Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako irakasleak astebeteko greba egitekoak dira maiatzaren 12tik 16ra. Horren atarian, hezkuntza komunitate osoari kalera ateratzeko eskatu diote: horretarako, manifestazioak antolatu dituzte hilaren 10erako Bilbon, Donostian eta Gasteizen; Donostiakoa 17:00etan izango da, eta Bilbokoa eta Gasteizekoa, 18:00etan. Urte hasieratik bederatzi lanuzte egin dituzte irakasleek, eta, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek —Interinoak ere batu da greba deialdira— ohar bidez azaldu dutenez, iritsi da garaia hezkuntza komunitatea osatzen duten kide oro elkartzeko. Izan ere: «Eusko Jaurlaritza grebak desitxuratzeko saiakeratan dabil, irakasleen eskaerak entzun eta horiei erantzun beharrean». Eskaera zehatzak Eta, hori ikusirik, uste dute badagoela arrazoirik eskolak husteko eta kaleak betetzeko. Bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte hezkuntza publikoa indartzeko «beharrezko aldarrikapenak»: irakasleen aldarrikapenak entzutea —lan zamak arintzeko neurri zehatzak, langile taldea gaztetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea…— eta horiei erantzutea; eskola publikoetan baliabide eta inbertsio gehiago edukitzea; lanpostu publikoak egonkortzea eta bermatzea; eta eskola publikoa, euskalduna, feminista eta propioa bermatzea. «Argi daukagu lan baldintza egokiak eta hezkuntza publikoa indartzea eskutik doazela; alegia, bata ezinezkoa da bestea gabe». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak behin baino gehiagotan esan izan du prest dagoela langileen ordezkariekin negoziatzeko eta akordioetara iristeko. Alabaina, sindikatuen irudiko, orokorkerietatik zehaztapenetara jo beharra dago horretarako: «Zehaztapenak behar direla deritzogu gatazka hau bukatzeko eta langileon lan baldintzak hobetuz, eskola publikoa sistemaren ardatza izan dadin». Kontrara, uste dute orain arte egin dizkieten proposamenek ez dietela «erantzun egokirik» ematen aldarrikapenei: «Edukiak, zehaztapenak eta bermeak falta direla adierazi dugu behin eta berriro». Lan baldintzak hobetzea eskatzeaz gain, sindikatuek badute beste aldarrikapen bat ere: salatu dute azken hilabeteetan Hezkuntza Saila «aldebakarrez» eta hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe erabakitzen ari dela zenbait eskola publiko batzea edo ixtea.
Hasi da atzerako kontaketa Euskaraldirako. Bi aste eskas falta dira, eta batzordeak buru-belarri dabiltza azken kontuak antolatzen. Lekeition (Bizkaia), adibidez, «ilusioz beteta» daude. Jon Kobeaga Lekeitioko Euskaraldiko batzordeko eta koordinazio orokorreko kideak ariketan «jarrera aktiboa» izateko deia luzatu die herritarrei: «Euskaraldian izena emanez, batzordeetan eta ekitaldietan parte hartuz, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina eginez». Maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldiaren laugarren edizioa. Aurrekoetan bezala, hizkuntza ohiturak aldatzea izango du helburu, euskararen alde. Herritarrek bi rolen artean aukeratu beharko dute: ahobizi eta belarriprest. «Garrantzitsua da gogoraraztea Euskaraldiak proposatzen duen ariketa ez dagoela gaitasunarekin lotuta, baizik eta portaerarekin; erabaki beharra daukagu zenbatekin, zenbatetan eta zein egoeratan egingo dugun euskaraz», zehaztu du Kobeagak. «Beti esaten dugu euskara gure altxorra dela. Altxorra? Euskara gure hizkuntza da. Zorionez, oso aberatsa da, eta ezin dugu galdu» ANA GOITIA Euskaraldiaren hamaikakoaren parte den kazetari, aurkezle eta umorista Ahobizi rola aukeratzen dutenek konpromisoa hartuko dute «lehen hitza beti euskaraz» egiteko eta euskara ulertzen dutenekin «elkarrizketak euskaraz mantentzeko». Belarriprest rola aukeratzen dutenek, berriz, haiekin euskaraz egiteko gonbidapena egingo diete gainerakoei. Ana Goitia kazetari, aurkezle eta umorista lekeitiarra Euskaraldiaren hamaikakoaren parte da, eta ahobizi rola aukeratu du. «Beti esaten dugu euskara gure altxorra dela. Altxorra? Euskara gure hizkuntza da. Zorionez, oso aberatsa da, eta ezin dugu galdu», esan du. Ariketak iraungo duen 11 egunetan, rolaren berri ematen duen txapa soinean eraman beharko dute parte hartzaileek. Gaur Lekeition egindako agerraldian jakinarazi dutenez, izen ematea oraindik ere zabalik dago www.euskaraldia.eus webgunean. Are, parte hartzaileek txapa eskuratu dezakete jada. Herritarrak Lekeitioko plazan elkartu dira gaur, Euskaraldiaren agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU Kobeagak zein Joseba Palenzuela Mutrikuko (Gipuzkoa) Euskaraldiko batzordeko kideak argi utzi dute garrantzitsua dela 11 egunetan txapa janztea. Alde batetik, «konplizitatea» sortzen du. Gainera, euskaraz aritzea kostatzen zaion horri, «estres linguistikoa» kentzen lagunduko dio, eta euskaraz egitera bultzatuko du. «Euskaraz egin nahi duenari ere segurtasun espazio bat eskainiko dio», adierazi du Kobeagak. Eta zera erantsi du Palenzuelak: «Txapa janztea da aurrean dugun horri gonbidapen bat egitea, eta ikus dezala solaskide bat topa dezakeela gugan». Ariketaren garrantzia Euskal Herri osoan da Euskaraldia beharrezko, Kobeagaren iritziz. «Euskaraldia da oraingoz euskararen erabileran eragiteko daukagun tresnarik indartsuena; beharrezkoa da denok batera hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egitea, denok batera lortuko baitugu euskararen egoera aldatzea». Nahiz eta ariketak 11 egun iraun, horrek utziko duen «hondarra» urte osoan mantendu dadila nahi dute antolatzaileek. «Euskaraldia indartsu dator», ohartarazi du Kobeagak. Izan ere, aitortu du pandemia garaian egindako bigarren edizioan «beherakada» nabaritu zutela. Aurten, baina, «herriz herri ilusioa berreskuratzea» lortu dute: «Ehunka batzorde sortu dira, eta jendea buru-belarri dabil lanean». «Euskaraldiak erakutsi digu euskararen aldeko jarrerak oraindik ere mugitzen gaituela» JOSEBA PALENZUELA Mutrikuko Euskaraldiko batzordeko kidea Ildo beretik, Palenzuelak herritarren aktibazioaren garrantzia nabarmendu du: «Euskaraldiak erakutsi digu euskararen aldeko jarrerak oraindik ere mugitzen gaituela». Azaldu duenez, elkarte diferenteetako kideek euren ekarpena egin nahi izan dute, eta hori «pozgarritzat» jo du. Palenzuelak uste du dena ez dutela erakundeek egin behar, herritarrek ere gauza asko dituztelako egiteko. «Horietako bat da Euskaraldiari hauspoa ematea». Herritar ugari bildu dira gaur Lekeitioko plazan, Euskaraldiaren ekitaldian. Agerraldia amaitu eta Kitadelpare txarangari eta Ataungo talogileei paso eman aurretik, halaxe borobildu du Goitiak: «Euskaraz bizitzeko eta euskaraz bizia emateko, Euskaraldia».
Datorren astelehenean hasiko da aurrematrikulazioa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide Heziketan ikasi nahi dutenentzat, eta hilaren 23ra arte izango dute eskabideak aurkezteko aukera. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri duenez, eskaera gero eta handiagoa da, eta, horregatik, 2025-2026ko ikasturterako 65.710 ikaspostu eskainiko dituzte, ikasturte honetan baino 2.920 gehiago. Izan ere, Hezkuntza Sailaren irudiko, Lanbide Heziketa «gero eta erakargarriagoa» da ikasleentzat: «Egungo eta etorkizuneko bide bihurtzen dute laneratze tasa handiak, aldaketa teknologikoetara eta sozialetara egokitzeko gaitasunak eta ekoizpen sarearekin duen zuzeneko loturak». Egun, 50.000 pertsona baino gehiago ari dira Lanbide Heziketan. «Horrek erakusten du azken urteotan hazkunde iraunkorra izan dela». Horregatik hartu du Jaurlaritzak ikaspostu gehiago sortzeko erabakia, eta hazkunderik handiena arlo hauetan izan da: informatika eta komunikazioetan, elektrizitatean eta elektronikan, eta osasungintzan. Ikaspostu berrietatik %69 ikastetxe publikoetan izango dira; gainerako %31, itunpekoetan. 160 Titulazioak. Lanbide Heziketan 160 titulu edukiko dituzte ikasleek aukeran, 184 ikastetxetan. Orotara, 160 titulazio egongo dira aukeran, 184 ikastetxetan. Izena eman nahi duen orok astelehenetik maiatzaren 23ra arte edukiko du horretarako aukera; Hezkuntza Sailaren webgunera, Lanbide Heziketako ikastetxeetara edo Zuzenean zerbitzura jo beharko dute horretarako. Hezkuntza Sailak beren-beregi nabarmendu du Lanbide Heziketak, izenari men eginez, lanbiderako atea irekitzen diela ikasle gehien-gehienei. Hain zuzen, Lanbide Heziketako ikasleen %90ek lana lortzen dute. «Energia eta ura, eta instalatze eta mantentze lanak arloak dira nabarmentzekoak, ia % 100eko enplegagarritasuna baitute». Berrikuntza gehiago Ikaspostu gehiago eskaintzea ez da izango nobedade bakarra. Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, datorren ikasturtean berriro aukera emango dute C graduak —ziurtagiri profesionalak— eta ibilbide integratuak —oinarrizko eta erdi mailako gradua eskola berean— egiteko. Azaldu dutenez, C graduetan, ikasleak titulu bateko modulu batzuetan baino ez dira matrikulatzen, eta, horrela, amaitzen dutenean, ziurtagiri profesional bat lortzen dute. Titulua erdiesteko aukera izango dute modulu guztiak egindakoan. Gainera: «Datorren ikasturtean Lanbide Heziketako eredu berria indartuko da, prestakuntza dual gehiagorekin, modulu berriekin, graduen araberako egituraketarekin eta enplegagarritasunerako orientazio handiagoarekin». Lanbide Heziketaren ekarpena nabarmendu du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak: «Euskal Lanbide Heziketa urrats sendoak eginez doa aurrera, egungo erronkei erantzuteko eta etorkizun justuagoa, iraunkorragoa eta herrialdearen errealitatearekin lotuagoa eraikitzeko».
Kutxabank taldeak 148,9 milioi euroko irabaziak izan ditu 2025eko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe berean baino % 24 gehiago. Aurreko urtean baino % 23,2 gutxiago ordaindu du zergetan (52,6 milioi) eta horrek eragin du, batez ere, irabazien igoera.
Athleticek sekulako balentria egin beharko du Europa ligako finala jokatu nahi badu. Talde zuri-gorriak 0-3 galdu du gaur San Mamesen, Manchester Uniteden aurka, finalerdietako joaneko partidan. Beraz, ia ezinezko du ametsa betetzea: hilaren 21ean berriro San Mamesen aritzea, titulua jokoan dagoela. Ingalaterrako taldeak kolpeka esnarazi du amets horretatik. Zuri-gorriek handia egin beharko dute datorren ostegunean, Old Trafforden, itzulikoan. Gaur ez da egon titulurik jokoan San Mamesen, baina berdin izan dio horrek, eta beste behin, sekulako giroa egon da. Dena zegoen prest beste gau eder bat izan zedin. Athleticek oso gutxitan egiten du huts horrelakoetan. Europa ligan, irabazi egin zituen aurretik jokatutako zazpi neurketak. Horri esker iritsi da horren urrun. Gaur, ordea, kale egin du, noiz eta garairik okerrenean. Partida oso gaizki amaitu da zuri-gorrientzat, baina, hasi, beti bezala hasi da: Athleticek indar betean ekin dio, presio estua eginez eta erritmo bizian jokatuz. Baina sustoa hartu du hasi eta gutxira: laugarren minutuan, Garnachok gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, aurrelaria jokoz kanpo baitzegoen. Sustoak ez ditu etxekoak kikildu, eta hiru aukera izan dituzte hurrengo minutuetan: aurrenekoan, Onanak gelditu egin dio jaurtiketa Berenguerri; bigarrenean, Iñaki Williamsek gutxigatik errematatu du buruz kanpora Berenguerren erdiraketa; eta, hirugarrenean, Lindelofek ate azpitik urrundu du Berenguerren jaurtiketa. Penaltia eta txartel gorria Athletic Manchester United sufriarazten ari zen, baina partida joan-etorrikoa zen, eta bisitariek bizi-bizi egiten dute aurrera aukera zutenean. Hala, ordu erdia betetzear zela, Maguirek eskuinetik erdiratu du baloia, Ugartek buruz ukitu du, eta Casemirok sareetara errematatu du buruz. Lehen aukera garbi-garbian sartu dute gola bisitariek. Gola kolpea izan da etxekoentzat. Baina okerrena iristeko zegoen: hurrengo jokaldian, Mazrauik eskuinetik erdiratu du, Vivianek Hojlundi heldu dio, eta aurrelaria lurrera erori da. Epaileak ez du ezer adierazi, baina penaltia adierazi du gero jokaldia telebistan ikusi ondoren. Hori gutxi ez, eta txartel gorria atera dio Viviani. Oso zorrotz jokatu du epaileak Athleticeko atzelaria kanporatuta. Bruno Fernandesek bota du penaltia, eta ez du huts egin. Zazpi minutu eskasean bi gol jaso ditu Athleticek, eta epaileak jokalari bat kanporatu dio. Egoera kritikoa zen, etxekoak jota baitzeuden. Gerta zitekeen onena lehen zatia amaitzea zen. Baina Manchester Unitedek hirugarren kolpea eman die. 45. minutuan, Ugartek orpoz eman dio pasea Bruno Fernandesi, eta hark maisuki sartu du gola, Arrizabalaga gaindituz. Ordu laurden eskasean sekulako triskantza eragin dio Manchester Unitedek Athletici. Okerragoa izan zitekeen, Mazrauik langara bota baitu baloia lehen zatiaren azken jokaldian. 0-3 amaitu da lehen zatia. Zaleek sekulako txistukada jo diote epaileari. Partida ia erabakita zegoen, baina 45 minutu falta ziren. Aldea ahalik eta gehien murrizteak izan behar zuen etxekoen helburua, gutxienez itxaropenari eusteko. Horretan saiatu dira, baina alferrik. Are gehiago, aukerarik garbiena Manchester Unitedek izan du, 64. minutuan, baina Casemiroren jaurtiketa langara joan da. Aurretik, jokaldi polemikoa izan da, Maguirek heldu egin baitio Maroani arean, baina lehen zatiko jokaldiaren antzekoa izan arren, ez epaileak, ez VAR-ak ez dute penaltia izan dela ebatzi. Horrek etxekoen haserrea handitu du. Amaieran berriz utzi dute argi: txalo zaparrada jo diote euren jokalariei, eta txistukada epaileari. ATHLETIC-MANCHESTER UNITED Athletic. Agirrezabala; De Marcos (Gorosabel, 42. min.), Vivian, Yeray, Yuri; Jauregizar, Ruiz de Galarreta (Prados, 46. min.); Williams (Djalo, 87. min.), Berenguer (Paredes, 42. min.), Nico Williams (Unai Gomez, 79. min.); eta Maroan. Manchester United. Onana; Mazraui (Shaw, 74. min.), Lindelof, Yoro, Maguire (De Ligt, 65. min.), Dorgu (Diallo, 84. min.); Ugarte (Mount, 65. min.), Casemiro; Bruno Fernandes, Hojlund eta Garnacho (Mainoo, 84. min.). Golak. 0-1: Casemirok (30. min.). 0-2. Bruno Fernandesek, penaltiz (37. min.). 0-3. Bruno Fernandesek (45. min.).
Elkarrengandik urrun daude ELA eta LAB, baina gaur egun bada bi sindikatu subiranistak lotzen dituen zilbor heste bat: Hego Euskal Herrirako 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzearen aldeko borroka. Lan urtea baldintzatuko du eskaera horrek, eta bi sindikatuek lehen lerrora ekarri dute Maiatzaren Leheneko manifestazioetan. Lehen lerrora bakarrik ez, pankartetara ere bai: ELAk Gutxieneko soldata hemen erabaki lelopean egin du manifestazioa, eta LABek, berriz, Patronala esplotatzailea! Langileen alde. Gutxieneko soldata eta pentsioak hemen erabaki zioen mezuaren atzean. Mobilizazio jendetsuen eguna izan da Bilbon. Maiatzaren Leheneko jaiegunak zubia osatzeko aukera ematen duen aldiro, deitzaileak urduri egoten dira, baina aurten hala ELAk nola LABek itxura oneko manifestazioak osatu dituzte Bizkaiko hiriburuan. Biek, gainera, eguna baliatu dute jakinarazteko jada martxan dela beste sindikatu batzuekin abiatu duten herri ekinaldi legegilearen aldeko sinadura bilketa. Ekinaldi horren bitartez, Eusko Jaurlaritza behartu nahi dute soldata propioa zehazteko behar dituen eskumenen transferentzia eskatzera. 10.000 sinadura behar dituzte tramitea osatzeko, baina askoz gehiago biltzea da asmoa. «Lehendakariak uste du gutxieneko soldata igo behar dela? Eta hemen erabaki behar dela? Erantzuna baiezkoa bada, lanean hasi beharra dauka, eta patronalari exijitu behar dio negoziatzera esertzea»MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia ELAk sinadurak biltzeko mahaia jarri du Bilbon, eta handik pasatu da Mitxel Lakuntza idazkari nagusia Jesusen Bihotzaren aurrean jarritako oholtzara igo aurretik. «Hau hasi baino ez da egin. Gutxieneko soldata propioa Euskal Herrira ekartzea lehentasunezkoa da ELArentzat», nabarmendu du, eta galdera zuzena egin dio Imanol Pradalesi: «Lehendakariak uste du gutxieneko soldata igo behar dela? Eta hemen erabaki behar dela? Erantzuna baiezkoa bada, lanean hasi beharra dauka, eta patronalari exijitu behar dio negoziatzera esertzea». Lakuntzak onartu du ez dela «aliantza sindikaletarako garairik onena», baina gutxieneko soldataren alde abiatutako borroka goratu du. Karga politiko handiko hitzaldia izan da , eta salatu du soldata propioa ezin lortzearen arrazoia zera dela, Hego Euskal Herriko lan erregulazioa Madrilen erabakitzen dela, eta EAJ, PSE eta EH Bildu ez dituela menpekotasun hori konpontzeko bidean ikusten: «Bitartean, Gasteizen, hiru indar politiko nagusiek estatutua erreformatzeko balizko kontsentsu baten berri ematen dute. Baina zertarako balio du estatutu berri batek ez baditu bermatuta egunerokoari eragiten dioten auzien gaineko eskuduntzak?». ELAk Bilbon deituriko Maiatzaren Leheneko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU Nazioartera begira ere jarri da, eta kritikatu egin ditu hala egun munduan zabaltzen ari den militarizazio prozesua nola NATOk harengan duen eragina. Eragin hori Euskal Herrian ere nabari dela esan du, eta «bereziki larria» dela Pradales eta Maria Txibite lehendakariek «desbide militaristari» babesa eman izana: «Nola da posible armagintza politika lehentasuna izatea milaka pertsona etxebizitza eskuratzeko aukerarik gabe dauden honetan?». Azkenik, industria politika baten premia ere azpimarratu du, eta adierazi ELAk hura aldatzeko planteamendu oso bat aurkeztu diola Eusko Jaurlaritzari. Haren bi zertzelada azaldu ditu: 2.300 milioi euroko funts publiko bat sortzea eta BGAEen funtsak inbertitzeko baldintza zehatzak proposatzea. «Langileek bermatuta eduki behar dute parte hartzeko aukera, eta ekoizpenak herrialdean errotuta egon behar du», esan duenez. ELAren manifestazioak Kale Nagusi osoa gurutzatu du, Plaza Biribileraino, eta indarrean dituzten borroka guztien pankartak eraman dituzte. Anekdoten bilduman sartzeko modukoa da azken txanpan ELAren martxa hamar minutuz geldirik egon behar izana LABekoak Plaza Biribila beste norabide batean gurutzatzen zuen bitartean. Koordinazioan behintzat badute zer hobetua bi sindikatuek. LABek gorazarre egin die pentsiodunei LABek Bilbon egindako manifestazioko pankartaren atzean zihoan Igor Arroyo koordinatzaile orokorra, eta hark egin du amaierako hitzaldia, udaletxeko eskaileretan —LABek Donibane Garazi ez beste hiriburu guztietan eta Tuteran (Nafarroan) antolatu ditu manifestazioak—. Lakuntzarenaren antzeko auziei heldu die: soldata propioa, burujabetzaren beharra langileei mesede egiteko, inperialismoaren suspertzea, industria politika… Bien arteko alderik handiena zera izan da, ezker abertzale politikoa kritiketan sartu ala ez. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra, Bilboko manifestazioaren amaierako ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU Arroyok azaldu du pentsio eta soldata propioen aldeko borroka historikoa dela, eta denentzat bizi baldintza duinak lortzea dela haren muina. «Klase elkartasuneko printzipio bat da, ez dugu inor atzean utzi nahi, eta, alde horretatik, pentsiodunen mugimendua txalotu nahi dugu», nabarmendu du. Soldata propioa lortzeko bi bideak goraipatu ditu: HELa batetik, zeina «sinadura bilketa erraldoi» batekin hauspotu nahi baitute, eta negoziazio kolektiboa bestetik. Negoziazioaren esparrua hizpide hartuta, gogor kritikatu du Confebasken jarrera, eta esan erakunde publikoetatik baliabideak eta aitortza «jaso eta jaso» baino egiten ez duen «parasito bat» dela: «Argi gera dadila ez dugula zuen ezezkoa onartzen. Zuen hipokrisia salatuko dugu, eta aurrean izango gaituzue». «Jaurlaritzak industria plana azpikontratatu behar izan du. Deigarria da kudeaketan hainbeste urte eman ondoren hori egin behar izatea: dirudienez, ez dakite industria planik egiten» IGOR ARROYO LABeko koordinatzaile orokorra Nazio aitortzaren arloan eta erabakitzeko eskubidearenean ematen ari diren pausoak aipatu ditu. Esan du «estatu tresnak» beharrezkoak direla politika propioak egin ahal izateko; are, adierazi du burujabetza «langile jendea babesteko» baliatu behar dela, baita «enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna babesteko» ere. Izan ere, uste du egungo autogobernu ereduaren «gabezia handienetakoa» dela pentsioak eta gutxieneko soldata propioa zehaztu ezina. LABek Bilbon deituriko manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU Nazioarteko egoera makurrarekin lotu du premia hori. Salatu du Donald Trumpek eta AEBek bultzatzen duten globalizazio «kapitalista, klasista arrazista, misoginoa eta harrapakaria» gailentzen ari dela: «Eroskeriaz batzuetan, indarkeriaz askotan». Militarismoa sustatzea leporatu dio, NATOren aterkipean, eta euskal elite ekonomikoei egotzi die gogo biziz besarkatu izana jarrera hori: «EAJk Europa militarizatzearen alde egin du. Militarismoa hanka sartze bat da, bizitza suntsitzen du, krisi ekologikoa bizkortzen du, eta murrizketa sozialak sortzen ditu». Ez da izan Eusko jaurlaritzari eginiko kritika bakarra. Haren industria politika ere hizpide hartu du, eta ñabardura bat azpimarratu: «EAJ arrain atrofiatu bat da. Eusko Jaurlaritzaren plan industrialarekin ikusi dugu hori. Deigarria da kudeaketan hainbeste urte eman ondoren industria plana azpikontratatu behar izatea: dirudienez, ez dakite industria planik egiten».
Maiatzaren Lehenean Europako estatuen berrarmatzearen eta «gerra inperialistaren» aurkako mezuak zabaldu ditu Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Bilboko kaleetan. «Kapitalisten arteko gerretan, langile klaseko kideok izaten gara galtzaile, horregatik da beharrezkoa gerra inperialistari eta haren oinarrian dagoen kapitalismoari aurre egitea», azaldu du taldeak. Jesusen Bihotza plazatik Arriagako zubirainoko bidea egin du EHKSren manifestazioak, eta, iaz gertatu bezala, gaur Bizkaiko hiriburuan ikusi diren mobilizazioetan jendetsuenetako bat izan da. EHKSren ustez, potentzia kapitalista nagusien krisia dago berrarmatzearen oinarrian, «Mendebaldeko potentziena tartean». Horrela, aipatu dute AEBak azken hamarkadetako nagusitasunari eutsi nahian dabiltzala, eta horren ondorio gisa «agindu» dietela berrarmatzeko Europako herrialdeei: «Azken horiek, egiturazko krisialdi batean murgilduta dauden honetan, mandatu hori betetzeko prest agertu dira. Badakigu berrarmatzeak gerraren arriskua areagotu baino ez duela egiten, eta horrek are urgenteago bilakatzen du kaleak hartzea». Gerraren aitzakian Europako estatuek politika autoritarioak bultzatzen dituztela azaldu du Garazi Navarro bozeramaileak: «Herritarren babes txikia duen arren, Macronek plan nuklear bat gidatu nahi du, Sanchezek gastua handitu du bere Kongresutik pasatu gabe, eta Alemanian, bestalde, konstituzioa egun batetik bestera aldatu dute». Kritika «sozialdemokraziari» Gastu militarra handitzeak langile klasearen pobretzean sakonduko duela ziurtatu du Ander Goiatxe bozeramaileak, «armagintzarako baliatuko den dirua osasungintzara edo hezkuntzara bideratzeari utzitakoa izango baita gehienetan». Bridgestoneko langile batzuk ere batu dira EHKSren manifestaziora. ARITZ LOIOLA / FOKU Goiatxek salatu du «sozialdemokrazia» berrarmatzearen parte aktibo dela leku guztietan: «Lehenengo Mundu Gerran egin bezala, historiaren alde okerrean lerrokatu dira. Europaren Autonomia Estrategikoaren bitartez legitimatu nahi digute gastu militarraren areagotzea, nahiz eta hura gezur hutsa izan. Argi esan dezagun, PSOEk eta Espainiako aldaketaren gobernuak gerrara eraman gaitzakete!». Izenik aipatu ez badute ere, halaber kritikatu dute EH Bilduk, Sumarrek, ERCk eta halakoek kontu horretan duten jarrera. «Beste batzuk» itxura batean berrarmatzearen aurka agertu badira ere, Goiatxek uste ez duela balio aurkako adierazpenak egiteak «Sanchezen gobernua baldintzarik gabe defendatu eta gastu militarra handitzen aritu ostean». «Gerra inperialistaren», berrarmatzearen eta faxismoaren aurka «lehen lerroan» borrokatuko dela agindu du EHKSk: «Langile klasearen batasuna bultzatzen jarraituko dugu, norbanakoen eta herri mugimenduko eragileen artekoa». Eta hari horri tiraka, «nazioarteko alderdi iraultzaile handiak» eraikitzeko premia nabarmendu dute, langileriaren eskubide politikoak defendatzeko, pobretzeari aurre egiteko eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa gauzatzeko. «Mugimendu Sozialistako kideok norabide horretan jarraituko dugu lanean, zapalkuntza guztien aurka eta sozialismoaren alde».
Sindikatuek aldarrikapenez bete dituzte Euskal Herriko kaleak Maiatzaren Lehenean. ELAk eta LABek, deialdi bereizietan; CCOO eta UGT, aldiz, batera mobilizatu dira.