Iranek atzera bota du gerra amaitzeko Trumpen proposamena, baina…
Washingtonek gerra amaitzeko proposamen «maximalista eta zentzugabea» egin dio Teherani; ez zaio gustatu, baina badirudi diplomazia ariketa ez dela amaitu. Reuters albiste agentziak Irango iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Iranek erantzun bat bidali dio Pakistani, hark AEBei eman diezaion —herrialde hori ari da aldeen artean bitartekari—. Donald Trump AEBetako presidentea gatazkak amaitzeko planak egin zalea denez gero, hamabost puntuko bide orria ondu duela iragarri zuen herenegun; besteak beste, arma nuklearren debekua eta «erregimen aldaketa oso serioa» exijitu ditu —Teheranek esana du ez duela arma nuklearrik nahi—. Iranen eskakizunen berri eman du herrialdeko IRIB telebistak, iturri ofizialak aipatuz: Israelek eta AEBek eraso egiteari uztea eta Ormuzko itsasarteari dagokionez duen subiranotasuna errekonozitzea; horiek onartu ezean, kontraerasoan jarraituko du Iranek. Reutersen arabera —eta aldeak negoziazioei ekiteko prest baldin badaude—, baliteke ordezkariak Pakistango edo Turkiako mahai baten bueltan esertzea; bi herrialde horiek aritu dira bitartekari lanetan, eta horrexegatik ari dira «kontsideratzen» bi horietako batean biltzea, betiere negoziaziorik egongo dela adostuz gero. Iranek Pakistanen duen enbaxadorearen hitzean, oraingoz ez da egon elkarrizketarik Teheranen eta Washingtonen artean —ez zuzenean, ezta zeharka ere—, baina «herrialde adiskideak kontsultak egiten aritu dira bi aldeekin»; horixe esan dio Al-Jazeerari. «Ez deitu akordio zure porrotari; akabo zure promesen aroa». Hitz horiekin egin dio ohartarazpena gaur Ebrahim Zolfaghari Irango armadako koronelak Trumpi, Tasnim Irango Guardia Iraultzailearen hurbileko albiste agentziak jaso duenez: «Hainbeste barne gatazka dituzue, ezen zeuen buruarekin ari zareten negoziatzen?». Zolfagharik klaru utzi du Etxe Zuriko maizterrak negoziazioei buruz egindako baieztapenak «faltsuak» direla, eta abisatu du petrolioa ez dela gerra hasi aurreko preziora jaitsiko, ez behintzat Irango estatu indarrek «eskualdearen segurtasuna» bermatu arte. Trumpekin ezin jakin: alde batetik, gerra «amaituta» dagoela esan zuen atzo, eta hamabost puntuko plan hori ondu; beste alde batetik, ordea, gerra ez du alde batera utzi. Izan ere, AEBetako zenbait hedabidek atzo zabaldu zuten Pentagonoak 2.000 paraxutista inguru bidali dituela Ekialde Hurbilera, Trumpek eraso egiteko «aukera gehiago» izan ditzan. Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak gaur esan du Iranek oraindik ez duela atzera bota proposamena, eta mehatxu egin dio: negoziazioek huts eginez gero, «inoiz baino gogorrago egingo diogu eraso». AEBetako Gerra Departamentuaren asmoa zera da, The New York Times kazetak dioenez: Kharg uhartean esku hartzea, Persiar golkoko uharte hori baita Iranek petrolioa esportatzeko daukan gune nagusia. Irango Parlamentuko presidente Mohammad Bagher Ghalibafek esan du «hurbiletik» ari direla erreparatzen AEBek eskualdean egiten dituzten «mugimendu guztiei»: «bereziki haien tropen hedapenari», idatzi du gaur sare sozialetan. 21 Iranen zenbat osasun langile hil dituzten gerra hasi zenetik. Teheranek salatu du Iranen 21 osasun langile hil dituztela gerra hasi zenetik, eta AEBen eta Israelen erasoek zazpi erietxe utzi dituztela zerbitzuz kanpo. Iranek Genevan (Suitzan) daukan enbaxadoreak eman du datua, Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari Tedros Adhanomi bidalitako ohar batean. Irango Gurutze Gorriak atzo salatu zuen Israelen eta AEBen erasoek kalteak eragin dituztela arta emateko 292 gunetan. Besteak beste, erietxeetan, ospitaleetan eta laguntza humanitarioa emateko guneetan. Erasoek ez dute etenik Teheranek esan du beste eraso olde bat abiatu dutela Libanori «elkartasuna» adierazteko: Israel iparraldean dauden puntu estrategiko eta instalazio militar batzuk jo ditu. Izan ere, Israelek Libano bonbardatzen segitu du, eta, iturri ofizialen arabera, bederatzi lagun hil ditu, eta beste berrogei zauritu. Aurrez, Israelgo armadak agindu du Beirut hiriburuko hainbat auzo eta inguruko beste zenbait herri husteko. Besteak beste, Haret Hreik, Ghobeiri eta Lailaki. Israelek eta AEBek gerra abiatu zutenetik, 1.094 lagun baino gehiago hil dituzte, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, eta desplazatutakoak milioi bat baino gehiago dira. Irango Guardia Iraultzailearen ohar baten arabera, operazio hori Israelen aurkako erasoaldiaren «hasiera» besterik ez da, eta Tel Aviv, Qiryat Shemona eta Bnei Brak hiriak daude helburuen artean, besteak beste. Baita AEBek eskualdean dauzkaten base militarrak eta Israelgo armadak Palestinan dauzkan tropak ere. AEBetako armadaren USS Abraham Lincoln hegazkinontziraren kontra ere jaurti ditu misilak, eta «posizioa aldatzera» behartu du, Fars agentziak Irango armadaren ohar bat aipatuz kaleratu duenez. Israelgo armadak jakinarazi duenez, Iranek jaurti dituen hainbat misil atzeman ditu gauean. Bahrainek, Saudi Arabiak eta Jordaniak ere droneak atzeman dituzte. Kuwaitek, berriz, adierazi du drone batek sute bat piztu duela herrialdeko aireportu internazionalean. Israelek zenbait eraso egin ditu gaur goizean ere. Armadak jakinarazi du misilak ekoizteko bi instalazio bonbardatu dituela Teheranen. Gaineratu dutenez, han ekoizten ziren misilak irismen luzekoak dira, eta «helburuak azkar suntsitzeko» gai dira, hala lehorrean nola itsasoan. Ormuz, «arerio ez direnentzat» irekita Atzo bezala, gaur ere Iraken eraso egin du Israelek, airez, Iranen aldeko zenbait milizia xiita biltzen dituen erakundearen (FMP) base militar baten aurka. Gutxienez zazpi lagun hil dituzte, eta beste hamahiru zauritu, Irakeko Defentsa Ministerioak ohar batean azaldu duenez. «Ekintza kriminala da, eta arriskutsua da indarkeriak gora egitea; erantzun irmoa merezi du, eta arduradunek kontuak ematea». Iranek Nazio Batuen Erakundean duen misioak sare sozialetan jakinarazi duenez, Ormuzko itsasartean «seguru» nabigatzeko aukera izango dute «etsai» ez diren ontziek, hots, Iranen kontrako edozein eraso egin edo babesten ez dutenek; horretarako, Iranek ezarritako «segurtasun arauak» bete beharko dituzte.