Arabarren egunik berezienak, tradizioari leial, milaka lagun bildu ditu ospakizunaren inguruan, baina ezusteko itzalaldiak eguneroko erritmoa eten du une batez. Sakelako asko mutu gelditu dira, seinalea desagertu egin da ia, eta harridura eta zalaparta nagusitu dira hasieran. Hala ere, eguraldi epela eta herritarren gogoa izan dira nagusi, eta ospakizunaren grina ez da moteldu. Umeek irribarrez bete dituzte kaleak, postuetan jendea pilatu da, eta musika doinu zaharrak Armentiako baselizaraino hedatu dira berriz ere. San Prudentzio eguna ospatzen ari dira gaur. Ohiturari jarraituz, festa bezperan hasi zuten Gasteizen, ospakizunen lehenengo partean. Gasteizko udaletxeko balkoitik erretreta jo zuten 20:00etan, eta Udalaren Folklore Akademiako kideek girotu zuten ekitaldia. Ordubete geroago, Probintzia plazara lekualdatu zen festa, Arabako Foru Aldundiko tronpeta jotzaileen eta atabalari talde baten eskutik. Musikak eta herri giroak hartu zuten hiriburuaren bihotza. 23:30ean, hiriko gastronomia elkarteek danborrada tradizionala egin zuten Alde Zaharrean eta erdialdeko kaleetan barrena, eta gauerdira arte iraun zuen festak. Patroiaren eskultura, Armentia parke ondoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Euskal Herri osoan eragin duen itzalaldiak markatu du gaurko goiza. Ekitaldiren bat bertan behera gelditu da, eta segurtasun neurriak berehala indartu dira. Armentiako zelaietan milaka lagun harrapatu ditu ustekabeko egoerak, eta lehenengo sintoma nabarmena sakelakoen sarearen saturazioa izan da. Seinale ahula eta telefonoaren hutsunea gozamenerako zama bihurtu dira une batez. Egoera berezi horrek, ordea, ez du ahuldu ospakizunaren indarra. Jendeak ez du huts egin, eta eguraldiak ere lagundu du. 09:00etan, Probintzia plazan, Arabako Zortziko tradizionala jo dute Arabako Foru Aldundiko txistulariek, tronpeta jotzaileek eta atabalariek, festari hasiera ofiziala emanez. Aldi berean, Blusa eta Nesken Batzordeak trikiti doinuekin girotu du Armentiarako ibilbidea, Prado parketik abiatu eta basilika aldera, festa berotuz eta herritarrak animatuz. Ardo usaina, musikaren doinu biziak eta adiskidetasun giroa nagusitu dira bidean. Eguerdia baino lehen egin dituzte ekitaldi ofizialak: lehenik, prozesioa egin dute Armentiako baselizaraino, eta, gero, meza nagusia egin dute. Tradizioari jarraituz, ohorezko aurreskua dantzatu dute hara bildutako agintarien eta herritarren aurrean. Arabako eta Gasteizko agintari nagusiak bertaratu dira, erakundeetako ordezkari nagusiak barne. Baselizaren inguruko kaleak lepo bete dira; batetik, jakiak saltzen dituzten postuekin, eta, bestetik, bestelako artisautza produktuak eskaintzen dituzten postuekin. Eguraldi onak lagunduta, jendea gehiago ibili da errepidean barrena zelaian baino, belarra luze baitzegoen. Postuetan aukera handia dago: gazia nahiz gozoa, denetik. Likoreak, txorizoak, euskal pastela, patea, erroskillak… Abraham Pinilla Errioxatik (Espainia) etorri da saltzera, eta pozik dago: «Urtero etortzen gara Gasteizera; jendea oso ondo portatzen da: gastatzen dute, eta jatea asko gustatzen zaiela nabaritzen da». Jendez bete dira saltokiak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Celia Hernandez familiarekin dago, talogileen postu baten aurrean; lehenengo aldiz ari da parte hartzen ospakizunetan. «Oso gustura nago. Haurrak gose dira, eta ikusi beharko dugu etxera eramateko zerbait erosten dugun». Haurrek, irribarretsu, barre egin diote amak esandakoari. Armentiako salmenta postuetan denetik dago, eta, noski, baita postreak ere: Zornotzako erroskillak saltzen ditu Cristina Rejedok. Azaldu duenez, erroskillak saltzen badira ere, euskal pastela saltzen dute gehien. Haiek hala aitortuta, 04:00etatik ari dira postuan lanean, pazientzia eta irribarrea lagun. Egarri denak ere ez dauka aitzakiarik, edari aukera handia dago eta. Hori baita, hain justu, San Prudentzio egunaren eta Armentiako ospakizunaren muina: etxera inor ez da gosez edo ase gabe itzultzen aukerarik ez duelako behintzat. Are gutxiago barraskiloak eta halako plater tradizionalak hain errotuta dauden lekuan. San Prudentzio ospakizunek adin eta gustu guztietarako ekintzak dituzte: musika kontzertuak, dantza saioak, herri kirolak eta abar. Festa gunea Armentian badago ere, Gasteizko beste hainbat tokitan ere gozatzeko aukera dago. Arratsaldean, umeek hartu dute protagonismoa. Baseiza eta zelaia, jendez lepo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU 17:30etik 18:30era, 7 eta 14 urte bitarteko haurren danborrada txikia egingo dute: Otxanda Andrearen dorretik, Andre Maria Zuriaren plazatik eta Prado parketik igaro ondoren, Probintzia plazan amaituko dute ibilbidea. Parte hartzaile guztiek askaria eta opari bana jasoko dute oroigarri gisa. Festa amaitzeko, Diskofamily konpainiak dantzaleku erraldoi bihurtuko du Probintzia plaza, 18:45etik 20:15era, adin guztietakoei zuzendutako ikuskizun musikal alai batean. Ospakizunek jarraipena izango dute datozen egunetan. Ostegunean, Estibalizko Andre Mariaren eguna ospatuko dute, eta arabar askok Estibalizko santutegirako igoera tradizionala egingo dute, erromeria giroan. Bertan, patata-tortilla lehiaketa, herri kirolen erakustaldiak, eta aurresku eta dantza txapelketak izango dira, besteak beste. Erretretak, ehun urte 100 urte bete dira aurten tronpetari eta atabalariek Probintzia jauregitik jotzen dutela. San Prudentzio eguna 1644tik ospatzen da Araban, baina erretretaren jatorria ez dago argi. 1925etik Probintzia plazan jotzen da modu ofizialean, baina lehenagotik ere ospatzen zen Plaza Berrian. Batzuek Erdi Aroan kokatzen dute jatorria; beste batzuek, berriz, Napoleonen garaiko martxa militar batekin lotzen dute. Erretretaren ohitura galdu zen, baina 1879an berreskuratu zuten, San Prudentziori lotuta Ez dago argi noiztik jotzen den, baina dokumentatuta dago Gasteizko harresiak itxi baino lehen erretreta jotzen zela, herritarrei iragartzeko segituan itxiko zituztela. Sarritan errepikatzen zuten deia, «jendeak etxera bueltatzeko presarik ez zuelako», Udalaren esanetan. Erretretaren ohitura galdu zen, baina 1879an berreskuratu zuten, San Prudentziori lotuta. Ordutik, partitura bera mantendu da, urtero apirilaren 27an jotzen dena. Geroago, Venancio del Val kazetari gasteiztarrak jarri zion gaztelaniazko letra, eta euskarazko bertsioa Olabide ikastolako irakasleek sortu zuten haurrentzat. Euskarazko letrak dio: «Tuntunarekin turuten doinua; gure zaindariaren eguna [berriz]. Arabatarrok egun honetan elkartzen gara alaitasunez ospatzeko…». Horrelaxe jarraitzen du bizirik Gasteizen eta Arabaren bihotzean San Prudentzioren omenezko festa zahar maitatuak.
Itziar Zubia Olaskoaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1972) irakaslea da EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta ingeniaritza elektrikoan aditua da. Dioenez, unibertsitatean zentral elektrikoei buruzko eskolak ematen dituenean, oraingo itzalaldiaren moduko gertaera baten berri ematen die ikasleei, uste baitu «metatutako esperientzia» izaten dela biderik eraginkorrena etorkizunean sor daitezkeen arazoak konpontzen ikasteko. Oraindik goiz da itzalaldia zerk eragin duen jakiteko, baina Zubiak ez du uste zibereraso batek horrelako egoera bat sor dezakeenik. Etxe batean, eraikin batean edo auzo oso batean argindarra joatea ez da ohiz kanpokoa, baina normala al da hain eremu zabala argindarrik gabe geratzea? Arrunta ez da, gaur egun esperientzia handia baitugu, baina inoiz gertatzen da, eta gehienetan linea batean izandako akats baten ondorioz sortzen da. Linea batek akatsa baldin badauka, horrek zeraman energia beste linea batetik pasatu behar da; bigarren linea hori oso beteta badago, beste bat erorarazten du, hirugarrena, eta arazoa izaten da lineak bata bestearen atzetik erortzen hasten direla, elur bola handi bat balitz bezala. Lineak galtzen baditugu, nahiz eta sorkuntza eduki, ez daukagu sortutako energia hori nola iritsarazi bezeroei. Beraz, lehenago ere gertatu dira horrelakoak. 2021eko urtarrilean, Europa bi zatitan banatuta gelditu zen. Kroazian akats handi bat egon zen, eta, orduan, Kroaziatik ekialdera dauden herrialdeek euren arazoa konpondu behar izan zuten, eta Kroaziatik mendebaldera daudenek ere eurena, eta arazo guztiak konpondutakoan bi sistemak berriro elkartu ziren. REE enpresak adierazi du «potentziaren fluxuak izandako oszilazio handi batek» ekarri duela itzalaldia. Zer esan nahi du horrek? Sarean, sortutako potentzia eta eskatutako potentzia orekatuta mantendu behar dira. Bestela, sistemak ez dio maiztasunari eusten eta ez da kalitatezko energiarik lortzen. Eta oreka hori une oro lortu behar da, ez baitugu baliabiderik energia kantitate handitan metatuta edukitzeko. Hortaz, REEtik une oro ari dira zaintzen zentral batek zenbat energia sortu behar duen eskariaren arabera, eta zenbateko potentzia doan lineetatik. Seguru asko, orain eskaria oso handia izango zen, sorkuntzarekin alderatuta, eta ez dute lortu hori garaiz konpontzerik; orduan, akatsak katean gertatzen dira, bata bestearen atzetik. Goiz da jakiteko potentziaren gorabehera hori zerk eragin duen, baina arrazoiak askotarikoak izan daitezke? Adibidez, zibereraso baten aukera aipatu da batean eta bestean. Bai, arrazoiak asko izan daitezke, eta goiz da ezer aurreratzeko, baina maila horretako zibereraso bat gertatzea zaila iruditzen zait. Hori kudeatzen duten zentralek bikoiztuta dauzkate sistemak, eta ez eraikin berean. Kontrol zentroari eraso egin izana ez zait posible iruditzen. Logikoagoa iruditzen zait akats tekniko bat izatea; behin abiatzen denean elur bola handi bat bezala zaila izaten da gelditzea. Ikusi egin beharko da, baina horrelakoak tarteka gertatu egiten dira. Esan dute ere egoerak sei edo hamar orduz iraun dezakeela. Konplikatua al da horrelako egoera bat konpontzea? Behin sorkuntzaren eta eskariaren arteko oreka galduta, hori pixkanaka-pixkanaka berreskuratu behar da, eta mailaka orekatuz joan. Dena kolpetik konpondu nahian hasten bagara, linea elektrikoek eta zentralek dauzkaten babesek ez dute uzten. Lehenengo maila orekatu behar da, gero bigarrena, gero hirugarrena, eta abar. Jakina, eragindako eremu guztia mailaz maila orekatzeko denbora behar da. Korrika hasiz gero, dena eroriko zaigu berriro, eta orduan hutsetik hasi beharko dugu. Oreka hori berreskuratzeko prozedura batzuk ezarrita daude, eta nazioartean erabiltzen diren prozedurak izaten dira, aurreko esperientzietan oinarritutakoak; pentsatzen dut horiei jarraituz arituko direla honezkero. Noiz jakingo da zergatik gertatu den? Orain funtsezkoa zerbitzua berrezartzea da, eta pentsatzen dut horretan arituko direla; arrazoiak gerora jakingo dira, baina denbora apur bat beharko da horretarako. Jakintza hori gero argitaratu eta horren berri ematen da, zientzialari eta ingeniariontzat oso interesgarria delako: izan ere, orain dakiguna aurreko gertakarietatik eta akatsetatik dakigu.
Agiri batean, zuzendaritzak salatu du aurreikusitako lanuzteek milioi erdi inguruko kaltea eragingo diotela Arriaga Antzokiari, eta 27.000koa orquestra berari.
Sari handiak lortzeko arrisku handiak hartu behar omen dira, eta horren jakitun da Peio Etxeberria. Gaur, Aitor Elordiren aurkakoan, 21-21 berdinduta zirela, zenoztarrak zabalera atera du sakea, eta modu ikusgarrian egin du azken tantoa. Oso gaizki irten zitekeen jokaldia, baina bikain atera zaio. Emaitza horri esker, final-laurdenetako ligaxkako lehen puntua eskuratu du, eta azken jardunaldian Artolaren aurka jokatuko duen partidan erabakiko da finalerdietan nor izango den. Bestetik, Etxeberriaren garaipenaren ondorioz, matematikoki finalerdietan da Unai Laso, eta txapelketatik kanpo gaur Zumaian (Gipuzkoa) galdu duen Elordi. [articles:2140951] Partida gogorra jokatu dute, txapelketa osoan pilotakada gehien izan dituenetan bigarrena. Partida oso fisikoa izan da, eta zaleek gozatu dute. Elordi 5-0 hasi da irabazten; tanto borrokatuak izan dira, baina gehiago asmatu du Mallabikoak. Orduan lasaitu da Etxeberria, eta berdindu egin da lehia. 12-10 heldu dira atsedenaldira. Olatu onak Orduan hartu du olatu ona Etxeberriak: Elordi botera jokatzera behartu du, eta estrategia horrekin agerikoa zen ez zegoela eroso bizkaitarra. 13-19 jarri da aurretik nafarra. Sakea berreskuratu duenean, ordea, erabat irauli du joera Elordik. Sake onak egin ditu, eta errematearekin tantoak azkar amaitu ditu. 21-20. Tanto bakarra falta zitzaiola, ez du asmatu, eta Etxeberriak zabalera egindako sake zoragarriarekin bukatu da partida. Etxeberriak bi aste barru jokatuko du Artolaren kontra. Matematikak errazak dira: irabazten duena finalerdietan izango da, eta Iker Larrazabalen aurka arituko da. Beste finalerdian, Unai Laso eta Altuna edo Dario izango dira nor baino nor.
Ajuria Enea Jauregian egingo dio Pradalesek harrera goizean Italiako lehen ministro ohiari eta arratsaldean, “Europa. La última oportunidad” liburua aurkeztuko du EITBren Bilboko egoitzan.
Bakoitzak bere iritzia. Bakoitzak bere erreferenteak. Joseba Sarrionandiak artikulu ederra idatzi du Gara-ren 7K aldizkarirako, Errotatiba bat: ‘Euzkadi’ & ‘El Correo Español’ izenburupean —apirilaren 13ko zenbakian argitaratu zuten—. Han kontatzen du El Correo Español kazetaren lehenengo zenbakia 1937ko uztailaren 6an argitaratu zela Bilbon. «Falangistak Euzkadi egunkariaren errotatibaz jabetu eta egun gutxitara hasi ziren argitaratzen bertan El Correo Español». Artikuluaren bigarren paragrafoan, zera dio idazleak: «Bitxia da moral politikoaren kudeaketa egin nahi duen kazeta hain gezurteroa izatea, edo memoria hain ahula izatea». Hori dio, hain zuzen, Vocento taldeko egunkariak 115 urte dituela ospatzen duelako aurten, baina gazteagoa delako: 1937koa. Euzkadi egunkariaren errotatiba, William Randolph Hearstek Ramon de la Sota ontzi-jabeari oparitu ziona, egun Euskadiko Industria Ondare Higigarrien Zentroan dago. Eta errotatiba horretan inprimatu zuten, 1937ko urtarriletik ekainera arte, Eguna euskara hutsezko egunkaria ere. Historia. Horrela gauzak. Horrelako kontu asko ez dituzte herritarrek jakiten, argitaratzen diren arte. Beste mota bateko erreferentea da Irati Erauskin, eta Interneteko sare sozialetara iristen da haren jarduna. Gaztea irratiaren Instagrameko bideo bat heldu da sakelako telefonora. Make ETB Great Again (Egin ETB handia berriz) du lelotzat, eta Erauskinek honako proposamenak egiten ditu ETBk garai bateko loria berreskura dezan: «Telenobela bat: Arrano beltzaren pasioa. Bigarrena da Cámbiame [itxura aldatzeko saio bat, baina ETB1ek bere garaian egin zuen halako bat: Itxuroso…]. Eta hirugarrena: Sálvame bat. Mundu guztiak dauka eskubidea kotilleo programa bat izateko». Tira, datorren astean La1 katea hasiko da La familia de la tele saioa ematen arratsaldeetan, bertan Sálvame-ko kuadrillako batzuk arituko dira, eta aurkezlea euskal herritar bat izango da: Aitor Albizua. Hori guztia euskaraz behar dela aldarrikatzen du Erauskinek. Bakoitzak bere iritzia. Bakoitzak bere erreferenteak. Aitziber Garmendia eta Aitziber Grados ‘Linbo’ saioan. ETB Zerutik infernura bidean Ostegun gauean estreinatu zuen ETB1 kateak Linbo saioa. Lehen gonbidatua, euskal umorearen erreferente argi bat: Aitziber Garmendia. The Substance filma etorri zitzaion burura Garmendiari. «Demi Moore ni izango nintzateke, eta zu izango zinateke aterako litzatekeen ni hobetua», esan zion Garmendiak Aitziber Grados aurkezleari. Bitxia da bien izen-abizenak A. G. M. direla. Hula Hoop-ari eraginez ere erantzun zituen galderak Garmendiak. Ondotik, Ander Malbadi azaldu zen, eta Gradosi gipuzkoartasuna-ren inguruko test bat egin zion; Altsasuko (Nafarroa) bati! Bitxia da Malbadiren multi task-a: igogailuen enpresa handi batean ardura handiko postu bat izan, eta gazteen umorezko saio batera joaten da zera esatera: «Gipuzkoarra izatea nahiko bajoia da». Ondo jarraitu zuen programak, aspertzeko betarik gabe. Joango dira ñabardura batzuk finduz, baina Hiru Damatxo ekoiztetxearen saioak —late night show bat, haien esanetan— badu bere grazia. Saioak aukera eman zuen euskarazko auhendatu eta adiakatu hitzak ikasteko. Maria Blanco kolaboratzailearen arabera, gizonek gehiago egin beharko lukete hori, baina haien maskulinitateak ez die uzten; gipuzkoarrak badira, are gutxiago, eta hori ez du Blancok esan. Danel Galdaera izan zen beste kolaboratzaileetako bat, bere ohiko estiloan. Eta Idoia Asurmendi kantaria bigarren gonbidatua; Cielito lindo abestea larunbat gauetako Oholtzan saioari egindako omenaldi bat izan zitekeen, lasai asko. Programak erritmoa du, umorea zirikatzailea da tarteka —azkenaldian ETBn nagusi den zuritasunetik aldentzen da, apur bat bada ere—, eta publikoak noizean behin parte hartzeak laguntzen du azken emaitzan. Eta zerbait nabarmendu behar baldin bada, Aitziber Grados aurkezlea nabarmendu behar da —klixeak errepikatu behar badira, haren freskotasuna aipatu beharko litzateke—. Bueno, serio: izan dezala Euskal Telebistak pazientzia formatuarekin, halakoak behar baititu euskarazko telebistagintzak. Eta hau iritzi bat baino ez da, baina erreferente berri bat du Euskal Herriko telebistak: Aitziber Grados. Harekin Linbo-ra, oraingoz. Aitziber Grados, ‘Linbo’ saioko aurkezlea. HIRU DAMATXO
Alicia Valdésen Política del malestar (Egonezinaren politika) irakurri dut orain gutxi: martxoaren bukaeran elkarrizketa bat egin nion autoreari —ez da argitaratu oraindik—, Euskal Herrira etorri zela-eta. Valdés iaz ezagutu nuen, afektuen teorien inguruko ikastaro bat prestatu zuenean: Bartzelonan zen, baina online egin genuen lagun batek eta biok. Aspalditik neraman afektuen teoriak esaten zaien horien arrastoan, baina iruditzen zitzaidan zerbait faltan nuela, iruditzen zitzaidan oinarri sendo bat behar nuela, hastapen batzuk, hala nola izaten dudan, praktikan jardun eta jardun dihardudanean, halako batean geratzeko —kito— eta ikasteko eta irakurtzeko eta entzuteko beharra (praktika hori profesionala izan, zein bizitza bera). Espero nuena jaso nuen ikastarotik, egia esan. Eta dibertitu egin ginen: saioetako bat espazio handi batean ikusi genuen —espaziorako sarbidea neukan garai hartan—, paretan proiektatuta, Maider eta biok zoruan etzanda kanpin eran, koadroekiko tapaki gorri baten gainean. Nork dio teoria edo eskolak ezin daitezkeela fantasia bat izan. AXPI Valdések baditu afektuei buruzko gogoeta interesgarri batzuk —adibidez, afektu erradikalez mintzo da, afektuak ez direlako berez haustaileak, eta adiskidetasuna lotura gisa ez, baizik eta ekintza gisa ulertzen du— baina ez naiz orain horretan sartuko. Política del malestar-en Valdések dakarren ekarpen nagusia da —labur esanda— gaur egungo errealitate politikoa aztertzeko muga nabarmena dela subjektuon ulerkera hutsean arrazional batetik abiatzea, alde batera utzita bestelako faktore labain bezain ezinbesteko batzuk: subjektuon emozioak, subjektuon desira, subjektuon alderdi inkontzientea. Política del malestar-en Valdések dakarren ekarpen nagusia da, hori guztia aintzat hartzeko, psikoanalisia baliatzea —pentsamendu-korronte gisa, ez terapia gisa—. Badakit, psikoanalisia. Subjektu ez-normatiboen aurkako bortizkeria eta diziplinamendua. Valdések ere badaki, eta hala dio: «Psikoanalisiaren aplikazioak izan duen joera heteronormatiboaz eta androzentrikoaz ohartzeak ez dakar [psikoanalisia bera] subertsio-iturri gisa baztertzea». Horren haritik, psikoanalisitik (ere) pentsatu duten teorialari feministak ekartzen ditu —Ann Cvetkovich, Lauren Berlant, Monique Wittig—, eta bide batez azpimarratu zer gutxi itzuli izan diren, gizonte pentsalariekin alderatuta. Gizonte pentsalarien lana irakurtzeaz, berriz, zera dio: «Gizonte edo filosofo idazleak irakurtzearen ariketarako prest egon behar dugu. Ariketa hori egiteko motiboa ez da hainbeste atsegin hartzea, ezpada entrenatzea, haien obra irauli ahal izateko». Konturatu orduko karaktereak agortuko zaizkit-eta, pilot arrosarekin fuerte azpimarratu dudan kontzeptuari helduko diot. Errealitate politiko garaikidean epai moralekin baina zeraren konplexutasun osoa kontuan hartu gabe botatzen diren galderak aztertu ostean —zergatik ematen dio botoa langile-klaseko subjektuak eskuin muturrari?—, Valdések alternatiba bat proposatzen du. Desblokeorako tresna bat: ez-guztia (no-todo). Hona aipu luze bat, nik baino argiago azaltzen baitu berak. «Ez-guztiaren politikak, horrenbestez, bestelako teoria eta praktika politiko bat dakar, eta horrek ez du sustatzen gauzak egiteko manera bakar bat inposatzea; aitzitik, erresistentzia- eta aldaketa-praktika etengabeen alde egiten du, testuinguruak eta garaian garaiko premiek baldintzatuta. Estrategia horren barruan, ekintza politikoaren sorburuak edo helburuak ez du zertan izan osotasuna edo unibertsalizazio-desira […]. Ez-guztiak onartzen du beti egongo direla hor disidentziak, antagonismoak eta bat ez etortzeak. Ez-guztiak ezin du harmonia erabatekoaren promesarik egin, hori lortzea ezinezkoa baita, eta, gainera, berekin ekarriko bailuke, beste behin ere, errealitate politikotik kanpo uztea zerbait. Alabaina, [ez-guztiak] zera ahalbidetzen du: gozamena [kontzeptu psikoanalitiko gisa] modu ahalik eta ez-suntsigarrienean bideratzea: erabatekotasuna ezabatuz eta zatiketei, etsaitasunei eta kritikei lekua eginez, ezkerretik eta behetik diharduten ezkerreko mugimendu iraultzaileetan». Agian bajoneroa iruditu zaizue ikuspegi ez-orohartzaile hau, borroka-ez-da-inoiz-amaitzen hau; niri, kontrakoa: arnasa ematen dit, gertuxeago dagoelakoan gauzak errealki gertatzen diren modutik eta jendeok jarduten garen eratik. Esan dezadan, dena den, neure artikulu bat irakurri duzuela, ez Valdésen liburua. Gaia interesatu bazaizue, zerbait piztu badizue, zuzeneko iturrira jotzeko proposatuko nizueke.