Kontsultatu hemen Bilboko Aste Nagusiko egitarau osoa, egunez egun. Konpartsek antolatutako ekitaldiak ere ikus daitezke, egitarau ofizialaz gain. iFrameResize({ log: true },’#donosFest’);
Hamabost minutu eskas falta dira kontzertua hasteko. Betaurreko galaktikoak jantzi ditu Sarak kamerinoan. Metalezko jaka lotzen lagundu dio Paskali. Lurrera eroritako maskararen zilar koloreko tela zati bat eman dio Paskalek Juleni. Merina Gris taldeko kideak dira, eta Donostiako Aste Nagusian jotzear daude, Flamenkan. Lurrera begira, kontzentrazioaren eta urduritasunaren arteko oreka bilatu nahian igo dute oholtzarako aldapa, eta erritu bihurtua duten besarkada eman diote elkarri. «Orain, gozatzera!». Hasi da kontzertua, eta harrera beroa egin diete Flamenkan, aho batez kantatuz: «Lotu zure txakurrak». Merina Gris taldekoak, besarkatuta, kontzertua hasi baino lehenago. ANDONI CANELLADA / FOKU Prestaketa askoz ere lehenago hasi da, ordea. 17:25. Furgoneta zuri bat iritsi da Donostiako Martutene auzoko 27 Poligonora. Maletategia ireki dute Paskalek eta lantalde teknikoko beste hiru kidek, eta entsegu lokalean prest dituzten kaxak sartzen hasi dira: MG siglak dituzte inskribatuta, taldearen ohiko tipografiarekin. Musikarien tresnak dira, eta kontzerturako beharrezkoak diren argien ondoan egin diete lekua, gero deskargatzeko. «Gaur, furgoneta etxean geneukanez, jende gutxiago elkartu gara lokalean, Flamenkara furgoneta bakarrean iristeko», azaldu du Paskalek. Berehala abiatu dira Flamenkarantz, azken egunetako pasadizoak elkarri kontatuz. Eszenatokiaren atzeko alderaino sartu dira furgonetan, eta atzerako martxan aparkatu dute, hozkailuen, energia sorgailuen, kamerinoaren eta garagardo upelen artean lekua eginez. Orduantxe agurtu dituzte Donostiako Piratetako musika lantaldeko kideak; kamerinoa zein izango den azaldu diete, eta kaxak furgonetatik eszenatokira igotzen hasi dira, denborarik galdu gabe. «Beti bezala, furgoneta kargatu ez dutenak berandu datoz», esan du Paskalek, barrez. Merina Gris taldeko kideak oholtza prestatzen, atzo arratsaldean. BERRIA Handik gutxira agertu dira Julen eta Sara —taldeko kideek ez dute abizenik ematen—, eta taldekideak agurtu orduko hasi dira haiek ere muntaketa lanetan, hara eta hona. Alfonbrak, bateria, teklatua. Kableak hemendik eta kableak handik. Nork bere zeregina du oholtza gainean, Paskalen hitzetan: «Normalean, bakoitzak bere instrumentua muntatzen du, eta laguntza izaten dugu, beste kide bat etortzen baita gurekin. Ordu eta erdi edo bi ordu igarotzen dira iristen garenetik dena muntatzen dugunera arte». Ordutegiak zorrotz Ohartzerako, hasia da atzerako kontaketa, ordutegi zehatza izaten baitute taldeek eszenatokia muntatzeko eta soinu proba egiteko. Horixe da Piratetako musika lantaldearen zeregin nagusietako bat, bertako kideek azaldu dutenez: ordutegiak betearaztea. «Ordutegi batzuk ditugu taldeentzako, eta, ez badira errespetatzen, dena berandutzen da. Taldeei aurrez bidaltzen diegu, eta esaten diegu nahitaez bete behar dela. Teknikarien baldintzak bermatzeko modua ere bada, ordu asko ematen baitituzte hemen, eta deskantsatu egin behar dute». Zazpi kideko lantaldea da musikarekin loturikoa, baina bina pertsona egoten dira egunero arduradun, txandaka. Gutxi gorabehera, 16:00etan hasi eta 04:00ak arte egiten dituzte txandak. Izan ere, soinu probak hasi baino lehen joaten dira gunea bezperatik nola geratu den ikustera eta hura pixka bat txukuntzera, eta haiek ixten dute gunea, musika taldeek dena jaso eta alde egin ondoren. Orduan ere erlojuari begira aritzen dira zorrotz, baina bestelakoa da arrazoia: «Nahiz eta txanda eduki, gero parranda egin nahi dugu, beraz…». Abendu eta urtarril aldean hasten dira lanean, lehen proposamenak egiten, eta, pixkanaka, taldeekin harremanetan jartzen, egitaraua osatzeko. Zenbait irizpide kontuan hartzen saiatzen dira: «Taldeak euskaldunak izatea, emakumeen presentzia bermatzea ehuneko handi batean, donostiarrak izatea, oholtza gainean etxeko giro hori sortzeko… Eta, noski, hori guztia ekonomikoki zer muga ditugun kontuan hartuta». Urtarrilean hasten dira, bai, baina azaldu dute hurrengo urterako jada kontzertu batzuk hitzartuta dauzkatela. Hasi dira lehen bateria kolpeak. Eta mikrofonoa ere badabil: bat, bi eta hiru; probatzen. Soinu proba hasi da, eta tarte horretan beste furgoneta bat iritsi da —grisa oraingoan— oholtzaren atzeko aldera. Bengo taldekoak dira; beren materiala dakarte. Haiek joko dute Flamenkan Merina Grisen aurretik. Hala izaten dela azaldu dute: kontzertua azkena ematen duenak egiten du soinu proba lehenik. Merina Grisen oholtzako prestaketak, atzo. BERRIA Hortaz, oholtza prestatu eta gutxira desegin behar izaten dute dena berriro taldekideek, hurrengo taldeari lekua uzteko. Inguruko txoko guztiak aprobetxatzen dituzte, leku aldaketa ahalik eta erosoena eta azkarrena izan dadin denentzat: gitarrak kamerinora, tarima bat eszenatoki ertzera, eta argiak oholtzapera, bertara igotzeko aldaparen albora. «Okerrena ez da gero berriz muntatu behar dugula, okerrena da kontzertu aurreko tentsiopean egin behar dugula berriz dena, argi gutxiago dagoela… Antzerki obra bat egin aurretik jendeak zu ikustea bezalakoa da. Magia pixka bat kentzen dio, baina, bueno, ohituta gaude», aitortu du Julenek. Eta dena ez da kontzertuarekin batera amaitzen, noski. Merchandising postura joan behar dute, jendearekin egon, eta dena jaso. Rolak banatzen dituzte horretan: Julen eta Sara joaten dira diskoak eta arropa saltzera, eta zaleekin hitz egitera, «oraindik adrenalina eta euforia hori» presente dutela, Julenen hitzetan. Paskalek, berriz, nahiago izaten du dena jasotzen eta furgonetan sartzen hasi, bukatu orduko jendearekin egotea gehiago kostatzen baitzaio. Ordu eta laurden ingururen buruan izaten dute furgoneta kargatua, eta orduan hasten dute itzulerako bidaia; lokalean materiala gorde, eta etxera. «Beste bi edo hiru ordu, erraz». Etxeko oholtzan Esfortzuak esfortzu, berezia dute kontzertua —atzo egin zuten—, etxean joko baitute. Donostiarrak dira, eta aurrez arituak dira piraten mugimenduan. «Hemen txandak egiten hazi gara gu; batzuk beste batzuk baino gehiago, baina gure plaza da hau», esan du Paskalek. «Ni urduriago nago etxean jotzeagatik, eta lotsa ere agian presenteago daukat gaur, baina, era berean, zureen aurrean jotzeak ere ematen dizu harrotasun puntu bat, eta ilusio berezia egiten du, zalantzarik gabe», onartu du Julenek ere. Musika lantaldeko kideek gustura entzuten dituzte halakoak. «Talde askok hemen jo nahi izaten dute. Hiriko antzokien egoera ikusita —Doka itxita dago; Dabadaba irekita, baina ez da oso handia…—, talde askorentzat hau da diskoa aurkezteko oholtzarik onena. Eta, horrez gain, badakite nora datozen: badakite ez dela udalaren programazioa, herri mugimenduarena dela, autogestionatua… Gutxieneko baldintza batzuk bermatuta, denok jartzen dugu geure aldetik pixka bat; horri esker eramaten dugu hau guztia aurrera, eta oso eskertuta gaude». Merina Grisen kontzertua, jendez lepo, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU Asteburuetan soilik izaten dituzte kontzertuak Merina Grisekoek, eta haien denbora librearen zati handi bat hartzen du birak. Baina horixe da gakoa, taldekideen ustetan: aisialdia ere horren parte izatea. Soinu probak bukatuta, piratek prest utzitako patatak, gominolak eta fruitu lehorrak jaten hasi dira. Paskalentzat, esaterako, une hori da kuttunena. «Afaldu arteko tarte hori daukagu lasai egoteko, pultsazioak jaisteko. Gaur [atzo] piratekin, besteetan beste edozein tokitako jendearekin. Jendea ezagutzen duzu, eta gustura egoten zara». Julen ere bat dator. Asteburu osoa «hipotekatu» arren, lagunekin egoteko modu bat da kontzertuen bira. «Niri galdetuko balidate ea nahiago izango nukeen kontzerturako bakarrik etorri, ezetz esango nuke. Merezi du prozesu guztia bizitzea, —ondo egonez gero—: bandarekin furgonetan sartzea, hizketan aritzea, beste taldeekin edo antolakuntzarekin harremanak izatea… Ez dut kontzertu bat imajinatzerik hori gabe». Hamabost minutu eskas falta dira kontzertua hasteko. Betaurreko galaktikoak jantzi ditu Sarak kamerinoan. Metalezko jaka lotzen lagundu dio Paskali. Lurrera eroritako maskarako zilarrezko zati bat eman dio Paskalek Juleni. Lurrera begira, kontzentrazioaren eta urduritasunaren arteko oreka bilatu nahian igo dute oholtzarako aldapa, eta erritu bihurtua duten besarkada eman diote elkarri. «Orain, gozatzera!». Hasi da kontzertua, eta harrera beroa egin diete Flamenkan, aho batez kantatuz: «Lotu zure txakurrak». Ordu eta laurdeneko kontzertua eman dute, eta pare bat ordu gehiago izan dira dena jaso eta etxera iritsi direnerako, hori guztia baitago kontzertu baten maskararen atzean; baina «merezi du».
Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETA politiko-militarreko kideek «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zuten, eta, beraz, ez dira «demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean» sartu behar. Hala adierazi du Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak, Sortuk eskatu eta gero frankismoaren bi biktimei aitortza egiteko. «Ez dezagun nahastu», erantsi du. Europa Press agentziak zabaldutako elkarrizketa batean, Alonsok adierazi du Txiki eta Otaegi frankismoaren biktimak direla: «Prozedura militar baten bidez inolako berme judizialik gabe epaitu zituen erregimen diktatorial baten biktimak dira, noski». Alonsoren hitzetan, ETA politiko-militarreko bi kideek «ez zuten epaiketa justu bat izan, ezta inolako berme juridikorik ere, eta modu arbitrarioan kondenatu eta fusilatu zituzten». Horrek, ordea, «frankismoaren biktima» bihurtzen ditu, Alonsoren esanetan: «Hala aitortu behar zaie». Baina oharra egin du: «Hortik askatasunaren eta diktaduraren aurkako borrokalariak zirela esatera urrats handia dago. Diktaduraren aurka borrokatzen baitziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin: indarkeria, terrorea eta beldurra». Horregatik, uste du bereizi beharra dagoela «biktima izaeraren aitortza» eta «omenaldia»: «Ez Txikik eta ez Otaegik ez zuten nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat; Euskadiz zuten ikuspegia inposatu nahi zuten, euren proiektu propioa frankismoaren alternatiba gisa». Alonsok salatu du ahalegin bat dagoela «ETA on baten eta ondoren ETA gaizto baten existentzia zuritzeko», eta gogora ekarri du erakunde armatuak hamahiru lagun hil zituela 1974an Madrilgo Rolando kafetegian: «ETA erakunde terrorista bat izan da hasieratik, eta haren hautua izan zen terrorea sortzea eta inposatzea». 50. urteurrena Irailaren 27an 50 urte beteko dira diktadura frankistak Txiki eta Otaegi fusilatu zituenetik, eta, hain zuzen, urteurren hori oroitzeko pankarta handi bat jarri zuten ostiralean Zarautzen (Gipuzkoa), Txikiren herrian. Udalak, baina, hura kentzeko agindu zuen, eta, 24 ordu inguruko epean, desagertu egin zen Santa Barbara mendiaren hormatik. Erabakiak harrabotsa eragin du. Olana mendian botata utzi zuten, baina herritar batzuek, berreskuratu, eta argazkia egin zuten Zarautzen. Horren harira, Sortuk ohar bat zabaldu zuen, eta adierazi txarretsi egiten duela EAJk eta PSE-EEk zer jarrera hartu duten «frankismoaren azken fusilatuen inguruan». Kontrara, udalak «aitortza» egin beharko liekeela uste du alderdiak: «Bi fusilatuek eta frankismoari aurre egin zioten euskal herritar guztiek beharko lukete aitortza instituzionala, are gehiago frankismoari aurre eginez hil baziren». Txiki eta Otategi 2012an aitortu zituen biktima gisa Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak —giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko sortua da batzorde hori—. Aste honetan bertan, Espainiako Gobernuak Xose Humberto Baenaren zigor epaia baliogabetu du, argudiatuta auzitegi ilegitimo batek zigortu zuela. Baena Txiki eta Otaegiren egun berean fusilatu zuten, FRAPeko beste bi kiderekin batera. Joan den astean, Alonsok berak Eldiario.es-en argitaratutako elkarrizketa batean aitortu zuen «oraindik» ez dutela garbi zer-nola gogoratuko duten Txikiren eta Otaegiren fusilamenduen urteurrena: «Zerbait egin beharko da. Zenbait aukera aztertzen ari gara. Seguruenik nolabaiteko mahai inguru bat egingo dugu, herritarrei irekiagoa eta ez hain akademikoa. Lanean ari gara».
LAB sindikatuak salatu duenez, joan den astelehenean Laudioko (Araba) etengabeko arretarako gunean ez zen medikurik izan, eta aurreratu dute etzi eta igandean ere ez dela izango. Jai egunak izango dira gainera Aiaraldeko bihotzean, etzi txupinazo eguna izango baita, eta igandean, berriz, sanrokezar eguna. Gainera, sindikatuak gogorarazi du bero handiko egunak direla eta halakoetan osasun ezbehar gehiago izaten direla. Hain zuzen, Laudion bertan, bi pertsona hil ziren iaz medikurik ez zenean. Lehena 2024ko urtarrilean izan zen, etengabeko arretarako gunean medikurik ez zenean, eta bihotzeko batek jota hil zen. Bestea garai honetan bertan izan zen: gau batean hiru ezbehar larri izan ziren Laudion (hipogluzemia bat, bihotzeko bat eta bihotz-biriken geldialdi bat), eta une horretan Laudioko Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorra guardiako medikurik gabe zegoen. Bilbotik joan behar izan zuen medikua zuen ZIU mugikorrak bihotz-biriken gelditze hori artatzeko, baina pertsona hil egin zen. Batez ere lehen heriotzak haserrea piztu zuen herrian eta eskualdean, eta herritarrek hainbat protesta antolatu zituzten.
Bi hilabete Gazan igaro ostean, Euskal Herrian da Aitor Zabalgogeazkoa MSF Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko Larrialdietarako koordinatzailea. Atseden hartzeko asmoz itzuli da sorterrira, baina etenaldiak ez du luzaro iraungo: zortzi aste barru zerrendara joango da berriz, orain han dauden lankideei erreleboa ematera. Halere, egonaldia probestu du Gazako egoeraren berri emateko, eta ohartarazi du muturrekoa dela: «Jendeak dagoeneko ez dauka nora joan; eta, ia bi urteren ondoren, biztanle guztiak apenas sartzen ez den laguntza humanitario baten menpe daude bizirik irauteko». [articles:2145693] Galdera sortari patxadaz erantzun dion arren, Zabalgogeazkoak aitortu du zaila dela Gazan ikusitako eta bizitako guztia senideei, lagunei eta kazetariei kontatzea. Hori da, haren arabera, itzuleraren zati gogorrenetako bat. «Nahiago dut han egon den lankide batekin hitz egin; gure artean, gauza asko ulertutzat ematen dira; ez dago dena ozen esan beharrik». MSFk atzerriko 30 langile humanitario inguru ditu zerrendan, eta haiekin batera jarduten dute 980 inguru palestinarrek. 2023ko urriaren 7az geroztik, arriskua Gazako «eremu guztietan» dago, eta «edonor» hil daiteke Israelen eraso baten ondorioz; halere, Zabalgogeazkoak nabarmendu du egoera ez dela bera langile denentzat, langile humanitario palestinarrak, finean, «zibilak» baitira. «Gazan egon naizen denboran, lankide palestinar asko zauritu dituzte: hankan, bizkarrean, buruan…». «Gazan egon naizen denboran, lankide asko zauritu dituzte: hankan, bizkarrean, buruan…» AITOR ZABALGOGEAZKOA MSFko Larrialdietarako Koordinatzailea Gaza hegoaldeko Khan Yunisko Al-Nasser ospitalean aritu da lanean Zabalgogeazkoa, eta haurdun dauden emakumeak eta adingabeak artatzen dituen talde bat koordinatu du. Zerrendako muturreko egoeraren erakusle, azken asteotan bolo-bolo zabaldu dira malnutrizioaren ondorioz hilzorian dauden haurren eta jaioberrien irudiak; ehunka agertu dira sare sozialetan, egunkarietan eta telebistan. Eta, halere, Israelgo Gobernuko zenbait kidek, hala nola Benjamin Netanyahu lehen ministroak, egotzi diote Gazako Gobernuari gezurretan aritzea. Tel Avivek aipatzen dituen argudioetako bat da, adibidez, azken asteetan hil diren adingabe guztiek gaixotasun kronikoak zituztela, eta, hortaz, ez direla gosetearen ondorioz hil. Argudio hori gezurtatu du Zabalgogeazkoak: «Egia da hil diren adingabe gehienek gaixotasun kronikoak zituztela, baina gaixotasun horiek ez dira larriak; haur zeliakoak ari dira hiltzen». Israelek ezarritako blokeoak eragin du elikagai eskasia; martxoaren eta maiatzaren artean, Gazan ez zen laguntza humanitariorik sartu 44 egunez. Gero, maiatz amaieran, Tel Avivek erabaki zuen laguntza banatzea, baina GHF Gazan Humanitarian Foundation taldea sortu zuen horretarako; hots, AEBetako militar ohiek, Israelgo soldaduek eta mertzenarioek osatutako talde bat. Neurri hori gogor salatu du MSFko koordinatzaileak: «Teorian lau diren arren, bi banaketa gunek soilik funtzionatzen dute; ez du ez hanka ez buru». «Egia da hil diren adingabe gehienek gaixotasun kronikoak zituztela, baina gaixotasun horiek ez dira larriak; haur zeliakoak ari dira hiltzen» AITOR ZABALGOGEAZKOA MSFko Larrialdietarako Koordinatzailea Apenas dauden ehunka zaku irin bi milioi biztanlerentzat, eta, gainera, tiroz jotzen dituzte banaketa guneetara gerturatzen direnak: «Maiatzaren 27an GHF sortu zutenetik, banaketa guneetako tiroketak sistematikoak dira». Eraso horien harira bizitako zenbait pasarte ekarri ditu gogora Zabalgogeazkoak: «Egun batean, hiru orduko tartean 480 zauritu baino gehiago iritsi ziren gure ospitalera; 19:30etik aurrera joaten dira laguntza jasotzeko guneetara, eta aurreneko zaurituak 21:00 aldera iristen dira. Beste egun batean 30 hildako iritsi ziren, eta 300 zauritu inguru, guztiak aldi berean; ia egunero izaten dira kopuru horiek». Horrelakoetan azkar erabaki behar izaten dute nor artatu eta nor ez, ospitaleetan ez baitago ez aski baliabiderik, ez aski langilerik. «Askotan, pertsona bat artatzera joan orduko ez dago ezer egiterik». Izan ere, Israelgo soldaduek jotzen dituzten tiroak ez dira ausazkoak: «Gehienak gerritik gora zauritzen dituzte». Eta beste asko itota hiltzen dira, irin apur bat lortzeko Israelek bultzatzen dituen «lehiaketa distopikoen» erdigunean. Traba burokratikoak Israelgo Gobernuak soilik du Gazan gertatzen denaren inguruan erabakitzeko eskumena; atzerriko GKE gobernuz kanpoko erakundeek nahitaez jaso behar dute zerrendan sartzeko baimena, eta, gero, beren mugimendu ororen berri izan behar du Tel Avivek. Horrek langile humanitarioen lana nabarmen zailtzen duela esan du Zabalgogeazkoak; are, salatu du Israelek «apropos» antolatzen dituela beren aurkako «oztopo burokratikoak». Gaza erdialdetik mugaraino iristeko 22 minutu baino ez dira behar autoz, baina, praktikan, ibilbidea luzeagoa da: «Laguntza humanitarioa jasotzera joan aurretik, mugimenduen berri eman behar zaie Israelgo agintariei, eta haien baimena jaso. Horretarako, kontrolgune birtual batera joan beharra dago, eta han itxaron baimena jaso arte. Orduak eta orduak eman ditzakegu Israelgo agintarien baiezkoaren zain; batzuetan, 22 minutuko bidea 48 orduko itxaronaldia bihurtzen da». Eta horrek badu beste arrisku bat: alde batetik bestera mugitzean Israelgo operazio militarren erdi-erditik igaro behar izatea. Munduko hainbat gatazkaren lekuko izan da Zabalgogeazkoa, besteak beste Iraken, Afganistanen, Kosovon eta Kongoko Errepublika Demokratikoan izan baita 30 urteko ibilbidean. Toki horietan guztietan ikusi ditu indarkeriazko ekintzak eta sarraskiak, baina uste du Gazan gertatzen ari dena bestelakoa dela: «Zibilek lurralde guztietan aurkitu dezakete alde egiteko zirrikituren bat, baina, gatazka gehienetan ez bezala, Gazatik inork ezin du ihes egin».
Aurten pertseidak ikusi nahi izanez gero, gaur izango da izar uxo gehien igaroko den gaua. Astronomoek azaldu dute ikustaldiaz gozatzeko unerik egokiena 22:00ak eta 23:00ak bitartean izango dela, ilargia baxu dagoenean, eta gomendatu dute satelitearen aurkako noranzkoan begiratzea, argiak ez itsutzeko eta izarrak ibilbide luzeagoa egiten ikusteko. Dena den, ikusteko dago eguraldiak horretarako modua emango duen: abuztuaren 9an ilargi betea izan zenez, haren argiak ez du utziko hainbat izar ikusten. Gainera, adituen arabera, aurtengoa ez da urterik egokiena pertseidak ikusteko: beste batzuetan orduko 50 edo 100 izar ikusi ahal izan dira, baina gaurkoan orduko 25 baino gutxiago ikusiko dira. [articles:2129906] Ilargia ez da izar uxoak ikusteko oztopo bakarra. Zerua ilun dagoen lekuak dira egokienak, hau da, argi kutsaduratik urrunen daudenak, eta ez da komeni oztoporik egotea begiaren eta izarren artean. Beraz, hobe da zerua oskarbi badago. Dena den, gaur iluntzean baliteke hodei trumoitsuak izatea Euskal Herrian, eta lainoek ez uztea zerua ikusten. Astronomoek zenbait argibide eman dituzte pertseidak ahalik eta ondoen ikusteko: prismatikoek eta teleskopioek lagungarriak diruditen arren, traba egiten dute. Pazientzia baino ez da behar, ikusmena ohitzeko ordu erdi inguru behar baita. Gainera, ez da minutuero meteoro kopuru bera igarotzen; gerta daiteke denbora batez ez igarotzea, eta gero oso denbora gutxian izar jario handia egotea. Era berean, neurri ezberdinetakoak izaten dira, eta, horregatik, izar uxo batzuek beste batzuek baino argiagoak eta luzeagoak dirudite. Izen anitzeko ikuskizuna Gaur, zeruan, nonahi izango dira izar uxoak, baina Perseus konstelazioaren alboan ageriko dira gehienak, zeruaren ipar-ekialdean; hortik dator izena. Done Lauderen malkoak izenez ere ezagunak dira, urtero ikusi ahal izaten baitira aipatutako santua ospatzen den egunaren inguruan —abuztuaren 10ean—. Gainera, ikuskizuna ez da gau batez soilik gertatzen: uztailaren 17tik abuztuaren 23ra izango dira aurten. Horregatik, zeru ilunagoa nahi duenak abuztuaren 16tik aurrerako gauak probestu ditzake, ilargiaren argia apalagoa izango baita orduan. Astronomia zaleak Euskal Herriko hainbat txokotan bilduko dira asteon, ikuskizunaren lekuko izateko. Pertseidak behatzeko hitzordua jarri dute gaur Leringo futbol zelai zaharrean (Nafarroa), eta abuztuaren 15ean, berriz, Pagoetako natur parkean (Aia, Gipuzkoa) Astronomia gaua antolatu dute, Jesus Arregi adituak gidatuta. Lurrak Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen duenean ikus daitezke pertseidak, kometak hauts partikulak askatzen baititu. Horiek atmosferan sartzen dira abiadura handian —segundoko 50 kilometroko abiaduran baino azkarrago joan daitezke—, eta marruskadurak partikulak berotzen ditu, lurrundu arte. Done Lauderen malkoak, beraz, ez dira izarrak. Ea gaur behar bezala ikusteko aukerarik baden.
Israelek argi utzi du zein den Gazaren aurkako sarraskian bete asmo duen hurrengo helburua: Gaza hiria okupatzea. Eta, horretarako, lurraldea suntsitzeari ekin dio lehenbizi. Israelgo armadak goizean goizetik egin die eraso Gaza hiriko hainbat auzori, eta, Gazako Babes Zibilak jakinarazi duenez, gutxienez hemezortzi pertsona hil dira bonbardaketa horietan. Iturri horrek ohartarazi du, edonola ere, erasoak jende asko bizi den eremuetan izan direla eta, hortaz, litekeena dela datozen orduetan hildakoen kopuruak gora egitea. Herenegun, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk iragarri zuen Gaza hiria okupatu asmo dutela; haren arabera, hori litzateke Gazaren aurkako erasoaldia eta «Hamasen mehatxua» amaiarazteko modu bakarra. Nazioarteko hainbat agintarik adierazpen horien harira kargu hartu badiote ere, ez du irudi Netanyahuk atzera egingo duenik. Horren erakusgarri da, besteak beste, atzo zerrendan egindako erasoetan 89 pertsona baino gehiago hil zirela. Kasurako, Australiako lehen ministro Anthony Albanesek uste du Netanyahu «itsu» dagoela. ABC hedabideari egindako adierazpenetan, Albanesek kontatu du Israelgo lehen ministroak duela urtebete erabiltzen zituen argudio berak erabiltzen dituela oraindik ere, nahiz eta Israelen operazio militarrek gero eta pertsona gehiago hiltzen dituzten. Albanesek eta Netanyahuk iragan ostegunean hitz egin zuten, telefonoz; atzo, Australiako Gobernuak jakinarazi zuen Palestinako Estatua aitortuko duela irailean. Netanyahuk defendatu izan du, besteak beste, Gazan ez dagoela goseterik, eta Israelek baimena ematen duela zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko. Are, Israelgo Cogat erakundeak —Palestinako lurralde okupatuetarako laguntza humanitarioa koordinatzen du— Hamasi egotzi dio, ohar baten bidez, «Gazako gosetearen narratiba esajeratzea». Akusazio horri erantzun dio Palestinako erakunde islamistak: «Nazioarteko organismo eta erakunde guztiek, hala nola Osasunaren Mundu Erakundeak [OME] eta Nazio Batuen Erakundeak [NBE] baieztatu dute, eta ikerketen bidez egiaztatu, Gazan gosetea eta desnutrizioa dagoela». Hain zuzen ere, OMEk salatu du, gaur kaleratutako ohar baten bidez, Gazan ez dela nahikoa laguntza humanitario sartzen ari, eta Israeli leporatu dio emandako hitza ez betetzea. Erakunde horretako Palestinako lurralde okupatuetarako bulegoko zuzendari Rik Peeperkornek gogorarazi du Israelek konpromisoa hartu zuela «eten humanitarioak» egiteko; eta, halere, nabarmendu du Tel Avivek ez dituela ez erasoak eten, ez laguntza humanitarioa areagotu. NETANYAHUK ASTEAN HIRU ALDIZ DEKLARATU BEHARKO DU USTELKERIAREN INGURUKO AUZIAN Azarotik aurrera, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak astean hiru aldiz deklaratu beharko du egozten dioten ustelkeria kasuaren inguruko auzian. Hala ebatzi eta jakinarazi du gaur Jerusalem Mendebaldeko Auzitegiak, argudiatuta soilik horrela izango dutela modua kasuan «aurrera» egiteko. Azken asteetan, bertan behera geratu dira Netanyahuk egin beharreko zenbait saio, haren «osasun arazoak» zirela eta; 2020an abiatu zuten ikerketa.
Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi oroitzeko Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Barbara mendiaren horman jarritako olana berreskuratu dute, eta harekin argazki jendetsu bat atera, Santa Klarako, Azken Portuko eta Aritzbatalde auzoetako jaietako giroa aprobetxatuta. Azken Portukoa zen Txiki. Sortuk ohar bat zabaldu du, eta adierazi du txarretsi egiten duela EAJk eta PSE-EEk zer jarrera hartu duten «frankismoaren azken fusilatuekin». Kontrara, udalak «aitortza» egin beharko liekeela uste du alderdiak: «Bi fusilatuek eta frankismoari aurre egin zioten euskal herritar guztiek beharko lukete aitortza instituzionala, are gehiago frankismoari aurre eginez hil baziren». Irailaren 27an mende erdi beteko da diktadura frankistak Txiki eta Otaegi etakideak fusilatu zituenetik, eta haiek oroitzeko xedea zuen ostiralean jarritako pankarta handiak. Zehazki, bi kide horien irudiak eta 1975-2025 urteak daramatza idatzita. Udalak, baina, hura kentzeko agindu zuen, landa ingurune batean zegoela argudiatuta, eta 24 ordu eskas egin zituen hormatik zintzilik. Eremu hartan topatu dute, sasi artean, kendu zutenean hara erori baitzen. Sortuk adierazi du udal gobernuak «aitzakia» gisa erabili zuela olana landa eremuan zegoela, eta ingurumena babesteko argudioa erabiliz kendu zutela. «Gaur, Zarauzko hainbat herritarrek olana berreskuratu dute, Santa Barbarako hormaren oinarrian botata utzi baitzuen udalak, zaborra balitz bezala». Ekintza horren bidez, udalak «argi utzi du», Sorturen esanetan, «lehen mailako eta bigarren mailako biktimak» daudela. Egoera ikusita, heldu den irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan egingo duten nazio ekitaldian parte hartzera dei egin du: «50 urte geroago, bada garaia ondo lotuta utzi zuten korapiloa behingoz askatzeko, hau da, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko». Olanak eta hura kendu izanak eztabaida piztu zuten Zarautzen eta sare sozialetan. Tartean, EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko ordezkariek ere plazaratu zituzten euren iritziak. Koalizio subiranistari dagokionez, Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikoko idazkariak «frankismoaren azken fusilatuen memoria kriminalizatzea» leporatu zion EAJren udal gobernuari. EAJren GBBko burukide Imanol Lasak, berriz, auzia «manipulatzea» eta «biktimak eta biktimarioak, frankismoa eta demokrazia» nahastu nahi izatea egotzi zion Rodriguezi. Hark eta PSE-EEk Zarauzko Udalean duen eledun Inaxio Illarramendik azaldu zuten eremu hartan ezin dela olanarik jarri.
Orduetako lana izan da, baina, azkenean, atzo iluntzerako lortu zuten larunbat iluntzean Zarrakaztelun (Nafarroa) piztu zen sutea egonkortzea eta hari perimetroa jartzea. Dena dela, gauean ere lanean jarraitu dute, lurretik, eta, gaur airetik ere saiatuko dira sua erabat itzaltzen. Herritarrei oraindik ere adi egoteko eskatu diete. Atzo goizean, suteen aurkako planaren bigarren maila aktibatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta, horrela, laguntza eskatu zion Espainiako Gobernuari. Ordutik, larrialdi zerbitzuak lurrez eta airez ahalegindu dira sutea itzaltzen: Nafarroako bertako baliabideekin, Madrildik helarazi dizkietenekin, eta Nafarroaren mugakide diren autonomia erkidegoek utzitakoekin. Hala eta guztiz, ezinean dabiltza oraindik ere. Muturreko beroak eta hezetasun gutxi izateak nabarmen zaildu diete zeregina. Hain zuzen, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarria du Nafarroan, litekeena baita tenperaturek goia jotzea 13:00etatik 21:00etara. Gaur-gaurkoz, Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari Amparo Lopezek jakinarazi duenez, sua ez da zabaltzen ari, eta sutearen perimetroa egonkortzea dute orain lehentasun nagusia. «Bidea itxi behar diogu suari, eta perimetroari eutsi, hura egonkortu». Atzo, hegazkinek eta helikopteroek 21:30 aldera amaitu behar izan zuten jarduna, eta gaur itzuli dira lanera, eguna argitzearekin batera. Hala ere, suhiltzaileak lanean aritu dira gau osoan: larunbatetik aitzinera, Tafalla, Zangoza, Tutera, Azkoien, Cordovilla eta Lizarrako suhiltzaileak ari dira sua itzali nahian, baita Ingurumen Departamenduko langileak, foruzainak, eta abar ere. Haiek guztiak egiten ari diren lan «ikaragarria» nabarmendu du Lopezek, hain justu, Larrialdietarako Aholku Batzordearen bilkura bukatutakoan. Ostiralean egin gisara, gaur ere bildu dira Nafarroako Gobernuko eta bestelako entitate eta organo batzuetako ordezkariak —Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ere izan da tartean, esaterako—, eta, Zarrakazteluko suteari buruzko informazioa eguneratzeaz gain, indarrean diren prebentzio neurriak ere zehaztu dituzte. Besteak beste, Nafarroako Baso Suteen Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Bereziak indarren dirau. Imágenes del incendio en Carcastillo @taxilari pic.twitter.com/OhK9bNMWcZ — Europa Press Navarra (@EPNavarra) August 10, 2025 Lopez arduraz mintzatu da Zarrakazteluko suteaz. Batetik, tentuz jokatzeko eskatu die bertako herritarrei: hala Zarrakazteluko nola Murillo el Fruto herrietako bizilagunei gomendatu die etxeko ateak eta leihoak itxiak izateko, keagatik. «Halere, goizean goiz, tenperaturak freskoxeagoak direnean, hobe dute leihoak tarte batez ireki: aireztatzea ere garrantzitsua da», zehaztu du. Bestalde, Nafarroako herritar guztientzako mezuak ere plazaratu ditu kontseilariak. «Saihestu dezagun arrisku oro», ohartarazi du, eta Zarrakazteluren ingurura ez joateko deia egin du, gainera. «Inportantea da hona kuxkuxerorik ez hurbiltzea». Dioenez, bestelako istripuren bat gerta dadin eragoztea ere «ezinbestekoa» da egoera honetan. Izan ere, halakorik izango balitz, ezinbestean jarri beharko lirateke baliabideak horretarako ere, eta, halabeharrez, ahulagoa litzateke sutea itzaltzeko indarra. Hala eta guztiz ere, kontseilariak argitu du suteak ez duela inolako zauriturik eragin oraingoz, eta, are, nabarmendu du herritarrak ez daudela arriskuan. «Orain ez daude arriskuan, eta, sua piztu denetik ere, ez dira inoiz hala egon». Kontseilariak ohartarazi du datozen ordu eta egunetarako iragarri den eguraldia dela-eta baldintzak «konplikatuak» direla. Preseski, iragarri dute ekaitz idorrak izateko arriskua egongo dela arratsaldean, eta badakite horrek bereziki zaildu dezakeela larrialdi zerbitzuen jarduna. Larunbat iluntzetik dago piztuta Zarrakazteluko sutea. JESUS DIGES / EFE Ikerketa abian SOS Nafarroaren arabera, sutea Larrate eta Figarolerako errepidearen arteko pinudi batean piztu zen. Inguru horretan, besteak beste, pinuak mozten ari dira sua gehiago hedatu ez dadin. Lopezek azpimarratu duenez, sutea zehazki zerk piztu zuen argitzeko ikerketa abian da. Orain arte atzemandakoari erreparatuz, ondorioztatu dute sua «giza ekintza batek» piztu zuela, baina kontseilariak ez du argitu nahita edo oharkabean piztua ote den. Edonola ere, Lopezen esanetan, baztertuta dago nekazaritzako edo basogintzako edozein ekintzaren eraginez piztu izana. [articles:2145626] Nafarroako Baso Suteen Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Bereziari ez ezik, laborantzarekin loturiko murrizketei ere eutsiko die Nafarroako Gobernuak egunotan. Ostiralean berretsi zutenez, debekatua dago urbanizagarriak ez diren lurretan sua erabiltzen duten edo txinpartak pitz ditzaketen makinak erabiltzea. Gainera, eremu idorretan ezin da uztarik bildu. «Baldintzek utzi bezain pronto malgutuko ditugu mugak eta normalizatuko da guztia; hau guztia behin-behinekoa da, baina oraingoz ezin dugu atzera egin».
Statkraftek Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean (Gipuzkoa) egiteko asmoa duen Piaspe parke eolikoa egitearen kontrako inpaktu adierazpena igorri dio Eusko Jaurlaritzak, errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo luketen kaltea dela eta. Bereziki, mendialde horrek «ingurumen sentiberatasuna» duelako eta hegaztien ugalketarako funtsezko gunea delako ukatu diote baimena parkeari. Hori dela eta, ebatzi dute proiektua «bideraezina» dela ingurumenaren ikuspegitik. Izan ere, aurreikusi dute hegaztiek «arrisku handia» izango dutela azpiegituren kontra jotzeko, eta kalteak eragingo dituela Natura 2000 Sareko guneetan. «Horregatik, ardura eta kautela printzipioak aplikatuz, eta ingurumen ebaluazioa oinarritu behar den prebentzio beharrean oinarrituta, ingurumen organo honek kaltegarritzat jotzen du Piaspeko proiektua», dio BERRIAk eskuratu duen ebazpen horrek. Hegaztien ugalketari dagokionez, sai zurien, sai arreen eta miru gorrien hainbat habi daude haize errotak jartzekoak ziren ingurutik gertu. Statkraftek igorritako txostenean, inguruko hegaldi gehienak haize erroten palen mugimenduarekiko paraleloak zirela zioten, eta «salbuespenak» zirela perpendikularrak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiko Fauna eta Flora Zerbitzuak gezurtatu egin du baieztapen hori, eta hegaztiei jarritako GPS aparatuen bidez lortutako datuak jarri dituzte mahaiaren gainean. Azterketa horiek hegazti harrapakarietan egin dituzte, baina zerbitzuak gehitu du babes maila handiko beste hegazti eta saguzar batzuei ere kalte egingo lieketela haize errotek. Enpresak talken kontrako neurriak proposatu zituen, baina fauna basatia kudeatzeko eskumena duen organoak adierazi du neurri horiek ez daudela definituta, eta proiektuak, beraz, ez duela behar besteko bermerik ematen. Bestalde, landaredia dagoen 8.000 metro koadro baino gehiago lirateke betiko kaltetuak, eta «interes komunitarioko 4,6 hektarea habitat» ere betiko kaltetuta geratuko lirateke. Hasieratik arazo Statkraften asmoek bazterrak nahastu zituen hasiera-hasieratik Urola erdialdean. Proiektua ezagutu eta berehala, eskualdeko plataforma batzuk, Sañu Bizirik esaterako, zentral eolikoaren kontra agertu ziren, eta, handik gutxira, plataformen iritziek talka egin zuten udalen eta enpresaren iritzien kontra, Azpeitiko Soreasu antzokian egindako proiektuaren aurkezpenean. Eta harrabotsak proiektua egitekoak ziren hiru udaletan ere izan zuen eragina, jarrera ezberdina izan baitute, nahiz eta hiru alkateak EH Bildukoak izan. Zestoako Udala, esaterako, nahiko hasieran aldendu zen proiektutik; Mikel Arregi alkateak 2022ko azaroan adierazi zuen orduan ez zitzaiela bideragarria iruditzen proiektua, baina prest agertu zen aztertzeko eta hitz egiteko. Ez da lehen aldia Statkraften proiektu batek ezezkoa jasotzen duena Euskal Herrian. Urte hasieran, Norvegiako enpresaren Itsaratz proiektuak ere ingurumenean kalte gaindiezinak eragingo zituela ebatzi zuen Espainiako Gobernuak. Handik gutxira, martxoan, Aixeindarren Laminoria zentral eolikoari ere ezezkoa eman zion Eusko Jaurlaritzak, baina baiezkoa parke fotovoltaikoari.