Jaurlaritzak ezezkoa eman dio pentsiodunen herri ekinaldiari
Hego Euskal Herrian pentsioen osagarri bat sortzeko herri ekinaldi legegilea tramiterako onartzearen kontra azaldu da gaur Eusko Jaurlaritza. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako 145.142 sinadurak ez dira nahikoa izan gobernuak proposamena aintzat hartzeko, haren ustez ez baita beharrezkoa. «Egungo diru sarrerak bermatzeko errentaren eta Inklusiorako Euskal Sistemaren koherentziaren aurkakoa da, Eusko Legebiltzarrak adostasun politiko zabalarekin onartu berri baitu», justifikatu du Mikel Torres lehendakariordeak. Jaurlaritzaren iritzia ez da loteslea, eta Eusko Legebiltzarraren esku dago HELa eztabaidatzea. Osoko bilkura batean bozkatu beharko dute gaia jorratzea onartu ala ez, eta EH Bilduren, Sumarren eta PPren aldeko botoak ziurtatuta omen dituzte pentsiodunek. Horixe bera adierazi zuen Jon Fano Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak, joan den abuztuaren 18an, Bilboko Aste Nagusian egindako manifestazioan. Baina gobernuaren iritziaren ostean, litekeena da EAJk eta PSE-EEk kontrako botoa ematea, eta hori nahikoa izango litzateke pentsiodunen mugimenduaren proposamena bertan behera uzteko. Iazko irailean aurkeztu zuten pentsiodunek ekinaldia, eta lau hilabete eman zituzten kalean sinadurak biltzen: guztira 145.142 izenpe batu zituzten —gutxienez 10.000 sinadura aurkeztu behar dira halako bat tramitatzeko—. Horrez gain, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Mikel Torres lehendakariordearekin bildu ziren uztailean, eta Gasteizko gobernuak eskariaren inguruko txosten bat noiz aurkeztuko zain zeuden: irailaren 8rako espero zuten. Jaurlaritzak, ordea, gaur eman du HELaren inguruko iritzia. Jaurlaritzaren argudioak Eusko Jaurlaritzak emandako argudio nagusietako bat zera da, «pentsioak jasotzen dituztenentzako babesa dagoeneko sisteman txertatuta» dagoela: «2008az geroztik, Euskadik diru sarrerak bermatzeko eredu propioa du, gutxieneko errenta duinak bermatzen dituena, eta pentsiodunentzako neurri espezifikoak jasotzen ditu». Jaurlaritzaren arabera, 14/2022 Legeak estaldura horiek indartu zituen, «zenbatekoak Europako pobrezia atalasaren gainetik jarri, eta pentsiodunak lehentasunezko kolektibo gisa onartuta». Jaurlaritzak gaineratu duenez, «egungo sistemak neurri espezifikoak ditu»: «Izan ere, oinarrizko zenbatekoaren gaineko %40ko osagarriak aurreikusten ditu, ezohiko bizikidetza unitateak aitortzen ditu, eta aldizkako berrikuspenak egiten ditu zenbatekoak egokiak direla bermatzeko». Horiek horrela, gaur egun, pentsiodun batek 1.080,82 euroko gehieneko pentsioa jaso dezake, diru sarrerak bermatzeko laguntzari esker. Bizikidetza unitatearen tamainaren arabera, errenta 1.535,91 eurora arte ere handitu daiteke. EHPMk, ordea, EAEko erakundeek norbanako baten gutxieneko errenta gutxieneko soldatarekin (1.184 euro) parekatzea nahi du, hartara iristeko falta den dirua erakundeek jarrita eta bizikidetza unitatea aintzat hartu gabe. Pentsiodun bat Bilboko Aste Nagusian antolatutako manifestazioan. GORKA RUBIO / FOKU Sistema horrek «bikoiztasunak eta desberdintasunak» saihestuko lituzke, HELaren proposamenak ez bezala. Izan ere, Jaurlaritzaren arabera, «proposamen horrek pentsioak banaka osatzea planteatzen du, bizikidetza unitatearen diru sarrerak kontuan hartu gabe, eta premia ekonomikoaren azterketatik bereizita». Horrek gainjartzeak sortuko lituzke indarrean dauden prestazioekin, eta «lehentasunezko tratua» emango lioke kolektibo bati, «beste talde zaurgarri batzuen kaltetan; hala nola desgaitasunen bat dutenen edo diru sarrera txikiak dituzten langileen kaltetan». Eskumenik ez Bestalde, Jaurlaritzak azpimarratu duenez, neurriaren izaeragatik, [Espainiako] Estatuari dagokio pentsioen balizko hobekuntza orokorrak egitea, eta «euskal sistemak, berriz, gizarte babesa asistentziatik bermatzen du». Era berean, ohartarazi du HELa aplikatzeak «euskal finantza publikoei egiturazko gastu jasanezina» ekarriko liekeela. Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzak uste du HELa ez datorrela bat indarrean dagoen araudiarekin, «ezta gizarte babeseko euskal ereduaren iraunkortasun, ekitate eta koherentzia printzipioekin ere». Halaber, haren iritziz, «proposamenak ez ditu betetzen Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan ezarritako baldintzak, aurrekontu kredituak handitzea dakarten ekimenei dagokienez». Edonola ere, Torresek aurrez aurre azalduko die pentsiodunei ezezkoaren arrazoiak bilera batean; noiz izango den oraindik ez du iragarri, ordea. Pentsiodunak haserre Hain zuzen ere, ezustean eta hedabideen bidez jaso dute erabakiaren berri Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek, gaur. Bada, ezekoa emateko argudioak ez ezik, erabilitako moduak ere kritikatu diote Jaurlaritzari. «Eusko Jaurlaritzaren aurkako txosten honekin gobernuaren jarrerari buruz ditugun itxaropen txarrenak betetzen ari dira, eta bi aldiz engainatuta sentitzen gara, gainera», adierazi dute ohar baten bidez. Pentsiodunek salatu dutenez, herri ekinaldi legegilea tramiterako ez onartzeko emandako arrazoiak politikoak dira, eta ez juridikoak. Eta azpimarratu dute, 145.000 sinadura baino gehiago kolpe batez baztertuta, Jaurlaritzak mespretxu egin diela ekinaldia babestu zuten milaka herritar eta erakunderi. Herritarren parte hartzeko politikorako eskubidea gutxiestea eta gaia Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea oztopatu nahi izatea ere egotzi diote. «Aurkako txosten horrekin, Eusko Jaurlaritzak agerian uzten du demokrazia eta justizia soziala indartzeari buruzko bere diskurtsoa propaganda hutsa dela», azpimarratu dute. Halaber, pentsiodunek adierazi dute pentsio apalak osatzeko egun dauden tresnak ez direla nahikoa; besteak beste, 2019ko lege aldaketa baten ondorioz, bakarrik bizi den pentsiodun batek ere ez duelako bermatua gutxieneko soldataren pareko pentsiorik. Eta azpimarratu dute norbanakoaren gainetik bizikidetza unitatea aintzat hartzeak bereziki andreei egiten dietela kalte, ezkontideen edo izatezko bikoteen menpeko bihurtzen dituelako. «Pentsiodun bakoitzak errenta nahikoa izateko duen eskubidea erreklamatzen dugu, bizikidetza harremanak edozein direla ere». Pilota Madrilen teilatura pasatu izana ere kritikatu diote Jaurlaritzari; izan ere, gogorarazi dute Gernikako Estatutuan jasota dagoela pentsioak osatzeko sistema bat eratzearena, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eta bertako Zerbitzu Juridikoek berretsi zutenez: «Eskumen baten utzikeria nabarmena da». Era berean, ez dute ontzat jo gobernuak diru nahikorik ez duela esatea ere: «Onartezina da pentsiodun prekarioenentzat baliabide ekonomikorik ez dagoela esatea, itzuli behar ez dituzten ehunka milioi euro enpresa handiei banatzen zaien bitartean». Horiek horrela, pentsiodunek argi adierazi dute ez dutela etsiko; azkeneraino jarraituko dute mobilizatzen. Bada, datorren astelehenean hasiko dituzte protestak berriz, eta egun horretan emango dute beste ekinaldi batzuen berri ere. «Akats larria» Eusko Jaurlaritzak pentsiodunen herri ekinaldiari ezezkoa eman izanak «akats larritzat» jo du EH Bilduk, «pentsiodunek eta, bereziki, emakumeek egunero pairatzen duten prekaritateari bizkar ematea» baita. Hori dela eta, erabakia berraztertzeko eskatu dio gobernuari. Izan ere, koalizio abertzalearen ustez, Euskal Herrian badaude «pentsio duinak bermatzeko eta prekaritateari aurre egiteko beharrezko baldintza sozioekonomikoak». Eusko Legebiltzarrean herri ekinaldia babestuko duela berretsi du EH Bilduk. Jaurlaritzaren erabakia kritikatu du ELAk ere, eta Torres lehendakariordeak emaniko argudioak errefusatu ditu. Sindikatuaren iritziz, pentsio apalenak gutxieneko soldatarekin parekatzeko osagarri bat beharrezkoa ez dela esatea milaka pertsonei «iruzur» egitea da, besteak beste, «pentsiodun asko, batez ere emakumeak, pobrezian bizi direlako gutxieneko pentsioekin». Eta uste du ezezko horren helburu bakarra herri ekinaldi legegilearen tramitazioa oztopatzea dela. Bada, ELAk iragarri du mobilizatzen jarraituko duela hurrengo hilabeteetan ere.