Ertzaintzaren negoziazio mahaiak Akordio Arautzailea berritzeko oinarriak hitzartu ditu gaur. ERNE, ESAN eta SIPErekin egin du akordioa Eusko Jaurlaritzak 2025-2028 aldirako. Euspelek, aldiz, aurka egin du, baita Ertzainak Borrokan taldeak ere, baina itunerako oinarriak badu ordezkaritza sindikalaren hiru laurden baino gehiago, hain zuzen %83. Adostutako oinarriak datozen hiru urteetan Akordio Arautzailea garatzeko esparru orokor gisa erabiliko dituzte. Soldata igoera orokorrak egingo dituzte, eta ertzain bakoitzak gutxienez 4.200 euro gordin gehiago jasoko ditu urtero aurrerantzean, baldin eta sindikatu sinatzaileen afiliatuek itunaren alde bozkatzen badute. Aurreko hitzarmena 2013koa da, eta 2022an hasi ziren hura berritzeko negoziazioak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren osatutako Jaurlaritza berriaren Segurtasun Sailak negoziazioei ekin zien berriro legegintzaldi honen hasieran. Bada, Jaurlaritzak eta sindikatuek erdietsi duten akordioaren helburua da «Ertzaintzak herritarrei ematen dien zerbitzua hobetzea eta modernizatzea, polizia integralaren izaera indartuz». Funtsezko puntuen artean, soldata igoera progresiboa eta bereizia ezarri dute. Era berean, konpentsazio ekonomiko berriak izango dituzte ertzainek zenbait zeregin espezifiko egiteagatik: esaterako, «herritarren arreta, ikerketa lanak, jendetzaren kontrola eta entrenamendu espezializatuak». Arlo sozialean, aurrerapen nabarmenak sartu dituzte agenteentzat: adibidez, gaixo dauden senitartekoak zaintzeko urtean 50 orduko baimenak, egun berezietan lan egiteagatik ordainsari hobeak, eta lanaldiak beste funtzionario publiko batzuekin parekatzea. Euspel eta Ertzainak Borrokan: «Saldu egin gaituzte» Akordioak Ertzaintzako sindikatuen gehiengo handi baten babesa izan badu ere, Euspelek eta Ertzainak Borrokan-ek haren aurkako manifestaio bat deitu dute astelehenerako, Bilbon. «Saldu egin gaituztela sentitzen dugu» adierazi dute, «2028an amaituko diren ustezko hobekuntza batzuk daudelako». Salatu dute 13 urte daramatzatela erosketa ahalmena galtzen eta 6.800 ertzainek egiten dutela 8.000 agentek egin beharko luketena. Halaber, zehaztu dute 4.200 euroko igoera lau urteko tarte batean gauzatuko dela, ez kolpetik, eta ez dakitela zenbat igoko den aparteko orduan soldata. Beste neurri hauek ere jaso ditu akordioak: etengabeko prestakuntza sustatzeko garapen profesionalaren osagarria, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eskutik garatuko dena; entrenamendu ebaluagarriak areagotzea, «hobeto prestatutako ertzainak izateko»; herritarrenganako hurbiltasuna eta arreta hobetzea, «herritarren salaketak kalean bertan hartu ahal izateko gailu mugikorrekin»; espezializazioa ikerketan, «kasuak ahalik eta eraginkortasun handienarekin ebazteko»; eta espezializazioa adimenean, egungo gizarteak planteatzen dituen «erronka eta mehatxu berriei aurre egiteko». Akordioak 45 milioi euroko inbertsioa ekarriko du aurten hasi eta 2028ra bitartean, eta Segurtasun Saila, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin batera, «Ertzaintza berrantolatzeko eta berregituratzeko egiten ari den lanaren testuinguruan kokatzen da», Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Akordio berri horrekin, bukaera eman diote Ertzaintzaren baldintza orokorren markoa berritu gabeko hamabi urteko aldiari. Giro gaiztotua Ertzainek urteak daramatzate baldintzak hobetzeko eskatzen, eta eskaera horiek protesta askorekin lagundu dituzte azken urteetan. Aurreko legealdian giroa nabarmen gaiztotu zen Josu Erkoreka sailburu zuen Segurtasun Sailaren eta sindikatuen artean, baina azken urtean lehertu da egoera modu bortitzagoan, Ertzainak Borrokan taldea azaleratzearekin batera. Sindikatuetatik kanpo sortua da talde hori, izan ere. Apirilean hasi ziren sareetan bideoak zabaltzen, eta mugimendu asindikal moduan sinatzen dituzte oharrak. Iazko maiatzaren 8an indar erakustaldi handia egin zuten Bilbon. 2.000 pertsona bildu zituzten manifestazioan, Efe agentziaren arabera; 7.800 ertzain dira guztira lantaldean, eta horrek eman dezake mobilizazioaren neurria. Itun berri bat eskatu zuten martxan horretan, eta Frantziako Tourraren segurtasuna ere auzitan ipini zuten, Bilboko Udalaren eta Jaurlaritzaren gaitasun irudia jokoan zela. Itun duin barik ez dago Tourrik. Hamabi urte hitzarmen barik lelopean, 1.100 euroko soldata igoera eskatu zuten, besteak beste. Jaurlaritza berriaren etxeko lanen artean, lehentasunezkoa zen Ertzaintzaren lan gatazkari soluzioa ematea, orain Bingen Zupiriak gidatzen duen Segurtasun Sailean Horiek horrela, hamabi urtez egin gabeko akordioari soluziorik eman gabe amaitu zen aurreko legealdia, eta, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, EAJk eta PSE-EEk osatu duten gobernu berriaren etxeko lanen artean lehentasunezkoa zen Ertzaintzaren lan gatazkari soluzioa ematea, orain Bingen Zupiriak gidatzen duen Segurtasun Sailean. Ertzainak Borrokan taldeak estu hartu du Zupiriaren sailean azken hilabeteetan, baina, azkenerako, Segurtasun Sailak akordioa lortu du sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoarekin. ERNE sindikatuko eledun Aitor Otxoak esan du Zubiriarekin «askoz hobeto» negoziatu ahal izan dutela. «Akordio garrantzitsua egin dugu ertzaintzaren ordezkari diren sindikatuekin. Horri esker, lan baldintzak hobetuko dira, baina baita antolakuntza eta Ertzaintzaren funtzionamendua ere», adierazi du Zupiria sailburuak. Haren arabera, bat egin dute «sindikatuen eskari nagusiek» eta Segurtasun Sailak «Ertzaintza modernizatzeko zuen helburuak». Zupiriak ziurtatu du akordioaren helburu nagusia badela «Euskadi gero eta herri seguruagoa izatea», eta hitzarmen berriarekin xede horren aldeko aurrerapausoa emango dutela. Ertzainak Borrokan taldeak ERNE, Esan eta SIPE sindikatuei —sindikatu sinatzaileei— aurpegiratu izan die sailarekin «soinez soin» joatea eta haren berbekin «bat egitea». Hiru sindikatuek, berriz, erantzun dute hauteskunde sindikalen zilegitasunik gabeko taldeak «agindu» egin nahi diela, eta «askatasun sindikalaren aurkako eraso zuzen» bat egiten ari direla, «mehatxuak» eta «irainak» eginez. Dena den, batera egin izan dituzte berriro ere elkarretaratzeak; esaterako, Gasteizen. Iazko ekaineko mobilizazio hartan, ordea, Euspelek ez zuen sinatu oharra, eta, orain, akordiotik kanpo geratu da, nolabait Ertzainak Borrokan taldearekin lerraturik. Asteleheneko manifestazioan ikusiko da zenbatekoa den kritikoen babesa.
Donald Trump herenegun bihurtu zen ofizialki AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente, eta hasiera-hasieratik ari da bere agenda ezartzen, dekretu bidez. Astelehenean bertan, genero aniztasuna izan zuen jomugan, besteak beste, eta gobernu federalaren menpeko agentzia orotan «bi genero soilik» izango direla ezarri: gizonezkoa eta emakumezkoa. Gainera, ohartarazi zuen woke ideologiaren aurka egingo zuela. Bada, ildo horri jarraitu dio agintaldiko bigarren egunean ere: AEBetako Gobernuko agentzien aniztasun bulego oro ixteko dekretu bat sinatu du bart. Hori dela eta, DEIA Aniztasun, Ekitate, Inklusio eta Irisgarritasun Bulegoetako langile guztiei baimen ordaindua emango diete 17:00ak baino lehen —23:00ak Euskal Herrian—; hau da, bulego horietako langileek lan egiteari utzi beharko diote, baina soldata mantenduko diete, behin-behinean. Hala jakinarazi die agentzia guztiei gobernuko Pertsonen Kudeaketako Bulegoak, gaur goizaldean. Neurria Trumpek atzo sinatu zuen dekretu baten ondorioa da. Hartan, Etxe Zuriko maizterrak argudiatu du beharrezkoa dela kontratazio praktika «arriskutsu, gutxiesgarri eta immoralak» amaiaraztea. DEIA programen xedea da bulegoetako kideen artean parekotasuna eta aniztasuna bermatzea. Trumpen ustez, ordea, «zurien aurka egiteko» eta «horiek enpresetatik botatzeko» balio dute. Hala adierazi zuen kanpainan, eta atzo sinatutako dekretuan ere bide beretik jo du: «Programa horietako politikek urratu egiten dituzte gure eskubide zibilei buruzko legearen testua eta espiritua». Are gehiago, testuan dio «lan gogorraren AEBetako balio tradizionala hondatzen» dutela. Trumpen eta haren agenda kontserbadorearen eragina nabaritzen hasi da enpresa pribatuetan ere. Izan ere, gobernuaren antzera, hainbat enpresa ere aniztasun bulegoak kentzen hasi dira. Horien artean azpimarratzekoak dira McDonald’s, Walmart, eta Meta, Facebook eta Whatsapp barne hartzen dituena. Are gehiago, sektore pribatuan eragiteko nahia adierazten da dekretuan, eta 120 eguneko epea ezartzen dio AEBetako Fiskaltzari bideak topa ditzan aniztasuna eta parekotasuna bermatzeko bulegoak ixteko. Atzoko dekretua, ordea, ez da azken orduetan AEBetako presidenteak aniztasunarekin lotuta egin duen ekintza bakarra. Haren sare sozial Truth Socialen bitartez, Mariann Edgar Budde apezpikuari exijitu dio barkamena eska diezaiola. Trumpen kargu hartzean ekitaldi erlijioso bat egin zuen Buddek, eta, hartan, AEBetako presidenteari eskatu zion «bihozbera» izan dadin LGTBI komunitateko kideekin, haurrekin eta immigranteekin. «Trumpen aurkako ezkertiar erradikala» izatea leporatu dio presidenteak. Bide eman die sarekadei Gutxiengoen aurka egiteko ekintzen barruan, baina, aniztasuna ez da Trumpen jomuga bakarra: aurreneko agintaldian legez (2017-2021), migratzaileen aurka egiteko konpromisoa ere hartua du. «Inoizko deportaziorik handiena» egingo zuela hitzeman zuen kanpainan, eta hasia da hori gauzatzeko neurriak hartzen. Atzo, esaterako, baimena eman zuen «gune delikatuetan» paperik gabeko immigranteen aurkako sarekadak egiteko. Orain arte, Poliziak galarazia zuen sarekadak egitea ospitaleetan, eskoletan eta elizetan. ICE Immigrazioaren eta Aduanaren Polizia Indarrak 2011n sartu zituen indarrean neurriak, eta CBP Aduanak eta Mugak Babesteko Indarrek, berriz, 2013an. Garai hartan eta atzo arte, sarekadak horrelako guneetan ez egitearen arrazoia zen jendeak modua izatea oinarrizko zerbitzuak erabiltzeko. Izan ere, organo horien arabera, sarekadak eginez gero papergabeak ez dira zerbitzu medikoetara joaten, adibidez. Trumpen administrazioaren iritziz, ostera, paperik gabeko migratzaileek poliziengandik ihes egiteko baliatzen dituzte «gune delikatu» horiek. Hori dela eta, «eskuak lotu» beharrean agenteen «iritzi kritikoaz» fidatuko dira, dekretuan zehaztutakoaren arabera. Migratzaileen aldeko erakundeek kezka adierazi dute jada. CLASP Politika Sozialetarako Zentroak, esaterako, ohartarazi du neurriak arriskuak dituela bai papergabeentzat eta bai AEBetako herritartasuna dutenentzat: «Neurri horrek ondorio suntsitzaileak izan ditzake milioika lagunen bizitzan. Jendea eguneroko jardueretatik aldendu dezake». Zigorrak jartzeko mehatxua egin dio Trumpek Putini Donald Trump AEBetako presidenteak Vladimir Putin Errusiako presidenteari Ukrainako gerra amaitzeko agindu dio. Hala egin ezean Errusiako produktuei zergak eta isunak ezarri beste aukerarik ez duela izango ohartarazi du gaur haren sare sozialean, Truth Socialen. Trumpek behin eta berriz esan izan du presidente kargura iritsiz gero 24 ordutan Ukrainako gerra geldituko duela. Ez da hala izan.
Erabiltzaileek ez dute berehala igarriko prezioaren igoera garraio gehienetan, operadore askok deskontuari behin-behinean eustea erabaki baitute egoera argitu arte. Renfen, aldiz, prezioak igoko dira ostegunetik aurrera.
La Ertzaintza firma su primer convenio desde 2012 con una subida salarial general y nuevas productividades. El acuerdo busca reforzar los servicios a la ciudadanía y responder a los retos del futuro.
Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia ofizialki presidente izendatu behar zutenean, 2021eko urtarrilaren 6an, orduko jarduneko presidente Donald Trumpen jarraitzaileak Kapitolioan sartu ziren, hori eragozten saiatzeko. Lau urte igaro dira eraso hori egin zutenetik, eta Trump Etxe Zurian da berriz. Atzo izan zuen aurreneko eguna karguan, eta, agintaldiari hasiera emateko, hainbat dekretu sinatu zituen; tartean, eraso horretan parte hartu zutenen 1.500 lagun ingururi indultua emateko erabakia. Presidentetzarako bozetako kanpainan eta horiek irabazi ostean, iazko azaroaren 5ean, Trumpek behin eta berriz esan izan du barkatu egingo ziela erasotzaile horiei. Hori, ordea, ez da izan AEBetako 47. presidenteak agintaldiko aurreneko egunean ezarritako neurri bakarra. Bai kanpainan eta bai hauteskundeen osteko hilabeteetan, iragartzen aritu da datozen lau urteetan zer politika eramango dituen aurrera, eta agintaldiaren lehenengo egunean ez da urrundu ildo horretatik. Besteak beste, migratzaileen aurkako politikak indartu ditu, administrazio federaleko funtzionarioen lan baldintzak aldatu, eta AEBak atera egin ditu Parisko Hitzarmenetik eta OME Osasunaren Mundu Erakundetik. Bidenek atzera bota zituen Trumpek aurreneko agintaldian (2017-2021) hartutako erabaki batzuk, eta, beraz, horiek berrezartzeko bidea urratzen hasi da egungo presidentea —esaterako, Kuba «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendan sartu du berriz—. Lehen agintaldian legez, hainbat neurri nekez sartuko dira indarrean, AEBetako legearen aurkakoak baitira. Immigrazioaren aurkako neurriak gogortu Lehenengo dekretu horietako asko Bidenek aurreko agintaldian indarrean sartutako politikak eteteko baliatu ditu Trumpek: 78, hain zuzen. Errefuxiatuen Onarpen Programa behin-behinean eten zuen atzo, adibidez, eta ez da berriz indarrean sartuko harik eta «errefuxiatuak herrialdean sartzea AEBen mesederako den arte». Immigrazioaren arloan hartu du beste erabakirik ere, ordea. AEBetako Konstituzioaren 14. zuzenketan ezartzen denez, herrialde horretan jaiotakoek AEBetako herritartasuna izan dezakete. Trumpek, baina, erabaki du eskubide hori ukatzea paperik gabeko migratzaileen seme-alabei. Ez dago argi nola ezarriko duen neurri hori; izan ere, Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren bi herenek ados egon behar dute konstituzioa aldatzeko, eta Alderdi Errepublikanoak ez du hainbesteko babesik Kongresuan. AEBen eta Mexikoren arteko muga ere arretagune izan du agintaldiaren lehen egunean. «Larrialdi nazionala» ezarri du, mugako migrazio fluxuak direla eta. Horri esker, han neurriak hartzeko erabil dezake aurrekontuetako dirua, AEBetako Kongresuaren baimenaren beharrik gabe. AEBetako hainbat hedabidek kaleratu dutenez, dekretu horren helburuetako bat da baliabide ekonomikoak izatea aurreneko agintaldian mugan egiten hasitako hesia eraikitzen jarraitzeko. Gainera, zenbait oztopo gehitu dizkie muga igaro nahi dutenei: kasurako, Remain in Mexico [Gelditu Mexikon] programa abiarazi du berriro. Beraz, AEBetan asilo eske sartu nahi dutenek Mexikon itxaron beharko dute AEBetako immigrazio epaile batek haien egoera aztertu arte. Mexiko estuago hartzeko xedez, «atzerriko erakunde terrorista» izendatu ditu herrialde horretan droga trafikoan aritzen diren hainbat kartel. Nazioarteko zenbait erakundetatik irten Etxe Zurira heldu zen aurreneko aldian legez, 175 herrialdek 2016an sinatutako Parisko Hitzarmenetik irteteko dekretua sinatu zuen Trumpek atzo. Hitzarmen horren helburua da berotegi efektuko gas gutxiago isurtzea, industria iraultzaren aurreko batez besteko tenperatura baino 1,5 gradu gehiagoren langa ez igarotzeko. Espero izatekoa zen hitzarmen horretatik irtengo zela; harrabotsa, baina, beste erabaki batek eragin du. Izan ere, Trumpek OMEtik ateratzeko dekretu bat ere sinatu du. Horiek horrela, NBE Nazio Batuen Erakundeko organo horretatik ateratzeko prozesua gauzatuko dute AEBek datozen hamabi hilabeteetan. Beraz, 2026an OME finantzatzeari utziko diote. Kontuan hartzekoa da AEBak direla pisu handieneko herrialdea erakunde horren aurrekontuan. Ingurumenaren defentsaren aurka egin Parisko Hitzarmenetik irteteko dekretua ez da ingurumenarekin lotuta sinatu duen bakarra, ezta zeresanik handiena eman duena ere. «Energia larrialdia» ezarri izanak eragin du harrabots handiena, AEBen historian lehen aldiz ezarri baita. AEBetako hedabideek eta barne politikako adituek ez dute argi zer eragin dezakeen horrek, baina, dirudienez, aurrerantzean Trumpek ahalmena izango du ingurumena babesteko neurriak eteteko eta ustiapen proiektu gehiagori bide emateko. «Energia hornidura prekarioa, desegokia eta aldizkakoa dugu; ekintza azkarrak eta erabakigarriak egitea eskatzen du testuinguruak», dio dekretuan. Hala, Alaskan (AEB) petrolioa eta gasa ustiatzeko zulaketak baimentzea erabaki du presidenteak. Gainera, justizia klimatikorako programak deuseztatu ditu. Horien helburua da klima larrialdiaren ondorioek herrialdeko komunitate pobreenetan izan dezaketen eragina arintzea. Bestalde, eten egin du Bidenek auto elektrikoen salmentekin hartutako konpromisoa. AEBetako 46. presidenteak plan bat abiarazi zuen, 2030ean herrialdean salduko diren autoen erdiak elektrikoak izateko; Trumpek, Etxe Zurira heldu eta ordu gutxira, erabaki du helburu horri ez eustea. Funtzionarioen lan baldintzak okertu Trumpen kanpainan norbaitek zeresana eman bazuen, Trumpek berak ez ezik, Elon Muskek eman zuen; X sare sozialaren jabea da, eta, Forbes aldizkariaren arabera, munduko pertsonarik aberatsena. Trumpek lehendik esana zuen Muskek DOGE Gobernuaren Eraginkortasun Departamentua gidatuko zuela, eta hala berretsi zuen atzo, dekretu bidez. Departamentu horren helburua administrazioa argaltzea da, eta lan horri ekin zion atzo Etxe Zuriko maizterrak. Dirudienez, funtzionarioen lan baldintzen kontu izango dira aurreneko aurrezkiak. Hainbat dekretu sinatu ditu Trumpek horri lotuta; besteak beste, ez dituzte langile federal gehiago kontratatuko, ez badira «immigrazioaren kontrolarekin, segurtasun nazionalarekin edo segurtasun publikoarekin zerikusia duten postuak». Eta F zerrenda abian jarri du berriz; hau da, funtzionarioak kaleratzea errazagoa izango da hemendik aurrera. Israelgo kolonoak barkatu Palestinako gatazkak ere lekua izan du Trumpen aurreneko dekretuetan: kendu egin ditu Zisjordanian palestinarrei eraso egin izana leporatzen dieten Israelgo zenbait kolonori Bidenek ezarritako zigorrak. Iazko otsailean zigortu zituen AEBetako Gobernuak, herrialdean dituzten aktibo ekonomikoak blokeatu, eta AEBetako enpresei galarazi egin zien haiekin harremana izatea. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuaren adarrik muturrekoenak pozik hartu du albistea. Finantza ministro Bezalel Smotrichek sare sozialetan argitaratu duen mezu batean esan du zigor horiek «kalte» egiten zietela «demokraziaren oinarriei». Genero aniztasuna ukatu AEBetako kontserbadoreen jomugan dago woke deituriko ideologia ere. Eta Trumpek hasieratik adierazi horren aurka egingo duela, diskurtso aurrerakoiak baztertuz eta aniztasuna ukatuz. Atzo kargua hartzeko ekitaldian eman zuen hitzaldian aurreratu zuenez, «gobernuarentzat bi genero baino ez dira egongo: gizonezkoa eta emakumezkoa». Ideia hori dekretu bidez berretsi du. Ez da aniztasunari lotuta hartu duen erabaki bakarra: transek espetxeetan duten babesa kendu du.
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako (Gipuzkoa) ordezkariek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri dio ikastolari. Adierazi dutenez, sailak ikastolatik zortzi familia «kanporatu» nahi izan zituen 2023-2024ko ikasturteko matrikulazioan, baina ikastolako kideek erabaki zuten guztiei «ateak zabaltzea». Horren harira jaso dute zigorra, baina zortzi familiek ikastolan jarraitu ahal izango dute, Hezkuntza Sailarekin izenpetu duten akordio bati esker. Salbatore Mitxelena ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek gaur eman dute xehetasunen berri, prentsaurreko batean, eta salatu dute Hezkuntza Sailak ikastolarekin izan dituen zenbait jarrera eta jokabide «onartezinak» direla. Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolaren arabera, momentuz ez dute izan Zarauzkoaren antzeko kasurik, baina Ikastolen Elkarteko VII. Batzarrean, ekainean, erabaki zuten nola jokatu: «Erabaki genuen gurean egon nahi zuten ikasle eta familia guztien borondatea errespetatzeko eskatuko genuela, eta horretan arituko gara». Auzia ulertzeko, 2023-2024ko ikasturteko matrikulazio epera egin behar da atzera. Orduan, Hezkuntza Sailak zenbait neurri jarri zituen martxan; nabarmendu zuten eskola segregazioa apaltzea eta ikasleen banaketa orekatuagoa lortzea zela helburua. Horretarako, zaurgarritasun indize bat ezarri zuten. Desadostasunak sortu ziren, eta zenbait ikastetxetan protestak ere egin zituzten, besteak beste Zarauzko ikastolan bertan. Izan ere, Hezkuntza Sailaren erabakiek eragina izan zuten eskoletan. Zarauzko ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, herrian lau ikastetxe daude, eta matrikulazio ehunekoek berdintsu eutsi ohi diote urtez urte; gutxi gorabehera umeen %30 hartu ohi dituzte ikastolan. 2023ko otsailaren 6an, matrikulazio epearen aurretik, ikastolak Hezkuntza Saileko plangintza arduradunengana jo zuen lehen aldiz, «ustez akats bat izan zena zuzentzea» galdegiteko. Ordura arte, ikastolan hiru ikasgela zeuden HH Haur Hezkuntzako maila bakoitzerako; «ageriko arrazoirik gabe», ordea, Hezkuntza Sailak bi lerrora mugatu zuen ikastolaren HH2ko matrikulazioa, nahiz eta ikasturte hartan aurrekoan baino hogei ume gehiago zeuden Zarautzen matrikula egiteko adinean. «Datu objektibo horiek kontuan izanik, Hezkuntza Sailari azaldu genion urteroko ehunekoei eutsiz gero hiru gela izateko adina matrikula eskaera jasoko genuela». Ezetz erantzun zieten. Zera izan zen arrazoia: irizpidea zela aurreko ikasturtean adina postu ituntzea: bi lerro, 50 postu. Historikoki, hiru lerroko ikastola izan da, baina, zehaztu dutenez, justu ikasturte hartan jaiotze tasa ohi baino txikiagoa izan zen, eta bi lerro izan zituzten HH2n. Iritsi zen matrikulazio garaia, eta, nabarmendu dutenez, bete egin ziren haien usteak: «55 familiak hautatu zuten ikastola beren seme-alabentzat, herriko familien %30ek. HH2ko hiru lerro behar genituen, indarrean zeuden ratioetan oinarrituta». Horiek horrela, Zarauzko ikastolak, Ikastolen Elkarteak, kanpoan geratutako familiek eta ikastolako gainerako familiek «erreklamazio eta alegazio segida amaiezina» abiatu zuten. Esan dutenez, zera eskatu zuten: «planifikazio akatsa zuzentzeko» eta aplikatzeko Hezkuntza sailburuaren 2022ko abenduaren 21eko agindua. Azaldu dutenez, hartan jasota dago Hezkuntza Sailak ikastetxeei jakinaraziko diela zenbat ikasle hartu ahal izango dituzten gehienez, baina zenbaki hori «egokitu eta doitu» egingo dutela eskola bakoitza lehen aukera gisa hautatzen duten familien kopuruaren arabera. «Eta gure galdera da: zergatik ez ditu Hezkuntza Sailak berak ezarritako irizpideak betetzen? Zergatik ez da zenbaki hori egokitu eta doitu gure kasuan?». Ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkarien prentsaurrekoa, gaur, Zarautzen. BERRIA Alegazioei erantzun zien Hezkuntza Sailak: ezetz, «hotz eta lehor, inolako arrazoiketarik gabe». Horrek izan zuen ondoriorik: «2023ko maiatzean ulertu genuen alferrikakoak izan zirela ordura arteko ahalegin guztiak: Hezkuntza Sailak erabakita zeukan zortzi familia horiek ikastolatik kanporatzea. Bide administratiboa jorratzen jarraitu genuen arren, egoerari aurrez aurre heltzeko garaia iritsi zitzaigun». Eta erabaki zuten ikasle horiek ikastolan segituko zutela. «Bilera amaiezinen ondoren, eta Ikastolen Elkartearen babesarekin, Zarauzko ikastolako komunitateak —544 familia— erabaki zuen gure komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabaltzea». 2024-2025eko ikasturteko matrikulazioan, «beste saiakera bat» egin zuten familia horiek, eta, kasu hartan, 58 familiak aukeratu zuten ikastola lehen aukera gisa. Azaldu dutenez, berriro jarri zituzten erreklamazioak eta alegazioak, baina Hezkuntza Sailak ezezkoa eman zien. Alabaina: «Ikastolak bere bidea berretsi du; ez dizkio inoiz inori ateak itxi, eta ez dizkio itxi nahi». «Ikuskaritza gogorrak» Ikastolako ordezkariek adierazi dutenez, azken bi ikasturteetan «hainbat ikuskaritza» egin dizkiete ikastolan, horietako batzuk «gogorrak»: «Langileak, gurasoak eta haurrak miatuak sentitu gara, zelatatuak, erregistratuak». Salatu dutenez, Hezkuntza Sailak ikastola «zigortzeko» prozedura bat abiatu zuen ikuskapen horien ondorioz: «Adiskidetze mahaia izena jarri zioten bilera batera deitu gintuzten. Han, aldaketarik ia onartzen ez zuen proposamen itxi bat aurkeztu ziguten». Amaitu berria da prozesu hori. Ikastolak 140.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta, trukean, zortzi familiek ikastolan jarraituko dute. Uste dute zigorra «bidegabea» dela, «ikastolak prozesu honetan ez baitu inolako diru iruzurrik egin, ez baitugu inoiz jaso guri ez zegokigun diru publikorik». Azaldu dutenez, ikastolak bere gain hartu ditu sortutako gastuak, umeen aseguruak-eta. Hezkuntza Sailaren jarrera salatu dute, «boterekeriaz» aritu delakoan; nabarmendu dute sinatu dutena ez dela akordio bat, «hura sinatu beste aukerarik ez baitzegoen ume horiek, haien familiek eta ikastolak berak kalte larriagorik ez jasateko». Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, Hezkuntza Sailak jakinarazi die ez dituztela ikasle horiek kontuan hartuko gelak ituntzean, eta ikastolak erantzun dio ez daudela ados, bestela ere hezkuntza publikoan baino ratio handiagoak dituztela. Iruditzen zaie «zigor horrek» kalte egiten diola haurrek jasoko duten hezkuntzaren kalitateari. Horiek horrela, herritarrei dei egin diete zigorrari «herri gisa» erantzuteko. Elkarretaratze bat egin dute gaur arratsaldean, Ikastolak Euskal Herria eraikitzen lelopean. Era berean, dirua biltzeko zenbait ekintza jarriko dituzte martxan, eta kontu korronte bat ere zabaldu dute, nahi duen orok ekarpena egin dezan. Izan ere, ezinbestekotzat daukate ikastola «indartsu» iraunaraztea: «Gure egitekoa oso argi daukagu. Zarauzko Ikastolan lanean jarraituko dugu euskara Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko. Euskal Herriaren luze-zabalean dauden ikastola eta euskararen aldeko proiektu guztiak babesten eta indartzen jarraituko dugu. Eta, horretarako, beharrezkoa da Zarauzko ikastola indartsua izatea». Ikastolaren etorkizunari lotuta, zera ohartarazi dute: «Ezarri zaigun matrikulazio muga ikusita, 2023-2024ko ikasturteko arazoa behin eta berriz errepikatu daiteke, eta horrek nabarmen ahulduko du ikastola etorkizunean». Ez dute zehaztuta nola jokatuko duten hurrengo urteetan.
Iragan berri den urtean, hamabost urte bete zituen Badok atariak, eta hainbat ekintza antolatu zituzten ospakizun modura. Musikari batzuk bildu zituzten binaka, animalia bat aipatzen duen kantu baten bertsioa egin
Enpresak 171 pertsonari ematen die lana, eta, dioenez, itxieraren arrazoia da lantegiak ezin duela “modu seguruan eta fidagarrian lan egiten jarraitu”, bertan dagoen labeak higadura handia duelako eta horren karga-hormak “ustekabeko kalte kritikoa” izan duelako.