Realak eta Athleticek aurrera jarraituko dute Europa ligan, PAOKen (2-0) eta Viktoria Pilsenen (3-1) aurka irabazi ostean. Txuri-urdinek, jakina zen bezala, final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu beharko dute. Hamahirugarren amaitu dute, eta Herbeheretako AZ Alkmaar edo Danimarkako Midtjylland izango dute aurkari. Itzulerakoa Anoetan jokatuko dute kanporaketa horretan. Bihar egingo dute zozketa. Athleticek, berriz, bigarren amaitu du, eta zuzenean sailkatu da final-zortzirenetarako. Hauek dira haren aurkari posibleak: Ferencvaros, Porto, Erroma edo Viktoria Pilsen. Zuri-gorrien etxean jokatuko dute itzulerakoa. Realan, aldaketa asko egin ditu hamaikakoan Imanol Alguacilek. Hasieratik aritu dira Marrero, Odriozola, Elustondo, Becker, Pablo Marin eta Oskarsson. Aulkian geratu dira, berriz, Remiro, Zubeldia, Jon Mikel Aramburu, Kubo eta Oiartzabal. Biziak izan dira lehen minutuak. Realak izan du batez ere baloia, baina greziarrak bizi irten dira erasora, batez ere ezker hegaletik. Osasunako jokalari ohi Brandonek gertu izan du gola 11. minutuan, baina Aguerdek atera du haren errematea. Talde txuri-urdinean Barrenetxea izan da gehien ahalegindu zena. Baina Beckerrek izan du lehen aukera. Haren erremate gogorra, ordea, Kotarskik atera du, 20. minutuan. Reala ez zegoen eroso baloiarekin, eta zalantza asko zituen atzean. Partida grisa egiten ari zen. Baina azkenean txuri-urdinak izan ziren gola egin dutenak, 41. minutuan. Marinek pase luzeegia egin du, baina Beckerri iritsi zaio. Hark keinu egin, eta ia hondoko marratik bigarren zutoinera erdiratu du. Buruz, Oskarssonek ez du huts egin. Beste bat ere egin du lehen zatiko luzapenean, Kotarskik egindako akats larri baten ostean. Baina epaileak baliorik gabe utzi zuen, Oskarssonek hartu duenerako, baloiak hondoko marra gainditu duelako. Hala, amaitu da lehen zatia. Bigarrena, PAOKen aukera batekin hasi da. Baina berehala iritsi da Realaren bigarren gola. Berriro ere Oskarssonek sartu du, eta, lehenengoaren antzera, buruz. Baina oraingoa ederragoa izan da. Elustondoren erdiraketa neurtua bikain errematatu duislandiarrak, lepoa bizkor mugituz. Behar zuen halako gau bat, konfiantza berreskuratu, eta haren inguruan zeuden zalantzak argitzeko. Hirugarrena ere egitear egon da. Baina oraingo honetan, langan jo du haren burukadak. Realak ondo bideratua zuen partida, eta hala iruditu zaio Imanoli ere. Osasunaren aurkako partidei begira dagoela berretsi da, Zubimendi kendu baitu 62. minutuan, eta Olasagasti zelairatu. Realak kontrolpean izan du neurketa, eta kontraerasoan saiatu da abantaila areagotzen. Elustondok, Beckerrek eta Braisek aukera argiak izan zituzten hirugarrena egiteko. Baina ez dute asmatu. Bisitariek ere ez dute urruti izan gola. Marrerok, ordea, bi gelditu egin dizkiio aisoni eta Kontasteliasi. Joan etorrikoak izan dira azken minutuak, eta greziarrek, bihotzarekin, buruarekin baino gehiago, erasora jo dute, berriro ere ezkerretik. Baina 2-0eko emaitza ez da aldatu Gaur biribila San Mamesen Biribila izan da gaua San Mamesen. Batetik, Athleticek irabazi egin du, eta final-zortzirenetako sailkatu. Eta, bestetik, talde zuri-gorriak bere zaleen babesa sentitu du berriro. Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldeak animatu egin du n berriz ere, klubeko zuzendaritzarekin daukan gatazkagatik azken partidetan horri egiteari uko egin eta gero. Talde horretako ordezkariek azaldu dutenez, «armarriarekiko eta koloreekiko arduragatik» animatu dute. Animaziorako elementurik ez dute erabili, ordea. Partida aurretik kalejira egin dute Iñigo Cabacas plazatik San Mamesera. Hala ere, azpimarratu dute gatazka «gaiztotzeko» arriskua dagoela Athleticen zuzendaritzak ez badu pausorik ematen egoera desblokeatzeko. Iñigo Cabacas Herri Harmailak deituta partida aurretik egindako kalejira. ARITZ LOIIOLA / FOKU Jokalari zuri-gorriek sumatu egin dute zaleen babesa, eta hasieratik estu hartu dute Viktoria Pilsen. Hala, lehen minutua bete aurretik aukera garbia izan du Nico Williamsek, baina atezain txekiarrak baloia gelditu du. 22. minutuan, berriz, Vivianek gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, jokaldia telebistan ikusi eta gero, atzelaria jokoz kanpo baitzegoen. Hirugarren ahaleginean iritsi da gola. Iñaki Williamsek bizi egin du korri eskuin hegaletik, eta pase ederra eman dio anaiari, hark area txikian gola sar zezan. 25. minutua zen, eta Athletic garaipena bideratzen hasia zen. 1-0ekoarekin amaitu da lehen zatia. Etxekoak nagusi ziren, baina bisitariek ez zuten amore emateko asmorik. Zuri-gorriek beste gol bat behar zuten garaipena ia ziurtatzeko. Iñaki Williamsek gertu izan du gola 60. minutuan, baina haren burukada gutxigatik joan da kanpora. Yerayrena, ordea, sareetara joan da hiru minutu geroago. Erdiko atzelariak bikain errematatu du Berenguerrek jaurtitako falta. Ordu erdiren faltan, ia erabakita zegoen partida. Hori ikusita, Ernesto Valverdek aldaketak egin ditu. Lasaitasun hori aprobetxatu du Viktoria Pilsenek 71. minutuan gola sartzeko, Havelek. Etxekoen zorionerako, bisitarien susperraldiak ez du beste golik ekarri. Horretan zerikusia izan zuen 89. minutuan epaileak Vasulin kanporatu izana, De Marcosi sarrera gogorra egiteagatik. Hori gutxi ez, eta Martonek hirugarren gola sartu du 95. minutuan, gol ederra, baloia Viktoria Pilsenen atezainaren gainetik maisuki loratuz.
ELAk salatu du Osakidetzan dagoen “baliabide faltaren” ondorioz “erasoak ugaritu” egin direla. Sindikatuak adierazi duenez, urtarrilaren 23an “Basurtuko Ospitaleko larrialdietako mediku batek eraso bat jasan zuen, eta kasu hori ez da bakana”, salatu du.
Euskal Herriko baserrietan belaunaldien arteko errelebo falta da arazo nagusietako bat, eta hori baserriaren errentagarritasun eskasari lotuta dago. Arazo horri irtenbide bat bilatzeko programa bat aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Baserritar Misto Profesionala izenekoa. Programa horren bitartez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duenak bere aurreko enpleguan %50eko lanaldi murrizketa eskatu ahal izango du, eta aldundiaren laguntza ekonomikoa jasoko du horretarako. Eider Mendozak Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu du lurraldeko baserritarren %78k baino gehiagok 50 urte baino gehiago dituztela, eta horiei segida emateko arazoa dagoela. Mendozak dioenez, lehenengo sektoreak «sekulako» ekarpena egiten du bai ekonomiaren aldetik eta baita ingurumenaren ikuspegitik ere: «Baserritarren lana funtsezkoa da gure biodibertsitatea zaintzeko eta tokiko eta kalitatezko elikagaien ekoizpena bermatzeko». Proiektua harago doala azaldu du Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak: «Elikagaiak sortzea, paisaia zaintzea, herri txikiak bizirik mantentzea, adibidez, ezin da baserritarren esku soilik utzi. Ardura hori gizarte osoarena da, enpresena barne». Arrutik azaldu du proiektuan parte hartu nahi dutenek 18 eta 55 urte bitarte izan behar dituztela, eta ustiategiak Gipuzkoan egon behar duela. Horretaz gain, Gizarte Segurantzan nekazarien erregimenean izena eman beharko dute. Bideragarritasun plan bat izatea ezinbestekoa dela dio: «Programa ez da sortu baserrira denbora pasa joateko; gure asmoa da baserrian modu profesionalean lan egitea». Enpresek ere hainbat baldintza bete behar dituztela argitu du: «Ezin du lehen sektorearekin lotura duen enpresa bat izan, eta, sei urteren ondoren langileak enpresara bueltatzeko borondatea balu, enpresak berriro kontratatu beharko luke». Laguntzak enpresentzat ere Arrutik azaldu du bai baserritarrek eta bai enpresek diru laguntza jasoko dutela programan parte hartzen badute. «Baserritarrek 60.000 euro jasoko dituzte, bi ordainketetan banatuta, bata programaren hasieran, eta, bestea, hirugarren urtean; enpresek, berriz, 30.000 euroko ordainketa bakarra jasoko dute». Baserritar Misto Profesionala programaren aurkezpena, Donostian. Erdian, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Xabier Arruti diputatua. 80 pertsona baino gehiago jarri dira harremanetan aldundiarekin programan parte hartzeko. Horietako bat da Jon Areitio. Harentzat, lehen sektorean lan egitea ez da lanbide bat soilik, benetako bokazioa baizik: «Ogia lortzeko, baserrian lan egiteaz gain, beharrezkoa da lanaldi bat kanpoan egitea. Aukera bikaina da hau nire pasioa denaren eta etorkizunean nire ogibidea izatea espero dudan horren bidea egiteko: profesionalki garatzeko eta proiektua aurrera eramateko beharrezkoa dugun denbora hori eskaini ahal izateko». Gaineratu du gazte asko ikusten dituela bere egoera berean, baina lehen sektorearen «ezegonkortasunak» atzera eginarazten diela. «Baserritar Misto Profesional izateak segurtasun handiagoa ematen digu pausoa egitera ausartzeko, hazteko eta sendotzeko». Programan parte hartu nahi du Aitor Esnaolak ere. «Bi tokitan %100ean egotea ezinezkoa da. Aukera honekin bi lanak partekatu ahal izango ditugu». Horretarako ezinbestekoa ikusten du aldundiak emango duen dirua. «Negozioaren egunerokoan aurrera egiten ere lagunduko digu». Enpresen aldetik, Iñaki Gorostidi Logikalineko gerenteak eta Xabier Iturrioz Construcciones Iturriotzeko gerenteak proiektuan parte hartzeko asmoa dutela adierazi dute. «Baserritarrak beren kontura lan egitera ohituta daude, erantzukizunak beren gain hartzen dituzte, eraginkorrak izaten dira, eta trebetasunak izaten dituzte, adibidez, bezeroekin lan egiteko. Irabazia da bi aldeentzat», azaldu du Gorostidik. Iturriozek esan du lehen sektoreari lotutako pertsona asko daudela, eta enpresek horiei lagundu egin behar dietela: «Ezin diegu bizkarra eman. Ez dugu ahaztu behar haien lanari esker gozatu eta elikatu gaitezkeela kalitatezko tokiko produktuekin».
Astelehenean hartu zuen M23 Martxoak 23 gerrillak Kongoko Errepublika Demokratiko ekialdeko Goma hiria, herrialdeko armadaren aurkako borroken ostean. Bada, borroka horiek utzitako ondorioak azaleratzen hasi dira: 111 hildakoren gorpuak aurkitu dituzte hirian. Hala baieztatu dio gizarte zibileko Gomako presidente Mario Ngavhok EFE Espainiako albiste agentziari. Hark azaldu duenez, hildakoen artean zibilak, soldaduak eta milizianoak daude. Gurutze Gorriarekin batera ari dira lanean, eta, Ngavhok ohartarazi duenez, behin-behineko datua da 111 gorpuena; «askoz gehiago izan daitezke». Bitartean, M23 herrialdeko eremu gehiago bereganatzen ari da. Atzo, erraterako, ekialdeko bi hiri hartu zituen: Kiniezire eta Mukwuida. Bertako iturriak aipatuz EFE berri agentziak gaur kaleratu duenez, «ia erresistentziarik gabe» zeuden bi hiriak. Lurrak hartu eta berehala, euren administrazioa aldi baterako instalatzea lortu zuten. FARDC Kongoko Errepublika Demokratikoko armada «bidea blokeatu» nahian ari da, matxinoek aitzinera egitea galarazteko. M23k Goma hiria hartu zuenetik milaka lagunek egin dute ihes Ruanda mugakidera. Kongoko armadak ere Goma hiritik ihes egin zuen atzo, eta armadak alde egin ondotik abiatu ziren gerrillariak bertze hiriak hartzera. Kongon gertatzen ari denaren harira, batzar bat egin zuen atzo Afrika Ekialdeko Erkidegoak. Ruandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteak ziren parte hartzekoak «larrialdiko goi bilera» horretan. Alabaina, Felix Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea ez zen bilerara joan, eta Paul Kagame Ruandako presidenteak Kongokoa kritikatu du gaur. Bertzeak bertze, adierazi du gatazka ez dela konponduko alderdi guztiak «prozesuaren parte» izan arte. Ruandako Gobernuak bileraren berri eman du bere X sare sozialean, eta han jakinarazi du Kagamek atzo errandakoa: «Orain ere, hizpide dugun herrialdeak ez dauka ordezkaririk eztabaidan; beraz, ez nago ziur zer-nolako eragina izango duen gure eztabaidak herrialde horrentzako irtenbide bat aurkitzeko prozesuan». Kagamek erran zuen egoera «aurreikus» zitekeela, eta lehendik ere espero zuela gatazka hori piztea. «Ez nuen inor ikusten prozesuaren ardura hartzen». Hortaz, Afrika Ekialdeko Erkidegoko kideei eskatu zien beren interesak «asetzen» saia zitezela, gatazkaren testuingurua «behar bezala» atzeman dezaten eta Tshisekedik «gehiago manipulatu» ez ditzan. Tshisekedik, baina, gaur jakinarazi du Kongoko armadak erantzun militar «indartsu eta koordinatua» emanen duela matxinoek hartutako lurraldeak berreskuratzeko. Horrez gain, presidenteak salatu du herrialdean «milaka soldadu ruandar» egonda ere nazioarteko komunitateak jarrera «pasiboa» erakutsi duela. Bien bitartean, M23k hiri gehiago hartu nahi ditu, eta Nyabibwe herrirantz abiatu da orain. Zibilak etengabe ari dira herrialdeko hiri nagusietara joaten.
Hezkuntzako sukaldari eta garbitzaileen greba gaur, 2025eko urtarrilaren 30ean, jarraipen datuak. Sindikatuen arabera, % 70ek egin dute bat deialdiarekin.
PSE-EEren Bizkaiko idazkari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Mikel Torresek iragarri du bere burua aurkeztuko duela berriro Bizkaiko sozialisten buru izateko. Bere alderdiaren Bizkaiko Batzorde Eragilearen bileran egin du iragarpena: «Berriro aurkeztuko naiz. Bizkaiko sozialista gisa, ohorea eta pribilegioa izango litzateke ostera ere burkide guztien konfiantza izatea. Ibilbide honetan proiektu ilusionagarria eratzen joan gara, eta oso emaitza onak izan ditu». Torresen iritziz, oraindik «gauza asko daude egiteko», eta erantsi du espero duela berriro ere Bizkaiko sozialisten babesa lortzea «elkarrekin lan egiten jarraitzeko». Hamar urte baino gehiago eman ditu Torresek ardura horretan, 2014tik baita PSE-EEren Bizkaiko idazkaria. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua ere bada, eta urte askoan Portugaleteko alkatea ere izan zen (Bizkaia). Bizkaiko sozialistek martxoaren 22an egingo dute X. Biltzarra, Bilboko Euskalduna jauregian, eta han aukeratuko dute idazkari nagusia. Hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 5etik 10era izango da. Epe hori igarota beste inor aurkeztuko ez balitz Idazkaritza Nagusirako, Torres automatikoki berretsiko lukete ardura horretan. Aurreikusita dago biltzarrean 200 bat ordezkarik parte hartuko dutela.