Lavogezen gol ikusgarri batek eman dio derbia Realari
Realarentzat izan da Anoetan jokatu den derbia. Txuri-urdinek 5. minutuan egin dute neurketako gol bakarra, eta Irene Ogizak 29. minutuan ikusi duen txartel gorriak baldintzatuta, ezer gutxi egin ahal izan du Athleticek. 12.465 ikusle elkartu dira Anoetan igande arratsaldean. Gol bakarra ikusi dute, baina ikusgarria hura. Oraindik batzuk esertzen ari zirela, Lavogezek baloia jaso du, kontrolatu, eta bi aldiz pentsatu gabe jo du area kanpotik. Sareetara. Geldiezina izan da jaurtiketa Nanclaresentzat. 😱 Esto no es un gol… ¡esto es un golazo de @ClaireLavogez! 🔥 Se adelanta la @RealSociedadFEM en el minuto 5 de encuentro 🔵⚪ RSO 1-0 ATH 🔴⚪#LigaFenGol pic.twitter.com/eeh1AVw10z — GOL PLAY (@Gol) November 17, 2024 Athleticek lanean jarraitu du, eta pixkanaka hasi da aukerak izaten. Anoetako zelaia F Ligako gehienak baino handiagoa da, horrek hutsuneak utzi ditu atzelarien bizkarrean, eta bi taldeak saiatu dira hori baliatzen kontraerasoak egiteko. Ondorioz, erritmo zoroa izan dute lehen minutuek. Realeko jokalari onena Andreia Jacinto ari zen izaten, eta jokaldi batean iletik heldu dio Ogizak. Epaileak agresio bat izan dela ebatzi du, eta aldageletara bidali du jokalari zuri-gorria. Protestak eragin ditu erabakiak. Bat gehiagorekin, Reala hobea izan da. Bigarren zatian ez ditu eskularruak zikindu Elene Letek, eta Nanclaresek geldiketa mordoxka egin behar izan du. Azpimarragarrienak, Lavogezi egindako pare bat eta Nerea Eizagirreri egindako bat. Realak beste hiru puntu bildu ditu, eta laugarren postuan da 19 punturekin. Zazpigarren da Athletic hamalaurekin.