; haien arabera, «bakea bermatzea» litzateke tropa horien helburua. Gaur goizean France Inter irratian egindako elkarrizketa batean, plan horren inguruan hitz egin du Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek, eta zehaztu du plan horren beste helburuetako bat zera dela, Errusiako presidente Vladimir Putin «bakerako prest» ote dagoen egiaztatzea. Eta ohartarazpen bat egin du: «Inoiz ez da izan orain besteko arriskurik Europan gerra bat hasteko, etsaia gero eta hurbilago daukagu». Haren arabera, Frantzia lanean ari da Trumpen eta Zelenskiren arteko harremana hobetu dadin, joan den ostiralean Etxe Zurian liskarra izan ondoren, argudiatuta «denen interesekoa» dela Errusiaren «asmo inperialistak» gelditzea. Frantziako agintariek aho batez defendatu eta bultzatu dute hilabeteko tregoaren proposamena; Erresuma Batukoek, ostera, urrats bat atzera egin dute gaur. Hango armadarako estatu idazkari Luke Pollardek Radio Times hedabidean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, oraindik ez dago menia baterako akordiorik, eta ohartarazi du agian borroken etenaldi batek Errusiari mesede egingo diola, tropak indartzeko erabili ahalko bailuke. Gastu militarraren plana Europako hainbat agintarik gastu militarra areagotzeko asmoa adierazi dute azken asteotan, eta ideia horrekin bat egiten du EB Europako Batasunak. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi du bihar gutun bat bidaliko diela talde komunitarioko estatu kide guztiei; testu horretan zehaztuko du zein den gastu militarra handitzeko EBk ondu duen estrategia. «Zalantzarik gabe, gastu militarra nabarmen handitu behar dugu, berandu baino lehen», esan du, prentsaurreko batean. Europako Batzordeko presidenteak helburu hori defendatu du iritzita «indarra» erabiltzea dela «bake iraunkor bat lortzeko modu bakarra» Mineralen akordioa Zelenskirekin prentsaren aurrean eseri eta liskarra hasi baino lehen, Ukrainako mineralak ustiatzeko akordioa sinatzea zen Trumpen helburua; Ukrainako presidentearena, berriz, horren truke AEBek Errusiaren aurrean segurtasuna bermatzea. Bertan behera geratu ziren bilera eta bi agintarien asmoak. Halere, Zelenski prest dago Washingtonera itzultzeko eta berriz Trumpen aldamenean esertzeko; baita mineralen akordioa sinatzeko ere, atzo gauean egindako elkarrizketa batean esan zuenez. Are, aitortu zuen ostiraleko eztabaidak ez zuela «ezer onik» ekarri. Dena den, Etxe Zuriko maizterraren aurrean izandako jarrera defendatu du: «Ukrainaren jarrera zein den ulertzea nahi nuen, besterik ez». Starmerrek eta Macronek adostutako planaren inguruan galdetuta, Ukrainako presidenteak adierazi zuen «hurrengo asteetan» izango dela akordio horren xehetasunen berri, eta eskerrak eman zizkien bere aliatu europarrei. Nolanahi ere, beren laguntza «ezinbestekoa» dela esan die aliatuei beste behin, sare sozialetan gaur goizean kaleratutako bideo batean. Horretan, Errusiaren erasoen ondorioz kaltetutako hainbat eremu erakutsi ditu, eta berriro nabarmendu du Ukrainak «laguntza handia» behar duela. Eta gehitu du: «Benetan bake akordio bat erdiesteko negoziazioak hasi nahi dituen norbaitek ez du misil balistikoekin zibilen aurka egiten». Trumpek, ordea, berriz egin dio errieta Ukrainako presidenteari. «AEBen babesa duen bitartean bakerik nahi ez izatea» leporatu dio Truth Social sare sozialean argitaratu duen mezuan. Gainera, Zelenskik atzo «bake akordioa oso urrun» dagoela esatea gaitzetsi du Etxe Zuriko maizterrak: «Hau da Zelenskik egin zezakeen adierazpenik txarrena, eta AEBek ez dute horrelako adierazpen gehiagorik onartuko!». AEBetako hedabideek gaur argitaratu duten informazioen arabera, Trumpek ez dizkio arma gehiagorik bidali nahi Ukrainari.