Ostiralean hasiko da Euskadi Bono Dendaren azken edizioa, 30 euroko erosketa bakoitzeko 10 euroko deskontuekin. Aurtengo kanpainan tokiko merkataritza sustatzeko 3,5 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak. 16 urtetik gorakoek gehienez 3 bono eskuratu ahalko dituzte (orain arte, 5 ziren).
Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel D’Anjouk eta EAJko eta PSE-EEko ordezkariek amaitu dute 2025erako aurrekontuen harira oposizioarekin egindako lehen bilera sorta, EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenarekin eta Oihana Etxebarrietarekin bilduta. Hartan, 350 milioi euroren aldaketak egitea proposatu dute koalizio subiranistako kideek, etxebizitza, zaintza eta lan arloak jomugan jarrita. D’Anjou prest azaldu da koalizioari hura aztertzea eta hitz egiten jarraitzea proposatzeko, «Eusko Jaurlaritzak legebiltzarrean duen gehiengoaz haraindi». [articles:2133379] EH Bilduko eledun Pello Otxandianok atzo iragarri zuen gaurko bilerarako xede zuela D’Anjouri aurrekontuen inguruko beste proposamen bat aurkeztea, urrian Eusko Jaurlaritzarako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietarako itun bateratu bat proposatu ostean. Eta hala egin dutela baieztatu du Kortajarenak Ogasun sailburuarekin izan ostean, esanez proposamena «errealista eta zehatza» dela, D’Anjouk berak eskatu zuen bezala: «Urteetako politika neoliberalen porrota bezain erreala eta horien ondorioak bezain zehatza». Kortajarenak azaldu du koalizioaren proposamenak helburu duela etxebizitzari, zaintzari eta lan merkatuari dagozkien «politika publikoak zuzentzea»; aurrez jakinarazi zuten Osakidetzari dagozkionak Osasun Itunean jorratuko dituztela. Beraz, koalizioaren asmoa da irtenbide bat ematea arlo horietan mahai gainean dauden arazoei, «pixkanakako aldaketetara edo doikuntza txikietara» mugatu gabe. Hala, koalizioak proposatutako aldaketek 350 milioi euroko kostua izango lukete. Hortik abiatuta, negoziatzeko prest daudela azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, itun baten bidez Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari «nahikoa anbizio» emateko: «Aurrekontuak negoziatzea ez da bakarrik Excel taula bat koadratzea, baizik politika publikoen norabidea eta irismena markatzea». Eta bide horretan, zuzenketetatik harago ere, erreforma fiskal baterako proposamena ere txertatu dute Ogasun sailburuari emandako dokumentuan. Adierazpenak egitean, Kortajarenak ez die erantzun nahi izan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek goizean esandakoei: «Eztabaidetan esaten diren gauzak dira, baina ez dute garrantzi handirik. Lehendakariak hobe luke EH Bilduk esaten duenaz fidatu, jende fidagarria baikara». Izan ere, Pradalesek «mesfidantza» adierazi du koalizioaren inguruan, eta eskatu dio Nafarroan duen jarrera bera erakusteko. Aztertzeko prest Atzo, Sumarreko eta PPko ordezkariekin ere bildu zen D’Anjou, eta horien proposamenak aztertzeko prest azaldu zen. Sumarren proposamenari dagokionez, baina, Ogasun sailburuak aurreratu zuen hura «oso aldenduta» dagoela Jaurlaritzaren proiektutik. Eta ez zuen akordiorako bide errazik irudikatu Sumarreko parlamentari Jon Hernandezek ere, argudiatu baitzuen Jaurlaritzaren proiektua ez dela «Euskadik behar duena», ezta ezer «berria» ere. Halere, besteak beste, asmoa azaldu zuen etxebizitza, osasungintza, hezkuntza eta energia arloetan aldaketak proposatzeko: «Ikusteko ea hitz egiten jarraitu dezakegun guk aurrekontuak babesteari buruz». Kontrara, osoko zuzenketa bat aurkezteko prest dira. PP, berriz, zehatzagoa izan zen diru kopuruari eta jorratu nahi dituen esparruei dagokienez. Javier de Andres EAEko PPko buru eta legebiltzarreko eledunak adierazi zuen 176 milioi euroren aldaketak proposatu zizkiola D’Anjouri, osasun eta segurtasun alorretan sakontzeko. Hain zuzen, argudiatu zuen aurrekontu proiektua «motz» geratu dela auzi horietan. D’Anjouk, baina, azaldu zuen PPk ez duela zehaztu nondik atera nahi duen diru sail hori. Proposamen horiek entzuteko eta aztertzeko prest azaldu dira Pradales eta D’Anjou, baina biek gogoratu dute EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dutela Eusko Legebiltzarrean eta, beraz, ez dutela beste inoren beharrik aurrekontuak onartzeko. Bien bitartean, baina, martxan dira negoziazioak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan ere, eta Araban eta Gipuzkoan jeltzaleek eta sozialistek oposizioko kideren baten laguntza behar dute, bai aurrekontuak aurrera ateratzeko, bai erreforma fiskal bat ontzeko.
Etxaurin bizi da aspaldi Mikel Zabalza (Iruñea, 1970), eskaladako hormetatik hurbil. Sarri joaten da haietara eskalatzera, Angel eta Jose anaiekin, Sonia Casas bikotekidearekin eta beti-betiko lagunekin. 35 urte daramatza goi
Politeismo bastarta (Susa) zer den azaltzea izan du lehen erronka Leire Lopez Ziluaga editoreak. Haren ustez, zaila da liburua sailkatzea, baina, definitzekotan, «ezohiko» nobela gisa definitu du, «genero horrek daukalako malgutasunik handiena beste genero batzuen ezaugarriak barnebiltzeko». Ohar bat ere egin du horren harira: «Esentzialismo estrategikoa da liburu honi nobela deitzea? Agian bai, eta horrela keinu bat egiten diogu liburuan ere ageri den Gayatri Spivak literatur teorialariari». Hain zuzen, hibridatze handia du Goikoetxearen nobelak. Badu, besteak beste, kronikatik, aurtengo Fira Literal azokan Bartzelonan Angela Davis ekintzaile feminista estatubatuarrarekin emandako lau egunen nondik norakoak kontatzen baititu. «Esentzialismo estrategikoa da liburu honi nobela deitzea? Agian bai, eta horrela keinu bat egiten diogu liburuan ere ageri den Gayatri Spivak literatur teorialariari» LEIRE LOPEZ ZILUAGA Susako editorea Eta badu saiakeratik ere, Goikoetxearen pentsamendu filosofikoa zabaltzen delako orririk orri, baita «kosmobisio oso baten kontrako kritika ere», egileak esan duenez. Horrez gain, Fira Literaleko elkarrizketa eta hitzaldi zatiak ere jaso ditu liburuan, bai eta azokatik hotelera bidean izandako solasak, otorduetako eta taberna-zuloetako berriketak edota Davisen ekitaldi ofizialik ere —besteak beste, Pompeu Fabra Unibertsitatean honoris causa titulua jaso zuenekoa eta Generalitateko hautetsiekin egindako bilera—. Zehaztu egin du Lopez Ziluagak: «Ez da lau egun gogoangarri pertsona ospetsu batekin motako liburu bat, baizik eta lau egun Jule Goikoetxearen buruan, Angela Davisen bizkartzain lanetan dabilen bitartean». Izan ere, egun horiek politikaz eta feminismoaz pentsatzeko baliatzen ditu Goikoetxeak; patriarkatuak, kapitalismoak edo kolonialismoak egunerokoa nola baldintzatzen duten aztertzeko aitzakia ere badira. Hortaz, buru jakin bati otu zaizkion edo otu ahal izan zaizkion pentsamendu iragaziak dakartza liburuak, ez beti eta nahi eta nahi ez errealak. Horren gaineko abisuarekin egingo du topo irakurleak, lehen orrialdeetan: «Egitate erreal eta irrealetan oinarritua, merkatu askea eta kontratu soziala bezala». «Ez da ‘lau egun gogoangarri pertsona ospetsu batekin’ motako liburu bat, baizik eta lau egun Jule Goikoetxearen buruan, Angela Davisen bizkartzain lanetan dabilen bitartean»LEIRE LOPEZ ZILUAGA Susako editorea Egunek atal bana Egunez eguneko egitura du liburuak. Lehenean (2024ko maiatzaren 24a), Sara Ahmed filosofoaren hitzaldian oinarrituta, identitate politikak versus politika materialak dikotomiaren kritika jorratu du Goikoetxeak. Gainera, «borroka etengabea» dela erakutsi nahi izan du, Davisen 80 urteak kontuan hartuta. Bigarren egunean (2024ko maiatzaren 25a) kolonialismo ilustratuaren kontrako kritika egin du, Vandiana Shiva ekofeminismoaren ikono eta idazle indiarrak Firan emandako hitzaldian azken 500 urteak laburbildu zituela aprobetxatuz. Hirugarren atalak (2024ko maiatzaren 26a) Pompeu Fabra Unibertsitatera darama irakurlea, Davisi honoris causa titulua eman zioten unera. Atal horrek luke nobela tradizionalaren antzik handiena. Eta laugarrenen atala (2024ko maiatzaren 27a) «ingelesei, europarrei eta estatu feministari buruzko txisteek» osatu dute, Goikoetxearen hitzetan. Azpimarratzekoa da umorearen erabilera liburu osoan barrena. Pertsonaia mordoa Angela Davis, Sarah Ahmed, Vandana Shiva, hoteleko langileak, politikariak, kazetariak, unibertsitateko ikasleak, castratiak… makina bat dira liburuan ageri diren pertsonaiak. Goikoetxea: «Euri tantak gara hasieran, eta amaieran, itsaso zabal bat, lurralde berri oso bat, bere olatu, zeru, zuhaitz eta organismo biziekin; kosmobisio berri bat da, iruditeria kolektibo eta autoantolatu bat, etorkizun berri bat sortzeko ahalmena duena». Ildo horretatik, jainkosaz bete du liburua: Davis Etorkizunaren jainkosa da, Shiva Bizitzarena, eta hoteleko langile Ana Maria eta Mariña, Errealitatearen jainkosak. «Era horretan, bizitzaren dimentsio zientifiko eta filosofikoak uztar ditzaket komunak eta ipurdiak musu truk garbitzearekin», azaldu du egileak. «Kosmobisio berri bat da, iruditeria kolektibo eta autoantolatu bat, etorkizun berri bat sortzeko ahalmena duena» JULE GOIKOETXEA Idazlea Liburuaren estiloari begira, Lopez Ziluagak esan du «txorrotada handi bat balitz bezala» irakurtzen dela liburua, gauza desberdin asko lotzen dituelako etengabe, estilo biziz: «Paragrafo oso gutxi ditu, eta ideia ideiari batzen zaio, eta gero hurrengoa dator, eta gero zerbait gertatzen da, eta gertatzen den horri buruz zerbait pentsatzen du, edo barre egiten du bere baitarako, eta abar». Beste bi ardatz ere nabarmendu ditu Susako editoreak. Batetik, bizinahia: «Hainbat aldiz aipatzen da liburuan, eta liburuaren tonua ere zeharkatzen du gogo horrek, bizitzeko eta politika egiteko modu bihurtzeraino». Diziplina litzateke bigarrena: «Itxaropena diziplina bat dela irakur daiteke liburuan. Eta esaldi hori liburuan bertan jartzen du praktikan». Azalpenak azalpen, esaldi esanguratsu batek laburbil lezake liburuaren mamia. Hala dio narratzaileak amaieran, Angela Davis agurtzerakoan: «Zeren eta hemendik aurrera ni ere anizkoitza eta nahaspila bainaiz». Finean, aniztasun eta nahaspila izatearen erakusgarri delako liburua, editorearen hitzetan.
Asfaltorik ez zen ikusten. Karrika gehienak lohiaren azpian ezkutatuta zeuden Algemesi herriko Raval auzoan, uholdeak duela 11 egun izan baziren ere. Tonaka lokatz pilatuta zegoen bideetan eta bide bazterretan; tonaka tresna, altzari, arropa eta oroitzapen pilatuta zeuden karriketan. Zenbait bidetan lokatz bigunak uretako botak guztiz estaltzen zizkien han zirenei, gorago ere irits zitekeen batzuetan, eta zaila zen ibiltzea. Garajeak eta nabeak urez beteta zeuden oraindik; ura atera eta atera aritu ziren asteburu osoan. Kiratsa nazkagarria zen. Urak, zaborrak eta lokatzak ia bi aste zeramaten han, geldi, makinarik ez baitzen sartu joan den ostegunera arte. Larunbatean halaxe zegoen Herrialde Katalanetako auzorik pobreenetako bat. Valentziatik 42 kilometrora dago Algemesi herria. Urriaren 29an, tanta hotzaren eraginez, Magro ibaiak gainezka egin, eta hondamendia eragin zuen han. Hondamendiak berak ez, baina haien ondorioak klasistak izaten dira. Klasistak, arrazistak, aporofoboak… Algemesin ageri-agerikoa da hori: Raval auzoa izan zen gehien kaltetua, eta laguntza jasotzen, azkena. Trenbideak marrazten duen marra lodiak argi eta garbi banatzen du Algemesi klasearen arabera. INE Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, Ravalen batez beste 20.042 euroko errenta dute urtean etxe bakoitzean; erdialdean, berriz, 47.932 eurokoa da. Asteburuan jende andana joan zen Algemesi eta inguruko herrietara. Hegoalderago dauden herrietan laguntza gutxiago jaso izan baitute orain arte. Errepideetan ilara luzeak egin ziren larunbat goizean, erdian inprobisatutako bideetatik pasatzen ziren larrialdietako zerbitzuak. Bidean ikusgai zen herrietako egoeraren preludioa; auto kaltetuak eta denetariko hondakinak pilatuak ziren poligonoetan. Hainbeste ziren boluntario joandakoak, ezen herrietako sarreretan dauden poligonoetan utzi behar izan zituzten autoak, hala moduz. Auzokoek autoekin joan-etorriak egiten zituzten boluntarioak herrira ailegatu zitezen. Algemesiko etxe batean Kataluniatik etorritako zenbait lagun bildu ziren goizean. Esker onez eskainitako kafea hartu, etxekoei egun hauetan gertatutakoa aditu, hara eramandako gauzak utzi –arropak, janaria, garbitzeko produktuak…– eta lohiartzekoak jantzita, lanera atera zen taldea. Lehenbizi herriko erdigunean barrena ibili ziren. Talde anitz zebiltzan karriketan gora eta behera. «Laguntza behar duzu?», zen gehien aditzen zen galdera; edo «dilista beroak ditut, nahi dituzue?», eguerdi partean. Errepide gehienetatik ibil zitekeen, baina oraindik lan handia zegoen egiteko. Parke bat garbitzea erabaki zuen taldeak, eta palekin lokatza kentzen hasi orduko, boluntario gehiago eta gehiago batu ziren. Bi orduren buruan haurrek jostatzeko parkea ageri zen berriz ere lokatza baizik ez zen lekuan. Trenbideaz bestaldera «Bazkalduko dugu? Edo zuzenean Ravalera joanen gara?». Boluntario taldeak ez zuen denbora askorik galdu nahi; Raval auzora ailegatzeko 20 minutuz ibili behar zen, eta ilundu aurretik itzultzea ezinbestekoa zen, han ez baita argirik. Galderari erantzuteko denborarik eman gabe, hiru boluntario agertu ziren, ezustean, panini-ak eta enpanadak eskuan. Mokadutxoa hartu, «gràcies!», eta aurrera; palak, otarreak, erratzak, lanbasak eta orgak haraino eraman behar izan zituzten, oinez. Trenbidea pasatu eta han zen, parez pare, hondamendia. Boluntarioak lan eta lan ari ziren; batzuk jatekoak-eta banatzen, besteak lokatza eta ura ateratzen. Auzokoak eta leku guzietatik hara joandakoak elkarrekin, lanean. Lokatza eta ura, ura eta lokatza, eta gorputza minduta bukatu arren, deus ere egin ez izanaren sentsazio garratza. Lohia espaloietatik errepide erdira botatzen zuten, eta, dena pilatuta, makina handi batek eramaten zuen dena arrastaka. Egunaren bukaeran karrika gutxi batzuk hasi ziren lehengoratzen. Kataluniako suhiltzaileak ere han ziren, jendez inguratuta. Ureztatzeko mahuka presio bizian piztu, eta atzetik dozena bat boluntario, erratzekin eta lanbasekin ura estoldetara bideratzen zuten. Inurri lana, dozenaka inurri auzoa lehengoratu nahian Kataluniako suhiltzaileak ere han ziren, jendez inguratuta. Ureztatzeko mahuka presio bizian piztu, eta atzetik dozena bat boluntario, erratzekin eta lanbasekin ura estoldetara bideratzen zuten, lokatzeko curlingean arituko balira bezala. Inurri lana, dozenaka inurri auzoa lehengoratu nahian. Usain txarraren gainetik, kantu ijito bat. Gogo bizia, jendearen esker ona, eta auzokoen kronikak: «Gutxigatik libratu nintzen. Hor bizi naiz, eta autoan nengoen ura ailegatu zenean. Laster batean igo nintzen etxera, eta eskerrak!», kontatu zuen bizilagun batek. «Berandu da, eta ilundu aurretik itzuli beharko genuke», taldeko boluntario batek zentzua paratu nahi zuen gogoaren gainetik. 17:30ak ziren, eta taldeko kideek azken minutuei hazka egin nahi zieten, suhiltzaileen atzetik erratza berriro herrestatuta. Profesionalak han gelditu ziren, lan handia zegoen oraindik: «Mila esker, benetan», boluntarioei. Palak eta tresna guziak hartu, eta buelta zentrora. Auzoan gelditzen zirenek lau otarre uzteko eskatu, eta eman. «Janari beroa nahi duzue?», bizilagun batek. «Lasai, hartu zuentzat; guk afaria prest dugu etxean», boluntarioak. Goizean garbitutako parkean bi nerabe zeuden, bankuan eserita. Irriñoa atera zaie garbitu zutenei. Herriaren erdigunean ostatu batzuk irekita zeuden, hala moduz, baina garagardo bat hartzeko moduan. Patata poltsa ireki, eta mahaiaren bueltan eseri ziren boluntarioak, txikituta, baina biharamunean lanari berriz ekiteko gogoz. Iluntzearekin, bizilagun talde batzuk karrikan elkartzen dira jan-edanaren bueltan. Beste egun bat gehiago. Ravalen, baina, lokatza eta ura, ura eta lokatza. Atera eta atera, baina badirudi lan hori ez dela inoiz bukatuko. Eguzkia badoa, bihar itzuliko dira boluntarioak. Beharrik gorriena han gelditu da. Beti bezala, han beharra beti egon baita.