ELAren irudiko EAJk hizkuntz eskakizunetan egin nahi duen aldaketak…
Azken boladan epaileek euskara eskakizunen aurka kaleratutako epaiak tarteko, EAJk pasa den astean proposatu zuen derrigortasun indizea kentzea eta lan eskaintza publikoetan erakunde bakoitzak finkatzea euskara eskakizunak. ELAk aldaketaren kontra egin du, «gaztelaniaren nagusitasuna» finkatuko duela iruditzen baitzaio: «Administrazioetan euskara eskakizunak kentzea gaztelaniaren hegemoniari eusteko mehatxua da». Sindikatuak gaitzetsi duenez, egun, herritarrek ez dute bermatuta zenbait zerbitzutan euskaraz egin ahal izatea, besteak beste, Ertzaintzan, Justizia administrazioan eta Osakidetzan. «Langileek ere ez dute euskaraz lan egiteko aukerarik». Gogora ekarri dituzte euskara eskakizunen aurkako azkenaldiko ebazpenak ere: «ELAren iritziz, EAJren proposamenak ez du balioko euskara pairatzen ari den epai euskarafoboei aurre egiteko». Horren aurrean, zera proposatu du sindikatuak: euskararen eta gazteleraren exijentzia «parekatzea» —gogorarazi du gazteleraz jakin beharra dagoela lanpostu publikoa edukitzeko—, eta horretarako «arrazoizko epe bat» jartzea. Eta administrazioetan euskaraz ez dakiten langileei—bereziki behin-behinekoei— euskara ikasteko baliabideak bermatzea eta «ibilbide pertsonalizatuak» diseinatzea. «Salbuespenak egiteko aukerak ere aurreikusi behar dira euskara ikasteko saiakera egin eta porrot egiten dutenentzat edo erretiroa hartzear dauden langileentzat». Bereziki nabarmendu dute hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak «erabat bateragarriak» direla. Horregatik, EH Bilduk aurkeztutako aldaketa «oinarri gisa» hartzea beharrezkoa iruditzen zaie. Koalizioak EAEko Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko proposamena egina du, euskara eta gaztelera jakitea «orokorra» izan dadin enplegu publikorako sarbidean.