Bereziki, enpresa ertain eta txikiei zuzendutako dirulaguntza plana da, eta zati handi bat (100 milioi baino gehiago) deskarbonizazioa sustatzeko erabiliko da. Mikel Jauregi Industria sailburuak kezka agertu du, besteak beste, Trumpek iragarritako muga-zergek izan dezaken eragainarekin.
Otsailaren 12rako eta 13rako Haurreskolak Partzuergoan deitutako grebak bertan behera utzi dituzte LABek eta Steilasek ere. ELAk, Steilasek bezala, ez du bat egin akordioarekin.
Osasunak puntua lortu du Mallorcan, bana berdinduta. Sufritutako puntua izan da, 94. minutuan lortu baitu Boyomok berdinketaren gola. Mallorca 1-0 zen aurretik, Muriqik penaltiz jarri baitu aurretik etxeko taldea 81. minutuan. Sufritutakoa ez ezik, merezitakoa ere izan da gorritxoen berdinketa. Izan ere, lehen zatian ondo lehiatu dira, eta bigarren zatiaren erdialdetik aurrera nagusi izan dira. Orduan iritsi da, ordea, etxekoen gola. Baina Osasuna gai izan da hortzak ondo estutu, pazientzia izan eta berdin jarraitzeko. Horrek saria izan du azkenerako. 31 punturekin bederatzigarren daude gorritxoak, Realarekin, Gironarekin eta gaur aurkari izan duen Mallorcarekin berdinduta.Bera, Europarako sailkatzeko borroka betean jarraitzen du Vicente Morenok zuzentzen duen taldeak. Teknikariak harmailatik jarraitu behar izan du neurketa, zigortuta zegoelako. Hala, Dani Pendinek zuzendu du gaur Son Moixen talde gorritxoa. Azken partidekin alderatuz, Bryan Zaragoza izan da berritasun nagusia Osasunaren hasierako hamaikakoan. Ia bi hilabetez min hartuta egon eta gero, Realaren aurkako ligako nahiz kopako neurketetan minutu batzuk jokatu zituen, eta gaur hasieratik aritu da. Hala, ohiko hasierako hamaikakoa zelairatu du. Lehen minutuak parekatuak izan dira, eta bi taldeei kostatu egin zaie aurkariaren atera iristea. Baina pixkanaka erritmoa hartzen joan da norgehiagoka, eta halakoa izan da lehen zatia: bizia. Nahiz eta horrek akatsak ere ekarri dituen bi taldeen aldetik, eta hori dela eta 0-0 amaitu da lehen zatia. Baina bi taldeek abagune garbi bana izan dute aldagelara abantailarekin joateko. Etxekoen aldetik, ohi bezala, jokalari arriskutsuena Muriqi izan da. Hark izan du gola egiteko aukera argiena, 21. minutuan. Espazioan pase ona jaso du, eta bakarrik geratu da. Baina lasterka egiten ari zela egin duen kontrola ez da ona izan, eta Sergio Herreraren aurrean bakarrik geratzera zihoala Boyomok kendu dio baloia. Osasunak, berriz, presioan asmatu eta baloiren jabetza izan duenean jokatu ditu minutu onenak, lehen zatiaren erdian. Hor iritsi da Moncayolak izan duen gol aukera, 27. minutuan. Bryan Zaragozak zelai erditik area ertzerako bidea egin du bizi baloiarekin, eskuinera begiratu eta pasea eman dio Moncayolari. Zetorkion bezala jo du baloia, eta Greif atezainak gelditu ona egin du. Lehen zatia amaitzear zela, 42. minutuan , Osasuna jokalari bat gutxiagorekin geratzear egon da. Torro berandu iritsi da baloi batera, eta falta egin dio Mallorcako jokalari bati. Horia ateratzeko modukoa izan zitekeen, baina Osasunaren mesederako, Cordero Vegak zigorrik gabe utzi du Torro. Txartela atera izan balio bigarrena zen, erdilariak beste bat baitzuen. Kolpeari ondo erantzun dio Bigarren zatia ere bizi hasi da, baina minutuak aurrera joan ahala erritmoa galtzen joan da neurketa. Bi taldeak beldur ziren akatsen bat egin, eta aurkariak golen bat egingo ote zuen. Defentsako lanari eman diote lehentasuna. Golen bat egonez gero, bazirudien geldikako jokaldi batean izango zela. Mallorca izan da minutu horietan gola egiteko aukera izan duena. Kontraeraso batean izan da, 50. minutuan. Robert Navarro ondo joan da eskuin hegaletik, Darderri eman dio baloia eta hark Muriqiri. Aurrelariak kontrola egin du area barruan, eta errematea egin du. Baina ateko sarearen albo batean jo du. Dani Rodriguezek egindako erremate bat ere ondo geratu du Herrerak. Baina minutuak aurrera joan ahala Osasuna nagusitzen joan da, eta asmatuz gero bazirudien hiru puntuak poltsikoratzeko aukera izango zuela. 73. minutuan penaltia eskatu du. Korner batean Boyomok baloia jo du buruz, eta Maffeoren eskuan jo du. Bazirudien eskua gorputzetik nahiko aldenduta zuela, eta penaltia izan zitekeela. Baina epaileak ez du hala ikusi, eta ez du adierazi. Ia segidan Moi Gomezek izan du Osasuna aurretik jartzeko aukera, baina haren errematea gutxigatik joan da kanpora. Orduan iritsi da kolpea nafarrentzat. Izan ere, oraingo honetan epaileak penaltia adierazi du, baina Mallorcaren alde. Bretonosek gorputza jarri du Muriquiren aurrea baloia babesteko, baina Catenak hanka sartu du, eta penalti inozoa egin dio aurrelariari. Hark jaurti du, eta sareetara bidali du baloia. 81. minutua zen, eta maldan gora jarri zaio partida Vicente Morenok zuzentzen duen taldeari. Baina pazientzia izaten jakin du, eta ekinean jarraitu du. Hala, golaren aurretik gertatu bezala, azken minutuetan ere nagusi izan da. Epaileak zortzi minutu luzatu du neurketa, eta 94. minutuan lortu du berdinketa Osasunak. Golegilea Boyomo izan da. Artean bai hura, baita Catena Mallorcaren arean zeuden, ia aurrelari gisa jokatzen. Kike Barjak bigarren zutoinera egin du erdiraketa, Budimirrek area txikira bidali du baloia buruz. Jokalari ugari zeuden han, baina Greifek atera du baloia. Aldaratzea Boyomori iritsi zaio, eta erdiko atzelariaren golak merezita puntua eman dio Osasunari. Larunbatean izango du hurrengo neurketa Osasunak, Sadarren, Real Madrilen kontra (16:15).
Euskal mitologia inspirazio iturri oparoa da Paul Urkijo zinemagilearentzat. Bere aurreko bi film luzeak —Errementari (2016) eta Irati (2023)— fantasiazko unibertso horretan kokatu zituen, eta ildo beretik jo du hirugarren
Azken gertakariek are gehiago tenkatu dute Hamasen eta Israelen arteko harremana, Gazarako adostutako menia kolokan jartzeraino; izan ere, Palestinako erakunde islamistak bertan behera utzi du larunbat honetan egitekoak ziren gatibuen eta preso palestinarren arteko trukea. Erakundeko adar armatua osatzen duten Al-Qassam Brigadek eman dute horren berri, komunikatu baten bidez, eta argudiatu dute Israelek menian adostutako baldintzak urratu dituelako erabaki dutela trukea atzeratzea. Bada, zertxobait geroago Hamasek beste komunikatu bat kaleratu du, eta horretan hauxe azaldu du: «Bost egun geratzen dira datorren larunbatera arte. Bost egunetan bitartekariek badute nahikoa denbora Israeli presio handiagoa egiteko, akordioan adostutakoak bete ditzan». Are, erakunde palestinarrak baieztatu du posible dela aste honetako trukea aurreikusi bezala egitea. Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek berehala erantzun dio albisteari: su etenaren aurka egitea leporatu dio Hamasi, eta oraindik Gazan dauden Israelgo tropei agindu die «adi eta prest» egoteko. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, berriz, gaur gauerako ezohiko bilera batera deitu du Segurtasun Kabinetea. Gaur hiru aste sartu zen menia indarrean, eta denbora horretan bost truke egin dituzte: Palestinako erakunde islamistak 21 gatibu utzi ditu aske, eta Israelek, 600 preso palestinar inguru. Akordioaren arabera, lehenengo fasean 33 gatibu utzi behar dituzte aske, hortaz, oraindik hamazazpi pertsona askatu behar lituzke Hamasek. Israelek jakinarazi izan duenez, baina, hilik daude hamazazpi pertsona horietatik zortzi; alegia, bederatzi gatibu geratzen dira lehenengo fasean aske uzteko. Al-Qassam Brigadek komunikatuan adierazi dute Israelek «hainbat» urraketa egin dituela: besteak beste, Gaza bonbardatzen jarraitzea, zerrenda iparraldera itzultzeko baimena adostutakoa baino geroago ematea, eta aske utzitako preso palestinarrak osasun egoera «tamalgarrian» egotea. Behin baino gehiagotan salatu du Hamasek Tel Avivek askatutako presoen osasun egoera; azken trukean, ordea, gauza bera egin zuen Israelgo Gobernuak. Herenegun hiru gizonezko gatibu utzi zituzten aske, eta beren senideek eta herrialdeko presidente Isaac Herzogek salatu zuten «oso ahul eta zurbil» itzuli zirela, eta zalantzan jarri zuten milizia palestinarrek emandako tratua. Horrez gain, hautsak harrotu dituzte azken egunotan AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek Gazaren etorkizunari buruz egindako iruzkinek. Trumpen «zentzugabekeria» Zerrendan bizi diren bi milioi palestinar baino gehiago Egiptora eta Jordaniara bidaltzea eta, behin lur eremu hori hustuta, dena berreraikitzea «munduko jendea» Gazan bizi dadin. Horixe da Trumpek duen plana gatazka amaitzeko; Israelek suntsitutako lurren gainean «Ekialde Hurbileko Riviera» eraikitzea. Iragan astean eman zuen asmo horren berri, Netanyahurekin bildu ondoren. Nazioarteak aho batez kritikatu zuen proposamena, eta gauza bera egin du gaur Hamasek, komunikatu baten bidez: «Gaza ez da jabetza pribatu bat, ezin da erosi edo saldu; Palestinako lurralde okupatuen zati garrantzitsu bat da». Palestinako erakunde islamistak uste du Trumpen planak ez lukeela aurrera egiteko modurik izango, saiatuta ere. Are, «zentzugabekeria hutsa» litzatekeela iritzi dio, eta agerian uzten duela Etxe Zuriko buruak ez duela «inolako» ezagutzarik Palestinaren eta Ekialde Hurbilaren inguruan. «Gaza gazatarrena da, eta ez dute abandonatuko baldin eta beren etxeetara itzultzeko ez bada, zeinak 1948an okupatu zituzten», gaineratu du Hamasek oharrean. Halere, iragarritako asmoari helduko diola berretsi zuen atzo AEBetako presidenteak prentsaurreko batean: «Gaza kontrolpean hartzeko konpromiso irmoa daukagu, Hamas hara inoiz itzul ez dadin». Antzera mintzatu da gaur ere, AEBetako Fox News telebista katean egindako elkarrizketa batean. Haren arabera, plana abian jarriz gero palestinarrek ez lukete Gazara itzultzeko eskubiderik izango; kontrara, AEBek eraikitako «askoz ere eremu hobe batean» biziko liratekeela esan du. Eremu hori non egongo litzatekeen galdetuta, Trumpek adierazi du sei kokaleku dituela buruan. Etxe Zuriko buruak behin baino gehiagotan proposatu izan du palestinarrak Egiptora edo Jordaniara bidaltzea, nahiz eta bi herrialdeek ezetz erantzun dioten, ez luketela hori onartuko. Hain justu, AEBetako presidentea Jordaniako errege Abdullah II.arekin biltzekoa da bihar Washingtonen, Etxe Zurian. Suntsitutako eremua Israelek eta Hamasek Gazarako adostutako tregoa urtarrilaren 19an sartu zen indarrean, eta, ondorioz, milaka desplazatu palestinar etxera itzuli ziren handik astebetera. Batez ere, Gaza iparraldera itzuli ziren; izan ere, menia adostu baino lehen eremu hori ia erabat kontrolpean hartua zuen Israelek. Gazako agintariek emandako datuen arabera, 700.000 pertsona inguruk utzi dute Gaza iparraldea 2023ko urriaren 7az geroztik. Bada, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko bozeramaile Tess Ingramek sare sozialetan adierazi duenez, eremua zer egoeratan dagoen ikustea «kolpe handia» da hara itzultzen direnentzat; batez ere, haurrentzat. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, Israelen erasoen ondorioz erabat suntsituta daude Gazako hamar etxetatik bederatzi, eta egoera are larriagoa da iparraldean. «Komunitate gehienetan ez dago osasun baliabiderik, ezta aterpe hartzeko eremurik ere», jakinarazi du Ingramek. 580 Zenbat palestinar atxilotu zituen Israelek Zisjordanian urtarrilean. Israelgo soldaduek 580 pertsona atxilotu zituzten Zisjordanian joan den hilean, Al-Jazeera hedabideak atzo emandako datuen arabera. Gehienak iparraldeko Jenin hiriko errefuxiatuentzako kanpalekuan hartu zituzten preso. Bestalde, atxilotuetatik 60 haurrak dira. Urtarrilaren 27tik, hegoaldera desplazatutako gazatarrek kostaldeko Al-Raxid errepidean gora egin dute itzulera. Gaurtik aurrera, ordea, irekita dago Gaza hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen Salah al-Din errepidea ere, eta bide hori ere erabili ahal izango dute iparraldera itzultzeko. Hala jakinarazi du Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek, prentsaurreko batean. Bide hori erabiltzea posible da Israelek atzo bere tropak atera zituelako Netzarim pasabidetik eta ingurutik.
Sufrituta gehiago gozatzen omen da. Realak kostata irabazi dio Espanyoli Anoetan (2-1), partidako une askotan lehia kontrolpean izan duen arren. Sheraldo Beckerrek 40. segunduan egin du bat eta hutsekoa, baina txuri-urdinek ez dute neurketa itxi, eta gogotik lan egitea egokitu zaie. Garaipenari esker 31 puntu ditu Realak, eta zazpigarren da sailkapen nagusian. Ezin da esan txuri-urdinak denboraldi txarra egiten ari denik. Bizirik segitzen dute Espainiako Kopan eta Europa Ligan, eta ligan zazpigarren postuan dira ligan. Baina Imanol Alguacilen taldeari kosta egiten zaio erregularra izatea, baita neurketa borobilak egitea ere. Horren adibide izan da gaurkoa, lehen minututik maldan behera jarri zaion arren. Zubimendik berreskuratu du baloia, Sucicek erdiratu du, Espanyoleko atzelari batek irrist egin du, eta, lehenengoan, baloia sareetara bidali du Beckerrek. Zaleei esertzeko astia ere ez die eman Surinamgoak. Golak hauspotuta, baloiaren jabe egin da Reala eta erasora jo du. Horietako batean, berriz ere Sucicek, lehen zatiko onenak, Maradonaren pareko jokaldia egin du: bakar-bakarrik sartu da arearen bihotzeraino, baina bere erremateari erantzun ikusgarria eman dio Joan Garciak. Denboraldiko jokaldietako bat izan behar zuena denboraldiko geldiketetako bat bilakatu da. Braisen kalitatea Ezusteko askorik gabe amaitu da lehen zatia; etxekoek egoera kontrolpean zutela zirudien. Bigarrena hasi berritan ordea, Aguerdek penaltia egin dio Puadori, eta Espanyoleko kapitainak berak egin du gola. Remirok garbi zituen eskularruak oraindik, baina markagailuak banakoa erakusten zuen. Realaren minutu eskasenak izan dira, eta Alguacilek aldaketak egin ditu: zelairatu ditu Oiartzabal, Barrenetxea, Olasagasti, Kubo eta Brais Mendez, erasorako artilleria. Haien bidez hasi da taldea berriz ere arriskua sortzen, eta 84. minutuan heldu da saria: Aguerdek jokaldia egin du, baloia erdiratu du, Olasagastik geratu du baloia, eta Mendezek zoragarri amaitu du jokaldia Garciaren parean. Ez da galiziarraren denboraldi onena izaten ari, baina duen kalitatea eztabaidaezina da. Eta gaur horrekin aski izan da Realari hiru puntu emateko.