Bide orria ezagututa, lanean hasteko prest dira futbol taldeak
Atseden hartzeko eta futbolaz urruntzeko tarte gutxi izan dute jokalariek. Duela ez asko bukatu zen azken sasoia, baina berehala hasiko dira hurrengo denboraldirako prestaketa lanetan. Eta, dagoeneko, talde guztiek ezagutzen dute bide orria, zozkatu eta aurkeztu baitituzte egutegiak. Gizonezkoak izango dira sasoiari ekiten aurrenekoak. Athleticek, Realak, Osasunak eta Alavesek abuztuaren 16ko asteburuan hasiko dute liga. Lehen jardunaldia etxean jokatuko dute Alavesek eta Athleticek; Levante eta Sevilla izango dituzte aurkari, hurrenez hurren. Eta bisitari moduan ariko dira Osasuna eta Reala. Hasiera zaila izango dute nafarrek, Real Madrilen aurka jokatuko baitute lehen partida. Realak, berriz, Valentziaren kontra. Bada zaleen artean ikusmira sortzen duen bestelako partidarik: derbiak. Laugarren jardunaldian izango da aurrenekoa, irailaren erdian. Athletic eta Alaves izango dira aurrez aurre, San Mamesen. Emakumezkoek, berriz, abuztuko azken asteburuan hasiko dute liga. Athletic, Reala eta Eibar ariko dira beste behin maila gorenean. Bilbotarrek eta eibartarrek etxean hasiko dute liga. Athleticek Tenerife jasoko du Lezaman, eta Eibarrek Sevilla Ipuruan. Realak, berriz, etxetik kanpo jokatuko du lehen partida, Madrilen aurka. Lehen derbia Gipuzkoako bi taldeen artekoa izango da: urriaren 18ko asteburuan jokatuko dute, zortzigarren jardunaldian, Eibarren. Hortik bi astera, berriz, Athleticek eta Eibarrek neurtuko dituzte indarrak. Eta hurrengoan, 11. jardunaldian, Reala eta Athletic izango dira aurrez aurre. Bigarren Maila ere prest Bigarren Mailako egutegiak ere aurkeztu dituzte. Gizonezkoetan, Reala Bk Zaragozaren kontra hasiko du liga, eta, Eibarrek, Malagaren aurka. Elkarren kontrako lehendabizikoa seigarren jardunaldian jokatuko dute, Ipuruan. Emakumezkoetan, berriz, Osasunak Bartzelona Bren aurka hasiko du sasoia, eta Alavesek Real Madril Bren kontra. Lehen derbia 12. jardunaldian jokatuko dute, Araban, eta elkarren kontra amaituko dute denboraldia, Nafarroan. ESPAINIAKO LEHEN MAILA, DERBIAK (G) 4. jardunaldia (irailak 14) Athletic-Alaves 11. jardunaldia (azaroak 2) Reala-Athletic 13. jardunaldia (azaroak 23) Osasuna-Reala 15. jardunaldia (abenduak 7) Alaves-Reala 17. jardunaldia (abenduak 21) Osasuna-Alaves 18. jardunaldia (urtarrilak 4) Osasuna-Athletic 22. jardunaldia (otsailak 1) Athletic-Reala 28. jardunaldia (martxoak 15) Reala-Osasuna 30. jardunaldia (apirilak 5) Alaves-Osasuna 31. jardunaldia (apirilak 12) Reala-Alaves 33. jardunaldia (apirilak 22) Athletic-Osasuna 34. jardunaldia (maiatzak 3) Alaves-Athletic ESPAINIAKO LEHEN MAILA, DERBIAK (E) 8. jardunaldia (urriak 19) Eibar-Reala 10. jardunaldia (azaroak 9) Athletic-Eibar 11. jardunaldia (azaroak 16) Reala-Athletic 17. jardunaldia (urtarrilak 25) Reala-Eibar 20. jardunaldia (otsailak 15) Athletic-Reala 21. jardunaldia (otsailak 22) Eibar-Athletic