1985eko irailaren 25ean berriz entzun ziren hil kanpaiak. Baionako Paneccau karrikan izan zen, Monbar hotelean. «Gogoratzen naiz nola jaitsi nintzen etxetik. Emakume batek esan zidan atentatu bat egon zela. Jaitsi
Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreek egin dituzte Euskal Zinemaren Galako aurkezle lanak, eta elementu askoz osaturiko espektakulua harilkatu dute. Besteak beste, sariak banatu dituzten gonbidatuen ekarpenak, sarituen esker hitzak, bideo laburretan pantailaratu dituzten profesionalen iritzi eta gomendioak eta Zetak taldearen zuzeneko musika izan da Viktoria Eugenia Antzokian. Behin eta berriz nabarmendu dituzte, gainera, euskal zinemak gainditu dituen langak, bai eta bidean jarri dituen zedarriak ere, hala nola munduko zinema jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu izana, 50 Goia sari baino gehiago irabazi izana eta euskara nazioartean zabaldu izana. Ezer baino lehen, ordea, Gazako sarraskiaren aurkako aldarria egin dute parte hartzaile guztiek, aho batez. Sarien berri eman dute ondotik. Borja Kobeagak jaso du gidoi onenaren saria, Los Aitas filmagatik. Gidoi Elkarteko Aitor Eneritzen eta SGAEko ordezkari Joanes Urkijok eman dio garaikurra Kobeagari. Miren Gaztañagak jaso du EAB Bultzada saria, Euskal Aktoreen Batasuneko zuzendari Alizia Otxoaren eskutik. Saria jaso aitzin, Azken erromantikoak filmeko hainbat eszena proiektatu dituzte. La Infiltrada pelikulak jaso du film arrakastatsuenaren EZAE Saria; Arantxa Etxebarria zuzendariak jaso du garaikurra talde osoaren izenean. Aintzane Perez de Palomar produktoreak jaso du ohorezko saria. «Glamourrik gutxi duen lan gogorra» egitea eskertu diote zinema arloko profesionalek, besteak beste Moriarti taldeko Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak: «Aspaldiko lagun baten modukoa da, beti oso gertuko izan dugu eta beti laguntzeko prest». Sara Fantova zinemagileak jaso du Egile Berriak saria, Jone, batzuetan filmagatik. ETBren zuzendari Unai Iparragirrek eman dio garaikurra. Fantovak konfiantzari eman dio garrantzia: «Zineman pauso guztiak dira konplexuak, eta zaila da ikustea azken emaitza zelangoa izango den. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet konfiantza eman didazuen guztiei». Euskaraz, natural Asier Altunak eta Telmo Esnalek jaso dute Zinemira saria, Aupa Etxebeste! filmarekin urratutako bidearen eskertza gisa. Iban Garate eta Ramon Agirre aktoreek film horrek izandako garrantzia azpimarratu dute aurretik. «Duela hogei urte estreinatu zen zinema aretoetan, eta geroztik den-denona da filma. Horixe da politena: euskaldun guztion imajinarioan sartu dela», esan du Garatek. Agirrek umoreari heldu dio: «Gogorarazi ziguten euskalduna graziosoa izan daitekeela euskaraz. Orain oso begi bistakoa dirudi horrek, baina oraindik ere jende askok uste du euskalduna gaztelaniaz ari denean dela benetan graziosoa». Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileen ibilbideak irudi bidez errepasatu ostean, haiek hartu dute hitza. Altuna: «Modu naturalean hasi ginen euskaraz, eta poliki joan ginen sinesten, Madrilera joan gabe, hemen egin genezakeela zinema eta bizi gintezkeela zinema eginez. Euskal Herria zinema egiteko toki interesgarri bihurtu dugu». Euskal zinemak aurten lortu duen «errekor historikoa» ere gogoratu du Apaolazak: «38 euskal ekoizpen, euskarazko hiru Sail Ofizialean, eta lehen aldiz telesail bat. Koldo Almandozek historia egin du Zeru Ahoak-ekin».
«Zuen herrialdeak infernura doaz», ohartarazi die Donald Trump AEBetako presidenteak Europako agintariei. Immigrazioaren eta energia berdearen aurkako mezuz betetako hitzaldia eman du Etxe Zuriko maizterrak gaur, NBE Nazio Batuen Erakundearen urteroko Batzar Nagusian. «Legez kanpoko etorkinak» Europa «inbaditzen» ari direla ziurtatu du, eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriak «iruzur berde» gisa definitu ditu. Gainera, NBEren Batzar Nagusian zalantzan jarri du erakundea bera baliagarria ote den: «Zertarako balio dute Nazio Batuek?». Bost urteren ostean Trump berriz mintzatu da NBE Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran, eta AEBetako presidente batek erakunde horretan inoiz eman duen hitzaldirik luzeena eman du. Hitza hartu bezain laster, New Yorkeko aretoa asaldatu du. Umoretsu hasi du agerraldia AEBetako presidenteak: Teleprompter-a izorratuta zegoela-eta tresna horren arduradunak «arazo larri bat» zuela esanez. Hortik aurrera, ia ordubete iraun duen hitzaldian, bertaratuen barre algarak eta marmarrak tartekatu dira. Segituan aldatu du tonua, eta zalantzan jarri du NBEren jarduna. Ziurtatu du urtarrilean bigarrenez kargua hartu zuenetik —AEBetako presidente izan zen 2016tik 2020ra ere— munduan zehar zazpi gatazka amaiarazi dituela: «batzuen ustez, amaiezinak ziren». Trumpen hitzetan, berak bultzatutako negoziazioei esker konpondu dira gatazka horiek, eta zerrendatu egin ditu: «Kanbodia eta Thailandia, Kosovo eta Serbia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ruanda, Pakistan eta India, Israel eta Iran, Egipto eta Etiopia, Armenia eta Azerbaijan». Herrialde horien artean bake hitzarmenak sinatu dituzte edo menia bat deklaratu dute, baina, gehienetan, gatazka ez dago oraindik guztiz amaituta. Trumpek zalantzan jarri du NBEren jarduna: «Hitz hutsek ez dute balio gerrak gelditzeko». LUKAS COCH / EFE Halere, AEBetako presidenteak garaipen gisa hartu ditu akordio horiek, eta NBEri egotzi dio negoziazioetan ez lagundu izana: «Lastima da gauza horiek nik egin behar izana Nazio Batuek egin beharrean». Herrialde horietako guztietako liderrekin zuzenean negoziatzen aritu zela, eta, tarte horretan, NBEren «dei bakar bat ere ez» zuela jaso ziurtatu du. Erakundeak «potentzial izugarria» duela aitortu du, baina ez dela baliatzen uste du: «Gutunak idazten ditu hitz indartsuekin. Baina hitz hutsak dira, eta hitz hutsek ez dute balio gerrak gelditzeko». Trump baino lehenago mintzatu da Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia, eta NBEren balioan jarri nahi izan du azpimarra: «[NBE] bilera gune bat baino gehiago da: iparrorratz moral bat da, bakea mantentzeko indar bat, giza eskubideentzako itsasargi bat». Ez da iritzi berekoa AEBetako presidentea. Hitzaldiaren ostean Guterresekin egin duen bilkuran NBE «%100ean» babesten duela adierazi badu ere, nazioarteko liderren aurrean, bestela mintzatu da: «[NBE] arazoak konpondu ordez, arazoak sortzen ari da». Trumpen arabera, nazioarteko erakunde horrek immigrazioa bultzatzen du; horregatik adierazi du «arazoak» sortzen dituela. Besteak beste, aipatu du «legez kanpo» AEBetan sartu nahi zuten immigranteei jana, garraioa eta laguntza eskaini dizkiela NBEk. Immigrazioaren aurkako bere gudarekin jarraituz, Europako agintariei zuzendu zaie: «porrot» egin nahi ez badute, gomendatu die albo batera uzteko «ate irekien politikak», eta bere administrazioaren ereduari jarraitzeko. Hori gutxi ez eta begitan hartua duen beste gai bati ere heldu dio: klima larrialdiari. Haren hitzetan, «historiako iruzurrik handiena» da klima aldaketa, eta trantsizio energetikoan inbertsioak egin dituzten herrialdeei ohartarazi die «porrot» egingo dutela. Immigrazioak eta energia iturri berdeek Mendebaldeko Europaren «heriotza» ekarriko dutela iragarri du. Horregatik, «mugak gogortzeko» eta «ohiko energia iturriak» erabiltzeko deia egin die agintariei. Europa, Ukrainako gerra «finantzatzen» Erregai fosilen aldeko deia egin badu ere, erregai horiek Errusiari ez erosteko eskatu die AEBetako presidenteak Europako herrialdeei: «Errusiari petrolioa eta gasa erosten ari dira Errusiaren aurka borrokan ari diren aldi berean. Lotsagarria da». Gainera, Trumpek aitortu du uste zuela «erraza» izango zela Ukrainako gerra konpontzea, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin duen hurbiltasunagatik, baina «sorpresak» ere izaten direla gaineratu du. Prest agertu da Moskuri zigor gehiago jartzeko, baina Europako herrialdeek jarrera bera hartu beharko dutela adierazi du. Hungaria eta Eslovakia dira Errusiatik petrolioa esportatzen jarraitzen duten EB Europako Batasuneko herrialdeak; bietako gobernuburuak Trumpen hurbilekoak dira. omek adierazi du parazetamola segurua dela, trumpek autismoarekin lotu ostean OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi du ez dagoela ebidentziarik parazetamola autismoarekin lotzeko, atzo Donald Trump AEBetako presidenteak sendagaia ez kontsumitzeko deia egin ostean. Gainera, EMA Sendagaien Europako Agentziak azpimarratu du segurua ez ezik parazetamola «aukera garrantzitsua» dela haurdunaldian mina eta sukarra baretzeko. AEBetako presidenteak Tylenol sendagaia —parazetamol marka bat da— ez kontsumitzeko deia egin zuen atzo. Haren administrazioaren arabera, haurdunaldian sendagai hori kontsumitzeak edo jaioberriei emateak haurrarengan autismoa sortu dezake.
Inor ase gabe jarraitzen du Athleticek. Hiru partida jarraian galdu ondoren, bazirudien bolada txarra amaitzeko aukera ezin hobea zuela gaur San Mamesen, Girona azken sailkatuaren aurka. Ordea, soilik puntu bat eskuratu dute zuri-gorriek, eta ederki kostata. Aspaldiko lehen zatirik txarrenaren ondoren, kataluniarrak 0-1 heldu dira aurretik atsedenaldira. Haserreak eraginda, kolpetik lau aldaketa egin ditu Ernesto Valverdek bigarren zatirako. Taldeak aurrerapauso bat eman du, eta Jauregizarrek sartu du banakoa, gol ikusgarri batekin. Beste gol bat gutxienez egiteko aukerak izan ditu taldeak, baina ez du asmatu, eta sentipen onak berreskuratu ezinda jarraitzen dute jokalariek. Krisia aipatzea gehitxo den arren, argitasunik gutxi dauka Athleticek. Espero bezala, hasierako hamaikakoan berritasun ugari ezarri du Valverdek. Gorosabel eta Adama zelairatu ditu hegaletan, Vesga zelai erdian, eta Nico Serrano erasoan. Partidari erritmo eta intentsitate handian ekin diete zuri-gorriek, eta lehen minutuak baliatu nahi izan dituzte aurrea hartzeko. Jokoan nagusi izan dira. Ordea, Gironak sartu du gola. Lehenbizi Bryan Gilek huts egin du aukera garbi batean, eta hurrengo jokaldian iritsi da 0-1ekoa. Bryan Gilek berak pase ederra eman dio Ounahiri, eta hark jaurtiketa ikusgarria eginda gainditu du Unai Simon, 9. minutuan. Atezainak zerbait gehiago egin zezakeen. Gola sekulako kolpea izan da Athleticentzat. Konfiantza iturri, berriz, Gironarentzat. Minutu zailak igaro behar izan ditu Valverderen taldeak, eta pixkanaka hasi da bere onera etortzen. Berriro ere jokoari abiadura eman diote bilbotarrek, baina zailtasun handiak izan dituzte zelaiaren hiru laurdenetatik aurrera. Gironako jokalariek gertutik zaindu dute Sancet. Dena den, pare bat aukera on izan ditu Valverderen taldeak. Sancet eta Guruzeta ez dira fin aritu erasoan. Argitasuna eta ideia falta nabaritu zaizkio taldeari, eta defentsan ere ohiko sendotasunik gabe jokatu du. Marmarra nagusitu da harmailetan, eta atsedenaldira bidean txistu batzuk ere entzun ahal izan dira. Jauregizarren gola Zaleek ez ezik, Valverdek ere haserre amaitu du lehen zatiarekin, eta lau aldaketa egin ditu kolpetik. Yuri, Areso, Ruiz de Galarreta eta Berenguer zelairatu ditu. Azkar jaso ditu fruituak. Izan ere, 47. minutuan sartu du banakoa Jauregizarrek, areaz kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarri batekin. Hura izan da Athleticeko onena. Itsu-itsuan joan dira zuri-gorriak berdinketaren bila, eta 60. minutura bitarte oso nagusi izan dira. Zailena egin ondoren, minutu luzez agintzen aritu da Athletic, baina orain arteko partidetan bezala, txinparta falta izan du erasoan. Besteak beste, Berenguerrek, Paredesek eta Robert Navarrok izan dituzte aukerak bigarren gola sartzeko, baina ez dute asmatu. Bolada txarrean murgilduta dago taldea, eta zelai gaiztoa bisitatuko du datorren larunbatean: Vila-realena. ATHLETIC-GIRONA Athletic. Unai Simon; Gorosabel (Areso, 46. min), Paredes, Laporte, Adama (Yuri, 46. min); Vesga (Ruiz de Galarreta, 46. min), Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet (Robert Navarro, 80. min), Nico Serrano (Berenguer, 46. min); eta Guruzeta. Girona. Gazzaniga; Hugo Rincon (Lass, 85. min), Frances, Blind, Alex Moreno; Solis (Arnau, 75. min), Ivan Martin; Ounahi, Van de Beek (Portu, 33. min), Bryan Gil (Astrilla, 75. min); eta Vanat (Stuani, 85. min). Golak. 0-1: Ounahik (9. min). 1-1: Jauregizarrek (47. min). REALAK MALLORCARI IRABAZI BEHAR DIO BIHAR ANOETAN Liga hasi baino ez da egin, eta larri dabil Reala: jaitsiera postuetan dago, bi puntu baino ez baititu lortu lehen bost jardunaldietan. 2006tik ez zen horren gaizki hasi. Sasoi horretan galdu zuen maila. Azken hiru partidetan aritu da okerren; galdu egin ditu hirurak. Oker hasi da Sergio Franciscoren aldia. Lehenbailehen suspertu beharra du, giroa gaiztotzea nahi ez badu. Egun, ezinegona dago. Hori dela eta, oso garrantzitsua da bihar Anoetan Mallorcaren aurka jokatuko duen partida (21:30, DAZN). Irabazi beharra du. Jagoba Arrasateren taldea ere jaitsieran dago, bi punturekin. «Egun aproposa da joera aldatzeko. Aurrerapausoa eman behar dugu; ez dago aitzakiarik», esan du Sergio Franciscok. Aritz Elustondo min hartuta dago, eta Alex Lebarbier sartu du deialdian. Alavesek, berriz, onbidera itzuli nahi du bihar, Getafen punturen bat lortuta (19:00, DAZN).
Esan eta egin. Mendebaldeko zenbait herrialdek Palestinako Estatua aitortu dute azken egunetan. Atzo, Erresuma Batuak, Australiak, Kanadak eta Portugalek egin ondotik; gaur, Frantziak aitortu du, New Yorken (AEB) bi estatuen konponbidea gauzatzeko urratsak zehazteko asmoz egindako goi bileran. Gainera, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du bide bera hartuko dutela Belgikak, Andorrak, Luxenburgok, Maltak, Monakok eta San Marinok. Bihar hasiko da NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkura, eta haren karietara egin dute bilkura, Frantziak eta Saudi Arabiak bultzatuta. Macronek adierazi du iritsi dela «unea» bi estatuen konponbidearekin aurrera egiteko, eta hori dela bidea Israelen eta Palestinan «bakea eta segurtasuna» bermatzeko. New Yorken emandako hitzaldian, Frantziako presidenteak behin eta berriz ziurtatu du Frantziak Israel babesten jarraituko duela, eta Tel Aviventzat onuragarria dela Palestina estatu gisa aitortzea. Hitzaldia Hamasek bahitutako israeldarrak askatzeko eskatuz hasi du, eta geroago hitz egin du Israel Gazan egiten ari den «sarraskiaz», baina ez du genozidio hitza aipatu. Gazako gerra ez duela ezerk justifikatzen ere adierazi du. NBEren 1947ko ebazpenean oinarritu da bi estatuen soluzioaz hitz egiterakoan. Erakundeak 1947ko azaroan onartu zuen ebazpen hori, eta bi estatuen sorrera aitortzen du —estatu judu eta estatu arabiar independente baten sorrera—. Konponbide hori gauzatzeko eman beharreko urratsak ere zehaztu ditu. Uztailean, asmo berarekin egin zuten beste bilkura bat New Yorken; hartan bideorri bat adostu zuten, eta orduan erabakitakoak nabarmendu ditu gaur ere: besteak beste, Palestina estatu «subirano, independente eta desmilitarizatu» bat izan beharko dela adierazi du. Horrez gainera, Frantziak Palestinan enbaxada bat irekiko duela ere esan du, bahituak askatu eta su eten bat ezarritakoan. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek ere hartu du hitza, eta Israeli zein Hamasi zuzendu zaie. Tel Avivi sarraskia amaitzeko deia egin dio, eta talde islamistari armak entregatzekoa. Palestinaren NBErako ordezkaritzako kideak, Macronek Palestinako Estatua aitortu zuen unean, atzo, New Yorken (AEB). LUCAS COCH / EFE Tel Avivek, baina, ez du erasoak eteteko asmorik. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk atzo ziurtatu zuen ez dela Palestinako Estaturik egongo, eta noizbait estatu hori eraikitzeko esperantzak bonbekin lehertzen jarraitzen du Gazan. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, New Yorken egindako adierazpenetan, Israeli ohartarazi dio bi estatuen soluzioa ez badu babesten are eta bakartuago geratuko dela. Halere, agerikoa da Israelek ez duela Mendebaldearen eskaerei jaramon egiteko asmorik, eta, horretarako, Washingtonen babesaz baliatzen jarraituko du. Izan ere, AEBak dira NBEren Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorren artean —beto eskubidea dute— Palestinako Estatua onartzen ez duten bakarrak. 1980ko hamarkadan aitortu zuten Errusiak eta Txinak, eta azken bi egunetan hartu dute erabaki hori beste bi kideek: Erresuma Batuak eta Frantziak. Gauzak horrela, Palestinak ezingo du NBEko estatu kide izan Washingtonek jarrera aldatzen ez badu; horretarako, beharrezkoa baita Segurtasun Kontseiluaren onespena. Baina, Donald Trump AEBetako presidentearen administrazioak ez du asmorik bere aliatuetako zenbaitek hartutako bidea jarraitzeko: «[Trumpek] Uste du [Palestinako Estatua aitortzeak] ez duela balio bahituak askatzeko, eta, orain, hori da helburu garrantzitsuena Gazan; ez du balioko gatazka amaitzeko ere», adierazi du gaur Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Levittek, prentsaurreko batean. Gainera, AEBek uko egin diote gaurko bilkuran parte hartzeari. Eta iragan ostegunean, beste behin, beto eskubidea baliatu zuen Israeli Gazako erasoaldia etetea exijitzen zion NBEren ebazpen bat atzera botatzeko. Gainera, ez diete herrialdera sartzeko baimenik eman Abbasi eta PANeko gainontzeko kideei, eta telematikoki hartu behar izan dute parte gaurko bilkuran. Gaur gaurkoz, Palestinak estatu behatzaile izaera du NBEn, eta ez du boto eskubiderik. Zisjordania anexionatzea Gaurko bilkura «zirku» gisa definitu du Danny Danon Israelen NBErako ordezkariak, eta halako erabakiek «terroristei» egiten diela mesede gehitu du. Atzo, Netanyahuk Palestinako Estatua aitortu duten herrialdeen aurkako neurriak hartuko dituela iragarri zuen, eta mehatxu egin zuen: Zisjordaniako okupazioa «bi halakotu» dutela azken bi urteotan esan zuen, eta «bide horretatik» jarraituko dutela aurrerantzean ere; hau da, mahai gainean jarri du eremu hori anexionatzeko helburua. Halere, ez dirudi Mendebaldeko zenbait herrialdek atzera egingo dutenik ere. Frantziako telebista kate batean egindako elkarrizketa batean, Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek ohartarazi dio Netanyahuri Frantziak «oso zorrotz» jokatuko duela baldin eta Israelek bere aurkako neurriak hartzen baditu —hala nola batak bestearen herrialdean dituen enbaxadak ixtea—, eta Zisjordaniaren anexioarekin jarraitzen badu. Antzera mintzatu da Erresuma Batuko Atzerri ministro Yvette Cooper ere, prentsaurreko batean, eta hartutako erabakia defendatu du: «Argi esan diot Israelgo Atzerri ministroari [Gideon Saarri]: hartutako erabakiak ez du soilik palestinarren segurtasuna bermatuko; israeldarrena ere bermatuko du». Palestinako Estatua aitortu duten herrialdeen erabakia txalotu dute Ekialde Hurbileko zenbait estatuk; kasurako, Qatarrek. Eta pauso horrekin pozik agertu da, halaber, Hamas. Atzo kaleratutako ohar baten bidez, eskerrak eman zizkien Erresuma Batuari, Kanadari eta Australiari —Portugalek geroago hartu zuen erabakia—, eta iritzi zion «pauso garrantzitsu bat» dela palestinarrek beren lurraldean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Halere, exijitu zion nazioarteari Israel zigortzeko, argudiatuta hori dela «Zisjordaniaren eta Jerusalemen anexioa» geldiarazteko modu bakarra. Alemaniak, berriz, baldintza bat jarri du Palestinako Estatua aitortzeko: lehenbizi israeldarrek eta palestinarrek bi estatuen konponbidea negoziatzea. Hala jakinarazi du Alemaniako Atzerri ministro Johann Wadephulek, prentsari egindako adierazpenetan. «Alemaniarentzat, Palestinako Estatuaren aitortza prozesuaren azken urratsa da, baina prozesu hori ahalik eta azkarren jarri behar da abian», azaldu du. Dena den, Alemaniako Gobernuko bozeramaile Stefan Korneliousek esan du Berlinek ez duela onartuko Israelek Zisjordaniako lurraldeak anexionatzea. Alemaniaz eta AEBez gain, Palestinako Estatua aitortzen ez duten herrialdeen artean G7ko beste bi kide daude: Italia eta Japonia. Beste hiruek —Erresuma Batuak, Frantziak eta Kanadak— azken egunetan aitortu dute. Horiez gainera, gaur-gaurkoz, Palestina estatu gisa onartu gabe jarraitzen dute, besteak beste, Herbehereek, Danimarkak edota Hego Koreak. ERASO GEHIAGO GAZAN ETA ZISJORDANIAN Israelek Gazari eraso egiten dihardu, nazioarteko kritikei jaramonik egin gabe. Gaur ere, goizean goiz hasi da zerrenda bonbardatzen, eta, Al Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, gutxienez 37 pertsona hil ditu, horietatik 30 Gaza hirian. Zerrendatik haratago, Israelgo armadak operazio militar bat egin du Zisjordaniako Ramallah hiriko Birzeit unibertsitatean, eta gutxienez bost langile zauritu ditu, EFE berri agentziak unibertsitate horretako iturriak aipatuz zabaldu duenez. Informazio horren arabera, zauritutako bost langileetatik bi larri daude ospitalean. Eraso horren harira, Zisjordanian «ikasle borroka eta ekintzailetza» indartzeko deia egin du Hamaseko liderretako batek, Abdel Rahman Xadidek, eta salatu du eraso horren asmoa zela «Zisjordaniako erresistentzia zapaltzea».
Atzo goizean goiz gertatu zen, Bilbon, Solokoetxe auzoan: zazpiak baino lehentxeago, kaleko borroka baten ondotik, gizon bat sastakatu zuten; larrialdi zerbitzuek Gurutzetako ospitalera eraman zuten, baina han haren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Gertatutakoa argitzeko asmoz, ikerketa abiatu zuen atzo Ertzaintzak. Gaur arratsaldean jakinarazi dute 31 urteko gizon bat atxilotu dutela, hilketarekin zerikusia duelakoan. Adierazi dute ikerketa zabalik dagoela oraindik. 21 urte zituen atzo hil zen gizonak. Polizia lekura iristean, susmoa ukan zuten erasotzaileak ez ote ziren Zumarraga kaleko 7. zenbakian gorde, zauritua atzeman zuten lekutik ehun bat metrora. Orduan, 09:00 aldera, eraikinean sartu ziren, baina nehor ez zuten atzeman, ezta ikerketarekin lotu zuten elementurik ere. Inguru guztiak miatu zituzten gero: kaleak, zakarrontziak… Baina atzo ez zuten inor atxilotu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 06:45 zirela jaso zuten abisua atzo, eskatuz Polizia bertaratu zedila Fika kalera, Santutxuren eta Alde Zaharraren artean. Borroka bat izan zela eta lagun bat zaurituta zegoela zioen abisuak. Lekukoek El Correo egunkariari kontatu diotenez, hildakoa ziplo erori zen, eta borrokan ari ziren gainontzekoek korrika egin zuten ihes. Gunera iristen lehenak osasun zerbitzuak izan ziren, eta segituan gizonari sokorri ematen saiatu ziren; ezer ez zuten egin ahal izan. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur goizean hitz egin du jazotakoari buruz. Esan du atzoko eguna «oso gogorra» izan zela, eta gertatutakoa «albiste txarra» izan zela. «Baina lanean jarraitu behar dugu», erantsi du, eta jakinarazi «era koordinatuan» jarduten ari direla Ertzaintzarekin, hura ari baita ikerketa egiten. «Laguntza guztia» emango diotela ere esan du, hilketaren erantzuleak nortzuk diren argitzeko. Eta auzokideen laguntza ere eskatu du. Adierazi duenez, lanean jarraituko dute hiriaren «segurtasuna hobetzeko».
«Zazpi herritar kartzela zigorraren mamuaz libratzeaz gain, Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu, baita etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu honek ekarriko lituzkeen zigortze neurri larriak ere. Beraz, herri mugimenduek gaur badugu zer ospatu». Horrela mintzatu da Aroztegiko Elkartasun Komitea joan den ortziralean publiko egin zen epaiaz. Esplikatu dute, halere, erabaki horrek «argi-ilun anitz» utzi dituela, eta, kartzela zigorra saihestu badute ere, milaka euroko kalte ordaina eta 62.000 euroko isuna ordaintzeko zigorra ez dela «ez bidezkoa, ezta onargarria ere»: «Argi erran nahi dugu: desobedientzia zibila ez da delitua!». Gaur egin du komiteak epaiaren balorazioa Elizondon (Nafarroa), ehunka herritarren babesean. Joan den aste hondarrean zabaldutako epaiaren arabera, zazpi auzipetuek obrak gelditu zituzten eta langileen lana oztopatu zuten, eta, hortaz, derrigortze delituagatik akusatu dituzte; baina ez dago froga nahikorik «talde kriminal» bat zirela ondorioztatzeko. Sententzia ez da irmoa, eta helegitea aurkeztu daiteke. Hain zuzen, hori ere nabarmendu dute gaur, zehaztuta balorazioa lehen instantziako epaiari buruzkoa izanen dela. 2021eko apirilean egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), obrak geldiarazteko: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko Lekaroz herrian. Bada, horregatik, guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatzen zituzten zazpi baztandarrendako. «Ez da bidezkoa makroproiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek, ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek inolako ondoriorik jaso ez, eta guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik, zigorrak pairatu behar izatea» AROZTEGIKO ELKARTASUN KOMITEA Komiteak nabarmendu du kasuaren absoluzioa dela «epai justu bakarra»: «Euskal Herrian historikoki errepresioa pairatzea normalizatzera ailegatu bagara ere, edozein zigor neurrigabekoa da». Are, adierazi dute «espekulatzaileak» eta horiek laguntzen dituzten «Nafarroako Gobernua eta hura sostengatzen duten alderdi politikoak» direla Aroztegiko auzian «erantzule zuzenak», eta horiek ez dutela ondoriorik jaso. Salatu dutenez, prozesua «barrabaskeria galanta» izaten ari da, eta ez da onargarria «denen lurra defendatzeagatik bortxa eta derrigortze delituengatik kondenatzea». «Ez da bidezkoa makroproiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek, ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek inolako ondoriorik jaso ez, eta guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik, zigorrak pairatu behar izatea», borobildu dute. «Erresistentziaren indarra» Epaia «herri oso baten borrokaren testuinguruan» kokatu behar dela erran dute, eta «erresistentziaren indarra eta auzolanaren balioa» nabarmendu. «Marea horia indartsu agertu da otsoaren hortz zorrotzen aitzinean. Aroztegiko borroka ez da soilik tokiko auzia, gure etorkizuna eta gure herriaren erabakitze eskubidea jokoan dago», adierazi dute. Hain zuzen, lortutakoa herri mugimenduaren lanaren emaitza dela esplikatu dute, eta hemendik aitzinera ere bide horretan segituko dutela nabarmendu. Hala, iragarri dute datozen asteetan elkartasun kanpaina bat abiatuko dutela, eta parte hartzera dei egin diete herritarrei, «bakoitzak ahal duen ekarpena eginez». «Orain arte egin dugun bezala errepresio ekonomikoari modu kolektiboan erantzunen diogu». UGEP indarrean Aroztegiko UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana indarrean dagoela gogorarazi dute agerraldian, eta erantzuleei behin betiko bertan uztea galdegin diete. «Gaur hemen bildurik, berriz ere baieztatzen dugu gure konpromisoa: Aroztegia geldituko dugu, eta gure herriaren alde segituko dugu lanean, tinko eta elkarrekin», borobildu dute txalo artean. Aroztegiko Elkartasun Komitearen prentsaurreko jendetsua gaur, Elizondon. AITOR KARASATORRE / FOKU Hain zuzen, 2015eko hauteskundeetarako bortz egun bakarrik falta zirela, Yolanda Barcinaren gobernuak proiektuaren UGEPa tramitatzea onartu zuen. Horren bidez, bertan behera gelditu zen Baztango Udalak lur horien gainean zuen hirigintza arloko eskumena, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu zen. Hau da, udalak ez du arlo horretan erabakitzeko ahalmenik. 2015eko mugimendu haren ondotik, UPNk gobernua galdu zuen, eta Geroa Bairen esku gelditu zen. Horrek, ordea, apenas izan zuen eraginik, Uxue Barkosen alderdiak Aroztegiko proiektua defendatu baitu, bai Baztanen eta bai Nafarroan. Plan hori indarrean badago ere, obrak gelditu zirenean TEX enpresa auzitik erretiratu zen, eta lanen ebazpena hutsik dago.
Ikusmin handia sortu du Angelina Jolie aktore estatubatuarraren iritsierak Donostiako Zinemaldian, igande iluntzean. Lepo bete dituzte alfonbra gorriaren ertzak zaleek, eta ilara luzea sortu dute kazetariek prentsa aretoaren atarian, Alice Winocourrek Sail Ofizialeko lehian erakutsi duen Couture filmaren aurkezpenerako ordubetetik gora falta zenean. Joliek jokatu du rol nagusietako bat zinemagile frantziarraren pelikula berrian, eta ekoizle ere aritu da. Eta hari zuzendu dizkiote galdera gehien aurkezpenean. Lehena, zer eman dion berari filmean parte hartu izanak. Jolie: «Gauza asko eman dizkit. Lehena, Alicerekin egin dudan harreman estua eta istorioarekin izan dugun lotura partekatua; beraz, zinematik harago doan zerbait da. Film honetan parte hartzea sendagarria izan da». Sentipen bera agertu du zuzendariak ere, Jolierekin jositako harremana berezia izan dela iritzita: «Ni bere pertsonaiaren bidaiaren barruan sentitu naiz film osoan. Ospitaletako mundua bizi izan dut, zeinetatik bizitzari beste ikuspegi batetik begiratzen diozun. Gau batez, ospitaletik atera, eta Modaren Astearen glamour guztia ikusi nuen inguruan, eta kalean galduta zebilen Sudango neska gazte batekin egin nuen topo. Berehala konektatu nuen harekin, eta uste dut pelikulak horri buruz hitz egiten duela: mundu desberdinetatik datozen eta elkarrekin konektatzen duten emakumeez. Horrela sortu zen ideia». Hain zuzen, Parisko Modaren Astearen zurrunbiloan girotu du Winocourrek filmaren kontakizuna. Hara film bat aurkeztera joan da Maxime zinema zuzendari estatubatuarra (Jolie), eta bertan jakinaraziko diote minbizia duela. Ada modelo hegosudandar gaztea ere (Anyier Anei) Parisera iritsi da; modaren munduan sartu berria da, eta bertan moldatzen ikasi beharko du. Angele makilatzailea ere (Ella Rumpf) argazki saio eta desfile batetik bestera dabil, fokuetatik kanpoko lanetan, baina tarte bat duen bakoitzean idazketan aritzen da, hori baita benetan egin nahiko lukeena. Eta Christine jostun gaztea (Garance Marillier) bere bakarkako lehen lanaz, soineko dotore bat josteaz arduratu beharko da. Munduko tragediekin eta norbere bizitzako arazoekin borrokan ari diren bitartean gurutzatuko dira emakume horien bizitzak. Proxima (2019) bere hirugarren filmarekin Zinemaldian izan zen zuzendaria, eta Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen. Torontoko jaialdian aurkeztu ondotik ekarri du Couture Donostiara, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartu da berriro. Zuzendariarekin eta aktoreokin denekin batera, Louis Garrelek ere parte hartu du filmaren aurkezpenean. Eta haiekin guztiekin egindako lanaz mintzatu da Winocour. «Angelinak gauzak egiteko eta pentsatzeko bere modua dauka, errebeldea da, eta benetan miresten dut nola ematen duen dena bere pertsonaia sortzeko. Hauskortasuna erakustea, atzean dagoena erakustea, akzio eszenak egitea baino zailagoa da askotan. Zeren hau ez da emakumeen minbiziaren inguruko film bat, emakume jakin honen prozesuaren eta beste emakume hauen guztien inguruan ari gara. Eta Angelinak lan handia egin zuen zaurgarritasun hori erakusteko». Joliek azaldu du berak ere minbiziari lotutako prozesu bat bizi izan zuela; ama eta amona gazte galdu zituela, eta berak gene bera zuela jakitean, mastektomia bikoitz bat egitea erabaki zuela. «Nire hautua hori izan zen, ez dut esan nahi mundu guztiak hala egin beharko lukeela, baina bai garrantzitsua dela hautatzeko aukera izatea, edonork ez baitu. Gauza asko daude esateko gai honi buruz. Emakumeen minbiziek eragina dute emakume bezala sentitzen garen moduan, eta, hortaz, garrantzitsua da ulertzea film honek erakusten duen bidaia». Adaren pertsonaia Anyer Aneiren benetako bizipenetan oinarrituta sortu zuen zuzendariak, eta haren lehen lana izan da zineman. Aktoreak nabarmendu du lehen filma dela modaren industria emakume afrikar baten ikuspegitik erakusten duena, eta oso berezia dela berarentzat horregatik. «Gerran dagoen eremu batetik ateratzen zarenean, nire kasuan Hego Sudandik, oso gogorra izan daiteke modarena bezalako mundu kaotiko eta erraldoi batean sartzea, nahiz eta jendea ez den jabetzen. Eta horretaz hitz egiten du filmak Adaren istorioarekin». Pelikularen kontakizunaren haritik, mezu bat ere utzi du zinemagileak: «Munduko beste emakume batzuekin konektatu dezakegu, eta esan: ‘Ez zaudete bakarrik. Emakume guztiok elkarrekin indartsuak izan gaitezke’». Eta hori agertzeko, modaren mundua metafora gisa baliatu duela gaineratu du: «Ez da modari buruzko film bat, benetan bizitzaren hauskortasunaz hitz egiten duen film bat da. Moda bizitza islatzeko metafora huts bat da pelikulan, zure zauriak ezkutatzeko duzun moduaren metafora bat». Garai «zailengatik» kezka Gaur egun bere herrialdeak bizi duen egoeraz ere galdetu diote aktore estatubatuarrari, eta tarte bat hartu du erantzuna pentsatzeko. «Oso galdera zaila da. Izan ere, nire herrialdea maite dut, baina momentu honetan ez dut errekonozitzen; oraintxe ezin dut. Beti bizi izan naiz nazioartean; nire familia nazioartekoa da, nire lagunak, nire mundu ikuspegia… Pertsonen adierazpena edo eskubideak zatitzen edo mugatzen dituen edozer gauza, edonon, oso arriskutsua den zerbait da, eta esaten denarekin kontuz ibili beharreko garai serioak, garai zailak dira hauek. Guztiok elkarrekin garai oso zailak ari gara bizitzen».
Orio jaun eta jabe izan da aurtengo arraun denboraldian. Liga matematikoki erabakita utzi zuen bi jardunaldiren faltan, pasa den astean Kontxako bandera astindu zuen, atzo banderen marka ezarri zuen Bermeon (Bizkaia), eta, guzti hori irabazi eta gero, sasoiko azken estropadan ere gailendu egin da gaur Portugaleten (Bizkaia). Eusko Label ligan aurten eskuratu duen hamaseigarren bandera da, eta hori izango da aurrerantzean gainditu beharreko marka. Zierbena izan da Orio izerdia botatzera behartu duen ontzi bakarra. Bizkaitarrak aurretik heldu dira lehen bi ziabogetara, baina hirugarren luze bikaina egin eta aurrea hartu du Oriok. Azken luzean estutu da aldea, baina San Nikolasek eutsi dio lehen postuari. Bi segundu eta erdi gutxiago behar izan ditu lanak amaitzeko. [articles:2146944] Hirugarren izan da lehen txandako garailea, denboraldia bikain amaitu duen Getaria, eta laugarren Hondarribia. Egiari zor, gaur kaleen arteko diferentzia ere nabarmena izan da: hiru eta lau kaleetatik aritu dira lehen lau postuetan sailkatu diren ontziak. Era batera edo bestera, historiarako marka utzi du Oriok: hamasei bandera denboraldi bakarrean. Ea norbait gainditzeko gai den.
Donostiarra eta San Juan emakumezkoetan, eta Santurtzi eta Chapela gizonezkoetan. Lau talde horiek maila gorenean arituko dira 2026. urteko denboraldian. Gaur jokatu dute Portugaleten (Bizkaia) igoera play-offeko bigarren jardunaldia, eta atzoko ontzi berberak izan dira indartsuenak erlojupekoan. Donostiarrak Euskotren ligan segituko du, San Juan elitera itzuliko da, Santurtzik eutsiko dio Eusko Label ligan duen postuari, eta lehen mailan arituko da lehen aldiz Chapela. [articles:2147221] Atzo, Bermeon (Bizkaia), Donostiarra eta San Juan izan ziren ontzirik azkarrenak, eta gaur ere hala izan dira Portugaleten (Bizkaia), hurrenkera aldatuta. Saririk gabe geratu da Zarautz, ETE ligako txapelduna. Zarautzek sailkapena irauli zezakeela zirudien ziabogan. Barruan zuten guztia ematera atera dira Enbatako neskak, eta denborarik onena egin dute ziabogan, San Juanekin berdinduta, Donostiarra bi segundora zutela. Itzulerako luzea, ordea, luze egin zaie: ikuskizuna eman du San Juanek, eta paladaz palada handitu du Zarautzekiko tartea. Donostiarrak, berriz, eutsi egin die Pasaiakoei. Santurtziko mutilak lanean, gaur, Portugaleten. ARITZ LOIOLA / FOKU Asteburu erabakigarrian beraz, itsasoan zein ibaian, agerian geratu da zeintzuk diren ontzi indartsuenak: Euskotren ligan segituko duen Donostiarra eta gorenera itzuliko den San Juan. Zarautzentzat, berriz, gogorra izan da sasoiaren amaiera: akats baten ondorioz Kontxako estropadatik kanpo geratu ostean, ezin izan dute euren bertsiorik onena erakutsi igoerako play-offean. Atzetik izan dituzte Galiziako bi ontziak: asteburuko bi estropadetan laugarren izan da Chapela, eta bosgarren Tiran. Euskotren ligako azken postuan amaitu zuen Hondarribiak, berriz, zuzenean galdu zuen maila. Ezustekorik ez Gizonezkoetan ere ez da ezustekorik izan: Santurtzi zen faboritoa, eta bi jardunaldietan erakutsi du zergatik. Nagusitasunez irabazi ditu biak. Gertu izan du asteburuko garaile handia, Chapela, lehen aldiz Eusko Label ligan arituko den trainerua. Cabo da Cruz historikoak maila galdu du aurten, baina Galiziak lehen mailan bi ordezkari izango ditu datorren sasoian ere. Atzo uste baino maila apalagoan aritu zena Kaiku izan zen, eta gaur erritmo bizian ekin dio lanari Sestaoko ontziak. Lehen bi ziabogetan Santurtziren denbora berak markatu ditu, Chapela lau segundo atzetik zutela. Estropadaren bigarren zatian, ordea, ezin izan dio joari eutsi Bizkaitarrak, azken luzea zazpi segundo bizkorrago egin du Chapelak, eta bost segundo azkarrago amaitu ditu lanak. Santurtzik Eusko Ligan jarraituko du, beraz, Chapela izango du lehiakide, eta KAE ligan jokatuko du Kaikuk. Arkote eta Tiran izan dira laugarren eta bosgarren gaur. Poza batzuentzat, tristura besteentzat.