Arabako Errioxan eta etorkinekin egiten duten lana nabarmendu dute…
Arabar Errioxan eta etorkinekin egiten duten lana nabarmendu dute Arabako Ikastoletako arduradunek Araba Euskaraz jaia zabaltzeko ekitaldian. Milaka euskaltzale bildu dira Gasteizen, goizetik. Unai Mendizabal Arabako ikastolen elkarteko lehendakariak esan duenez, «uste orokorraren kontra, ikastolek ez diote inoiz oztoporik jarri inori egoera sozioekonomikoaren arabera. Are gehiago: bidea leundu diogu eta leunduko diogu guregana etorri nahi duen guztiei». Mendizabalek gogoratu du zein gogorra den Araba hegoaldean euskalduntzeko lana egitea, eta, aurrera egin arren, oraindik zenbat dagoen egiteke nabarmendu du. Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien sostengua izan dute ikastolen arduradunek. «Konpromisoa eta gogoa da egiten duzuen lanaren erregaia, eta horretan jarraitzeko eskatzen dizuet», adierazi du Lucia Torrealdai Hezkuntza Politiketako sailburuordeak. [galleries:horizontal:95] Horrez gain, Palestina izan dute gogoan ekitaldian, eta euskal eskola sistema eratzeko eta indartzeko beharra nabarmendu dute. Karmele Jaio idazlea omendu dute. Amurrioko Aresketa ikastolak izango du ardura hurrengo urteko Araba Euskaraz antolatzeko, eta lelukoa hartu du ekitaldian. Aurtengo jaiak izan du azken uneko aldaketa. Normalean Gasteizko Olarizuko zelaietan ospatzen dute jaia. Baina aurten ezinezkoa izan da, Gasteizko lorezainak greban daudelako, eta guneko belardia haziegia dago jendea eroso egoteko. Horregatik Armentia ikastolaren, Mendizorrotzaren eta Prado Parkearen inguruan ospatzen ari dira. Araban 3.700 ikasletik gora dituzte ikastolek, eta 2.500 familiek hautatzen dute hezkuntza eredu hori. Trebiñon ere ikastola bat dago.