Hamar jokalarirekin ez dio puntuari eutsi Athleticek
Bolada txarrean sarturik dago Athletic. Ligako lehen hiru partidak jarraian irabazi ondoren, ilusioa eta baikortasun handia zegoen jokalari eta zaleen artean, baina astebetean zapuztu zaio guztia Ernesto Valverdek zuzendutako taldeari. Alavesen aurka 0-1 galdu zuen pasa den asteburuan ligan, gero Arsenalek irabazi egin zuen San Mamesen Txapeldunen Ligan (0-2). Hori gutxi ez, eta zuri-gorriek ez dute punturik batu gaur, Mestallan, Valentziaren aurka. Lehen zati ona jokatu dute, baina epaileak Vivian kanporatu du 60. minutuan, eta horrek baldintzatu du lehia. Korner batean aurrea hartu dute etxekoek, eta kolpeari ezin izan diote erantzun bilbotarrek. Nekatuta heldu dira partida amaierara, eta luzapenean jaso dute bigarren gola. Azken hiru partidak jarraian galtzeaz gain, gola egitea ere ez du lortu Athleticek. Hasierako hamaikakoari dagokionez, espero baino aldaketa gutxiago egin ditu Valverdek. Atzeko lerroko bi hegaletan ezarri ditu berritasunak: Yuri eta Areso. Zelai erdian ere Ruiz de Galarreta itzuli da, baina gainerakoan pasa dena asteartean Arsenali aurre egin zion talde beraren aldeko apustua egin du entrenatzaileak. Bada, lehen zatian jokalariek ez dute nabaritu inolako nekerik, eta ongi ekin diete partidari. Lehen hamar minutuetan orekatua izan da lehia, baina hortik aurrera nagusi izan da Athletic. Gehienean baloia oinetan izan du, Ruiz de Galarretak gidatu du taldea, eta erasoko lau jokalarien mugimenduak oso interesgarriak izan dira. Zerbait falta izatekotan aurrelari peto bat falta izan zaio Athletici. Azken pasean zein errematean antzu aritu dira zuri-gorriak. Hala ere, gola egiteko aukera politak izan dituzte bilbotarrek, eta guztietan ezagun zahar batekin egin dute topo: Agirrezabalarekin. Sancetek probatu du atezaina 26. minutuan, baina areaz kanpotik egin duen jaurtiketari erantzun aparta eman dio gipuzkoarrak. Iñaki Williamsek ere aukera dotorea izan du 30. minutuan, baina berriro atezaina topatu du parean. Jauregizarrek ere ez du zorterik izan hiru minutu beranduago. Valentziaren areara erraztasun handiz iritsi da Athletic, batez ere Areso hegazkin baten moduan ibili delako gora eta behera eskuin hegaletik, baina jokaldiak ezin biribildu ibili da Valverderen taldea. Jokatzerako garaian arriskuak hartu ditu Athleticek, eta egin dituen pare bat akatsetatik etorri dira Valentziaren gol aukera bakarrak. Kontraerasoan jokatzera mugatu du bere jokoa etxeko taldeak, eta birritan arriskuarekin iritsi da Unai Simonen ate ingurura, baina zuri-gorrien defentsako lerroak fin lan egin du. Oro har, lehen zatiko sentsazioa izan da Athleticek gehiago merezi izan duela, baina gola falta izan zaio. Valentziako jarraitzaileek txistu artean agurtu dute euren taldea atsedenaldian, lehen zatiko lanarekin konforme ez eta. Laporte, hala beharrez Horregatik, beste txinparta batekin zelairatu da etxeko taldea bigarren zatian. Gorago egin du presioa, eta itota ibili da Athletic, ezin izan baitu baloia lasaitasunez jokatu. Jokoan parekotasun gehiago egon da, eta 60. minutuan iritsi da norgehiagoka erabat baldintzatu duen jokaldia. Vivianek falta egin dio Rabari, eta azken jokalaria izateagatik txartel gorria atera dio epaileak. Hala beharrez, Laporte zelairatu du Valverdek. Zazpi urteren ondoren zuri-gorriz jantzi da berriro jokalaria. Ez du debut aparta izan frantziarrak. Lehenbizi, jokaldi batean bere atean gola egiteko zorian izan da, baloiak bere hankan jo ondoren langarako bidea hartu baitu. Jokaldi horretan bertan iritsi da 1-0ekoa, korner batean. Santamariak bikain errematatu du buruz baloia sareetara. Hamar jokalarirekin geratzeaz gain, gola jasotzea kolpe galanta izan da Athleticentzat, eta ez du suspertzeko zantzurik erakutsi. Valverdek aldaketa asko egin ditu bata bestearen atzetik. Hurrenez hurren, Unai Gomez, Maroan eta Vesga atera ditu, baina alferrik. Gol aukera soil bat sortzea ere kosta egin zaie zuri-gorriei. Gainera, minutuek aurrera egin ahala nekea agertzen hasi zaie. Europak faktura pasatzen duela begien bistan geratu da. Valentziak nahi erara jokatu ditu azken minutuak, eta 2-0ekoa egin du luzapenean. Santamariaren erdiraketa eder bati amaiera ona eman dio Hugo Durok, eta festa nagusitu da etxeko zaleen artean. Zigor handiegia jaso du Athleticek, baina burua altxatu beharra dauka berandu baino lehen. Ligak jarraipena izango du astez, eta zuri-gorriek Girona hartuko dute, datorren asteartean. VALENTZIA-ATHLETIC Valentzia. Agirrezabala; Foulquier, Tarrega, Diakhaby, Gaya (Vazquez, 70. min.); Santamaria, Javi Guerra; Lopez (Beltran, 70. min.), Rioja (Hugo Duro, 70. min.), Danjuma (Almeida, 80. min.); eta Raba (Ramazani, 63. min.). Athletic. Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta (Vesga, 68. min.), Jauregizar (Rego, 80. min.); Iñaki Williams, Sancet (Maroan, 68. min.), Robert Navarro (Unai Gomez, 68. min.); eta Berenguer (Laporte, 63. min.). Golak. 1-0: Santamariak (73. min.). 2-0: Hugo Durok (93. min.).