Oriok irabazi du, baina Zierbena da aurretik
Emozioa gainezka izango da datorren igandean Kontxako bigarren estropadan. Besteak beste, alde urrik ere ez baitu eman lehenengo jardunaldiak. Ikusgarri eta ikaragarri joan da estropada, eta Zierbena nagusitu da. Zehazki, estropada Oriok irabazi du, baina hiru segundoko zigorra jarri diotenez, Zierbenak lortu du lehen postua. Biek ala biek aparteko estropada osatu dute, hemeretzi minututik jaitsi baitute denbora. 18.56an egin ditu lanak Oriok, eta hiru segundo eskas gehiago behar izan ditu Zierbenak. Zigorrari esker, lehen postua lortu dute bizkaitarrek, eta datorren igandean hamar ehuneneko aldea izango dute Oriorekiko. Urdaibaik eta Donostiarrak osatuko dute ohorezko txanda. Zozketak hala erabakita, lehenengo txandan aurrez aurre egokitu dira Orio eta Zierbena, Urdaibai eta Getariarekin batera. Bada, estropada hasi aurretik lehen kolpea jaso du Oriok, zero kalean beroketa ariketak egiten jarduteagatik, hiru segundoko zigorra jarri baitiote antolatzaileek. Burua hotz mantendu dute arraunlariek, eta ahalegindu dira estropadari ekiten ezer gertatu ez balitz bezala. Jo galanta erakutsi dute lau taldeek, eta abiadura bizian osatu dute lehen luzea. Orio eta Zierbena pare-parean ibili dira gehienean, eta denbora berean igaro dute ziaboga. Handik hobeto irten da Bizkaiko taldea, eta bi segundoko tartea ireki du. Dena den, ez dio erritmoari eutsi, eta pixkanaka aurrea hartzen joan da Orio. Orioko zaleak arranplan, gaur. JON URBE / FOKU Santa Klara uharteren ingurua izan da gakoa. Mendebaleko haizea ekiditeko, bosgarren kalearen bila jo du Oriok, eta asmatu du. Eroso sentitu dira arraunlariak, eta euren onena emateko modua izan dute. Bukaerako metroetan ontzi bateko aldea atera diote Zierbenari, hiru segundo ingurukoa, eta helmugan ere argazki horixe nagusitu da. Orio aurretik, eta ontzi batera Zierbena. Antolatzaileek berehala jakinarazi dituzte denbora ofizialak, eta zigorra dela medio, Zierbena kokatu dute aurretik, hamar ehuneneko aldearekin. Urdaibaik ere lan dotorea osatu du txanda horretan, sei segundo soilik galdu baititu, eta ohorezko txanda izango da datorren igandean. Gorka Aranberri Orioko patroiak amorrua adierazi du estropada amaieran, baina ez du inolako aitzakiarik jarri zigorrari. «Zigorra onartu egin behar da, eta kito. Ez daukagu ezer esateko. Saiatu gara burua hotz izaten, eta uste dut lortu dugula. Sekulako denbora egin dugu. Hamar ehuneneko aldea ez da ezer, eta badakigu datorren igandean irabazten duenak eramango duela bandera. Beraz, alde horretatik, lasai gaude». Urdax Antegara Zierbenako arraunlariarekin irakurketa ere horixe izan da. «Datorren astean irabazteak balioko du, baina beti da ona aurretik egotea. Horrek balioko digu gure buruarengan sinesteko eta konfiantza izateko. Gozatzeko astea datorkigu, eta ahalik eta ondoen prestatuko gara». Donostiarra lanak amaitzen, gaur. GORKA RUBIO / FOKU Bigarren txandak ez du lehenarekin inolako zerikusirik izan. Lau traineru lehiatu dira: Lakittarra, Hondarribia, Donostiarra eta San Juan. Lehen luzean asko sufritu dute laurek, eta ez dute denbora onik egin. Pentsa: Getariak oso gertu izan du ohorezko txandara sailkatzeko eskubidea. Dena den, itzulerakoan aparteko estropada osatu du Donostiarrak. Naturaren indarra baliatuta, denbora nabarmen hobetu du, eta azkenean laugarren sailkatu da. Hondarribia ere duintasunez aritu da. Kontuak kontu, ikustekoa izango da datorren igandeko lehia, Orio eta Zierbenaren artean. Gaurko denborak ahaztu eta estropada irabazteak soilik balioko du. Sailkapen nagusia Zierbena. 18.59.26 Orio 0.10era Urdaibai 6.18ra Donostiarra 15.80ra Getaria 20.86ra Hondarribia 22.60ra San Juan 35.46ra Lekittarra 43.60ra