Realak modu ezin hobean ekin dio urteari. Aurrena, Ponferradina kanporatu zuen Kopan, eta gaur, ligan, 1-0 irabazi dio Vila-reali. Ez du aparteko partida jokatu talde txuri-urdinak. Argitasuna eta abiadura faltatu izan zaizkio une batzuetan erasoan. Baina atzean sendo egon da beste behin, eta Kubok 51. minutuan sartutako gol eder bati esker lortu du garaipena. Bi areatan eraginkorragoa izan da, eta egun horrek agintzen du futbolean. Hala, 28 punturekin,zazpigarren tokian jarri da sailkapenean, eta Europako postuetatik bi puntura dago, 30 baitituzte Vila-realek berak eta Mallorcak. Hala, bete betean dago borroka horretan. Zubeldia zigortuta zegoen gaurko neurketarako, eta ikusteke zegoen nor arituko zen Aguerdekin batera erdiko atzelari postuan. Elustondo edo Pacheco ziren hautagaiak, eta lehenengoaren alde egin du Imanolek. Presio on bati esker, Realak hobeto ekin dio norgehiagokari, eta pare bat aldiz gerturatu da Luiz Juniorren atera lehen minutu horietan. Ondo mugitu da taldea, eta jokoaren ekimena izan du. Braisek izan du lehen aukera, 3. minutuan. Haren erremate onak, ordea, Vila-realen atzelari batean jo du. Hasieratik eskuin hegaletik saiatu da min egiten talde txuri-urdina, Kuboren bidez. Txinpartarekin aritu da japoniarra neurketa osoan, eta hura izan etengabe saiatu dela Vila-realen atzealdean zuloak topatzen. Baina minutuak aurrera doan ahala, neurketaren norabidea aldatzen joan da. Zelai erdian Baenak eta batez Parejok hartu dute jokoaren ekimena, eta norgehiagokaren erritmoa moteldu dute. Erosoago zegoen horrela Vila-real. Reala kutsatu du, eta pixkanaka hasieran izan duen bizitasun hori galtzen joan da. Joko zuzena egin beharrean, jokalariek gehiago begiratu duten horizontalean bertikalean baino. Kubo izan da aurrera begiratu duen gutxienekoa. Vila-realek bi aukera izan ditu. Lehena 21. minutuan izan da. Parejok pase ona eman dio Gueyeri. Hark baloia eman dio Barryri, eta aurrelaria Remiroren aurrean geratu da buruz buru. Elustondok enbarazu egin dio apur bat, eta horri esker ez du ondo errematatu. Bigarren abagunea Kanwalak izan du, 33. minutuan. Punpa laster errematatu du korner batean izandako aldaratzea, eta Zubimendik atera du baloia. Realak izan du, dena den, lehen zati horretako aukera argiena, eta hurrengo jokaldian iritsi da. Vila-realeko atzelariek motz utzi dute aldaratze bat, eta Sucicen errematea zutoinera joan da. Azken minutu horietan Realak zertxobait gehiago asmatu du presioan, baina aparteko aukerarik sortu gabe erasoan. Hala, hasi bezala amaitu da lehen zatia: 0-0. Kuboren gola Partida Vila-realek nahi zuen tokian zegoen. Realak beste abiadura bat eman behar zion jokoari, Marcelino Garcia Toralen taldeari min egiteko. Lehen zatia bezala, bigarrena bizi hasi da, eta 51. minutuan Realak gola sartu du. Oiartzabali iritsi zaio baloia, eta luze jo du. Pase bat baino alderatze bat zirudien. Baina kapitainak asmo bat zuen. Izan ere, baloia Kuboru iritsi zaio. Japoniarrak buruz burukoa irabazi dio Parejori, eta keinu tekniko bikain bati eske Femeniari hanka artetik pasatu dio baloia. Aurrez aurrez geratu da atezainaren aurrean, eta oinaren barnealdearekin baloia modu ikusgarrian joaz, sareetara bidali du. Zoramena iritsi da Anoetako harmailetara. 1-0ekoarekin Vila-realek arriskatu beharra zuen, eta Marcelinok Gerard Moreno zelairatu du, Realaren amesgaiztoetako bat. Imanolen jokalariek baloia izateko momentua zen, eta zuen abantaila kudeatzeko. Baina erasoan trinko jokatu du, argitasun gutxirekin. Partida joan-etorrikoa bihurtu da. Horrek Vila-reali egiten zion mesede, gauzak pasatzea behar baitzuen. Hala, bisitariek pare bat aukera on izan dituzte. Garbiena Gerard Morenok. Bakarrik errematatu du arean, eta haren baloi gurutzatuari ondo erantzun dio Remirok. Dena den, Realak ondo eutsi dio. Beste behin erakutsi du denboraldi honetan hobeto ari dela defentsan erasoan baino gehiago. Horren seinale, gaur 11.aldiz utzi du atea hutsean ligan. 19 partidatan 13 gol baino ez ditu jaso. Minutuak aurrera joan ahala, dena den, bisitariak gutxiago gerturatu dira txuri-urdinen atera. Reala, berriz, kontraerasoen bidez saiatu da min egiten, bisitariek arriskatu beharra zutelako. Hala iritsi da Oskarssonen aukera argi bat. Baina bigun errematatu du islandiarrak. Emaitza ez da aldatu. Reala-Vila-real Reala: Remiro; Aranburu, Aritz (Pacheco, 73. min.), Aguerd, Aihen; Zubimendi, Sucic, Brais Mendez (Olasagasti, 73. min.); Kubo (Marin, 82. min.), Oiartzabal (Oskarsson, 82. min.) eta Sergio Gomez (Barrenetxea, 62. min.). Villa-real: Luiz Junior; Femenía, Foyth, Kambwala, Cardona; Suarez (Cabanes,61. min.), Parejo, Comesaña (Gerad Moreno, 61. min.), Gueye; Barry eta Baena. Gola: 1-0.Kubok (51. min.);
Italiako Giroak berezkoa du gogortasuna. Lasterketaren ezaugarri nagusia izan da betidanik. Horren seinale da ibilbideak duen desnibela. Aurtengoa ez da salbuespena izango. Gizonezkoen lasterketak 52.500 metroko desnibel positiboa izango du —iaz baino 10.000 gehiagokoa—, eta emakumezkoenak, 14.000 metrotik gorakoa. Baina hortik harago, exijentzia ere bilatu dute. Antolatzaileek ez dute nahi irabazlea eskalatzaile huts bat izatea, baizik eta txirrindulari oso bat. Eta horren arabera egokitu dute ibilbidea. Iaz Tadej Pogacar eta Elena Longo Borghini izan ziren garaileak. Gizonezkoen lasterketa maiatzaren 9an hasiko da, eta ekainaren 1ean amaituko. Ohi bezala, 21 etapa izango dira, eta lasterkariek 3.413 kilometro egin beharko dituzte. Jakina zen lehen hiru etapak Albanian korrituko zirela. Lehen etapa Durres hiritik abiatuko da, eta Tiranan amaituko. Kostatik barrualderako bidea egingo dute txirrindulariek. Lehen etapa horretan, tropelak 164 kilometro egin beharko ditu, eta azken kilometroak zirkuitu batean izango dira, oso teknikoa. Bigarrenean erlojuaren aurka neurtuko dituzte indarrak. 13,7 kilometro izango ditu aurtengo lehen erlojupeko horrek —denera bi izango dira—, eta Tiranan jokatuko da. Lehen hiru etapen ostean, atseden eguna izango da. Eta horren ostean sartuko dira txirrindulariak Italian. Lehen aste hori ez da bereziki gogorra izango, baina faboritoek adi ibili beharko dute. Esate baterako, bederatzigarren etapan, Gubbio eta Siena artekoan: laua da, 181 kilometrokoa, baina sterrato edo lurbideko bost zati izango ditu —ia 30 kilometro guztira—. Gainera, aurretik, zazpigarrenean, lehen amaiera izango dute goian. Tagliacozzo mendian izango da. Lehen mailako mendatea da, 12,6 kilometrokoa, %5,4ko pendizarekin. Bigarren astea beste erlojupekoarekin hasiko da. 28,6 kilometro egin beharko dituzte bakarka txirrindulariek, Lucca eta Pisa artean. Baina pixkanaka mendia tokia hartzen hasiko da. Besteak beste, San Pellegrino in Alpera (14,2 kilometro eta %19 arteko pendiza) igoko dira, 25 urteren ondoren, nahiz eta 11. etaparen erdialdean izango den. Aste horretako azken etapa, hamabosgarrena, Asiagon amaituko da, eta 3.900 metroko desnibela izango du. Esloveniatik sartu-irten bat ere egingo dute. Ohi bezala, azken astean erabakiko da dena. Gogorrena eta menditsuena izango da. Hamazazpigarren etapan Mortirolo igaroko dute, baina helmugatik 50 kilometrora. Etaparik gogorrena hemeretzigarrena izango da, lehen mailako hiru mendate eta bigarreneko eta hirugarreneko bana igoko baitituzte. Etapa hori Biellan hasiko da, eta Champolucen bukatu. Igoko dituzten mendateak hauek dira: Tzecore, Saint Pantaleon, Joux eta Antiagnod. Azken aurreko etapa, hogeigarrena, Sestrieren amaituko da, eta egun horretan igoko dute aurtengo mendaterik garaiena, Coppi gaina: Finestre mendatea izango da (18,5 kilometro, %14 arteko pendizarekin). Mendate horrek 8 kilometroko lurbidea du. Garaileak azken etapan dastatuko du loria, Erroman. Emakumeen Giroa uztailaren 6an hasiko da, eta 13an amaituko. Guztira 939 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, zortzi etapatan banatuta, eta 14.000 metro baino gehiagoko desnibel positiboarekin. Aurtengo aldia Lombardia eskualdetik abiatuko da, Bergamotik, hain zuzen ere, eta Imolako automobilismo zirkuituan amaitu. Lehen bi etapek izan ezik, gainerakoek 100 kilometrotik gora izango dituzte. Txirrindulariek erlojuaren kontrako etapa batekin hasiko dute beren jarduna. Bergamo hirian bertan izango da, eta ibilbideak 13,6 kilometro izango ditu. Espezialistentzako erlojupekoa izango da. Ibilbidearen gogortasunari erreparatuta, bi dira etaparik gogorrenak: laugarrena eta zazpigarrena. Laugarren etapa horretan faboritoek lehen aldeak ezartzeko aukera izango dute. Lasterketa Castello Tesinotik irtengo da egun horretan, eta Pianezzen amaituko da. Zazpigarrena, berriz, aurtengo etaparik luzeena izango da, 157 kilometrorekin eta 3.850 metroko desnibelarekin. Fermingnanon hasi, eta Apeninoetatik ibiliko dira txirrindulariak. Nerone mendatean izango du amaiera etapak. Mendate horrek 10 kilometro ditu, eta %8ko pendiza.
Gas isuri batek leherketa bat eragin du Noainen (Nafarroa), eta etxebizitza bloke batek su hartu du Zabalegi kontzejua kalean. Azaldu dutenez, gutxienez bederatzi lagun zauritu dira, eta zazpi Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte artatzeko. Foruzaingoak azaldu duenez, 15:35ean auzoko etxebizitza bateko galdara lehertu da, gas isuri baten ondorioz. Hark kalte material txikiak eragin ditu, eta zauriturik ez. Halere, segurtasun protokoloa jarri dute martxan, eta zenbait etxebizitza hustu dituzte. Foruzainez gain, han ziren Cordovillako suhiltzaileak eta gas konpainiako teknikariak. Gerora, baina, beste leherketa bat izan da, aurrez hustutako etxebizitza horietako batean. 18:00etan izan da hori. Hark, bai, kalte larriagoak eragin ditu; hamar etxebizitzari baino gehiagori eragin die, eta bederatzi zauritu utzi ditu. Horietako zazpi anbulantzian eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, eta beste biak Noaingo anbulatoriora. Era berean, lanetara batu dira osasun langileak eta Udaltzaingoa.
Estas son las medidas del Gobierno español dirigidas a tratar de combatir la crisis Hauek dira Espainiako Gobernuak etxebizitza krisiari aurre egiten saiatzeko hartu dituen neurriak
Pentsiodunen mugimenduak sinadura bilketa hasi du, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko. Eusko Jaurlaritzari “entzungor ez egiteko” eta tramitazioa babesteko eskatu diote, “legea onartzeko eskumena eta baliabideak” dituela iritzita.
Egoerak baldintzatuta, Binakako Txapelketako seigarren garaipena lortu dute Elordik eta Zabaletak. Altuna III.aren eta Arangurenen aurka indarrak neurtzekoak ziren gaur Gasteizko Ogeta pilotalekuan, baina ez bata ez bestea ez zegoen jokatzeko moduan, eta Zabala-Bikuña bikotea izan da haien lekua hartu duena. Gauzak horrela, 22-12 irabazi dute faboritoek. 50 minutu eskas iraun ditu partidak. Zabala eta Bikuña gogotsu hasi dira, oldarkor, baina tantoek aurrera egin ahala itzali egin dira. Agerikoa izan da esperientzia falta. Bereziki ondo hasi da Zabala (5-6), baina Elordik sakearekin asmatu duenean berehala handitu du tartea (12-6). Zazpi tanto egin ditu gisa horretan Mallabikoak. Horren ostean, gorrien akats batzuk tarteko, gerturatu dira markagailuan urdinak (15-11). Azkenean, ordea, logika izan da nagusi, eta seigarren puntua poltsikoratu dute Elordik eta Zabaletak. [articles:2135938]
Atletico Madrilen historian lehen aldiz, taldeak hamalau garaipen lortu ditu jarraian lehiaketa guztiak kontutan hartuta. Azkena, Osasunaren aurka. Gorritxoek bazekiten erronka zaila zutela, baina iaz 1-4 irabazi zutela gogoan hartuta, gauzak zail jarri dizkiote Simeoneren taldeari. Azkenean, ordea, Julian Alvarezek korner batean egindako golak erabaki du lehia. Vicente Morenok bazekien gorritxoek zer zuten parean. Horregatik, defentsari lehentasuna eman eta 5-3-2 sistemarekin jokatu du gaur. Eta ez zaio erabat gaizki irten: lehen zati osoan, eta bigarrenaren une askotan, zirrikituak topatu ezinda ibili da Atletico, eta Osasunak gola egiteko aukera bat edo beste ere izan du, nagusiki, geldikako jokaldietan. Argiena, Herrandok kanpora bota duen burukada bat, Oblak gaindituta zuela. Jaso ere, ordea, horietako batean egin du, bigarren zatiaren hasieran. Estrategia jokaldia izan da: Griezmannek erdiratu, Lengletek pasatzen utzi, eta han agertu da Alvarez baloia kontrolatu eta sareetara bidaltzeko. 1-0. Horren ostean baloi jabetza gehiago izan du Osasunak, baina orduan eurak izan dira zulorik aurkitu ez zutenak. Morenok Oroz, Moncayola eta Areso zelairatu ditu, baina ez du askorako balio izan; geroago atera du Budimir. Alferrik; azken minutuetan jokoa kontrolpean izan du Atleticok. Sailkapen nagusian 11. postuan dago Osasuna 25 punturekin.