Ternua Groupek, euskal ehungintzan pisu handia duen eta egoitza Arrasaten duen ehungintza sektoreko taldeak Ternua, Astore, Lorpen eta Loreak Mendian markak biltzen ditu, eta 180 langile ditu.
Urte arteko KPIa % 2,4raino apaldu da EAEn eta % 2raino Nafarroan, maiatzean. Espainiako Estatuan, urtebeteko inflazioa bi hamarren murriztu da, % 2raino. Iazko urritik izandako tasarik txikiena da.
Oso hunkituta eta arnasari eta malkoei eutsi ezinda. Hala mintzatu zaie Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea kazetariei, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak dimisioa aurkeztu eta hiru ordu eskasera. Belateko tunelen lanak ageri dira Cerdan dimisiora eraman duen Guardia Zibilaren ikerketan, eta, horren aurrean, Txibitek jakinarazi du ikertu egingo dituztela Guardia Zibilaren txosten horretan ageri diren Nafarroako obra publikoetako adjudikazioak. Izan ere, aitortu du txostenean ageri direla Nafarroako administrazioarekin lotura duten enpresen izenak. Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa izango da aztertuko dituena Guardia Zibilaren txostenean ageri diren enpresa guztiekin egin diren adjudikazioak. Kontratu horien kanpo ikuskaritza bat ere eskatuko du gobernuak, eta Nafarroako Kontu Ganberari ere galdegingo dio azter ditzala kontratazio horiek. Hiru bide horien bitartez zerbait topatuko balute, «azkeneraino» joko du gobernuak, Txibitek hitzeman duenez. Sanchezek bere agerraldia amaitu ondoren egin du berea Txibitek, Iruñean, eta oso hunkituta agertu da komunikabideen aurrean. «Esan behar dut ez dela egun erraza izaten ari», adierazi du. Azpimarratu du Cerdani buruz irakurri duena ez datorrela bat berak bere ibilbide politikoan bidelagun izan duen pertsonarekin: «Nire alderdikidea eta laguna da. Eta uste dut denok errespetatu behar dugula haren errugabetasun presuntzioa, epaiketarik ez dagoen bitartean. Espero dut Santos [Cerdan] gai izatea errugabea dela frogatzeko».
«Barkamena eskatzen diet herritarrei eta batik bat alderdiko militanteei eta jarraitzaileei». Burumakur eta serio, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du sinetsi izan duela Santos Cerdan alderdiko Antolakuntza idazkariaren zintzotasunean, Guardia Zibilaren txostena irakurri duen arte. «Bertan agertzen diren zantzuak oso larriak dira». Arratsaldean politikari nafarrarekin mintzatu da: «Dimititzeko eta akta uzteko eskatu diot. Ez genuen Cerdanez fidatu behar». Madrilen, agerraldia egin du arratsaldean, alderdikideek eta bazkideek azalpenak emateko eskatu baitiote. Orain arte Antolamendu idazkari izanik, Sanchezen konfiantza osoko gizona izan da Cerdan, baina txostena ikusita, harekiko lotura oro hautsi du Sanchezek. Proiektu politiko oso bat «gutxi batzuen ondorioz» kolokan jartzeak «atsekabe handia eta haserrea» eragin dizkio. Era berean, «irmo» erantzungo duela iragarri du. Hala, Cerdani dimisioa eskatzeaz gain, PSOEren kontuen gaineko kanpo ikuskaritza bat egitea aginduko du, «zalantza eta susmo oro uxatu asmoz». Sanchezen esanetan, Kontu Auzitegiek finantzen gaineko iritzi onak plazaratu dituzte, baina hori ez da aski, haren iritziz. Halaber, zuzendaritza federala berrituko du hurrengo batzorde federalaren bileran, uztailaren 4an. PSOEren azken bi Antolamendu idazkariek, Jose Luis Abalosek eta Santos Cerdanek, gogora ekarri diote dimisioa eman dutela, eta galdetu diote ea ez duen erantzukizunik hartu behar. «Gaur arte ez nekien ezer. Harrigarria suerta daiteke hori, baina gobernu honek segurtasun indarren lana errespetatzen du». Aipatu du 2014tik ezagutzen duela politikari milagroarra, eta harekin orpoz orpo egin duela lan. Atsekabe handia hartu duela berretsi du. [articles:2143225] Sanchezen arabera, errugabea dela adierazi dio Cerdanek. «Niri ez dagokit hura epaitzea, baizik eta erabakiak hartzea alderdiari begira», adierazi du. Sanchezen erabakien eta azalpenen zain daude haren inbestidura babestu duten indarrak, tartean EAJ eta EH Bildu. 2018an, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa babestu zuten, Gurtel auzia eta ustelkeria politikoa tarteko. Oinarri politiko hori kolokan gera daitekeenez, Sanchezek azpimarratu du bere gobernua ez dagoela krisian, «inondik ere ez». Baieztatu du legealdia burutzeko asmoa duela, eta 2027an deituko duela hauteskundeetara. Babesari eutsi dio Legealdian zehar Espainiako Gobernua babestu duten alderdiek azalpen gehiago eskatu dizkiote Sanchezi. EAJren EBBren presidente Aitor Estebanen ustez, orain artekoak ez dira aski. «Harrituta» agertu da Sanchezek ontzat eman duelako Guardia Zibilaren txostena. «PSOEk badaki azalpen gehiago behar direla, eta pentsatzen dut emango dituela, eta informazio gehiago izango dugula datozen egunetan». EAJk aurrera begira har dezakeen jarrerari buruz, zuhurtziaz mintzatu da Esteban. Espainiako Kongresuan PPk Sanchezen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko balu, EAJk «beti bezala» jokatuko lukeela esan du. Nolanahi ere, gogorarazi du gaur-gaurkoz ez dagoela gehiengorik mozioa aurrera atera dadin, eta ez dagoela nahikoa babesik beste gobernu bat osatzeko. «Beste gauza bat da zer mugimendu egon litezkeen mozio bat aurkeztuko balitz, baina guk beti bezala jokatuko dugu». EH Bilduk «gardentasuna eta zintzotasuna» eskatu dizkio Sanchezi. Arnaldo Otegi idazkari nagusiaren ustez, «larria» da Cerdani buruz jakin dena, baina nabarmendu du EH Bilduk «testuinguru politiko eta historiko oso zehatz batekin» lotzen duela gertatzen ari dena, eta asteleheneko Mahai Politikoaren bileraren ostean egingo duela «balorazio sakonago» bat. Kataluniako alderdiei dagokienez, Juntsek urgentziazko bilera bat eskatu dio Sanchezi, «legealdiaren bideragarritasuna aztertzeko». Hala ere, argi utzi du PPk eta Voxek osatutako gobernu bat ez dela inoiz alternatiba bat izango. ERCk uste du ezinbestekoa dela «amaieraraino iristea» eta justiziak gertakariak argitzea. Baina hark ere argi utzi du PPrekin eta Voxekin batera zentsura moziorik ez duela babestuko. «Inoiz ez dira alternatiba izango. Ustelkeriaren konponbidea ezin da ustelkeria gehiago izan». Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak, berriz, hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Sanchezi. Bere aldetik, ez du argitu zentsura mozioa aurkeztuko duen ala ez. Aurrera ateratzeko, gehiengo osoa beharko luke kongresuan.
Nahiago lukete fikzioa balitz, baina Sader Profersa Kanpora plataformako kideek bizi dutena egiazko «istorio amaigabe bat» da. Salatu dutenez, Bilboko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Sader enpresarekin duela hamar urte, enpresak jarduera amaitu zezan Zorrotza auzoan, eta oraindik ez da behin betiko datarik ezarri lantegia hirigunetik ateratzeko. Plataformak elkarretaratze bat egin du gaur arratsaldean, Bilboko udaletxearen parean, egoera salatzeko. «Bilbo ikus-entzunezko lan askoren agertoki bihurtu da azken urteetan, baina bada inork ikusi nahi ez duen telesail bat: instituzioen utzikeria eta herritarren nekea azalarazten dituen istorio amaigabe bat. Ingurumen eta osasun larrialdi jasanezin batean murgilduta gaude oraindik. Duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen telesail hori», adierazi dute elkarretaratzean irakurri duten komunikatuan. Saderrek lantegi bat du Zorrotza auzoan, eta Profersak beste bat. Profersak ongarriak egiten ditu, eta hondakin arriskutsuak tratatzen ditu Saderrek. Bi enpresak Agaleus taldekoak dira. Azken urteetan, Zorrotzako auzotarrak mobilizazioak eta sinadura bilketak egin dituzte jarduera horiek auzotik kanporatzeko, lantegiek sortzen duten kutsadura eta kiratsa dela eta. «Ez da industria abandonatu baten paisaia, ezta zinema dekoratua ere. Benetako jarduera bat da, arrisku handikoa, eta ondorio larriak dakartza biztanleriarentzat». «Usain jasanezinagatik eta arnasa hartzeko aire garbiaren faltagatik 112ra egindako deiak egunerokoaren parte dira askorentzat» SADER PROFERSA KANPORA Plataformako kideek nabarmendu dute aire garbia arnastu nahi dutela eta beldurrik gabe ireki nahi dituztela etxeko leihoak. Hori dela eta, udalari eskatu diote behin betiko data bat ezar dezala Saderren eta Profersaren jarduera hirigunetik ateratzeko. Saderrek joan den otsailean adierazi zuen baduela egitasmo bat Zorrotzako lantegia itxi eta Bilboko Portura beste proiektu bat eramateko, baina baimena lortzeko fasean zegoela. Proiektu horrek kontrako erreakzioak sortu ditu portuaren inguruko udaletan, eta haren bidea oraindik ez dago argi. «Utzikeriaren» kronologia Sader Profersa Kanpora taldeak labur azaldu du zer-nolako bilakaera izan duen auziak azken urteetan, eta, plataformaren esanetan, bilakaerak agerian uzten du erakundeen «utzikeria». Gogorarazi duenez, 2012an instituzio publikoak, enpresak eta kaltetutako bizilagunak biltzen zituen Usainen Mahaiak azken bilera egin zuen, baina «ez zuten gune egonkorrik sortu airearen kalitatearen inguruko jarraipena egiteko eta elkarrizketak izateko, eta bazter utzi zuten auzo elkarteek eskatutako osasun azterketa epidemiologikoak egitea». Handik hiru urtera, hitzarmen bat sinatu zuen Bilboko Udalak Sader enpresarekin, Zorrotzako jarduera amaitzeko prozesua bizkortze aldera. «Gaur-gaurkoz, konpromiso hori ez da bete». Ordutik, bizilagunak hainbatetan mobilizatu dira enpresen jarduera auzotik kanpora eraman dezatela eskatzeko, baina ez dute erantzun argirik jaso. «Usain jasanezinagatik eta arnasa hartzeko aire garbiaren faltagatik 112ra egindako deiak egunerokoaren parte dira askorentzat», salatu dute. Gaineratu dute Saderrek legez jaso zezakeen hondakin arriskutsuen kopurua gainditu zuela 2022 eta 2023 urteetan, eta 2024an bi istripu gertatu zirela Profersan. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak behin-behinean itxi zuen ongarri planta, maiatzean. Enpresak neurri batzuk hartu zituela egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkeztu ondoren, lantegia berriz ireki zuen uztailean. Dena den, inguruko bizilagunek salatu dute arazoak ez direla konpondu. «Azken ikuskapenek adierazi dute ez direla betetzen airearen, uraren eta lurzoruaren babes neurriak, eta hutsune larriak daudela prebentziorako eta hondakinen kudeaketarako neurriei dagokienez». Nabarmendu dutenez, aste honetan bertan, Zorrotzako institutuko ikasleek zientzia herrikoiaren proiektu batean parte hartu eta frogatu dute beren geletako airea ez dela osasungarria. «Institutuan bertan!». Berehalako neurriak behar direla ziurtatu dute. «Milaka lagun Zorrotzaurrera etorriko dira bizitzera, arrisku fokutik metro gutxira. Benetan norbaitek uste al du hori bateragarria dela osasunarekin? Egoera larria eta aldaketa premiazkoa den honetan, ez dugu ulertzen zergatik instituzioek ez duten oraindik esku hartu».
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen migrazio politikaren kontrakoek protestei eutsi diete Los Angelesen, eta han jarraitzen dute Guardia Nazionaleko soldaduek ere, Trumpen erabakiz. Baina ez han bakarrik. Texasen Guardia Nazionala San Antoniora bidaltzeko agindu du Greg Abbot gobernadore errepublikanoak, hiri horretan gaurko deitutako protesten harira. Gobernadorearen bozeramailearen arabera, soldaduak «esperoan» daude, zer gerta ere. Goizaldean sare sozialetan idatzi duenez, «estatuan zehar» ere hedatuko ditu soldaduak, «bakea eta ordena» bermatzeko. Izan ere, datorren larunbaterako protestak antolatu dituzte 1.800 hiri eta herritan; tartean, Austin, Dallas, Houston eta San Antonio hirietan. «Protesta baketsuak legalak dira; pertsonei edo jabetzei kalte egitea, berriz, ilegala da, eta atxilotzeko arrazoia». Horrela argudiatu du Abbotek Guardia Nazionalari dei egin izana, eta ohartarazi du «tresna eta estrategia guztiak» erabiliko dituztela soldaduek. Kontuan hartu behar da larunbatean 79 urte beteko dituela Trumpek: hori eta armadaren 250. urteurrena ospatzeko, desfile militar bat egingo dute Washingtonen. Protestak egongo direla jakinda, Trumpek mehatxu egin zuen atzo: «Protestaren bat badago, indar handi bati egin beharko diote aurre». Joan den ostiralean Los Angelesen hasi ziren protestak beste hainbat hiritara hedatu dira dagoeneko; esaterako, manifestazioak egin dituzte Atlantan, New Yorken, Chigagon eta Seattlen. Etxeratze agindua Los Angelesen Los Angelesko alkate Karen Bassek etxeratze agindua ezarri du erdigunean; hiriak 1.300 kilometro koadro ditu, eta 2,5 kilometro koadroko eremu batera mugatu du. 20:00ak eta 06:00ak artean egongo da ezarria —Euskal Herrian baino bederatzi ordu gutxiago dira han—, baina ez dute zehaztu noiz arte egongo den indarrean. Los Angelesko Polizia Departamentuaren arabera, «atxiloketa masiboak» egin dituzte etxeratze agindua ezarri duten lehen gauean. Karen Bass Los Angelesko alkatea, ezkerretik hasita bigarrena, atzo, agerraldi bat egiteko pronto. ALLIDON DINNER / EFE Dena den, ez dirudi papergabeak atxilotzeko sarekaden aurka ostiraletik protestan ari direnek etxerako bidea hartu dutenik; are gutxiago aintzat hartuta epaile federal batek uko egin diola Guardia Nazionalaren hedatzea blokeatzeari, Kaliforniako gobernadore Gavin Newsomek eskatu bezala. Polizia indarren eta manifestarien arteko liskarrak izan dira azken egunetan Los Angelesen, eta, Bassek goizaldean egindako agerraldi batean nabarmendu duenez, gertatutako «bandalismo ekintzek» bultzatu dute neurria hartzera. Zehaztu du astearte goizaldean 23 denda arpilatu zituztela. Poliziak 197 pertsona atxilotu zituen atzo, eta, datu ofizialen arabera, larunbataz geroztik 377 dira guztira atxilo hartutakoak. Etxe Zuriko nagusiaren aginduz, Guardia Nazionalaren 4.000 kide inguru eta 700 marine daude hedatuta Los Angelesen. Newsomi kontsultatu gabe hartu zuen neurri hori Trumpek, eta orduan, Kaliforniako gobernadore demokratak eskatu zion epaile federal bati urgentziaz blokeatzeko AEBetako presidentearen agindua. Charles Breyer epaileak, baina, muzin egin dio eskaera betetzeari. Biharko entzunaldi batera deitu du, eta aldeek modua edukiko dute beren jarrera justifikatzeko. Eta Trumpek, bien bitartean, segitzen du bai Guardia Nazionalaren hedatzea defendatzen, bai migranteak jopuntuan jartzen. Armadaren 250. urteurrena ospatzeko, ekitaldi batean parte hartu zuen atzo gauean Fort Bragg base militarrean (Ipar Karolina). «Los Angeles munduko hiri eder eta seguruenetako bat zen lehen, eta zabortegi bihurtu da; auzo batzuk nazioarteko banden kontrolpean daude». Eta AEBetako presidentearen hitzetan, «kontrolik gabeko immigrazioak» eragiten du «kaos eta ordena gabezia» hori. Bide batez, ohartarazpen bat egin zion Europari. «Europan ere hori nozitzen ari dira; hori gertatzen ari da Europako herrialde askotan. Ez zaie gustatzen nik hau esatea, baina esango dut: hobe da zerbait egitea berandu baino lehen». 141 Zenbat lagun iritsi diren Venezuelara AEBetatik deportatuta. Venezuelako iturri ofizialek atzo jakinarazi zutenez, AEBek beste 141 venezuelar deportatu dituzte, eta atzo iritsi ziren Venezuelara. Donald Trumpek urtarrilean AEBetako presidente kargua hartu zuenetik, 5.616 venezuelar deportatu dituzte. Kalifornia da munduko zortzigarren ekonomia, eta, hango gobernadorearentzat, Trumpek berak bere ekintzekin «sutu» du Los Angeles, eta horrek bultzatu du alkatea etxeratze agindua ezarri behar izatera. Hori adierazi du goizaldean, telebista kate batean egin dioten elkarrizketan. Horrekin lotuta, administrazio zentrala estu hartzeko asmoz, Guardia Nazionalaren hedatzea justifikatzeko eskatu diote Alex Padilla eta Adam Schif Kaliforniako senatariek Pentagonoari. Trumpek AEBetako armadaren araudian jasotako lege federal bat baliatu du horretarako. Eta protestekin lotuta, hain zuzen, migranteen defentsan lan egiten duten hainbat erakundek azken orduetan esan dute ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarretako kideek 300 papergabe inguru atxilotu dituztela Los Angelesen azken egunetan egindako sarekadetan. Aintzat hartu behar da AEBetan hamahiru estatuk ez dutela kolaboratzen ICErekin, eta babesa ematen dietela papergabeei. Gaur eman duen prentsaurreko batean, Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak esan du denera 61 mexikar atxilotu dituztela Los Angelesko protestetan.
Aurrerabidearen izenean, «atzerapauso bat». Bilboko itsasadarraren azpiko autobidearen proiektua gizartearen beharren kontrakoa dela uste du Subflubiala Ez plataformak, besteak beste trafikoa handitu eta berotegi gasen isuriak areagotuko dituelako, klima larrialdi betean egin ere. Talde horrek egitasmoaren aurka antolatu duen kanpaldia aurkeztu du gaur, Leioako Artatza parkean egin duen prentsaurrekoan. Toki horretan bertan egingo dute kanpaldia asteburuan. Hain justu, autobidearen proiektuaren barruan, aurreikusia dute Artatza parkearen ondoan tunela egiteko leherketak egitea, eta plataformak adierazi du leherketak mehatxu bat direla herritarrentzat. Batetik, «bibrazio arriskutsuak» eragingo dituztelako inguruko eraikinetan, besteak beste Artatza-Romo institutuan. Bestetik, herritarren osasunari kalte egingo dielako, aireko partikulen kutsadura dela eta. Zaratak legezko mugak gaindituko dituela ere salatu dute. Plataformak gogorarazi du Artatza inguruan egin asmo ziren leherketak baztertu egin zituztela proiektuaren ingurumen eraginari buruzko adierazpenean, baina aldundiak adierazpen hori moldatu egin duela gerora, eta, aldaketa horietan, hobekuntza tekniko gisa txertatu dira aurrez debekatu diren jarduera batzuk. Hala, plataformak salatu du ibilbidearen beste tarte batzuetan ere leherketa gehiago egitea proposatzen dela, «azterketa zorrotzik egin gabe». «Eskatzen dugu oinez, bizikletaz edo garraio kolektiboan zer ibilbide egin daitezkeen identifikatzeko, garraiobide horiek indartzeko eta pixkanaka ibilgailu pribatuaren erabilera apaltzeko» SUBFLUBIALA EZ PLATAFORMA Taldeak esana duenez, enpresa sustatzailearen azterketetan aitortzen dute ibilbide osoa zulaketen bidez egin daitekeela, hau da, eragin txikiagoa sortuta. Hala, uste du arrazoi ekonomikoak daudela lehergaiak erabiltzeko erabakiaren atzean: lanak bizkortzea eta kostuak merkatzea. Aldundiari egotzi dio irizpide ekonomikoak lehenestea osasun publikoaren aurretik. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak espero du hilabete honetan onartzea autobidearen lanen proiektua. Bizkaiko oposizioko taldeek ere gaitzetsi dituzte proiektuaren azken aldaketak. Joan den astean, aldundiari eskatu zioten ingurumen eraginari buruzko beste adierazpen bat egiteko. Batzar Nagusietako azpiegituretarako batzordean adierazi zuten egitasmoari egin zaizkion aldaketak ezin direla txertatu adierazpenaren moldaketa huts baten bidez. Aldundian agintean diren taldeek, hau da, EAJk eta PSE-EEk eskaeraren aurka bozkatu zuten, eta, beraz, batzordeak baztertu egin zuen eskaera. Autobideak badu beste berritasunik ingurumen eraginari buruzko adierazpen moldatuan: 300 metro luzeko zubibide bat, Portugaleten, Ballonti ibaiaren ibarrean. Plataformak nabarmendu du ingurumen eraginari buruzko lehen adierazpenak baztertu egin zuela zubibide hori, ingurumenean sortuko lituzkeen kalteengatik. Plataformak salatu duenez, aldundiak «justifikaziorik gabe» gehitu du berriz proiektura, eta inguruko «azken eremu berdeak» suntsituko ditu. Subflubiala Ez taldeak gaineratu du aldaketa horiek ez direla modu gardenean egin. «Ingurumen eraginari buruzko adierazpena aldatzeko eskaera ez zaie jakinarazi kaltedun guztiei, eta, beraz, legea urratu da». Eredu zaharkitua Itsasadarraren azpiko autobidea «logika zaharkitu batekin» lotu du Subflubiala Ez taldeak: autoen joan-etorrietan ardaztutako garraio eredu batekin, eta ez pertsonen eta salgaien mugimendua ardatz duen batekin. Azterketa sakon bat egitea galdegin dio aldundiari. «Eskatzen dugu oinez, bizikletaz edo garraio kolektiboan zer ibilbide egin daitezkeen identifikatzeko, garraiobide horiek indartzeko eta pixkanaka ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko». Gaineratu du norabide horretan pausoak ematea ez dela aukerakoa, betebeharra baizik. «Hala ezartzen dute aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Energiaren eta Klimaren Plan Integratuaren (PNIEC) eta Europako Batasuneko jarraibideen helburuek». Plataformak nabarmendu du badirela beste eredu batzuk ezarri dituzten lurraldeak, eredugarri izan daitezkeenak. Paris jarri dute adibide, «Bilboko metropolia baino askoz ere eremu konplexuagoa». Hori dela eta, beste mugikortasun eredu baterantz jauzi egiten hasteko eskatu diete erakundeei. «Ez dago aitzakiarik». Ohartarazi dutenez, «hala egin ezean, ondorengo belaunaldiak lurralde kutsatuago, zaratatsuago eta latzago batera kondenatuko ditugu». Asteburuko kanpaldirako askotariko ekintzak prestatu dituzte. Larunbatean, azoka, kontzertuak eta umeentzako jolasak izango dira, besteak beste. Igande goizerako, berriz, Frantziako A-69 autobidearen aurkako borrokari buruzko hitzaldi bat antolatu dute. Kanpaldia eguerdian amaituko da, protesta kalejira batekin.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari onartu behar zaio —zeharka baita Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari ere— gauzak beste modu batera egiten ari dela. Gutxienez, ez ditu arazoak ukatu eta ezkutatu, Iñigo Urkulluk eta Gotzone Sagarduik egin zuten moduan. Hitzez ez du auzitan jarri Urkulluk eta Sagarduik egindakoa, baina ekintza batzuek irauli egin dute jasotako herentzia. Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuarena da horren adibide garbia. Arazoak aspaldikoak eta jakinak ziren ikusi eta konpondu nahi zituenarentzat, baina administrazioek zerbitzuak azpikontratatzen dituztenean sarritan gertatzen den bezala, azpikontratazioa aitzakia moduan erabili zuten, herritarrei esateko zerbitzuaren ardura ez zela haiena, enpresena baizik. Martinezek, ordea, bertan behera utzi zuen La Pau enpresak eskaintzen zuen zerbitzua, eta beste enpresa batzuen bidez eskaintzen hasi zen. Ausartagoa ere izan zitekeen: anbulantzia zerbitzua publiko bihur zezakeen, Nafarroako Gobernuak egin duen moduan. Osasun sistema publikoaren egoera eta herritarren kezkak eta iritziak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen osasun sistemari buruzko itun bat lortzeko prozesua. Etorkizuneko osasun sistemaren oinarriak definitzeko ariketa. Arazo bat badagoela onartzea. Ez da kasualitatea halako zerbait kolaborazio publiko-pribatuari buruzko batzordean gertatzea. Diru asko dago jokoan eta, funtsean, baita politika egiteko modu bati eustea ere Txalotzekoa da Osakidetzari buruzko gogoeta prozesu bat abiatzea. Zalantzak eta kezkak eragiten dituzte, ordea, ituna lortzeko prozesuaren metodologiak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien zenbait mezuk. Prozesuaren hurrengo fasera pasatzeko aurrekoaren ondorioak onartu behar izan dira, adostasunaren izenean. Eusko Jaurlaritzak jarri ditu batzordeen dinamizatzaileak. Dinamizatzaile… batzuetan bideratzaile eta epaile. Ondorioak ez desbideratzeko. Lankidetza publiko-pribatuari buruzko batzordeko kide batzuek salatu zutenez, batzordeko dinamizatzailea batzordeko gehiengoak —sindikatuak eta ezkerreko alderdiak— onartutako iritzia urardotzen saiatu zen, Confebasken eta lankidetza publiko-pribatuaren aldekoen mesedetan. Ez da kasualitatea halako zerbait kolaborazio publiko-pribatuari buruzko batzordean gertatzea. Diru asko dago jokoan eta, funtsean, baita politika egiteko modu bati eustea ere. Eta denek dakite paperean idatzitakoak interpretatu egin daitezkeela: batzuentzat «indartzea», «modernizatzea», «kalitatea», «balio erantsia» eta «pazienteak ardatz izatea» gauza bat direla, eta besteentzat beste zerbait Desadostasunak hor dirauenez, Eusko Jaurlaritzak alperra pasatu nahi du: batzordean gailendu den iritzia onartu beharrean, proposamen «integratzaile» bat aurkeztu die, aztertzeko. Umetan, jolasean, jostailuaren jabeak egin ohi zuen moduan, arauak eta erabakiak baldintzatu nahi ditu. Akordioak, berez, ez dira onak. Adostasuna lortzeak ez du esan nahi aurrera egiten denik edo neurri anbiziotsuak indarrean jartzen direnik. Sarritan adostasunaren izenean multiplo komun txikiena hitzartzen baita, eta posible da txikiena txikiegia ere izatea. Osasun itunaren aldeko prozesuak fase bat amaituko du ekainean. Osasun sistemaren oinarriak definituko dituzte. Paperean. Eta denek dakite paperean idatzitakoak interpretatu egin daitezkeela: batzuentzat «indartzea», «modernizatzea», «kalitatea», «balio erantsia» eta «pazienteak ardatz izatea» gauza bat direla, eta besteentzat beste zerbait. Hori hasieratik zekiten, denek. Prozesuan parte hartu dutenek, Eusko Jaurlaritzak batez ere, kontsekuenteak izan beharko dute: ondorioak erabaki bihurtu beharko dituzte, eta erabakiak, diru eta baliabide. Kontsekuente izan beharko dute baldin eta benetan Osakidetza indarberritu nahi badute eta prozesuaren helburua ez bada izan hasieratik pentsatuta zeuzkaten premisa batzuk ondorio bihurtzea, eragileen konplizitatearekin.