Pentsiodunen gogoeta eguna
Manifestaziorik jendetsuena Bilbon egin zuten. 18:00etan abiatu ziren Jesusen Bihotzetik. «Batak zein besteak gobernatu, pentsioak beti defendatuko ditugu», azpimarratu zuen Pilar Agirre mungiarrak. Berak irakurri zuen manifestazio bukaerako agiria. Besteak beste, mugimenduaren aldarrikapen nagusiak irakurri zituen. Agirreren esanetan bi dira ezinbestean lortu beharrekoak: «Gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea eta pentsioen urteko igoera gutxienez KPIaren bestekoa izatea». Ohartarazi zuten ez dutela etsiko eskatzen dutena lortu arte, «oraingo eta etorkizuneko pentsiodunak duintasunez bizi ahal izateko».
Euren proposamenen eraginkortasuna azpimarratu zuen Fanok. Azaldu zuen Espainiako Gizarte Segurantzak diru sarrerak handitzea lortu duela azkenaldian. «Nola egin duen? Gutxieneko soldata 900 eurora igo duelako gobernuak, eta soldata altuenak dituzten langileak lehen baino gehiago kotizatzen hasi direlako. Guk proposatzen ditugun neurriak indarrean jarriz gero, badago dirua pentsioetarako».
Kalera irteteko deia
Manifestarien artean ezkorrak eta baikorrak zeuden. Karmele Bilbao zornotzarrak kasu egingo dietela uste du. «Agian kanpainan ez dute zuzenean hitz egingo. Baina gu entzuten ari dira; ez izan zalantzarik. Begira zenbat boto duten hemen». Izan ere, milaka lagun elkartu ziren Bilboko kaleetan, baina aurreko manifestazioetan baino gutxiago ziren. Jesus Lozano sestaoarrak mugimendua «epeltzen» ari den kezka agertu zuen.
Hain zuzen ere, pentsiodunen mugimenduak berak apirileko eta maiatzeko hauteskunde kanpainak «indar gehiago» egiteko garaia direla eta deialdietara hutsik ez egiteko eskatu zuen. Maiatzaren 11n beste manifestazio bat egingo dutela iragarri zuten. Astelehenetako elkarretaratzeetan parte hartzeko ere eskatu zuen. «Ez gara lehen beste lagun elkartzen, eta hedabideetan gutxiago agertzen zara. Ez ote dira gutaz ahaztuko!», esan zuen Lozanok. Pentsioen borroka gizarte osoarena dela ohartarazi zuen.



